Bizipenak

Inuzente egunean jaio nintzen, eta, gutxi, baina ostu nion inozentzia pixka bat munduratu ninduen egunari, edo amari. Inuzente egunean, eta emakume jaio nintzen, eta oiartzuar, zilbor hestea lepoan (more), eta pare bat ile buruan.

Kosta egiten zait nire emakumetasuna eta nortasuna desglosatzea; kosta egiten zait nire konplexu, edo beldurrak, nire emakumetasunari —eta beraz, arnastu ditudan rolei— edo nire ni neutroari egoztea. Ziurrenik biak naizelako ni, garezurreko hezurrak elkartu ahala bat bilakatutako bi zati, ziurrenik ez direlako bi zati, bereizten saiatzen naizen bi itsaso puska baino ez. Ura. Eta ura eta kanpotik, metereologikoki nahiz hetereologikoki eroritako euria bereiztea kostatzen zait.

Ez naiz jendarte patriarkalaren neskame sekula sentitu —sentitu eta izan bereizita—, baina neska mehe eta neska eme izatearen ardurak arduratu nau, eta arduratzen nau arduratzeak. Sentibera izanagatik ikasi dut gogorra izaten, hauskor itxura ez ematen; harri puskak material malguak baino hauskorragoak direla jakinagatik, ikasi dut arroka izaten, eta sentimenduak fosilizatzen. Ez naiz sekula txutxu-mutxuzalea izan, dantzari arritmikoa naiz, eta sekula ez naiz sokasaltoan jolastu lurreko txikleak gertutik ikusi gabe, eta egin barre —bizkarrera, ahal bada—, baina eragin dit halako feminitate krisia horrek, orain dela ez hainbeste arte. Eta ahalegindu naiz txutxu-mutxuak memorizatzen, gerria mugitzen eta hankak koordinatzen. Berdin: ahaztura, zaintiratuak, eta txikle gehiago.

Deitu didate Sahara —eta nire neuronak elkarren artean barrezka entzun ditut—, tuntuntzat hartu nautela sentitu dudanek hasitako elkarrizketetan izandako joera monosilabikoarengatik. Lehorra izateagatik, zer norekin eta nola hautatzen saiatzeagatik, eta neure burua tuntun etiketa horretatik desetiketatzen saiatzeagatik.

Dantza utzi, eta bertso eskolan eman nuen izena. Ardura eta lotsa sentipenik gabe egin nuen oholtzarako bidea, natural, eta gainerako bertsokideekiko —gehienak mutilak izanagatik— distantziarik eta ezerosotasunik sentitu gabe. Kanpotik gogorarazten zidaten aldea, nire barruan ez zen existitzen, edo ez nuen fosila ikusten. Eta uste dut ordurako bidezidorra lurrean marraztuta egoteak mesede handia egin zidala, jabetu gabe. Maialen Lujanbiok zapatak erantzi eta bere kabuz hasitakoak, esaterako. Horrek bihurtzen du egoeraren kontzientzia ahalegin, eta ez behar. Beharrezko izanagatik. Bidezidorra sortu ez, jarraitzeak. Kontzientzia lan bat aurreztu dit, baina kontzientzia lan horren ardura piztu ere bai.

Ni, ni eta ni hau zuek, zuek eta zuek saihesteko egin dut, autokritikaz; iraultzak, norbere buruari ez, baina norberaren barruari begira hasten direla sinesten dudalako. Inuzente? Horregatik ura, eta ez hura.