“Blokeo egoeran gaude”. Horretan bakarrik daude ados sindikatuak eta Adegi patronala, Gipuzkoako Metalaren hitzarmen kolektiboa berritzeko negoziazio prozesuaz mintzo direla. Iazko azaro amaieratik sei bilera egin dituzte, akordiorik lortu gabe; oraingoz, etenda daude negoziazioak. Adegik “errealitatearekin lotuta ez dauden eskaerak” egitea leporatu die sindikatuei; haiek, aldiz, langileen baldintzak okertu nahi izatea egotzi diote patronalari. Bi aldeetako bakoitza kexu da bestearen immobilismoaz.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek dute negoziazio mahai horretan ordezkaritza; bakoitzak bere proposamenak egin ditu, baina, oro har, “sintonia” dagoela adierazi dute. Bereziki langileen baldintzen egonkortasunean jarri dute arreta, aldi baterako kontratuak gutxitzeko eta gaixotasunagatik ordainsari osoa jasotzeko eskatuz.
Nerea Zamakola Adegiko negoziazio kolektiboen arduradunak azaldu duenez, krisiak “oso gogor” jo du metalaren sektorea, eta hitzarmenak hori kontuan izan behar luke: “Hitzarmenak ezin dira errealitatetik deskonektatuta egon; denak eskutik joan behar du”. Langileei “merkatuaren egoerara egokitzeko malgutasuna” eskatu die patronalak, enpresen lehiakortasuna horren araberakoa izan litekeela argudiatuta. “Gastuei eustearen aldeko apustua” egin nahi du Adegik, Zamakolaren hitzetan. UGTko Mikel Martinek, ordea, beste irakurketa bat egin du: “Ez dute argi esan, baina badirudi soldatak izoztu nahi dituztela”.
Lanordu kopurua igotzea ere proposatu dutenez, sindikatuek uste dute, funtsean, soldatak jaistea ekarriko duela. Haiek kontrakoa eskatzen dute, ordea: soldatak KPI kontsumo prezioen indizearen gainetik igotzea. Jon Ander Goñi LABeko ordezkariaren arabera, haiek jaisteak “ez dauka inolako zentzurik. Horrek, azkenean, eskaria gutxitzen du, eta hori txarra da ekonomiarentzat”. Goñik adierazi duenez, bere sindikatuak kontuan izan du krisia bere proposamena egiterakoan: “Aurten sinplifikatu egin dugu plataforma, eta langileontzat garrantzitsuenak diren puntuetan jarri dugu arreta. Enpresa guztietan ditugu langileak, eta badakigu krisi ekonomikoan gaudela”.
Krisi hori ez du, ordea, hitzarmenak eragin; hortaz ziur dira sindikatuak. CCOOko Jokin Cruzen arabera, arazoa da bankuek ez dutela krediturik ematen: “Eta hori ez du hitzarmenak konponduko; arazoa finantza sistemaren erreformak konponduko du, eta hori Adegik ere bultzatu behar luke”. Jose Luis Vidal ELAko ordezkariak krisitik probetxu ateratzea leporatu dio Adegiri: “Tamalez, ikusten dugu nor ari den sufritzen, eta nor ari den egoera honetatik probetxua ateratzen”. Iritzi berekoa da Goñi: “Badakigu noizbait egoera hobe batera bueltatzen bagara ere orain indarrean jarri nahi dituzten neurriak mantenduko dituztela”. Krisiak errurik ez duela nabarmendu du: “Hitzarmen horrek oso urte onak eman ditu”.
Enpresariek argudiatu izan dute hitzarmen kolektibo onenetakoa dela Metalekoa; Adegik emandako datuen arabera, itun hori duen Gipuzkoako langile batek Arabako batek baino %32 gehiago irabazten du. Cruzen iritziz, hori ez da baldintzak okertzeko aitzakia; aitzitik, Gipuzkoa bere hitzarmenagatik da lehiakorra, Alemania eta Frantzia baitira haren esportazio herrialde nagusiak: “Garai hauetan lehiakortasuna soilik soldatetan aurreztuz lortu nahi izatea Asiari begiratzea da”.
Enpresariek proposatutako beste neurri bat da “bake soziala” deitu diotena; hau da, itunak irauten duen bitartean protestarik ez egitea. Sindikatuek gaitzetsi egin dute hori: “Ezin duzu greba egiteko aukera kendu”.
Lan erreformaren menpe
Otsailaren 22an egin zuten negoziazio mahaiaren azken bilera; patronalak hilabete bateko etenaldia proposatu zuen, Espainiako Gobernuak otsailaren erdialdera onartu zuen lan erreforma aztertzeko. Erreforma horren zain egon izana leporatu diote sindikatuek Adegiri. Martinek hala azaldu du: “Uste dugu negoziazioa luzatzen aritu direla PPren gobernuak ezarritako neurri berri horiek nola baliatu ditzaketen ikusteko”. Goñik ere hala uste du: “Horregatik ez dute jarri mahai gainean inolako proposamenik; ez zuten presarik ezer egiteko”.
Erreforma horrek eragin handia izango du lurraldeetako hitzarmen kolektiboetan, eta eragin hori ez da positiboa izango, LABen irudiko. “Madrildik inposatutako edozein hitzarmen beti izango da gurea baino txarragoa”, adierazi zuen sindikatuak, erreforma artean onartu gabe zegoela. Goñik berretsi egin du hori: “Enpresarien aldekoa da guztiz, posible dutelako hainbat neurri alde bakarretik hartzea: soldatak jaistea, lanaldian eta txandetan aldaketak egitea, kaleratzeak ere merkatu egin dira…”.
Horrez gain, erreformak “hankaz gora” jarri du orain arteko negoziazio eredua. Orain arte, gutxieneko baldintzak ezartzen zituen hitzarmena izaten zen Gipuzkoakoa; horrek Metaleko enpresa guztiei eragiten zien —Gipuzkoan, 50.000 langile ingururi—, eta, hortik aurrera, enpresa bakoitzak bere itunak egin zitzakeen baldintza horiek hobetzeko. Lan erreformak, ordea, enpresa barruko hitzarmenak lehenesten ditu, eta horiek lurraldekoa baino okerragoak izan daitezke. Hori dela eta, lurralde mailako hitzarmena babestuko duen klausula bat aurkeztu du LABek bere proposamenean.
UGTko ordezkariak azaldu duenez, hori lortu ezean, hitzarmen osoa legoke arriskuan: “Hitzarmen bat sinatzen badugu baina enpresetan baldintza okerragoko akordioak egiten badituzte, lurraldeko hitzarmenak zentzua galduko luke. Langileen baldintzak okertuko lirateke, eta ez legoke haiek babesteko aterkirik”.
Orain arte, hitzarmen kolektiboa berritzerakoan, ez zegoen akordiora heltzeko epe mugarik; itun berria sinatu bitartean zaharrak indarrean jarraitzen zuen. Erreformak, ordea, aldatu egin du hori: gehienez ere bi urteko epea ematen du akordio batera heltzeko; bestela, hitzarmena bertan behera gelditzen da. Goñik azaldu duenez, kasu horretan oinarrizko legedia aplikatuko litzaieke langileei, estatu mailakoa: “Horrek zeharo aldatzen du joko zelaia; orain arte bazegoen oreka bat, baina orain sindikatuok bi urteko epea dugu. Bi urte horietan ez bagara akordiora iristen, gure eskubide guztiak galduko ditugu; horrek edozer gauza sinatzera eramango gaitu. Hori nahi du patronalak, eta gobernuak erraztu egin dio”.
Vidalen ustez ere, “pribilegio egoeran” utzi du erreformak patronala. Adegik, ordea, ez du hala ikusten: “Pribilegioak? Segun eta nola begiratzen diozun”, esan du Zamakolak. “Benetan, hitzarmenen ultraktibitatearengatik zegoen blokeatuta negoziazio kolektiboa. Orain, negoziatzerakoan, oreka handiagoa dago, parametro berberetan gaude”.
Martxoaren 19an bilduko dira berriz langileen eta enpresarien ordezkariak. Goñiren hitzetan, patronalak ordurako erantzun beharko du “ea herrialdeko hitzarmenaren aldeko apustua egin nahi duen, edo zerbait sinatzea nahi duen nahiz eta gero enpresetan ez aplikatu”. Hori “langileentzako iruzurra” litzatekeela salatu du.
Grebarako aukera, irekita
Patronalaren aldetik ez dute “inolako aurrerapausorik” ikusi, eta, horregatik, “gero eta ezkorrago” daude sindikatuak, Martinen hitzetan: “Lehenengo egunetik esaten ari dira sindikatuon eskakizunak zorrotzegiak direla eta apaldu egin behar ditugula. Plataforma batzuk beste batzuk baino gehiago egokitu ditugu errealitatera, eta ez diote bat berari ere erantzun. Soldatetan neurritasuna behar dela esaten dute, hori zer den galdetzen diegu, eta ez digute erantzuten”. Vidalek ere beltz ikusten du hurrengo bilera: “Nahiago nuke oker banengo, baina, patronalaren jarrerari dagokionez, ez dut inolako aldaketarik espero, are gutxiago aldaketa garrantzitsurik”.
Goñi izan da ordezkari guztietatik baikorren mintzatu dena. Adegiri erantzukizunez jokatzeko eskatu dio, eta herrialdeko hitzarmenaren alde egiteko: “Hori ona izango da, egonkortasuna emango digulako; ez bakarrik langileei, enpresei ere bai”. Patronala horretarako prest badago, LABek ere “eskuzabal” jokatuko duela adierazi du.
Orain indarrean den ituna 2010ean sinatu zuten, eta orduan ere arazo handiak izan zituzten ados jartzeko: ELA eta LAB sindikatuek zazpi egunetan egin zuten greba, enpresariei presio egiteko. Aurtengoak ez dauka itxura hoberik: “Hau jada bizi izan dugunaren irudipena daukagu”, adierazi zuen LABek urtarrilaren 10ean. Goñik azaldu du negoziazioen bidez nahi dutela akordiora iritsi, baina “posible ez balitz” ez direla mobilizazioen “beldur”. Adegitik, ez dute grebarako aukerari buruzko adierazpen askorik egin nahi izan. “Hori ez dago gure esku. Beraiek ikusiko dute”, esan du Zamakolak.