Ekonomista eta feminista da Mertxe Larrañaga (Azkoitia, 1963); irakaslea ere bada Euskal Herriko Unibertsitatean. Emakumeen lanari buruzko doktore tesia du egina, eta ekonomia feministari buruzko hainbat artikulu idatzi izan ditu. Haren iritziz, ekonomia gehiegi urrundu da eguneroko harreman eta lan banaketetatik, gizartearekiko independentea balitz bezala; bien arteko lotura, ostera, handia da.
Kapitalismoa oso ondo ezkontzen da patriarkatuarekin.
Bai; kapitalismoari oso ondo etorri zaio gauzak horrela antolatuta egotea, eta horretaz baliatu da. Horren adibide garbiena lan merkatua da; gizonak erabili izan dira lanaldi osoz jarduteko, baina erabili ahal izan dira, behar garrantzitsuak aseta zeuzkatelako etxean, hau da, emakumeek betetzen zituztelako zaintza lanak. Etxeetan egin diren gauza asko oso garrantzitsuak izan dira enpresentzat; ez dira bakarrik etxeko lanak egin, jendea hezi ere egin da. Heziketa hori gero funtsezkoa da lan merkaturako kualifikazio moduan. Gertatzen dena da ez dela kualifikazio moduan baloratzen, eta, alde horretatik, oso merke ateratzen zaio kapitalari.
Produkzio eta erreprodukzio lanen banaketak funtzio politikoa betetzen du, hortaz.
Hori da; oso ondo etorri da erreprodukzioa aparteko zerbait balitz bezala hartzea. Kostu batzuk ez dira aintzakotzat hartu, eta, gainera, ezkutatu egin dira bi alor horien arteko loturak. Sistema ekonomikoa azaltzen zaigu guztiz sistema independentea eta autonomoa balitz bezala, bakarrik funtzionatzen duena, eta ez duena beste ezeren beharrik.
Alde horretatik, krisi ekonomikoak emakumeoi nola eragiten digu?
Emakume guztiengan ez du eragin bera. Krisiaren ondorioz, finantzetatik ekonomia errealera pasatu da ekonomia, eta eragin nabarmenena enpleguan izan du. Baita ezkutuan dauden beste lan horietan ere; hor ere eragina izango du, merkatuan pasatzen denak lotura estua baitu aipatu ditugun erreprodukzio lan horiekin.
Krisiaren ondorioz, egitura patriarkal hori aldatzeko aukera handiagoak daude?
Ez dut uste; beharbada izan beharko litzateke momentu aproposa aldaketak eragiteko. Baina, bestalde, krisi garaiak oso garai txarrak izaten dira horretarako. Momentu honetan, ofentsiba oso handia dago; kontua ez da amaitu, eta ikusteko dago nola aldatuko den. Nik uste aldaketak etorriko direla, baina gauden momentuan ikusten dut atzerapauso garrantzitsuak etor daitezkeela oro har, eta bereziki emakumeentzat. Oso adi egon behar dugu.
Zein atzerapauso motaz ari zara?
Emakumezkoentzat funtsezkoak izan diren hainbat arlo ukitzen ari dira. Gizonezkoengan ere bai, baina emakumeengan oso eragin handia izan du ongizate estatuak, bai enpleguaren ikuspuntutik, baita erabiltzaile moduan ere. Hori ukitzeak kalte handiak ekarriko ditu; zerbitzu publikoetako murrizketek esan nahi dute zerbitzu horiek beste nonbait eskaini beharko direla. Horiek ez baditu estatuak eskaintzen, seguru asko zati bat pribatizatu egingo da, eta hori klase baxuentzat oso kaltegarria izango da. Beste zati bat, aldiz, esparru pribatura pasatuko da berriro; hau da, etxeetara. Gainera, enpleguaren ikuspuntutik, ongizate estatua garatu denean, emakume asko sartu dira lanean. Enplegu oso femeninoak izan dira ongizate estatuari lotutakoak.
Nola eragin dezake feminismoak ekonomian?
Hainbat planteamendu egin izan dira. Eredu berri bat sortu behar dugula esaten da, erdigunean ez ditugula merkatuak jarri behar, baizik eta bizitza bera; bizitzaren jasangarritasuna deitzen zaion hori. Zaintza lanak ere erdian jarri behar dira. Planteamendu horiek oso ondo daude, baina nik uste dut momentu honetan aldarrikapen konkretuak egin behar direla; batez ere, atzerapausorik ez egiteko, enplegua baldintza onetan bultzatzeko eta lana banatzeko. Finantzetan eta zerga sisteman ere aldaketak egin behar dira; horiek guztiak onak izango dira emakumeentzat.
Ekonomia “desfinantzatzeko” beharraz aritu izan zara.
Krisi hau gertatu da finantzek pisu handiegia hartu dutelako. Dimentsio handiegia hartu dute, eromena egon da finantzetan, ulertzeko oso konplexu bihurtu dira, edo bihurtu dituzte; eta, azkenean, konplexutasun hori ulertzen duten gutxiek menderatzen dituzte finantzak eta, beraz, mundua. Eta horri buelta eman behar zaio: azken urteotan sortutako hainbat tresna, erreformatu beharrean, debekatu egin behar dira zuzenean. Urte askoan bizi izan gara horrela, eta hondamendia ekarri du. Finantzak birdimentsionatu beharra dago.
Gizartearen gehiengoak bere burua urruti ikusten du, beraz, sistema ekonomikotik.
Gero eta gutxiago ulertzen da zer ari den gertatzen. Ekonomialariok ere kritika egin behar diogu geure buruari; oso hizkuntza ulergaitza erabiltzen dugu askotan, geuk ere ez dugulako ulertzen. Ekonomiaren menpe bizi gara, eta bizitza, azkenean, ekonomia baino zerbait gehiago da.
Feminismotik, etxea aldarrikatzen da ekonomiaren zutabe gisa. Pertsonen arteko harremanek, zaintza ereduek… zein lotura dute?
Funtsezkoa da zaintza lan horiek aitortzea, baloratzea eta banatzea; banaketa hori ematen ez den bitartean, lan merkatuko desberdintasunek jarraitu egingo dute. Momentu honetan, enpleguaren aldeko apustua ere egin behar da, eta enplegua banatu.
Zerk egon behar luke ekonomiaren erdigunean?
Planteamendua da dena ez dela merkatua, dena ez dela hazkuntza. Barne produktu gordinak ez gaitu bakarrik aterako hemendik; desmitifikatu beharra dago eredu produktibista hori. Gainera, ez da gauza bera zer produzitzen den; ez da gauza bera autoak produzitzea edo beste zerbitzu batzuk. Agian ailegatu da garaia gauza batzuen produkzioa gutxitzeko eta ahaleginak beste zerbaitetan jartzeko; adibidez, jendearen bizitzarako garrantzitsuak diren zerbitzuetan.