H arrera profesionala 2007an jarri zen martxan Gipuzkoan. Adingabeen egoitzetan zehaztu gabeko denboraldi batez egon behar duten neska-mutilei begirakoa da, eta familietan bizitzeko aukera eskaintzen diete haur horiei. Haur, gazte edo jaioberriak izan daitezkeen neska-mutil horientzat erreferentzia izaten da hartzaile profesionala, eta horiek Eudes fundazioarekin lan egiten dute. Gipuzkoan hamabi hartzaile profesional ari dira lanean.
Rita C. eta Maite I. 2007. urtean hasi ziren hartzaile profesional moduan. Rita C. immigrazio kontuekin aritzen zen ordura arte, Tolosaldean bertan, eta INEMeko proposamena iritsi zitzaionean, onartzea erabaki zuen, Peruko neskatila bat adoptatzea buruan zebilkien arren. Maite I., berriz, lan bila zebilen, eta INEMeko gutuna jaso zuen hark ere: “Oso lan ona da, bateragarria baita familiako bizitzarekin. Oso ondo uztar ditzakezu bi gauzak. Egia da sarritan hori arazo bihurtzen dela; izan ere, ezezaguna den norbait etortzen da etxera, eta bertan bizi diren adingabeek beharbada ordura arte ezagutzen ez zituzten portaerak ikusten dituzte”.
Programa honetan lan egiten duten hamabi gipuzkoarrak profesionalak dira. Egitasmoa berritzailea dela diote Rita C.-k eta Maite I.-k, eta askotan jendeak borondatezko harrerarekin nahasten duela: “Argi utzi behar da gure lanerako eskakizun profesionalak egiten dizkigutela eta giza-zientziekin loturiko unibertsitate ikasketak izatea ezinbestekoa dela”, esan du Rita C.-k. Horrela, hartzaileek bete beharreko helburu batzuk izaten dituzte; txostenak ere aurkezten dituzte, eta, hala, etxean lantzen dutena islatu. “Haur hauek etxeetara iristen direnean, dituzten gabezien arabera, lehentasunak zehazten dira. Horren arabera, norberak bere buruari proposatzen dio, hasteko, hartzailearen eta haurraren arteko harremana lehen hiru hilabeteetan lantzea; horren ondoren, familiekiko harremana ere beste jomugetako bat izaten da. Izan ere, hartzaile profesionalaz gain, etxe horretan seme-alabak, bikotekidea edo gurasoak bizi dira”, azaldu du Maite I.-k. Beraz, hartzaile profesional moduan lan egiteko, ezinbestekoa da langileak familiaren onarpena izatea.
Harrerak irauten duen bitartean, hartzaileek formazio eta ikastaro saioak izaten dituzte: “Asteastero taldeko bilera izaten dugu enpresako bizpahiru langilerekin. Aholkuak ematen dizkigute, eta orientatu egiten gaituzte. Modu horretara, kasu bakoitza enpresan ere aztertzen dugu. Hilean behin, berriz, hartzaile bakoitzak hitzordua izaten du bere sentimenduez edo haurrarekin izan ditzakeen arazoez hitz egiteko”, adierazi du Rita C.-k. Garrantzitsuena geldirik ez egotea eta aurrera begira jarraitzea dela nabarmendu du Maite I.-k: “Neska-mutilek ahalik eta autonomia handiena lortu behar dute, eta behar dute norbait beren iparrari begira izatea”.
Egunez eguneko lana
Haurrak etxeetara joan aurretik, bi hilabeteko egokitze epea izaten da. Tarte horretan, adingabeak hartzailea ezagutzen du, eta bere erreferentzia izango dela ikasten du. Halaber, aurrerantzean bere ingurua izango dena ere ezagutzen du haurrak: familia, herria, ikastetxea, lagunak… Maite I.-k azaldu du behin etxera iristen direnean zailena ez dela izaten lehen unea: “Lehen hilabetean itxura ona eman nahi izaten dute, dena zoragarri joan dadin nahi baitute, eta euren aurpegirik onena erakusten dute. Gero, ordea, etxe horretan geratuko direla sinesten dutenean, orduan hasten dira portaera desegokiak sortzen, eta horietatik abiatzen gara lanean hasteko”.
Lan horretan, ordea, aurrera egitea beti ez da erraza suertatzen. Gauzak etengabe birplanteatu behar izaten direla dio Rita C.-k: “Haurrari gerta dakioke aurrerapausorik ez ematea, arazoak dituelako”. Maite I.-k ere gauza bera dio: “Segituan desegonkortzen dira, guk espero ez ditugun kontuengatik. Orduan, emandako pausoetatik atzera egiten dute, gero, denborarekin, berriro aurrera egiteko. Egunerokoan ezin da arreta sekula galdu”.
Hartzaile profesionalen lana gaztetxoak 18 urte betetzen dituenean amaitzen da, eta, gero, ez da adopziorako aukerarik izaten. Hala ere, harrera familiak harremana manten dezake harekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak emantzipatzeko aukerak eskaintzen dizkiete neska-mutil horiei, urte eta erdiko luzapenarekin, etorkizunerako proiektu interesgarriren bat baldin badute. Dena den, aldundiak ematen dien laguntza hori hartzaile profesionalaren familiak ere eskain diezaioke gazteari, aurrez helburu zehatzak jakinarazten badituzte. Harremana, beraz, ez da bat-batean eteten.
Zenbaitetan egoera zailak izaten dituzten arren, bi hartzaileak bat datoz oso bizipen aberasgarria dela esaterakoan: “Oso pozgarria da gure lanak fruitua eman duela ikustea. Finean, haur hauentzat aukera bat da beren etorkizuneko independentziari begira”, adierazi du Maite I.-k. “Bizi kalitatea hobetzen laguntzen diegu, eta guk geure minak izan ditzakegun arren, haurrengatik egiten dugu. Hazten direnean ondo daudela ikustea oso pozgarria da”, azaldu du Rita C.-k.