“Europak xakea eskolan sartzea gomendatuko du”

Mikel Larreategi eibartarra prest dago martxoaren 31n hasiko den Donostiako 35. Xake Irekirako. Xake jokalaria da, baina txapelketa honetan beste eginkizun bat izango du: epaile lanak.

Ez dago xake epaile askorik.

Ez, Espainian 75 ere ez daude.

Xake jokalaria izan, eta epaile lanetan amaitu. Nola iritsi zinen horra?

Eibarko Kirol Elkartearen egoitzan xakean jokatzen ari ginen orain urte batzuk, eta igeriketako epaile batek galdetu zidan ea nola moldatzen ginen epailerik gabe. Zer pentsatua eman zidan, eta aste pare batera epaile ikastaro baten berri iritsi zitzaigun.

Eta pausoz pauso, nazioarteko epaile izateraino.

Bai. Euskadiko Federazioak epaile ikastaroaren berri eman, eta izena eman nuen. Azterketa gainditu, eta handik hiru urtera Espainiako Federazioko titulua atera nuen. Azkenik, nazioarteko titulua ere bai.

Zein da xakeko epaile baten lana?

Ordu asko sartu behar dira. Jokalariak etortzerako dena prestatuta edukitzen dugu; egoitza, erlojuak… eta jokalariek alde egiten dutenean, berriz dena prestatu behar da. Puntuazioen arabera bikoteak atera behar dira, esaterako; programa informatiko bat erabiltzen da horretarako, baina, hala ere, lan bat eskatzen du. Donostiakoan, gainera, zortzi egun jarraian dira.

Partidak iraun bitartean zer egiten du epaileak?

Lana ez da futbolean edo saskibaloian bezala: hemen ez dago ostikadarik, ez dugu ezer baloratu beharrik. Gurea lan administratiboa da gehienbat, eta arazoren bat dagoenean, konpontzea. Baina, normalean, ez dago arazorik.

Partida bakoitza ikuskatzen epaile bat egon ez arren?

Aldi berean 75 partida jokatzen badira, ezinezkoa da 75 epaile lortzea, lehen esandakoagatik; Espainian ere ez daude horrenbeste epaile. Hortaz, eremuka banatzen gara epaileak.

Iruzur ahaleginik ez al da egoten?

Ez, ez. Xakelari bat komunera joan eta aurkariak taulatik pieza bat kentzen badio, ohartu egingo da. Partidan hain sartuta dago jokalaria, ezin baitiozu ezer egin; konturatu egiten da.

Osasun aldetik nola dabil xakea Gipuzkoan?

Gipuzkoan eskualde guztietan daude xake taldeak; sarea hedatuta dago. EAEko legeak, ordea, ez du baimentzen kadete mailatik beherako kirolariak federatzea, eta jokalariak bultzatzeko arazo bat da hori. 14 urteko gazteez ari gara, eta kirol gehienetan adin kritikoa izaten da hori. Hor lan bat egitea falta zaigu, gazteak ez galtzeko. Izan ere, eskola arteko xake txapelketetan ume asko ditugu: 400. Hezkuntza arloan ere, gaur egun ikastetxe bakoitzak irizpide propioa du xakea lantzeko edo ez lantzeko. Baina datozen asteetan adierazpen bat iritsiko da ziurrenik Europako Parlamentutik, xakea eskoletan sartzea gomendatuz. Federazioak aprobetxatu egin behar duen olatua da hori, gizartera errazago heltzeko.