Aldundiari naturguneen aldeko politika eskatu diote ekologistek

Orain arteko basogintza politika “erabat aldatzeko” eskatu diote Gipuzkoako hamalau natur taldek foru aldundiari. Politika horrek “mendien artifizializazioa” ekarri duela azaldu dute; egurra eskuratzeko, espezie exotikoak landatzen dituztela ere salatu dute, eta horiek ustiatzeko fumigazioak diru publikoz ez laguntzeko exijitu diote. Horren ordez, bertako espezie eta habitat naturalak “era masiboan” berreskuratu behar direla adierazi dute; besteak beste, pagadiak, hariztiak, artadiak, ibaiak eta itsasadarrak.

Eskaera egin dutenen artean, bi ornitologia talde —Ugatza eta Itsas Enara elkarteak— eta hiru talde ekologista daude —Berdeak, Ekologistak Martxan eta Eguzki—; gainerakoak Gipuzkoako hainbat herritako natur taldeak dira. Oraingoz, bi aldiz elkartu dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Natur Inguruneko Zuzendaritzarekin Bildu diputazioan dagoenetik. Bilera horietan, “EAJren garaiko ekologismoarekiko eta natur kontserbazioarekiko bazterkeria” alde batera uzteko eskatu diete sail horretako arduradunei.

Orain arte agintean egon direnen “utzikeria” dela medio baso naturalak desagertzen ari direla azaldu dute ekologistek, eta basa- bizitza “egoera larri” batera eraman dutela. Salatu dutenez, orain arte “interes eta kudeaketa ahalmen zuzena” izan dute Basozale Elkarteak eta Ehiza Federazioak, “baso eta ehiztarien lobby-ek”. Elkarte horiek jasotzen dituzten diru laguntzak berriz aztertzeko eta haien jarduna mugatzeko eskatu diote foru aldundiari, eta, horren ordez, biodibertsitatearen alde lanean dihardutenak gehiago kontuan hartzeko. “Lobby horienak ez bezala, gure interesak kolektiboak dira, guztiona den ondare naturalaren defentsa baita gure helburua”, esan dute. Talde ekologistak “urte luzeetan baztertuak” izan direla ere salatu dute, eta oraingoan ere beraiek jarri behar izan dutela aldundiarekin harremanetan hitzorduok lotzeko.

Bilera horietan, batik bat, mendi publiko gisa izendatutako guneen eta gune babestuen kudeaketa “moderno eta eraginkorra” nola sustatu izan dute hizketagai. Natur taldeek emandako datuen arabera, Gipuzkoan 88 mendi publiko daude, lau parke natural eta Natura 2000 sarearen barruko hemeretzi gune babestu.