Martxoaren 31tik apirilaren 7ra jokatuko dute Donostiako 35. Xake Irekia

Bi aste barru hasiko da Gipuzkoako xake txapelketa garrantzitsuena: Donostiako 35. Xake Irekia. Martxoaren 31n hasi eta apirilaren 7a bitartean, zortzi egunean ehunka xake partida jokatuko dituzte Gros Xake Taldekoen egoitzan. Iaz 170 lagunek hartu zuten parte nazioarteko txapelketa horretan, eta aurten ere bide beretik ari dira, bi aste falta dira, eta 129 lagunek emana dute izena.

Zortzi egunean egun bakoitzean bederatzi partida jokatuko dituzte parte hartzaileek. Denek denen kontra jokatzea ezinezkoa denez, beste sistema bat erabiltzen dute txapelduna zein den erabakitzeko. Hasteko, beste sailkapen batzuk kontuan hartuz, puntu kopuru bera dutenek elkarren aurka jokatuko dituzte partidak. Bestetik, inor ez da txapelketatik kanporatuko; guztiek jokatuko dituzte bederatzi txandak. Saio asko jokatuko dituztenez, puntu banaketak txapeldun bat gailentzea ekarriko du. Sistema suitzarra da, hain justu, Donostiako irekian erabiltzen dutena.

Txapelketan Euskal Herriko nahiz mundu zabaleko xakelariak ariko dira lehian, eta herritarrek ikusle gisara bertaratzeko aukera izango dute. Bi arau baino ez dituzte bete behar ikusleek: isilik egotea eta sakelako telefonoak itzalita edukitzea.

Mikel Larreategi izango da lehiaketako epaileetako bat. Txapelketa indarra hartzen ari dela uste du: “Azken bospasei urteetan nahikoa izen hartu du. Espainiako Federazioak txapelketen ranking bat egiten du, eta lehenengo hamar txapelketen artean jarri du hau. Sailkapen ona da, Espainia delako mundu osoan xake txapelketa gehien antolatzen duena. Nik uste dut txapelketa garrantzitsua dela, eta parte hartzea ere gorantz doa etengabe; orain hamar urte ez zen 80 jokalarira iristen, eta azken hiru urteetan 150etik 170era pasatu gara”.

Txapelketa Gros Xake Elkartearen egoitzan jokatu dute azken urteetan: Anoeta estadioaren ondoan, hain zuzen ere. Partidek lauzpabost ordu irauten dute, oro har. Orduen inguruko informazioa eta xehetasun gehiago Gipuzkoako Xake Federazioaren webgunean aurki daiteke, helbide honetan: www.fgajedrez.org.

Donostiako irekiaz gain, baditu bestelako lanak ere Gipuzkoako Xake Federazioak. Izan ere, taldekako xake ligak azken txanpan sartuta daude. Urtarrilean hasi eta Aste Santura bitartean, lau mailatan ari dira lehiatzen 56 talde, bakoitza lau jokalarirekin: gorengo maila, lehenengo maila, bigarrena eta hirugarrena daude. Gorenekoan eta lehenengo mailan hamabina talde daude; bigarren eta hirugarrenean, berriz, hamaseina. Federatuta, berriz, guztira 570 jokalari inguru daude. Gipuzkoakoaz gain, Euskadiko Liga eta Espainiakoa ere badaude, eta Espainiako Ligako txapelduna talde gipuzkoar bat da: Gros Xake Taldea, hain zuzen.

Gipuzkoako Xake Federazioko zuzendaritzan ibilitakoa da Larreategi, eta orain “beste lan batzuetan” badabil ere, ondo ezagutzen ditu 2012rako federazioak jarritako helburuak: “Eskola kirolean xakea ondo bultzatzea eta xakea eskoletan sartzea izaten da urtero erronketako bat; Donostiako irekia ahalik eta ondoen antolatzea ere bai, federazioaren ikur bat delako, eta federazioak gizartera begira egiten duen lan handienetariko bat; eta urteroko martxan ligak eta txapelketak antolatzea, azkenik”.