“Etxean ezagutzen nuena zein ezohikoa zen ohartu nintzen”

Bilatu gabeko aukera batek ireki zituen Txaro Arteagarentzat (Donostia, 1944) irratigintzaren ateak. Gauza bera esaten du Emakunde institutua zuzentzera iritsi zen moduaz ere. Pasioz gogoratzen ditu bere bizitzako bi etapa horiek; biak bizi izan zituen moduan ekartzen ditu orainera. Gazte-gaztetan, zerbait ezberdina aurkituko zuelakoan jo zuen atzerrira ikastera, Parisera. Egun, lagun dezakeelakoan, boluntario jarduten du hainbat erakundetan.

Gerora konturatu bada ere, ezohiko ohiturak zeuden Arteaga familia bizi zen Donostiako Artzain Onaren katedralaren alboko etxean. Esaterako, amak etxetik kanpo lan egiten zuen. “Ahizpa guztiek lan egiten zuten etxetik kanpo, eta ez feminista zirelako; hala ere, asko miresten ditut”. Arteagaren amak, gainera, kontzientzia politikorik izan gabe ere, etxean euskaraz jarduteko esaten zien semeei eta alabari. Aitak ere etxeko gauzei kasu egiten zien. “Aitak normaltasun handiz egiten zituen gauzak etxean, eta, ama hil zenean, lanak banatu genituen”.

Handik gutxira ezagutu zuen Arteagak feminismoa. “Orduan jarri nion teoria nik bizitakoari, eta konturatu nintzen zein ezohikoa zen nik etxean ezagutzen nuena”. Etxetik gertu zituzten kritikoak arteagatarrek. “Amonari ez zitzaion gustatzen nire aitak hori egitea; nire amona oso matxista zen”.

Anaiek peritu izateko ikasi zuten, eta Arteagak idazkaritza ikasketak osatu zituen. “Baina Suchard-en bulegoan hasi nintzenean, Enkarni Genuarekin batera, zerbait gehiago egon zitekeen susmoa hartu nion”. Amaren heriotzak eten zuen Paristik itzuli eta geroko asmoa, Ingalaterrara ingelesa ikastera joatea, alegia.

Herri Irratian lan egiteko proba egitera zihoan ezagun bat laguntzera joan, eta lanpostua hari eskaini zioten. Lanbidean bokazioz hasi ez bazen ere, zorte handia izan zuela uste du. “Ondo egokitu zitzaidan. Oso ondo pasatu dut irratian, eta asko ikasi dut”. Denbora gehien magazinak egiten igaro zuen Arteagak, jende askorekin hitz egiten. “Egunero, lau bat elkarrizketa; gainera, laurak guk pentsatuta, deituta eta eginda”.

Egindako elkarrizketetatik asko zaizkio aipagarri. Horien artean dago Severo Ochoa Nobel saridunari egindakoa. “Gu oso irrati txikia ginen, eta ni ez nintzen ausartu gerturatzen. Bera konturatu, eta niregana hurbildu zen. Ez zen oso elkarrizketa garrantzitsua izan, baina bai niretzat”.

Egoera politikoak bidea ematen zuen heinean, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Arteaga eta irratiko lankideak saiatzen ziren Euskal Herriaren ideia eta nondik norakoak zabaltzen. “Beste helburu batzuk genituen; abertzaletasuna zabaltzea… baina alderdikerietan sartu gabe. Euskara ere zabaldu nahi genuen”.

Bikoizketa lanetan ere jardun da donostiarra. “Gehien gustatzen zaidana, ziur aski, bikoizketa da”. Alor horretan marrazki bizidunak eta dokumentalak ditu gogoan. Mis Uszatek seriea nik neuk bakarrik bikoiztu nuen, pertsonaia guztiak eginda”. Iñaki Beraetxe eta Jose Felipe Auzmendi ikasle izan zituen langintza horretan. “Erraza izan zen jakitea horretan onak izango zirela”. Hori guztia irratiko lanarekin batera.

Urte horietan, Arteagak “mugitzen zen edozein feministari” elkarrizketa egiteko ere aprobetxatu zituen Herri Irratiko mikrofonoak, tartean Lidia Falcon idazle espainiarra. “Ziur aski horrexegatik deitu ninduten Emakundera joateko”.

Emakundera, ezustean

Ezustean harrapatu zuen Emakunde zuzentzeko eskaintzak. Jon Azua Lehendakaritza sailburuaren deia jaso zuen bilera bat egiteko. Emakunderen gaia pil-pilean zegoen garai hartan. “Nik uste nuen kazetari moduan Zarauzko topaketen berriak nituelako deitu zidatela, agian, iritzia eman edo izen proposamenak egiteko”.

Bilerara azalduta, Azuak ea proposamena zer iruditzen zitzaion galdetu zion. “Antza denez, norbaitek jakinarazi behar zidan Azuaren deia jaso baino lehen”. Orduan bertan ezetz esan zion Emakunde zuzentzeko eskaintzari, baita “sei edo zazpi” izen proposatu ere. “Baina sailburuak itxaroteko esan zidan, eta berak egin behar zuen bidaia baten ondoren erantzuteko”. Ezagunen iritziak jaso eta gogoeta egin ondoren, baiezkoa eman zuen.

Hutsetik hasi behar izan zuten Emakunderen sortzaileek. “Aitzindari izan gara, eta toki askotatik etorri zaizkigu galdetzera”. Baliabide gutxirekin garai horretan lan asko egin zutela dio. “Nik beti esaten dut ez dakidala nola lortu nuen saskia egitea emandako zume gutxiekin”. Urte horietako emaitza garrantzitsuen artean dago argitara emandako material guztia. “Zorionez, hor geratu dira argitalpen guztiak, bai administrazioan lan egiteko, baita beste alorretan ere lagungarri izan daitezkeenak”.

Berdintasunerako Legea onartzea da, Arteagaren iritziz, Emakunden igarotako garaiko momentu gorena: “Baina ez da ari betetzen, eta Berdintasunerako Defentsa Erakundea, esaterako, baliogabetu egin dute Emakunderen barruan sartzean”.

“Gizonkeriak” oraindik ere bere horretan jarraitzen duela uste du. “Kanpoko aurrerapenek egoera estaltzen dute, baina matxismoa badago oraindik”. Are gehiago, hainbat alorretan ustezko egoera onak okerrera egin du. “Berdintasuna hitza da. Jende askok pentsatzen du lortu dela; besteak beste, komunikabideen ondorioz zabaldu da ideia hori”. Beste zerbaitetan ikusten du atzerakada. “Lehen, zentzuzko gauzak esanda, jendeak onartzen zituen; orain, berriz, erotzat tratatzen gaituzte”.

2005. urtean, Berdintasunerako Legea onartu eta gero, Herri Irratira itzuli zen Arteaga; elkarrizketa saio bat egiten hasi zen; Hablando con gente estupenda. Komunikabideetan “beti jende siniestroa” azaltzen dela sinetsita, horri buelta eman nahi zion. “Zenbat gauza on sortzeko kapaz izan gara hemen; ikastolak, bertsolarien muntatze hori guztia, antzezleak… ez dakit zenbat gauza gehiago. Oso argi daukat estatua behar dugula sormen horri bidea emateko. Feminismoarekin alderatzen dut; botere harremanak dira, eta onartzen dizute bakarrik nahi dutena egiten baduzu”.

Erretiratuta ere, Arteagak ez dio beldurrik konpromisoari. Itxaropenaren telefonoan laguntzaile ari da. Eta boluntario dabil, kasu honetan bizi osorako, alzheimerra ikertzen duen Alzheimer Fundazioaren programa batean; “lan asko egiten ari den jendea dago hemen”.