Aitziber Arzallus
Haur gutxi jaiotzen dira Gipuzkoan. Eustatek kaleratutako datuen arabera, 1976. urtean, 13.367 haur jaio ziren; lau hamarkada geroago, 2016an, erdiak baino gutxiago: 6.015. Hain zuzen, 2000tik kopururik txikiena. Jaiotza tasa ez da 1990eko urteetan bezain txikia, baina, azken urteotako joerari eustera, laster iritsiko da orduko kopuruetara, oso bizkor ari baita jaisten: iaz, 2010ean baino mila haur gutxiago jaio ziren.
Aurtengo bigarren hiruhilekoan bertan, tasak %8,4 egin du behera, eta, iaz bezala, aurten ere negatiboa da saldo begetatiboa: ekainera bitarte, 2.730 lagun jaio ziren, eta 3.678 hil. Oraingoz, biztanle kopuruak bere horretan jarraitzen du, etorkinei esker.
Datu kezkagarriak iruditzen zaizkio SIIS dokumentazio eta ikerketa zentroko zuzendari Joseba Zalakaini, “batez ere, jendeak dioelako nahiko lukeen baino haur gutxiago dituela, neurri handi batean, arrazoi ekonomikoengatik”. Baikortzat jo du jendeak zenbat haur izan nahi dituen erabaki ahal izatea. “Garai batean zetozen haur guztiak hartu beharra zegoen; gaur, berriz, ez. Alde horretatik begiratuta, haur gutxiago jaiotzea positiboa da. Baina jendeak, oro har, izango lituzke dituen baino haur gehiago, eta ez izateko hautua egiten du, beste arrazoi batzuengatik”.
Zalakainen arabera, atzera dezente egin behar da auzi honen muinera joateko: 1980ko urteetara, hain zuzen. “Industria krisiak eragindako ondorioei aurre egiteko, hainbat neurri ekonomiko eta sozial hartu zituzten administrazioek. Pobreziari aurre egiteko neurri haiek guztiak, ordea, adineko jendeari zuzendutakoak ziren. Gazteentzako politikak alboratu egin zituzten; ondorioz, haien pobrezia mailak eta bazterketa arriskuak gora egin du, eta horrek bete-betean eragin dio jaiotza tasari”. Dena kate bat dela dio. “Gazteek baliabiderik ez badute, ez dute gurasoen etxetik alde egiteko erabakia hartzen; ondorioz, familia bat osatu eta haurrak izateko erabakia atzeratu egiten dute, eta batzuek ez dute sekula erabaki hori hartzen”.
Jaitsiera horretan eragin duen beste faktore bat “emakumeek lehen baino aukera askatasun handiagoa izatea” dela uste du SIIS zentroko arduradunak. “Alegia, lehen, emakume batek bikotekidea topatu, ezkondu eta haurrak izan behar zituen; ezarrita zetorkion zerbait zen. Hori betetzen ez bazuen, ez zen ez zuelako nahi, beste erremediorik gelditu ez zitzaiolako baizik. Gaur egun, hori ez da horrela; emakumeak hautatu egin dezake bakarrik edo bikotean bizi nahi duen, ezkondu nahi duen ala ez, edota haurrak izan nahi dituen ala ez”.
Genero ikuspegia, faltan
Haurrak izateko erabakia hartzeko edo aukera horri uko egiteko orduan, ekonomiari lotutako arrazoiek eragina dutela uste du Emakundeko zuzendari izandako Maria Silvestre soziologoak ere, baina pisuzko beste arrazoi batzuk ere badirela dio. Esate baterako, formakuntza aldia luzatu izana eta lan merkatuko prekaritatea. “Ikasketak amaitu ostean topatzen duten lan merkatu prekarioak ez du batere laguntzen. Erabateko ziurgabetasunak epe luzerako planak egitea oztopatzen die gazteei, eta haurrak izateko asmoa atzeratu edota bertan behera uzten dute”.
Hala ere, jaiotzen beherakada azaltzeko garaian, Silvestrek genero ikuspegiari eman dio garrantzirik handiena. Haren esanetan, haurrak izateko adinean dauden emakume gehienek ikasten jarraitzeko hautua egiten dute, ondoren lanpostu kualifikatu bat izateko itxaropenarekin. “Haien helburu bakarra ez da egunen batean ama izatea, gizonezko gehienena aita izatea ez den modu berean”. Lan merkatuan sartzean, baina, errealitatearekin aurrez aurre topo egiten dute, “sexuen arteko bereizketa ikaragarriarekin”. “Oraindik ere, generoen rolei dagokienez, egitura tradizional eta arkaikoek indar handia dute, eta ez datoz bat emakumeak gizartean dituen rol eta paper berriekin. Oraindik ere lanpostu batzuk emakumeentzat eta besteak gizonentzat direla uste da, eta gauza bera gertatzen da esparru pribatuan ere. Zaintza lanak emakumeen gain uzten dira, eta horrek ama izateari uko egitera behartzen ditu haietako asko. Gizonezkoei, aldiz, ez zaie horrelakorik gertatzen. Gizarte bezala ez gara ari kontraesan horiei egoki erantzuten, eta horren ondorioetako bat da haur gutxiago jaiotzea”.
Silvestreren irudiko, gobernu gehienak kezkatuta daude jaiotzen jaitsierak eta populazioaren zahartzeak dakartzaten ondorio ekonomikoengatik. “Baina uste dut, larritasunak eraginda edo, kasu askotan presaz jokatu dutela eta diagnostikoan huts egin dutela. Ez dute lortu haurrak ez izateko benetako arrazoietan eragitea. Ez da soilik kontu ekonomiko bat; horrenbestez, diru laguntzekin eta zerga laguntzekin bakarrik ez dago arazoa konpontzerik. Balio berriekin zerikusia duen auzi bat ere bada, emakumeak gizartean betetzen duen leku berriarekin zerikusia duena eta egungo ereduarekin erabat kontrajarrita dagoena”.
Silvestrek garbi du: “Haurrak eta helduak zaintzeko ezarritako ereduak aldatzen ez ditugun bitartean, lana banatzeko generoen arteko eredu tradizionala aldatzen ez dugun bitartean eta publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketa egiteari uzten ez diogun bitartean, oso zaila izango da orain arteko joera hautsi eta horri buelta ematea. Lan baldintzen hobetzeak, egonkortasun ekonomikoak eta gazteei etxebizitzetara sarbidea errazteak baldintza objektiboak hobetu ditzakete, baina ama izateagatik emakumeek gainontzeko guztiari uko egin behar dioten bitartean, zaila izango da haurrak izateko hautua orokortzea”.
Horrenbestez, ezinbestekotzat jo du neurriak hartzea, baina ez bakarrik jaiotzak ugaritzea helburu dutenak. “Genero ikuspegiarekin egindako familia politikak, gizarte politikak eta ekonomia politikak behar ditugu, emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna, berdintasun efektiboa ekarriko dutenak. Horrela bakarrik lortuko dugu jaiotzetan eragitea”.
Zalakainek ere neurrien beharra nabarmendu du, batez ere, hezkuntzarekin lotutakoena. “Gobernuen lehentasuna izan beharko luke 0-3 zikloa sustatzea, oso lagungarria izango litzatekeelako amek lanera joateko aukera izan dezaten”. Horrez gain, lanaldi egokituei, gizarte segurantzari eta edoskitzeari dagozkion neurrien beharra nabarmendu du. “Frogatuta dago gizarte politika hobeek zuzenean eragiten dutela jaiotza tasan, eta Europa iparraldeko herrialdeak dira horren adibidea”. Haietan, lan arloan berdintasun handiagoa ez ezik, lana eta familia uztartzeko neurri hobeak dituztela esan du, eta jaiotza tasak ere altuagoak dituztela.
Zahartzea erronka
Silvestre eta Zalakain bat datoz jaiotza tasaren jaitsierak populazioaren zahartzea dakarrela eta, hain zuzen, zahartze hori egoki kudeatzea izango dela administrazio publikoak eta gizarteak etorkizunean izango duten erronka handienetakoa. Zalakainek uste du administrazioa ari dela zentzu horretan urratsak egiten, datorrenerako prestatzen. “Badaude argitu beharreko gauza batzuk; adibidez, nolako zaintza eredua nahi dugun: gure zaharren zaintzak ardura publikokoa izan behar duen, familiaren ardura izan behar duen edota tarteko zerbait, eta aukeratzen dugun eredu hori nola finantzatu beharko dugun”.
Silvestreren arabera, berriz, “erronka hori kudeatzeari begira, egiten ari dena baino askoz gehiago egin beharko litzateke”. Gizarte zaharrago batek behar berri asko izango dituela dio osasunari, aisiari, familiari, zaintzari eta iraunkortasunari dagokionez. “Politikoki ere pisu handiagoa izango du talde horrek, hauteskundeetan emaitzak baldintzatzeko adinakoa. Lehenbailehen hasi behar genuke birpentsatzen haien beharrak asetzeko egungo gastua nola banatu”.
Leave a Reply