Loiolako Erriberako proposamena zehaztugabetzat jo du oposizioak

Donostiako udaleko gobernu taldeak autobus geltokia Loiolako Erriberan jartzeko egindako proposamena zehaztugabetzat jo dute oposizioko PSE-EEk, EAJk eta PPk. Hori dela eta, apirilean edo maiatzean, gai hau udalbatzarrean jorratzen denean Atotxako proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa azaldu dute, nahiz eta ez duten erabat baztertu proposamen berria. Hala ere, hiru alderdien arabera, txosten teknikoak falta izatea eta intermodalitatea bermatu gabe egotea da traba nagusia.

PSE-EEko zinegotzi Ernesto Gascok azaldu du bere alderdiaren jarrera. “Atotxako proiektua gelditu eta aldatu baino lehen, uste dugu ikerketa eta analisi guztiak egin behar direla, eta ez daude”.

Zinegotzi sozialistak dioenez, une honetan kostu ekonomikoen, mugikortasunaren eta bideragarritasunaren datuak falta dira. Kudeaketa modua ere zehaztu gabe dagoela salatu dute. Eta, intermodalitatearen alorrari buruz, hauxe esan dute: “Gobernu taldea ez da bildu ez Adifekin ezta Eusko Jaurlaritzako Euskal Trenbide Sareko arduradunekin ere jakiteko inguru horretan geltokiak egiteko asmorik duten”.

Gascok faltsutzat jo du egungo eztabaida, eta Atotxaren aldeko hautua egin du, “egingarri delako” eta aurreko agintaldian erabateko adostasuna lortu zuena delako. Loiolako Erriberako proposamenaren inguruan, berriz, hau dio: “Informazio txostenen faltan proiektu bat bestea baino hobea dela esatea fedea izatea da”.

Atotxaren kontrako argudio nagusietako bat tamaina txikia izatea da. Gascok, ordea, gehiagoren beharrik ez dagoela dio. “Erabilerari buruzko ikerketa ekonomikoek diote ez dela gehiago behar; gauza txikiak egitea okerra da, baina gauza handiegiak egitea oker garestiagoa da”.

“Estrategikoa” dela diote

EAJko zinegotzi Martin Ibabek ere udaleko gobernu taldearen proposamenak informazioa falta duela dio. Jeltzaleek ekonomiaren alorrean kokatu dute beste arazo bat: “Proiektu bat garestiagoa edo merkeagoa dela esaten denean, udalaren interesak defendatu behar ditugu, eta udalari zenbat kostatuko zaion jakin behar dugu. Hori ez dakigu oraindik, ez delako egin bideragarritasun ekonomikoko txostenik”.

Ibabek uste du autobus geltokia estrategikoa dela Donostiarentzat; eta urte askoan geldituta egon denez zirt edo zart egiteko garaia dela, baina erabakia informatuta hartu behar dela ere uste du. “Atotxako proiektua aldatu baino lehen, informazio guztia behar da; eta gero ikusi. Agian, hobea izango da proposamen berria, baina ez dago landuta”.

Hori dela eta, hurrengo osoko bilkuran EAJko zinegotziak informazioa eskatzeko mozio bat aurkeztuko du; autobus geltokiaren gaia jorratuko duen batzarrerako informazio osoagoa izatea da horren asmoa. “Nik informazio hori ezagutu baino lehen ezin dut aurreratu bertara zein jarrera eramango dugun”.

PPko Ramon Gomezek, berriz, hauxe adierazi du udaleko gobernu taldearen proposamenari hasieran eman zion aukeraren inguruan: “Urteak dira guk geltoki intermodala jartzeko Loiolako Erriberaren aldeko apustua egin genuela”. Baina berehala ñabardura egin du, eta gogora ekarri du aurreko agintaldian denek Atotxaren alde egiten zutela ikusirik PPk ere bat egin zuela, “lehenbailehen eraiki zedin”.

Oraingo ezezkoa aldundiaren jarrerari egotzi dio. Izan ere, erakunde horrek uko egin dio Donostia aldeko metroaren proiektuari, eta proiektu hori ezinbestekotzat jo du PPk. “Metroa ez da Donostiako auzoak elkar lotzeko, baizik eta Donostia aldeko herriak eta hiria lotzeko”. Azpiegitura horren faltan, ordea, “nahiago” dute hiriaren erdialdean, hau da, Atotxan legokeen geltokia.

Oraingo proiektuak ez du, Gomezen ustez, “intermodalitatea bermatzen”. Hori dela eta, maiatzeko udalbatzarrean PPko zinegotziek Atotxako aukera babestuko dute. “Hogei urte igaro dira autobus geltokirik gabe, eta ez dugu nahi [Odon] Elorzaren okerrak berriro gertatzerik”.