Leire Narbaiza
2018ko lehen artikulua da hau, eta zalantza eragin dit: “Urte berri on” opa beharko nizueke? Ala beranduegi da? Seguru nago Iban Zalduak gaizki iritziko liokeela oso-osorik Euskal Zutabegilearen Dekalogoa beteko nukeelako (alferrikako agurrei dagokienez). Baina, bestalde, noiz laga behar diogu urte berri ona desiratzeari? Noiz dauka iraungitze data zoriontzeak? Zer da hobea, astun izatea eta konplimenduz betetzea gure jarduna? Ala siku, takar eta edukazio barik jokatzea? Ez da erraza erantzuten!
Abenduaren 31tik hamabi egun baino ez zaizkigu joan, eta dagoeneko ahaztuta dauzkagu Gabonetako otoruntzak eta arrandia. Era berean, denbora labur honetan, bidean galdu ditugu geure buruari egindako promesak. Aste bira ez gara iritsi, eta emandako berba jan dugu. Bai, konfirmatuta, planari huts egiteak adierazten digu ofizialki zoriontze iraungipen-datara ailegatu garela!
Bidean galdutako hitzemateek zerikusia dute perfekzioarekin, eta beharbada horregatik alboratzen ditugu hain agudo. Badirudi zerbait berria hastean —oraingo honetan, urtea— xeheki aztertzen dugula zelakoak garen, eta zertan egiten dugun kale. Eta jomuga perfektua izatea denez —benetan ezinezkoa, zorionez—, helburu gaitzak jartzen dizkiogu geure buruari: erretzeari laga, kirola egin, txokolate gutxiago jan, ingelesa ikasi, ordenatuagoa izan, urruneko lagunei sarriago deitu, pazientzia handiagoa izan familiarekin… Hau da, gure akatsak deuseztatu, eta bertutez blaitu. Laburbilduta, eredu eta modelo (adiera bietan) bihurtu. Oso errealista guztia, horratio!
Urtarrilaren 1ean zein ikasturte hasieran izan litezke asmo onak. Irakaskuntzarekin lotuta bizi garenoi urtea irailean hasten zaigu, eta normalean, orduan planifikatzen dugu guztia, eta orduan egiten dugu gure asmo onen zerrenda. Adibidez, ikasle sasoian, beti agintzen nion neure buruari egunero ikasiko nuela, pixka bat baino ez bazen ere. Jakina, asmoa ez zen sanmigeletara iristen…
Ikasle-denboran legez, esan dut intentzio horiek abandonatuta laga ditugula bazter batean. Ia beti Erregenak pasatuta martxan jartzekoak izaten dira egitasmo dontsuok; hala ere, urtarrilaren 7rako ahanzturaren kutxan gordeak edukitzen ditugu.
Gutunak idaztea ere izaten da ideietako bat. Eta badakigu euskaldunok gutunak eskribitzen ditugunean kartzeletara bidaltzeko direla, zoritxarrez. Espetxeak benetako ahanzturaren kutxak direla badakigulako. Horregatik eskutitzak, horregatik manifestazioak, presoak ahantz ez dakizkigun. Zurian beltz eginda, akorduan izan ditzagun, eta eurekin gogoratzen garela jakin dezaten.
Hori dela eta, badugu milaka pertsonak urteberrirako eginkizun on bat, urtero-urtero egin behar izaten duguna azkena izateko helburuarekin. Presoak etxera ekartzeko premia, alegia. Xede hori buruan, bihar gutako askok Bilboko kaleak beteko ditugu iaz eta aurrekoetan legez, 2018rako gogo sendoa aldarrikatzeko: elkarrekin aurrera egiteko prest gaudela.
Espero dezagun intentzio on hori gauzatzea, inork ez dezala abandonatu, Gabon zaharrean egindakoak bezalaxe. Azkenekoa izan dadin, eta urteroko asmo on ahaztua berriro ez izateko.
Leave a Reply