Unai Zubeldia
Kultur areto moderno bihurtu dute Bergarako XVIII. mendeko ondare preziatua: seminarioko eliza zaharra. Arte ondarearen eta modernitatearen artean oreka lanean ibili dira azken urteotan, eta, “prozesu sakon baten ondoren”, amaitu dituzte lanak. Kultur eskaintzaren eta herritarren zain dago, jada, Seminarixoa, udalak berak kudeatzen duen aretoa. Joan den abenduaren 24an ireki zizkieten ateak herritarrei. “Ekitaldi xumea, baina benetan polita izan zen. Mari Domingik eta Olentzerok ekarri zuten Seminarixoko giltza, eta eurek zabaldu zituzten ateak”, azaldu du Maite Agirre Bergarako Udaleko Kultura zinegotziak.
Urtarrilaren amaieran egingo dute inaugurazio ekitaldi nagusia, baina hainbat emanaldi izango dira hil honetan bertan. Aurretik, haurrentzat hainbat ikuskizun izan zituzten abendu amaieran, eta gospel emanaldiak urte hasieran. “Halakoa zen herritarren egarria, emanaldiei ekitea erabaki genuen, eta oso harrera ona izaten ari dira”. Urrutira joan gabe, gaur bertan Amoranteren kontzertuarekin gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek (20:00), eta Txalo konpainiaren Etxeko saltsak antzerki emanaldia izango dute bihar, 19:00etan. Bi ikuskizunetarako salgai daude sarrerak, zortzi euroan.
Maiatz arteko kultur eskaintza osatuta daukate jada, eta askotarikoak izango dira emanaldiak: Pirritx eta Porrotxen Borobilean (otsailak 10),Tartean taldearen Ez dok hiru .Euskal musikaren benetako istorioa antzerki emanaldia (otsailak 17), Jabier Muguruza musikaria (otsailak 23), bertso jaialdia (martxoak 23), Go!azen (martxoak 25), Artxipielagoa ikuskizun berritzailea (apirilak 21), El fin de las cosas dantza emanaldia (maiatzak 12)… Musikak pisu nabarmena izango du eskaintzan. “Bergaran oso jorratuta dago musika alorra”, zehaztu du Agirrek. Baina ez da faltako antzerki, dantza eta haurrentzako emanaldirik ere. Horrez gain, ondo bidean zine emanaldiak ere izango dira irailetik aurrera. “Baina, finantzaketa kontuak tarteko, erronka handia da hori. Denbora pixka bat beharko dugu”.
Bergarako Kultur zinegotziak “ikusgarri” eta “oso” gisa deskribatu du areto berria. “Herriak behin eta berriz eskatu izan du kulturarako agertoki kutun bat”. Ez da samurra izan lan prozesua. “Eliza izandako eraikina da, eta muga asko izan dugu lanak egiteko, ezinbestekoa zelako ondarea zaintzea”. Bidea malkartsua izan den arren, “oso gustura” daude emaitzarekin. “Eta herritarrek ere hala adierazi digute”. Urte askoan eskean ibili diren aretoa eskura daukate jada bergararrek.
Herriko toponimia eta hizkuntza ohiturak kontuan hartuta jarri diote izena areto berriari. “Ideia lehiaketa bat abiarazi genuen herritarren artean, eta izen herrikoi baten alde egin dugu”. Hamasei pertsonak parte hartu zuten izena aukeratzeko prozesuan, eta 42 ekarpen jaso zituzten. Agirrek azaldu duenez, udaleko Euskara Zerbitzuaren aholkuei ere kasu egin zieten prozesu horretan. Izenarekin eta izanarekin jolasean, Seminarixoa, funtsean, “kulturaren haztegia” izatea da erronka. Manu Muniategiandikoetxea Bergarako artistak sortu du aretoaren irudia, zortzi puntako izarra oinarri hartuta.
Bergararrak taula gainera
Kultur emanaldiak ez dituzte mugatuko sona handiko ikuskizunetara, bertakoa ere goratu nahi dutelako. Erronka horri helduta, ateak parez pare irekiko dizkiete herriko kultur taldeei eta artistei. “Bergarako bi taldek eskaini zuten Seminarixoko lehen emanaldia: Sutargi abesbatzak eta orfeoi gazteak”. Eta lotuta dauzkate herriko beste hainbat talderen ikuskizunak, Bergarako Musika Elkartearen Mozkorra parregarri opera komikoa tartean, martxoaren 3an. Bergarako txistulariek, Musika Eskolak eta orfeoi gazteak berak ere izango dute aukera agertokira igotzeko.
Aurrerantzean sorkuntzaren plaza izango da garai bateko seminarioko eliza zaharra. “Punta-puntako baldintza eta azpiegitura teknikoarekin, gure herriaren ondare bizi-bizia da Seminarixoa”.
Leave a Reply