Nerea Uranga
Poltsikotik paper mutur bat atera du Jesus Mari Olaizola Txiliku-k (Zarautz, 1951), eta txikera hitza gehitu dio boligrafoz idatzia daukan hitz zerrendari. Kazetariaren galderei erantzuten ari zaien bitartean gogoratu du hitza: “Polita da. Gure etxean, platerak sikatzeko egurrezko tresnari deitzen genion hala, xukaderari. Metalezkoa etxean sartu zenean, ordea, galdu egin zuen izena”.
Zarautzen sortu, hazi eta bizi da, baina, itsasokoa baino gehiago, lehorrekoa izan dela dio. “Itsasotik 200 metrora jaio izanagatik, familia osoa lehorrekoa izan garela uste dut. Ostegun Santu egunean lapak biltzera joaten ginen itsasora, Ostiral Santu egunean lapa zopa jateko. Irteera horiek eta osabarekin egindako arrantza batzuk kenduta, itsasoarekin ez dut bestelako harreman esturik izan”.
Txiliku ezizena familiatik datorkio, aitona Martinengandik. “Istorio luzea da. Aitona-amonak maizter egondako etxe baten izena zen Txiliku. Handik alde egin zutenean, berekin eraman zuten izena. Zarauzko toponimo bat da, eta herrian badira Txiliku izeneko beste familia batzuk ere”. Gustuko du kontatzea, hitzen jolasa miresten du; hori ere familiatik jaso du. Idazteko lana, berriz, Zarauzko ikastolan irakasle zenean hasi zuen; material faltagatik hasi zen idazten, eta horretan jarraitzen du ordutik.
36 urte pasatu dira lehenengo liburua idatzi zenuenetik: Zozoa eta biok (Elkar, 1982). Ordutik idatzitako liburuen zerrenda zenbatuz gero, ia urtean bat izan da.
Bai, eta, beharbada, gehiago. Urtean bat bai, behintzat.
Nolatan hasi zinen idazten?
1974an hasi nintzen irakasle Zarauzko ikastolan, 5. mailatik 8. mailara artekoekin. Orduko ikas materiala ez zen haur haientzako modukoa. Sasoi hartarako testu batzuk itzultzen hasita zeuden; Sandokanenak, Pirata Beltzak… Baina astunak egiten ziren. Eskolan bertan, ikasleei zerbait kontatzeko tartetxo bat hartzen hasi nintzen, arreta sortzeko-eta. Niri asko gustatzen zait gauzak kontatzea, baina burua beti ez da prest egoten, eta, tarteka, kontakizun batzuk idatzi egiten nituen, gero gogoan edukitzeko. Ipuin batzuk idatzita neuzkanean, liburu batean hobeto egongo liratekeela pentsatu nuen, jendeari banatzeko eta. Hala, argitaletxe batera joan nintzen, eta han topatu nuen Joxan Ormazabal, gero urte askoan nire lagun mina izango zena. Liburu bat osatzeko gutxi zela eta, testu gehiago idatzi ondoren itzultzeko esan zidan hark. Hala, dozena bat ipuin-edo egin nituen, eta hortxe osatu nuen lehenengo liburua. Gero, behin hasita, utzi ezin den halako bizio bat izaten da.
Haur eta gazte literaturako liburuak egin dituzu batik bat. Zergatik?
Hamabi urtean irakasle jardun nuen ikastolan, eta orduan haurrak neuzkan idazteko erreferente: aurrean nituenak. Gainera, batzuetan protagonista ere izan ziren haiek; horrela, kontatzeko ohitura zahar harekin jolas bat egiteko aukera ematen zidan. Ondoren, argitaletxean lanean hasi nintzenean ere, adin inguru horretako jendearentzako testuliburuak egitea zen nire lana. Obligazioa zen testuliburuak egitearena, eguneroko janaria lortzeko egin beharreko lana; eta nik nahiago nuen beti tartetxo bat gorde beste lan bat egiteko, nire gustuko lan bat: kontatzekoa. Beti joan dira liburuak erreferentzia horien arabera; gero, seme-alabekin ere gertatu da hori [horiek ere izan dira protagonista liburuetan]. Beste lan luzeago batzuetara ere jo izan dut ondoren, eta helduentzat beste liburu batzuk sortu. Gero etorritako kontua izan da hori.
Sari batzuk ere lortu dituzu bidean. Handi bat: 2004ko Euskadi saria, haur literaturakoa, Osaba Bin Floren liburuarekin.
Berezia da horren istorioa ere. Euskaldunon Egunkaria sortu zenean, bazegoen asteroko haurren gehigarri bat: Xingola. Bukatzen ez zen istorio bat idazten nuen astero bertan, interesa sortzeko halako kontu batzuk airean utziz. Istorio bat egin behar nuen astero: astea neukan pentsatzeko, asteburua idazteko, eta asteartean entregatu behar nuen. Hartu nion makinazioa kontuari. Baina erdira edo iritsi zenean, 24 bat kapitulu zituenean, itxi egin zuten Egunkaria, eta hilabetez geldirik egon zen kontua. BERRIA ireki zutenean, Mantangorri gehigarrian istorio harekin jarraitzeko proposatu zidaten, formatu berean, eta segitu egin nuen lan harekin, istorio baten barruan beste bat sartuz. Urruti joan nintzen: Sri Lankara. Bidean istorio pila bat irekita utzi eta itxi egin behar nituela erabaki nuen, bueltan etorriz. Ariketa polita izan zen hor zeuden istorio guztiak itxiz joatea. Niretzat poza izan zen Osaba Bin Floren liburu bihurtu eta Euskadi Haur eta Literatura saria jasotzea.
Aurretik, herrian bertan Lizardi saria ere jasotakoa zara, 1986an. Literatur lehiaketa horretan epaimahaiko kide ere izan zinen gero. Erosoa al da epaile lana?
Urteetan jardun izan dut Lizardi lehiaketako epaimahaian, eta ez da ona besteen lanak epaitze hori; niri ez zait gustatzen. Baina, bueno, oraindik ez dudanez ikasi ezetz esaten… tokatzen diren gauzak egiten dira. Urteetan tokatu zitzaidan hori egitea, eta horretan gelditu zen.
Jarraitzen duzu idazten.
Bai, jarraitzen dut, bai. Esaten dute, edo norbaitek esan du, zenbat eta edadean aurrerago egon, gehiago idatzi eta gutxiago irakurtzen dela. Ni ez naiz iritsi fase horretara; oraindik asko irakurtzen dut, eta idatzi gutxi; edo, beharbada, nahiko nukeen baino gutxiago. Badauzkat halako asmo batzuk. Asmorik ez edukitzea baino okerragoa omen da asmo gehiegi edukitzea, ezin zaielako denei erantzun. Atera berria da azken idatzitako liburua; sukaldaritza eta ipuinak uztartzen ditu: Mila bidaia munduko sukaldeetara. Mugaritz jatetxekoek 33 errezeta egin dituzte; nik, 52 kontakizun. Hori izan da azken produkzioa.
Mundua aldatuz joan da lehen liburua atera zenuenetik: eguneroko bizimodua aldatu da, komunikatzeko moduak, haur eta gazteen ohiturak… Zure lanean eraginik izan al du horrek?
Ikaragarri aldatu da bizimodua. Literaturan eraginik izan duen? Abiatu ginenean, edo ni abiatu nintzenean, gerra aurreko kutsua zeukan artean literaturak, erromantikoa. Bertakoa jasotzeko eta Arkadia bezalako leku magiko bat zen literatura. Baina hori bukatu zen; industria garaia etorri zen, gerra pasatu zen, eta egoera penagarrian geratu zen euskara. Orduan, beste zerbait behar zen. Ikusi dut, haur literaturan, behintzat, Alemaniako literaturak eragin handia izan zuela. Alemaniako literatura izan zen umeei errealitate gordinak garbi agertzen hasi zen aurrenetakoa. Nik ez dut uste nire liburuetan oso errealitate gordinik dagoenik, baina eguneroko kontuak egoten dira, beti fantasiarekin lotuta.
Fantasia beti presente, orduan?
Liburu bat idazten hasten naizenean, fantasia eta animaliak sartzen zaizkidala esan ohi didate, eta egia da. Ia liburu guztietan daude animaliak, animaliazalea eta naturazalea naizelako. Beti egoten da halako fabulazio kutsu hori. Gaur egun, beharbada, beste bide batzuetatik jo du literaturak, edo joko du, eta jo behar du, literaturak aldatuz joan behar duelako. Baina zailagoa da ni aldatzea, jada edade pixka bat badaukadalako. Hemendik aurrera gaseosarekin edo sifoiarekin egingo ditut esperimentu berriak.
Baina, bueno, lan handia egin dela uste dut: lehengo modu zaharra bukatua zegoen, eta, modernitateari helduta, eten handia izan zuen literatura hura piztu egin zen, eta aurrera jarraitu zuen. Nire ustez, hori izan da arrakastarik handiena. Ez dakit guk tartean zerbait egin dugun —pentsatzen dut pixka bat egingo genuela—, edo herriak berak edo hemen zegoen gogoak berak sortu duen zerbait izan den.
1974an, ni irakasle hasi nintzenean, ezin zen pentsatu ere egin euskaraz egunero egunkari bat edukitzea. Gaur egun, berriz, bai teknikak eta bai ikus-entzunezkoak direla eta, beste era batera egin daitezke gauzak, eta horretan ere izugarria izan da aldaketa. Gaur egun ez dakit liburuak behar diren edo ez; egia da gaur egun jendeak liburuetatik adina informazio edo gehiago Internetetik eta papera ez den beste euskarrietatik jasotzen duela. Hor ere badaude bere alde onak eta txarrak, baina egia da handia izan dela aldaketa.
Gauzak kontatzea gustatzen zaizula esan duzu, ahozko literatura gustukoa duzula.
Txikitatik oso gertu ezagutu izan dut ahozko komunikazioaren mundua: baserritarra izanik, momentu berezi batzuetan kontatu egiten zuen jendeak. Askotan, ordurako ezagutzen genuen kontatzen zuten istorioa. Beraz, gauza ez zen zer kontatzen zen; kontatzen zuenaren eta entzuten zuenaren plazera zen, gehiago. Auzolanak egiten zirenean kontatzen ziren gauzak, istorioak. Artazuritzea izaten zen horietako bat; gauean egiten zen, eta bazeukan enkanto berezi bat. Hartan, agian, istorio berak edo antzekoak kontatzen ziren behin eta berriz, baina gozatu handia hartzen genuen, kontatzeko ohitura zeukan jendeak kontatzen zuelako.
Eta etxean bazenuen kontatzen zuen jendea.
Zortez, nire inguruan bazen kontatzen zuen jendea; baserri gehienetan izango zirela pentsatzen dut. Amonak kontatzen zizkidan Tartaloren istorioak; izebak kontatzen zituen istorioak; aita hiztun ona zen; gure aldameneko baserrikoa hiztun ona zen; eta Berazadiko aitona ere oso hiztun ona zen. Niretzat plazera zen horien istorioak entzutea. Noski, ez dira gauza bera idaztea eta kontatzea: nahiz eta idatzitakoa izan oinarria, bizitasuna eman behar zaio kontatzen denean: esamoldeak, hitz jokoak, espresibitatea, gozotasuna, erritmoa, patxada… Oso gauza polita da, eta beti eduki izan dut hor azpian dauden gauza horiek aztertzeko gogoa.
Hitzen mundu horri lotuta, Antigoaleko hiztegia izeneko atala sortu duzu zarauzkohitza.eus atarian, gaur egun hain arruntak ez diren hitzak biltzeko asmoz.
Halako batean bota nuen Urola Kostako Hitza-n, iritziaren atalean, eduki beharko genukeela hitzaren halako kutxa bat, eta, bueltan-bueltan, gaur egun Internetek ematen duen aukerarekin, hitzen halako bilduma bat egitea pentsatu nuen. Hitz batzuk gehitzen ditut astero. Oraingoz, horixe du helburua, eta, hortik aurrera, ikusiko da.
Zuretzat zer du miresgarria hitzen edo hizkuntzaren mundu horrek?
Hizkuntza bat oso bizi dagoenean, hitzarekin jolas egiten da; gainera, horrek ematen dio benetan hizkuntzari horrelako gozagarria. Ez da komunikatzea bakarrik: zerbait gehiago ematea ere bada. Niretzat hori benetan oinarrizkoa da kontatzeko orduan.
Ordu asko pasatu dituzu komunikazioaren, hizkuntzaren eta hitzen bueltan, baina ingeniari tekniko kimikoa zara ikasketaz.
Beti hortik joan ziren nire ikasketa guztiak; gustuz eta gustura, gainera. Baina bizitzak baditu horrelako bueltak eta errebueltak, jirak eta birak, eta ikasketak bukatu nituenean, soldadutzatik bueltan, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan zientzia arloko irakasle bat behar zutela esan zidaten. Besterik gabe, hantxe hasi eta akabo. Sukaldaritzan saltsak egiteko bakarrik erabili izan ditut kimikako ikasgaiak.
Hala ere, gerora, letrak eta zientziak uztartu izan dituzu lanbidean, zientziako testu liburuen editore lanetan jardun duzulako.
Bai, zientziako testu liburuekin jardun dut batik bat, gero denetarikoak izan badira ere. Gainera, plazera izan da niretzat.
Animaliazalea eta naturazalea zara. Hortik al datorkizu harremana Zarauzko Arkamurka natur taldearekin?
Urte askoan ibili izan naiz Arkamurkan, baina denera ezin da iritsi, eta gutxiago nabil azken urteotan. Inguruko padura dela, basoak direla, errekak direla… hor ibiltzen ginen. Ibaiekin egiten dugunak kezkatzen nau ni. Estalita daude Zarauzko bi ibai, eta jendeak ia galduta dauka errekaren kontzeptua. Bi kezka eragiten dizkit horrek: noizbait uholdeak sor daitezkeela, eta ibaiak ezin direla ubide estu batean jarri, kanoizuloak izango balira bezala. Arkamurka lagun taldea zen guretzat, eta indarrean ibili ginen garai batean. Edadean aurrera joanda, baina, jendeak utzi egin du, eta berriak sartu dira. Orain, ez zait iruditzen lehengo gogorik dagoenik. Uste dut gazteek ez dutela lehen bezala parte hartzen horrelako taldeetan; nahiago dute beste ekintza mota bat, beste bizitza bat, harremanak ere bestelakoak dira… Mendira joan, buelta bat eman, arbolen izenak ikasi… horrela ibiltzen ginen lehen, eta elkar lotzen gintuen elementua zen hori. Gaur egun, agian, ez dute horrelako beharrik.
Leave a Reply