Rebeka Calvo
Egur zatiei porturatzen laguntzen die Joseba Mercader Garridok (Tolosa, 1978). Itsasoan noraezean dabiltzan egur zatiak hartu, “jolasean hasi”, ondo aztertu, eta balea itxura ematen die horietako askori. 2012ko gertakari batek piztu zion sen hori tolosarrari. “Urte hartan, balea bat agertu zen Donostian, eta hiru egunez egon zen hondartzan. Hil egin zen azkenean, eta gertakari hark zerbait sortu zuen nigan. Orduan hasi nintzen proiektua gorpuzten”.
Donostia 2016 kultur hiriburutzak hauspotuta sortu zuen Balegur proiektua, eta Norvegian izan berri da bere lanak erakusten. Bi erakusketa jarri ditu han: Gjovik herrian dagoen Drengestua galerian, batetik, eta beste hainbat artistarekin Balegur proiektuaren stand moduko batean, bestetik. Sari bat jaso du, eta, berriz ere Norvegiara joateko aukera bermatzeaz gain, 2019an Kolonbiara joateko atea ireki dio horrek. “Oso pozgarria da nire lanak munduko hainbat tokitan erakutsi ahal izatea”.
Atzerrira joanda beste hainbat artistarekin harremanetan jartzeko aukera izaten duela goratu du Mercaderrek. “Gehienei asko gustatzen zaizkie nire lanak, eta eurekin trukeak egiteko aukera ematen dit beste herrialde batzuetara joateak. Bi aldeentzat aberasgarria dela uste dut”. Tolosarrak gustuko du beste artista batzuk ezagutzea, herritik ateratzea, eta mundua ikustea. “Beste kultura batzuetan nola lan egiten duten ikusteko aukera paregabea ematen dit horrek”.
Nazioartean bakarrik ez, ordea, Euskal Herrian ere bere bidea egiten ari da tolosarra. Orain gutxi, Donostiako Parte Zaharreko Errekalde tabernan jarri ditu ikusgai bere lanetako batzuk, eta Gros auzoan dagoen Galerna jatetxean ere badaude beste hainbat. Horrez gain, Mala Gissona garagardotegiarekin ere ari da lanean. “Inoiz ez dut jakiten proiektuek nora eramango nauten, eta lanean jarraituko dut nik”. Mercaderrentzat, “kostaldeko bazterrak garbitzea eta gizakiek itsasora botatzen dituzten zaborrak biltzea” da lan egitea.
Ambarreko kide da Mercader, itsas fauna ikertzeko eta babesteko elkarteko kide. “Esateko asko daukate egur zati horiek, itsasoko istorio asko dauzkatelako atzean. Niretzat itsasoaren sinbolo dira baleak”. Batean eta bestean bildutakoak dira egur zatiak. Zumaian olatuen bortizkeriaren eraginez txikitutako barku batekoak; Getaria, Hondarribia, Donostia, Deba eta Mutrikuko hondartzetakoak… “Olatuek urratutakoak dira egur zati horiek guztiak, eta itsas zabalean bizia arriskuan jartzen duten pertsonak omentzeko baliatzen ditut nik”.
Mercaderrena da bere “bigarren etxera” sartu aurretik dagoen balea erraldoia, Tolosako Box.A arte elkartearen kanpoaldean dagoen balea erraldoia, alegia. “Alexander Arozenarekin egin nuen, Donostiako Untzi Museoaren atzealdean. Kostaldeko herrietara eraman nahi dut balea hori, itsasoan pilatzen den zaborraren inguruko kontzientzia pizteko”, gaineratu du.
Donostian beste lan bat ere egin zuen Siriako bi mutilekin eta beste hainbat herritarrekin, eta Pasaiako Mater museoarekin ere aritu izan da lanean. “Itsasontzi bat da Mater“, hasi du azalpena tolosarrak. “Eta itsasoko hondakinak biltzen ibiltzen da. Haiek bildutakoekin eta nik neuk lortutakoekin aritu nintzen lanean tarte batean”.
Mercader betidanik aritu izan da egur zatiekin jolasean eta horiek birziklatzen. “Bartzelonan egin nituen diseinu grafikoko eta argazkilaritzako ikasketak, eta esperimentu asko egin nuen han. Beti esan izan didate bestelako ikuspegi bat daukadala, sentsibilitate berezia dudala”. Distonia dauka tolosarrak, eta berak azaldu du sormen lan horrek asko laguntzen diola bere gaixotasunari aurre egiten. “Sentsibilitatea azaleratzen laguntzen dit. Kementsuago egoteko aukera ematen dit, batetik, eta sentiberagoa izatekoa, bestetik. Nire kasuan, inspirazio iturri da mina”. Artistaren arabera, sormenerako bidea ematen du bakardadeak. “Mugitzea, esperimentatzea, sortzea… Bizia ematen dit horrek guztiak”.
Mercaderrek sortzailetzat dauka bere burua. “Hainbat material baliatuta esperimentatzen aritzen den sortzailea”. Argazkiak eta bideoak egiten aritzen da Gureak enpresako Komunikazio sailean, eta argazkilaritza eta birziklatzea ditu afizio. Horiek guztiak uztartzen ditu egunerokoan. Zuzeneko eskaerak ere jasotzen ditu tolosarrak. “Hainbat bezerok eskatzen dizkidate argazkiak eta bideoak, eta horretan ere aritzen naiz”.
Mina, sormen iturri
Aitortu du ez dela bizi baleak egitetik. “Baina denbora asko eskaintzen diot egunero”. Youtube, Flickr, 500 px, Facebook eta bere bloga baliatzen ditu egiten dituen lanak ikusgai jartzeko. Hiruzpalau urte daramatza, oraindik, sormen lanean, eta bertatik bertara ikusi ahal izan du mundu horretan ere egunerokoa ez dela samurra. “Baina horrek eragiten didan amorrutik sortzen jarraitzen dut nik”.
Norvegiara egingo duen hurrengo bidaia buruan, hara eramango dituen lanak “fintzeko” lanean murgilduta dabil orain. “Horrez gain, Kolonbiako bidaia bideratzen ere hasi beharko dut jada”. Ez dauka aspertzeko betarik, eta lanean jarraitzeko babesle bila ere badabilela azaldu du.
Leave a Reply