Lezoko udal gobernuko zinegotzia da Ainhoa Intxaurrandieta (Lezo, 1973). San Marko mankomunitateko administrari zen lehen, baina, zinegotzi karguarekin, bertako lehendakaria da iazko azarotik. Atez atekoa pil-pilean dagoen unean tokatu zaio Gipuzkoan hondakin gehien sortzen duen eremuko udalerrien mankomunitatea zuzentzea.
Aurreko kudeatzaileek egindakoari jarraitzen ari zarete, edo ideia berriak al dituzue?
Aurreko agintaldia ez zen homogeneoa izan San Markon. Lehenengo bi urte eta erdian, Ezker Batua eta EAE-ANV izan ziren lehendakaritzan, eta, Lasarte-Oriako ordezkariak aldatu zituztenean, lehendakaritza PSE-EEren esku gelditu zen; Juan Carlos Merino errenteriarra izendatu zuten presidente. Hortaz, agintaldi berberaren barruan gauzak egiteko bi modu izan ziren. Orain, Bildukoak ari gara bidea egiten.
Errenteriako San Markoko zabortegiak ez ditu hondakinak jasotzen 2008ko urritik. Baina zein egoeratan dago gaur egun?
Transferentzia gunea da egun. Herrietako zaborra bertara doa, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko kamioiek jasotzen dute, eta beste zabortegietara eramaten dute. Bestalde, bertan jasotzen dira bolumen handiko gaiak, altzari zaharrak eta: bertan, txikitu egiten dira horiek, zabortegietara eramateko. Azkenik, zabortegiak sortzen dituen lixibiatuak edo ur zikinak tratatu egiten dira; pilatuta dagoen zaborrak sortutakoak dira horiek. Eusko Jaurlaritzarekin txosten bateratu bat egiten ari gara, zabortegia behin betiko ixteko. Bertako zaborra estalita dago, baina ez itxita, eta urte batzuk pasatuko dira behin betiko itxi arte. Prozesu luzea da hori. Baina behin betiko ixten denean, 30 urtez lixibiatuen planta mantenduko da, eta zaborrak sortzen duen gasa atera egin behar da hortik.
Orduan, mankomunitatearen barruko herrien hondakinak ez doaz San Markoko zabortegira. Nora doaz?
Gure hondakinak Sasieta (Beasain), Urteta (Zarautz) eta Lapatxera (Azpeitia) doaz. Bizkaiko Igorreko zabortegira ere eramaten dira hondakinak, eta, jakina denez, orain arte indarrean dagoen hitzarmena luzatzea eskatuko zaie bizkaitarrei, hitzarmena sinatu zenean aurreikusia zegoen bezala.
Zabortegia itxita egon arren, bien bitartean, kanpainak egiten jarraitzen duzue…
Hondakinak baliabide moduan ulertu behar dira. Orain arte egin duguna zabortegietara isurtzea izan da. Hau da, ontzi arinak, beira eta papera eta kartoia birziklatzeko tasa, herri askotan, ez da iritsi %30era. Gainontzeko guztia, %80-85era iritsi arte, birziklagarria da, organikoarekin batera, eta, hala ere, zabortegietara joan dira. Hondakin horiei balioa eman beharrean, edo etekin ekonomikoa atera beharrean, zabortegietara joaten dira, eta, horregatik, asko ordaindu behar izaten dugu; kutsagarria da hori guztia, gainera. Orduan, horren gaineko lanketa egitea ezinbestekoa da guretzat, eta horretan dihardugu hainbat kanpainaren bitartez.
Udalei dagokie erabakitzea euren udalerrietako hondakinak nola jaso. Mankomunitatearen barruko hiru udalerrik —Lezo, Pasaia eta Astigarraga— atez atekoaren aldeko apustua egin dute, Oiartzunek, Hernanik eta Usurbilek bezala. Zein da zuen lana alde horretatik?
Mankomunitate moduan, udal guztiei laguntza guztia emango diegu birziklatzearen aldeko hautua egiten duten unetik. Atez atekoa sistema bat da, gaur egun ezagutzen ditugun sistemetatik birziklatze tasarik altuenak lortzen dituena, gainera: %80-85ean dabil. Legediak dio hondakinen gaian hierarkia bat dagoela: lehenengo urratsa hondakinak murriztea da, hondakinak ez sortzea, alegia; hurrengoa hondakinak berrerabiltzea da, eta hirugarrena birziklatzea da. Laugarren urratsa balorizazio energetikoa da, eta bosgarrena hondakinak deuseztea litzateke. Baina ezin dugu hondakin bat deuseztatu lehenengo pausoak eman gabe.
Azken asteetan, hondakinen gaineko eztabaida alderaketa honetara mugatu da: atez atekoa ala errauste planta. Hala al da?
Garbi dugu errauste plantarik ez dugula nahi, osasunarentzat arriskutsua delako. Okzitaniako Clermont Ferrand herrian egin behar zuten errauste planta geldiarazi zuten, osasun txostenek ziotelako herritarren osasunarentzat kaltegarria zela. Hango teknologia berbera erabili nahi dute Zubietako balizko errauste plantarako, eta ez gaude horretarako prest. Gainera, astakeria ekonomikoa da: 275 milioi euroko inbertsioa behar luke bakarrik planta egiteak, eta Gipuzkoak duen zorpetze mailarekin onartezina da inbertsio hori. Kontzeptu kontua ere bada: errauste plantari jaten eman behar zaio, eta horrek esan nahi du berdin dela birziklatzen den ala ez. Gainera, erraustegiarentzat ez bada birziklatzen hobe, botere kalorifiko gehien duten gaiak plastikoa eta papera direlako, birziklagarriak diren materialak hain zuzen ere.
Herri guztiek atez atekoa egingo bagenu, sistema horren bidez jasotakoaren %15 ezingo litzateke birziklatu, baina hondakin horrek ez du botere kalorifikorik, ez litzateke bertatik energiarik aterako. Deuseztatu egin beharko litzateke soilik, hau da, lehen aipatu dudan hierarkiaren azken urratsa egin beharko genuke. Erraustearen ereduarekin 22.000 tona errauts toxiko sortuko lirateke urteko, eta 68.000 tona zepa toxiko; zepa horiek, hondakinen planaren arabera, eraikuntza sektorerako erabiliko lirateke, baina nik ez nuke nahi nire etxeko paretak zepa horrekin eginak egotea, material toxikoak barruan dituelako. Baina, bestetik, errauts toxikoa nonbait bota edo isuri behar da: segurtasun handiko zabortegietan. Hemen horrelakorik ez dago. Huelva, A Coruña edo Valentziara garraiatu beharko lirateke errauts horiek, bestela, hemen segurtasun bereziko zabortegi bat sortu beharko genuke… Ez, ez dugu hori nahi.
Baina atez atekoarekin baliatu ezin daitekeen %15 horrekin zer egin?
Hondakin horiek ez dira kutsagarriak. Osasun eta ingurumen arazorik ez lukete sortuko. Horrek organiko apur bat izango luke, eta, tratatuz gero, hau da, geldotuz gero, desaktibatuz, alegia, %8-10eko soberakina legoke: errefusategietara bota beharko litzateke hori, baina ez luke sortuko ez usainik, ez metanorik, ez lixibiaturik.
Lezon, atez atekoa jartzeko hautua egin du zu partaide zaren gobernu taldeak. Zergatik?
Lezoko birziklatze tasa baxua da; Gipuzkoako batez bestekotik behera dago. Bada garaia ondo birziklatzen hastekoa eta hondakinak gaika jasotzekoa. Osasunagatik, ingurumenagatik eta ekonomiagatik hartu dugu erabakia. Hondakinen ardura gurea da, gu gara arazoaren sortzaileak eta erantzuleak. Hondakinak gaika salduz, etekin ekonomikoa atera dakioke atez atekoari.
EAJ eta PSE-EE batez ere atez atekoaren kontra agertu dira. Atez ateko sistema zikina eta deserosoa dela esan dute, eta inposizioa dela.
Bi alderdiei esan nahi diet, hasteko, ongietorriak direla herritarrei jaramon egin behar zaiela uste duten talde politikoen esparrura. Hori esanda, bilketa sistema bati edo besteari buruz galdetzea ez da zilegi, hondakinak jasotzeko sistema batek emaitza onik lortu ez badu eta beste batek bai. Gainera, errauste planta Zubietan jarri behar zutela azaldu zenean, orduko Donostiako Udaleko gobernu taldeak, PSE-EEkoak, kontrako jarrera garbia azaldu zuen, baina, antza, iritziz aldatu zuten. Hartara, Zubietako eta Usurbilgo herri galdeketetan planta horren kontra agertu ziren herritarren %99. Hori ez al da inposizioa? Pasaiako kanpoko kaiarekin herri galdeketa egingo al dute?
Atez atekoa duten herrietan hondakinen turismoa omen dago. Hala da?
Balego, harrigarria iruditzen zait. Zure atariaren ondoan duzun zintzilikailuan eguna bai eguna ez hondakin organikoa uzteko aukera izanda, kontraesana iruditzen zait kuboa ez uztea usain txarra sortzen duen aitzakiarekin eta gero hondakin horiek autoan sartu eta kilometroak egitea zabor poltsarekin barruan. Atez atekoa duten udalerrien inguruko herrietan zabor kopurua ez da igo; beraz, ez dakit zertan oinarritzen diren hori esateko.