Danel Agirre
Oraindaino, moja baten larruazala nuen, leuna, perfektua. Arrakalatu ez zedin, bizitza osoa eman dut eguzki izpietatik ihesi. Zimurrak ekidite aldera, irribarre eta algarak ezin zekenago banatu izan ditut txikitatik. Horregatik, zirtoentzat oso esker txarreko publikoa naiz, eta muturbeltz erantzun ohi diet agur atseginei. Hamarkadetako diziplina frantziskanoaren fruitua hiru astetan zapuztu zait, ordea. Iritsi berriaren goizaldeko negarraldiek zurbildu egin naute. Insomnioa dela eta, garaje baten sarrera diruditen begi-zuloak itzultzen dizkit ispiluak. Jaioberriak bizimodua aztoratuko zidala bai, baina hainbeste eta hain bizkor itsustuko ninduenik ez nuen inola ere espero.
Zetorkigunari buruz prestatzeko irakurritako liburuek lau apal hartzen dituzte egongelan. Soseguz itxaron diogu egunari. Fisikoki nahi baino urrunago baditugu ere, familia eta lagunen berotasuna benetan sentitu dugu, etxean hiru izango garela iragarri genienetik. Trastelekuak hankaz gora ipini dituzte, existitzen zirenik ere ez nekien hainbat jostailu eta osagarri guri bidaltzeko. Izenaren aukeraketa ere errespetu osoz jarraitu dute, eta eskerrak, nahikoa ataza izan delako euskaraz eta alemanez balekoa izan eta gustuko dugun bat topatzea.
Hartutako erabakiaz sekula ziur egon naizen, ez nizuke jakingo esaten. Oheratu ginenetik bigarrenez esnatu gaituenean ekin diot hau idazteari, goizeko hiruretako bijilian. Eguna arrastaka hasiko dut, buruak izugarri pisatzen dit. Gorroto dut uxatu ezinezko logale hau, unibertsitateko azterketa garaitik sentitzen ez nuen gorpuzkera eskasa. Ikaratzen naizenean, guztiari iruzur traza hartzen diot. Eutsi orain, nola edo hala, ordaina gero jasoko duzue eta, esan digute. Leher eginda nago ni, baina, eta hilabete ere ez da igaro oraindik. Gozatuko dudan horren aurrerakin bat etorkizunetik ekarri nahi nuke, oraintxe bertan kontsumitzeko. Dena ongi doalako seinale bat behar dut.
Gaztaroa bukatu zaidan beldur ote naizen galdetu didate, ni bezalako Peter Panok bizimodu arduragabea patetismoraino luzatu ohi dugulako. Baina ez dut garrantzizkoa den ezeri uko egin diodan irudipenik. Nekeak kezkatzen nau ni, begi-zuloak eta larruazal horitua paisaia bihurtzeak. Nagiaz gain, metxa oso motzekoa ere banaiz: zutabe are kaskarragoak espero ditzakezu aurrerantzean, bateria ez agortzeko funtzioak desaktibatzen hasten den sakelakoa bezala bizitzea beste erremediorik ez zaidalako geratuko.
Trantze hau behin bakarrik igaroko dugu. Ez diogu jolaserako, liskarrerako, laztanerako konplizerik emango, bakarrik hazi eta hezi beharko du, atzera bueltarik gabeko erabakia da. Geure gain hartzeko prest geunden erantzukizun handiena zen hau, eta hauspoa modu errealistan neurtzeari berebiziko garrantzia eman diogu. Izan ere, saltxitxa txakurkumeak benetan dira trauskilak, eta heltzen diren artean jaberik lasaikoteena ere bere onetik atera ohi dute, zetorkigunari buruz prestatzeko irakurri ditugun eta egongelan lau apal hartzen dituzten liburuetan nabarmentzen dutenez.
Leave a Reply