Eider Goenaga Lizaso
Marijo Padurak (Donostia, 1965) udako ikastaro batean izan zuen lehen kontaktua eskrimarekin, eta harrapatuta gelditu zen. Fortuna klubean aritzen da, eta Munduko txapeldunorde izan zen 2016an; aurten, ordukoa errepikatzen saiatu nahi du. “Nire hurrengo helburuak Munduko, Europako eta Espainiako txapelketak dira. Iaz, Espainiakoan, urrea galdu nuen; ea aurten lortzen dudan”.
Paueko txapelketan izan berri zarete. Zer moduz joan da?
Nazioarteko lehia bat da Paueko txapelketa, eta herrialde mugakideetako eskrima tiratzaileek parte hartzen dugu: Katalunia, Aragoi, Euskal Herria… Oso lehiaketa inportantea da, eta han izaten dira Paueko eta Tarbesko tiratzaile onenak, Europa mailan erreferentzia direnak. Oso gogorrak dira, oso azkarrak, eta eskrima eraginkorrekoak. Beteranoetan brontzea lortu nuen, eta pozik nago. Nik, batik bat, Europako eta Munduko txapelketak ditut buruan, baina halako txapelketak oso prestakuntza ona dira.
2016an Munduko txapeldunorde izan zinen, Europako txapeldunorde ere izan zara, eta Espainiakoetan, txapeldun. Zuretzat zeinek dauka balio handiena?
Niretzat oso berezia da jokatu nuen lehen txapelketa, Espainiakoa, Madrilen. Ez nuen dominarik lortu, baina beti izango dut gogoan. 36 urterekin hasi nintzen eskriman, eta mundu berri bat deskubritzea izan zen niretzat; hainbeste kirolari, denak zuriz jantzita, halako seriotasunarekin… Bitxia gertatu zitzaidan.
Nolatan hasi zinen eskriman?
Udako ikastaro batzuetan, erdi kasualitatez. Abuztuan hasi nintzen, eta entrenatzaileak urtarrilean jada lehiatzera eraman ninduen. Urduri nengoen, baina maskara jartzearekin batera joan zen urduritasuna; maskarak babesa ematen dizu, inguruan dagoen tentsiotik urrundu eta lehian sartzen zara, buru-belarri. Lehia atsegin dut, eta oso gustura itzuli nintzen handik. Horrez gain, noski, niretzat oso garrantzitsua da Munduko Txapelketako zilarra; Alemaniako tiratzailearen aurka jokatu nuen finala, oso tiratzaile gogorra da, eta hark irabazi zuen. Egindako lanaren saria izan zen podiumera igotzea.
Zergatik eskrima?
Egia da eskrima ez dela ohikoa. Judoa dela, saskibaloia dela… beti egin izan dut kirola, eta umetatik erakarri izan nau eskrimak, baina ni txikia nintzenean hemen ez zegoen aukerarik. Udako ikastaro haietan, helduentzako eskrima eskaintzen zutela ikusi eta berehala eman nuen izena. Hamar eguneko ikastaroa zen, eta orain arte iraun dut. Erabat harrapatu ninduen. Ametsa betetzea bezalakoa izan zen.
Zerk erakartzen zaitu gehien eskrimatik?
Arma zuriak asko gustatzen zaizkit; txikitan mosketarien pelikulak ikusten nituen, eta gozatu egiten nuen ezpatarekin egiten zituzten borroka haiekin. Beraz, arma dago batetik; bestetik, banakako kirolak gustatzen zaizkit; estrategiak ere garrantzia du… Eta dotorezia ere bai; txikitan ikusten nituen eskrima tiratzaileak goitik behera zuriz, halako jarrera aristokratiko batekin, abiadura izugarriarekin mugitzen… Izugarria iruditzen zitzaidan.
Eta zerk harrapatu zaitu?
Ba, horrek guztiak, eta, gero, kirol oso konpletoa dela. Arina eta azkarra da, eta oso ondo etortzen da buru zein gorputzeko arintasuna lantzeko. Estrategia landu behar duzu, azkar erantzun, arin ibili… Oso kirol polita da.
Beteranoetan jokatzen duzu zuk, eta punta-puntako tiratzaileen kontra aritzen zara. Zer eskatzen dizu horrek?
Egia da esfortzua handia dela; presio handia eragiten du goi mailako lehia horretan sartzeak. Maila eman nahi duzu, forma onean egon behar duzu… Baina niri gustatu egiten zait lehia; badago eskrima egiterik lehiatu gabe, baina ni txapelketako giroan ibiltzen naiz gustura.
Zu sablearekin ibiltzen zara, eta ezpata eta floretea ere badaude. Zein da ezberdintasuna?
Sablea da arma azkarrena, eta jokoa, arinena. Sablearekin hiru modutan uki dezakezu aurkaria: puntarekin, ahoarekin eta kontrako ahoarekin. Baina gerritik gora ukitzeak soilik balio du. Ezpatarekin, adibidez, soilik puntarekin uki daiteke, baina gorputz osoak balio du. Eta argia pizten da aurkaria ukitzen duzun bakoitzean. Horretarako, jaka elektriko bat eramaten dugu soinean, eta sablearen kontaktuarekin, zure argia pizten da. Sableko txapelketetan bost edo sei tiratzaileko ligaxkak egiten dira, eta horietan bost bider ukitu behar duzu aurkaria; aurrera egiten dutenek elkarren kontra jokatzen dute, kanporaketetan, eta hamar ukitura izaten dira. Denborarik ez da izaten, arma azkarra denez motzak izaten direlako txandak. Ezpatan eta floretean denbora egoten da, jokoa mantsoagoa delako.
Ez dira asko 52 urtekoek lehian jarraitzea eta punta-puntan aritzea ahalbidetzen duten kirolak.
Hala da, bai. Edozein adinetan egin dezakezu eskrima, eta, goi mailan aritzeko fisikoki ondo egon behar duzun arren, kirola egiten jarraitzeak ez du eskatzen hainbesteko ahaleginik. Beteranoetan aritzen naiz ni, baina harritu izan naiz Europako eta Munduko txapelketetan 70 urte inguruko tiratzaileak ikusi ditudanean. Eskriman badago 70 urtetik gorakoentzako kategoria bat, eta izugarria da nola jarraitzen duten lehiatzen, eta nola entrenatzen diren; adinak izan ditzakeen mugekin, noski, baina hor dabiltza.
Nolako entrenamenduak egiten dituzu zuk?
Astean bitan Fortunara etortzen naiz, sablearekin entrenatzera. Baina, horrez gain, entrenamendu fisikoa ere egiten dut; gimnasiora joaten naiz, eta kiroldegian total training egiten dut. Dudarik ez dago, forma fisiko ona eskatzen du lehian jarraitzeak. Apur bat makalago nabil orain, baina, Europako eta Munduko txapelketak gerturatu ahala, berriro eutsiko diot entrenamenduari. Garrantzitsua da ondo prestatuta joatea, aurkariaren mailan egotea baita helburua. Noski, gu ezin gara egon goi errendimenduko kirolarien mailan, erabateko dedikazioa eskatzen duelako horrek, eta nik nire lana dudalako; baina saiatu, saiatzen naiz sasoi onean egoten.
Lanarekin, nola moldatzen zara txapelketetara joateko?
Nire bizimoduaren parte da eskrima, eta horren arabera antolatzen ditut denbora librea eta oporrak. Horretarako gordetzen dut oporren zati bat. Munduko Txapelketa, adibidez, urrian da, Livornon [Italia]; astebete irauten du, eta jada eskatu ditut oporrak.
Emakume asko aritzen zarete lehian?
Ez gara asko, eta sablearekin, gutxiago. Orain gutxi arte, gizonezkoek bakarrik egiten zuten sablea. Emakumeen artean gehiago erabiltzen dira ezpata eta floretea.
Leave a Reply