“Albisteak soilik kalterako badira, askotan ez ditut ematen”

“Albisteak soilik kalterako badira, askotan ez ditut ematen”

Mikel Del Val

Erronka zalea eta ezetz esaten ez dakiten horietakoa dela argi utzi du Manu Maritxalarrek (Errenteria, 1964). Kirol munduan ezagun izan ondoren, hedabideetara egin zuen jauzi, eta ogibide bihurtu du kazetaritza. Pozik dago 30 urte baino gehiagoan egin duen ibilbidearekin, eta esan du urte luzez jarraitzea gustatuko litzaiokeela.

Hainbat kiroletan lehiatutakoa zara. Praktikatu zenuen lehen kirola errugbia izan zen. Nola hasi zinen?

13-14 urterekin hasi nintzen kirol horretan. Ordura arte, ez nuen sekula kirolik egin, eta ikastolan kirol klaseei muzin egiten zieten horietakoa nintzen. 13-14 urterekin, irakasle batek esan zidan errugbia probatzeko, eta haren eskutik joan nintzen Donostiako Atleticora. Horrela hasi nintzen, eta asko erakarri ninduen. Oso gustura aritzen nintzen errugbian. Gerora, Ipar Euskal Herrira joan nintzen jokatzera. Beti esaten zidaten gure esku zegoen maila gorena hangoa zela, eta pausoa eman nuen. Atleticon nintzela, bi urtez jokatu nuen seniorretan. Garai hartan, Laurence Pradeau Frantziako selekzioko errugbi jokalaria Euskal Herrira etorri zen Atleticon jokatzera, han zigortua zegoelako. Harekin harreman ona egin nuen, eta Iparraldera joateko ideia komentatu nionean, joateko esan zidan. Haren aita Hendaiako Stade Hendayais klubeko presidentea zen, eta hara joan nintzen jokatzera.

Errugbitik boxeora egin zenuen jauzi. Nolatan?

Nirekin Atleticon errugbian jokatu zuen batekin, Jose Mari Garaterekin topo egin nuen behin Donostian, eta boxeoan hasi zela esan zidan. Erronka hori ere hartu nuen, eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Hasi nintzenean, aurreiritzi batzuk nituen, eta argi nuen ez nuela lehiatu nahi. Gerora, ikusi nuen boxeoak ez zuela zerikusirik nik buruan neukanarekin, eta nik ere lehiatu egin nahi nuela ohartu nintzen. Horrela hasi nintzen boxeoan.

Boxeoan Espainiako txapeldun izan zinen bi aldiz jarraian. Lorpen ikaragarria izan zen, ezta?

Niretzat bai, tituluak irabazi egin behar baitira. Nire garaian, normalean, ez genituen aurkariak ezagutzen, eta ez genekien nola arituko ziren. Niretzat erronka zaila izan zen, eta harro esan dezaket zerbait lortu nuela lan asko egin ondoren.

Esatari eta epaile moduan ere ezagutzen duzu boxeoaren mundua. Oraindik ere ez duzu kirol hori alde batera utzi.

Ez, inondik inora ere ez, ezta errugbia ere. Kirolean ez naiz profesional izan, baina ogibide bihurtu zait kirol kazetaritza eta kirolaz hitz egitea. Telebistan 1989. urtean hasi nintzen, oraindik boxeoan nengoela, eta 33 urte daramatzat Boxeo izarrak egiten Pedro Mari Goikoetxea kazetariarekin batera. Uste dut lan bat egin dugula, eta boxeoaren eguneroko horren jarraipena egiteko baliagarria izan dela.

Telebistan hasi nintzenean, erakundeek ikaragarrizko indarra zuten boxeoan. Munduko txapelketetan, erakunde bat edo beste bat izan, arau batzuk edo besteak hartzen ziren kontuan. Txapelketa horiek hasi baino lehen, beti errepasatu behar genituen indarrean egongo ziren arauak. Boxeolari ohia naizenez, ikusi nuen epaile bezala aberasgarria izan zitekeela nire jarduera, eta epaile izatea erabaki nuen. Amateur mailan hasi nintzen, baina ikusi nuen bide bat egiteko aukera zegoela, eta beste erronka bat bezala hartu nuen. Nazioarteko gorengo mailako lizentzia lortu nuen, eta munduan zehar asko ibili naiz.

Eta arraunean nola hasi zinen?

Ikusi nuenean boxeoan ez nuela etorkizunik, profesional izateko apustuari itsu-itsuan helduko ez niolako, probatzen hasi nintzen. San Juanen hasi nintzen arraunean, eta nahiko ondo moldatu nintzen hasieran. Oso esperientzia aberasgarria izan zen, eta bost urte eman nituen lehiatzen. Lehen urtetik banderak irabazi genituen mailarik gorenean, eta bi kirol ezberdinetan, boxeoan eta arraunean, Espainiako txapeldun izatea lortu nuen. Kontxa eta beste zenbait bandera ere lortu genituen.

Hendaiara joan ginen bizitzera, eta, arrauna ez zitzaidanez horren eskura geratzen, uztea erabaki nuen. Ez da erraza arrauna eta familia uztartzea, arraunak ehuneko ehun eskatzen dizulako. Familiak ere eskatzen dizu, eta erabakiak hartu behar dira. Arrauna utzita, errugbira itzuli nintzen, eta urte batez jokatu nuen Bera Beran. Lehen mailara igotzea lortu genuen.

 

MARITXALAR - ARANBERRI

Manu Maritxalar lanean. Aurtengo Kontxako Banderako bigarren igandeko argazkia da, irailaren 11koa. Manu Maritxalar, Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia Euskadi Irratirako elkarrizketatzen ageri da irudian.

Eta kirol mundutik hedabideetarako jauzia nola egin zenuen?

Boxeatzen aritzen nintzenean, telebistara joan nintzen, elkarrizketa bat ematera, eta Pedro Mari Goikoetxearekin egin nuen topo. Hark esan zidan Mike Tysonek boxeatzen zuela, eta berekin komentatzea proposatu zidan. Baietz erantzun nion. Ondo moldatu ginen, eta gehiagotan deituko zidala esan zidan. Horrela hasi nintzen ETB1en.

Arraunean, pertsonalki deitu zidan Iñaki Elorzak, arraunlari garaitik ezagutzen bainuen. Euskadi Irratiko arraun saila eramatea proposatu zidan, eta zalantza eta kezka askorekin onartu nuen. Hark konfiantza izan zuen nigan, eta hainbestean atera dudala iruditzen zait.

Noiztik ari zara irratian arraun kontuak lantzen?

Urte dezente pasatu dira: 1996an hasi nintzen irratian. Erronka zale samarra naiz, eta beste erronka bat bezala hartu nuen. Hasieran, zalantzak izan nituen. Ordura arte, Xabier Lauzirika Estrobo zen arrauna eramaten zuena, eta niretzat Jaungoikoaren parekoa zen arraunean. Harreman oso ona izan nuen harekin, eta asko lagundu zidan. Hasieran esatari huts bezala hasi nintzen, baina ikusi nuen Euskal Herrian arraunak jarraipen gehiagorako txokoa zuela. Gaur egun, udan astean lauzpabost egunez egiten dut arraunaren jarraipena, eta gauetan Tostartean programa egiten dut. Uste dut arraunaren munduan zerbait garela.

Urte asko daramatzazu kirolari lotuta. Zer esperientzia eta irakaspen zeureganatu dituzu denbora horretan?

Pertsona guztiak errespetatu behar dituzula, dudarik gabe. Hori nire boxeoko lehen prestatzaileak esan zidan, eta nik beste kiroletara ere eraman dut. Nire entrenatzaileak zera esan zidan: “Begira, Manu: zu ringera igoko zara, eta beharbada aurkariak negargarri egingo du, baina errespeta ezazu. Kirolaria da, eta ausardia izan du ringera igo eta zure aurka lehiatzeko”. Nik ere hori bera eramango nuke beste kiroletara. Kirolaren inguruan erabakiak hartzeko, gauzak esateko edo eman beharreko pausoak emateko ere behar da kirolari sena, eta horretan ere beti saiatu izan naiz kirolaria errespetatzen gauza guztien gainetik.

Orain beste modu batera bizi duzu kirola, ezta?

Erabat ezberdina da zu partaide izatea edo kanpotik ikustea. Nire lanean argi dut, askotan, ematen ditudan albisteak ez direla jende guztiaren gustukoak eta gatazka sor dezaketela, baina ematen baditut, onerako izango dela iruditzen zaidalako ematen ditut. Albisteak soilik kalterako badira, askotan ez ditut ematen. Kirola asko maite dut, eta debaldeko minik ez diot sekula egingo kirolariari.

Gerora, El Conquistador del Fin del Mundo telebistako programan ikusi zaitugu urte askoan, ETB2n. Nolakoa esperientzia izan da?

El Conquis-en bederatzi urtez egon naiz. 2010ean hasi nintzen. Parte hartu nuen lehen edizio hartan kapitain izan nintzen. Esperientzia bezala gogorra izaten da, baina reality bat da. Pasatzen dena gertatu da, hau da, benetan pasatu da, baina irakurketa ezberdinak egin daitezke eta modu ezberdinean sal daiteke gertatutakoa, eta nik ere badakit zer den interesgarriena. Momentu jakin batzuetan ikuskizunerako aproposagoak diren erabakiak hartu izan ditut. Agian, horregatik deitu izan didate hara joateko.

Pertsonaia ezaguna zaren aldetik, askotan fokua zuregan ere jartzen da. Erraza da hori eramatea?

Batzuetan ez da horren erraza. Askotan, jendea harrotu egiten da, eta egoera jakin batzuetan astakeriak esaten dituzte. Lan honetan zabiltzanez, neurri batean behintzat, onartu egin behar duzu datorrena, betiere errespetu falta handiegiak ez badira. Gogoan dut nire alabarekin erosketak egitera joan eta jendeak agurtzea. Alabak ea nor ziren galdetzen zidan. Nik ez nekien nor ziren, baina nik ere agurtu nituen. Nola demontre ez naute etxekotzat hartuko? Conquis ematen ari direnean, esaterako, astelehenero elkarrekin afaltzen dugu. Jendeak sentitzen du ezaguna zarela eta beren parte zarela. Hori ere eramaten jakin behar duzu, eta ez da txarra, nahiz eta askotan ez den oso erosoa.

Etorkizunera begira, baduzu proiekturik esku artean?

Ez naiz inoiz izan plangintza oso luzeak egiten dituzten horietakoa, baina ezetz esaten ez dakiten horietakoa naiz. Orain nabilenarekin oso gustura nago, eta espero dut urte askoan gisa honetara jarraitu ahal izatea. Oso eroso sentitzen naiz. Proposamenak eskaini ahala, aztertu, eta ikusiko dugu ea merezi duten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.