[Urtekaria] Epaitegietarako bidea hartu du auziak »

Urtea hasterako soka luzea zekarren Bidegi auziak. Azken lau urteetan, etengabeak izan dira EH Bilduk eta EAJk elkarri egindako akusazioak; dena den, orain arte salaketak ez ziren auzitegietara iritsi; aurten, bai, ordea.

Martxoan deklaratu zuten Azpeitiko Auzitegian Agustin Zugasti Bidegiko zuzendari tekniko ohiak, Juan Bautista March Fabregues obra zuzendariak eta Laurena enpresa elkarteko zuzendari Ivan Fernandez de Landak. Aldundiak aurkeztu zuen haien kontrako kereila: haren arabera, egin gabeko obra batzuengatik 3,4 milioi euro ordaindu zizkien Bidegik enpresa batzuei 2011n, AP-1 errepideko Eskoriatza Iparra-Arrasate Iparra zatiko lanetan. Diru publikoa bidegabe erabiltzea eta dokumentuak faltsutzea egotzi zien hirurei; haiek, baina, leporatutako delituak ukatu zituzten epailearen aurrean. March Fabreguesek esan zuenez, ez zituzten dokumentuak faltsutu, eta agiriak “hanka sartze baten ondorio” izan ziren.

Batzar Nagusietan ere hartu zuen bidea auziak. Martxo hasieran osatu zen Bidegiko ustezko irregulartasunen erantzukizun politikoak ikertzeko batzordea, Lohitzune Txarola presidente zela. Bilduren, Aralarren eta PPren botoekin erabaki zuten ikerketa batzordea sortzea —EAJ eta PSE-EE kontra agertu ziren—. Besteak beste, batzordean agerraldia egin zuten Markel Olanok eta Eneko Goiak, aurreko agintaldian ahaldun nagusi eta Bide Azpiegituretako diputatu izandakoek. Biek adierazi zuten AP-1ean ordaindutako lan guztiak eginak zeudela, eta ez zela iruzurrik egon.

Batzordeak egin zuen ondorioen txostenean, ordea, ados jarri ziren Bildu, PP eta Aralar, eta frogatutzat jo zuten enpresei behar baino 3,4 milioi gehiago ordaindu zizkietela.

Martxo bukaeran kereila zabaldu zuen aldundiak, ingeniaritza enpresa baten txostena oinarri hartuta: tunelak aztertu, eta ondorioztatu zuen beste 10,3 milioi ordaindu zituztela egin gabeko lanengatik. Guztira, beraz, 13,7 milioirena izan zen diputazioaren lehen salaketa.

Baina lehenengo horri beste kereila bat gehitu zion aldundiak maiatzean, Eskoriatza-Arlaban zatiari lotuta. 17 milioiko iruzurra salatu zuen: 8,4 milioi euro Arlabanen ordaindu bai baina egin gabeko lanengatik, eta beste 8,8 milioi Arabako zatiari lotuta —Bidegik bideratu zituen lanak, bere zatia Arabak ordaintzekotan. Aldundiak dio Arabak ordaindu ondoren haren zatiko hamar milioi Bidegik jarri zituela—. Bigarren kereila horretan bost lagun salatu zituzten: Bidegiko hiru arduradun —Zugasti Bidegiko zuzendari tekniko ohia da horietako bat—, eta Eurostudios eta OHL-Ferrovial enpresetako kide bana. Bost delitu egotzi zizkieten: diru publikoa bidegabe erabiltzea, iruzur egitea, agiriak faltsutzea, dokumentuak egoki ez zaintzea eta ezkutuan aritzea. Bi kereilak kontuan hartuta, beraz, 30 milioirena litzateke ustezko iruzurra.

Maiatzeko udal eta foru hauteskundeen aurretik, Olano eta Goia lekuko gisa deklaratzeko eskatu zuen diputazioak, eta, hilabete geroago, aldundia ordurako EAJren esku zela, auzitegiak onartu egin zuen kereila. Arlabango tunelaren harira deitu zituen lekuko gisa deklaratzera, ustezko irregulartasunak gertatu zirenean Bidegiko arduradun nagusiak ziren eta. Aurrekoetan bezala, EAJk salaketa “faltsua” zela berretsi zuen.

Hasiera batean, urriaren 26koak ziren auzitegian deklaratzekoak Olano eta Goia, baina data atzeratu zuen epaitegiak. Oraindik ez da jakina noiz izango den.

Batzar Nagusietatik kanpo

Agintaldi honetan, auzia ez da oraingoz Batzar Nagusietan eztabaidatuko. Azaroan, ikerketa batzordea sortzeko proposamena atzera bota zuten EAJk eta PSE-EEk Batzar Nagusietan. EH Bilduk eta Ahal Dugu-k eskatu eta babestu zuten ikerketa; PP, berriz, abstenitu egin zen.

EH Bilduko batzarkide Iban Asenjok susmagarritzat jo zuen diputazioaren jarrera, eta adierazi zuen EH Bilduko lau batzarkide Bidegi auzian aurkeztu direla herri akusazio gisa, “bide judizialean dena argitu dadin lortu nahian” —Asenjo bera, Judit Garcia, Inko Iriarte eta Jon Albizua—. Ahal Dugu-k “gardentasunaren kontra” bozkatzea egotzi zion PSE-EEri.

[Urtekaria] Emakumea, jalgi hadi plazara »

Emakumeen Nazioarteko Eguna, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldarria, Martxoaren 8tik haratagoko borroka da, eta urte osoan du oihartzuna. Urtarriletik abendura hamaika ekinbide, ekitaldi, urteurren eta gertaera dira horren lekuko: kirolar…

[Urtekaria] Oztopoak oztopo, pausoz pauso »

Urtea indartsu hasi zen euskarari buruzko albisteei dagokienez. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eguberriak pasatu eta berehala, 2017. urte arterako euskara plana aurkeztu zuen. Urtarrilaren 8ko prentsa aurreko agerraldian argi azaldu zuten zein zen foru aldundiaren helburua: euskara foru aldundian lehentasunezko hizkuntza izatea, eta aldundiarekin zein aldundian euskaraz egin nahi duenak euskaraz egin ahal izatea. Euskara plan berriaren helburua euskararen eta gaztelaniaren arteko desoreka “berdintzea” zela azaldu zuen Martin Garitako ahaldun nagusiak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak “ereduzko jokabidea” izan behar zuela arlo horretan.

Euskara plan berria foru aldundiak 2009an egindako planaren segida da, eta orduan ezarritako irizpideei jarraipena emango die 2017ra bitartean. Zigor Etxeburua Euskara zuzendariak Gipuzkoako Hitza-ri azaldutakoaren arabera, “planaren aplikazioa azkartzea eta indartzea” zen foru gobernuaren helburua —garai hartan EH Bilduren esku—.

Ildo horretan, Etxeburuak nabarmendu zuen foru gobernua ez zela legealdi osoan plana aurkezteko zain egon euskararen alde urratsak egiteko. Euskara plan berrian ezartzen diren baldintzetako asko jadanik betetzen hasiak ziren: besteak beste, aldundiak kontratatzen dituen zerbitzuetan 2009tik ezarritako hizkuntza irizpideak betearaztea; jendaurreko lanean euskaraz erantzuteko gai ez diren langileak postuz aldatzea; edota hedabideen aurreko agerraldiak euskaraz egitea, gaztelaniarako itzulpen zerbitzuarekin.

Urkijoren mehatxua

Euskararen aldeko edozein neurri edo erabaki ofizialekin gertatzen den moduan, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijoren erreakzioa ia berehalakoa izan zen. Foru aldundiak euskara plana aurkeztu eta bi egunera iragarri zuen planaren kontrako kereila aurkeztuko zuela. Euskararen eta gaztelaniaren arteko koofizialtasuna urratzen zuela, eta euskararen mesedetan gaztelera gutxietsi egiten zuela argudiatu zuen Urkijok, hamaikagarren kereila iragartzeko. Planak indarrean jarraitzen du oraindik, eta Urkijoren kereilaren berri gehiagorik ez da izan gaur arte.

Gipuzkoako Foru Aldundian, gainera, gobernu aldaketa egon da aurten. EAJko Markel Olanok ordezkatu zuen Martin Garitano, eta euskalgintzan ibilbide luzea izan duen Mikel Irizarrek hartu zuen Etxeburuaren tokia. Irizarren sarrerarekin sailaren izen aldaketa iritsi zen —Euskara Zuzendaritza zenari Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritza jarri zioten izena—, baina euskara planaren edukiekin eta indarraldiarekin aurrera jarraitzen dute. Filosofiarekin ere bat dator Irizar. “Diputazio honek lehentasunez, edo defektuz, euskaraz funtzionatzeko erabakia hartu du. Horrekin hizkuntza bakoitzaren aukerak orekatu egingo ditugu, eta herritarren aurrean berdintasuna sustatuko dugu. Bakoitzak erabakiko du zein komunitatetako kide den, baina bi aukerak bermatu behar dira”. Irizarrek BERRIAri esandakoaren arabera, ez da Urkijoren beldur. “Ofizialtasunak ematen ditu babes juridiko minimo batzuk. Azken boladako sententzietan badirudi babes juridikoa badagoela”.

Donostian ere bai

Donostiako Udalak apirilean onartu zuen 2015-2019 epealdirako Euskararen Plan Orokorra. Euskara “guztiz berreskuratzea” eta “euskararen Donostia” eraikitzea helburu hartuta atondutako plana zela azaldu zuen EH Bilduren udal gobernuak. Hiru esparru estrategikotan banatu zituen Donostiako Udalak planaren helburuak: euskararen jabekuntza, euskararen erabilera eta euskararen elikadura.

Euskararen jabekuntzari dagokionez, honako ekinbide hauek jasotzen ditu planak: transmisioan erabilera areagotzea, sentsibilizazioa egitea, hezkuntza esparruan euskararen erabilera soziala bultzatzea eta euskara ikasteko baliabideak eskaintzea. Euskararen erabilerari dagokionez, berriz, administrazioan herritarrekiko harremanetan euskara lehentasunezko izatea, merkataritzan eta ostalaritzan zerbitzua euskaraz eman dezaten urratsak egitea, eta aisiari eta kirolari dagokionez hiriko eskaintzetan eragitea. Azkenik, euskararen elikadurari buruzko atalean, euskarazko kulturgintza indartzea eta eskaintza areagotzea, euskarazko produkzioaren kalitatea bermatzea, euskarazko hedabideak laguntzea eta haien kontsumoa sustatzea.

Euskara plana onartzearekin batera, Donostiako Udalak euskararen egoerari buruzko diagnosia aurkeztu zuen. Bertan jasotakoaren arabera, Gipuzkoako hiriburuan euskararen ezagutzatik erabilerarako jauzia eman behar da. Izan ere, datuek diote donostiarren ia %70 direla euskaldunak (%40,6) edo ia euskaldunak (%28,6), baina kaleko erabilera soilik %16ra iristen da.

Aldundian bezala, Donostian ere gobernu aldaketa izan zen udal hauteskundeen ostean. EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuak ordezkatu zuen EH Bildurena. Euskara planari bere horretan eutsiko diola iragarri du gobernu berriak.

Mugak, are mugago »

Imajinario kolektiboan zaintzan irudikatu ohi da emakumea; gizona, berriz, borrokaren ideologiari lotuta. Generoaren eta zaintzaren ikuspegitik, kartzeletako errealitateaz ariko dira bihar Oihana Etxebarrieta, Zuriñe Rodriguez eta Arantza Santesteban Donostian, X. Feministaldian (11:00etan, Tabakalerako Z aretoan). - Irakurri gehiago...

“Hamasei kilo antxoa eramaten genituen buru gainean” »

Hamabi urte besterik ez zuen Itziar Etxeberria Bikuñak (Getaria, 1943) arrain saltzen hasi zenean. Amari laguntzen zion antxoa saltzen. “Arrainduna zen amona, baita nire ama ere. Eta ondoren ni. Orain nire iloba dabil arrandegian. Laugarren belaunaldia da”. Zarauzko merkatuan dauka arrandegia Etxeberriak, Itziar arrandegia, eta, 72 urterekin, han egoten da egunero-egunero. “Orain ez naiz goizetan arrain bila joaten, ilobak egiten du hori, baina egunero egoten naiz merkatuan”.

Tarte batean arrandegia utzi du Etxeberriak Hitza-rekin egoteko. Ile apaindegira joateko ere aprobetxatu du atsedenaldia. Eta ile apaindegiaren kanpoan erantzun die kazetariaren galderei. Etengabe agurtzen du jendeak Etxeberria. “Elkarrizketa egiten ari zaizkit”, esan dio bertatik pasatu den gizon bati. “Zuk kasu egiozu, dena egia esango dizu eta”, esan dio gizonak kazetariari. “Nolako antxoak ekartzen zituen Itziarrek! Haiek zuten distira eta kolorea!”.

Antxoak buru gainean nola ekartzen zituzten oroitu du gizonak. “Bai, bai; halaxe ekartzen genituen. Perrailetan ekartzen genuen antxoa, eta zulotxoetatik tantoak erortzen zitzaizkigun buru gainera, tirrin-tin-tin. Hamasei kilo eramaten genituen buru gainean”.

Autoan egiten zuten Getariatik Zarautzerako bidea, eta ama plazan aritzen zen saltzen, eta Etxeberria, berriz, auzoz auzo. “Antxoatan, gu beti antxoatan ibiltzen ginen, eta antxoa ez zegoenean, atuna. Behin denboraldia amaitzen zenean, negu partean, etxean gelditzen ginen, eta kontserba fabrikara joaten ginen”.

Etxean dirurik ez, eta, jan nahi bazuten, lan egin beste aukerarik ez zutela nabarmendu du Etxeberriak. “Gure etxean ez geneukan ezer, eta baporeak antxoatara ateratzen zirenean zain-zain egoten ginen, hura baitzen diru pixka bat irabazteko modu bakarra. Hementxe bertan egiten zuten arrantzan, urrutira joan gabe, eta amak esaten zidan ‘ai Itziar, sirenak joko balu’. Jainkoak entzunda, sirenak jotzen zuen beti”. Antxoa portura iritsi zelako abisua entzunda, berehala jaisten ziren portura; antxoa kargatu eta Zarautzerako bidea hartzen zuten. “Zarauztik Getariara, eta Getariatik Zarautzera, horixe izan da nire bizimodua. Eta horrelaxe jarraitzen dut oraindik ere”.

Dozenatan saltzen zuten antxoa. “Dozena pezeta batean”. Eta egunkari paperean bilduta eramaten zuen jendeak. “Orain, ez dakit ze plastiko eta paper txuri erabili behar den. Orduan, dena periodikotan biltzen genuen. Ez dut inoiz entzun inor hil denik periodikotan bildutako antxoa jateagatik, baina tira! Orain, jendeak antxoari hezurra eta dena kentzeko eskatzen dizu, ezin dute hezurtxo bat ere ikusi; eta jendeak ez daki arraina garbitzen, eta frijitu ere ez dute egin nahi”.

Erosleak, leihotik

“‘Antxoa, antxoa!’, deiadarka ibiltzen nintzen ni, kalez kale. Leihora atera, ‘itxoin, oraintxe jaitsiko naiz’, eta hantxe jaisten ziren emakumeak, mantalarekin; dozena bat, bi dozena edo hiru, behar zutena”. Eramandako antxoak amaitzen zirenean bukatzen zuten Etxeberriak eta bere amak lan eguna. “Zarautz beti izan da oso herri antxoazalea; herri gutxi izango da Zarautz bezain antxoazalea”.

Amak utzi zuenean, ahizparekin ere ibili zen gero arraina saltzen. “Ni hasi nintzenean 60 izango ginen arraindunak, eta orain ni bakarrik gelditzen naiz ordukoetatik”. Aurten egin ditu 60 urte plazan arraina saltzen, eta orain dela sei urtetik du arrandegi finkoa merkatuan: “Arrandegi berriak egin zituzten, baina ordu arte postu batean egoten nintzen”.

Getariatik ez ezik, Pasaiatik ere ekartzen zuen arraina. “Baina hori geroago izan zen, 30 urte ingururekin”. Goizean goiz esnatu, eta auto-stopean joaten zen Pasaiara. “Goizean, 04:30 inguruan irteten ginen etxetik. Nik esaten nion Martxela lagunari ‘orain putak etxera, eta gu lanera’. Gasolindegian egiten genuen topo. ‘Orain zuek lotara eta gu lanera’ esaten genien. Han hartzen genuen kafesnea, haiek eta guk”. Pasaian arraina erosi, eta anaia joaten zitzaion bila, Zarautzera eramateko”.

Bizimodu gogorra izan duela aitortu du Etxeberriak. “Baina, ez nuke beste bat nahi. Inoiz ez zait dirua gustatu, nahiago dut arraina saltzen ibili, dirua kontatzen aritu baino. Hala ere, orain pixka bat aspertu naiz, eta nagia sartzen zait. Lehen, amorratzen egoten nintzen; orain, ez”.

Autobusak ez dira garaiz iritsiko »

Atzeratzen ari da Atotxako geltokiaren inaugurazioa. Bi urteko lanen ostean, azken asteotan, jaiegunetan ere lanean ari dira beharginak, 2016an eduki dezaten erabiltzaileek geltoki berria. - Irakurri gehiago...

Beharrezkoa ez dela esatera aterako dira »

Satorralaiak mugimenduak argi du: Donostia aldeko metroaren proiektua ez da beharrezkoa. Hori horrela, egitasmoa geldiarazteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta, horrekin batera, prozesu parte hartzaile bat hasteko. Asmo horrekin antolatu du manifes…

Robotika eta zientzia jolasa ere badira »

Dena ongi konpostatu, etxe bat bota eta balio duten materialak jaso; auto zahar bati motor berria jarri eta berrerabili; bi teknikari sailkatze plantara eraman, ekosistema garbitu eta animaliak bertaratu; eta sailkatutako materiala garraiatu. Hori guz…

Birziklatze tasei eustea espero dute Bergaran eta Eskoriatzan »

“Orain arte, inposatutako sistemarekin, diotenez, %75era iritsi bagara, borondatezko sistemarekin zergatik ez? Bosgarren edukiontziak ez du esan nahi anarkia absolutua”. Hondakinen bilketa sistemaz ari da Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkatea (EAJ). Herrian kontsulta egin berri dute, eta atez atekoaren ordez bosgarren edukiontzia jartzea hobetsi dute herritarrek. Berdin egin dute Bergaran, eta iritzi berekoa da Juanje Alberdi alkatea ere (EAJ): “Inportanteena da jendeak nola egiten duen etxean sailkapena; ondo egiten badu, gero ez da hain garrantzitsua zintzilikarioak edo edukiontzia jartzea. Bosgarren edukiontziarekin gutxienez emaitzak berberak izan beharko lirateke”.

Eskoriatza eta Bergarako alkateak pozik agertu dira herri galdeketak utzitakoarekin, bai emaitzaren aldetik, baita herritarren parte hartzearekin ere —%54koa Bergaran eta %59koa Eskoriatzan—. “Prozesua ez da azkar joan, eta, hala ere, pazientzia osoz itxaron dute herritarrek; jarrera oso positiboa izan da”, dio Zubizarretak. Eskoriatzan, hiru aukeraren artean bozkatu zuten: bosgarren edukiontzia babestu zuten %67k (1.300 lagun), atez atekoa %29k (566) eta sistema mistoa %3k (59). Bergaran, berriz, 6.668 herritarrek parte hartu zuten herri kontsultan, eta 4.132 lagunek bozkatu zuten bosgarren edukiontziaren alde (%62). Atez atekoa, berriz, 2.506 bergararrek babestu zuten (%38).

Dagoeneko hasi dira sistema berria ezartzeko lanetan Eskoriatzan. Gaur egun, herrigunean atez ateko sistema dute, eta auzoetan, birziklatze guneak. Zubizarretak azaldu duenez, non eta nola jarriko dituzten zehazten hasiko dira lehenik, eta behin gauza horiek finkatzen dituztenean, “kontraste lan bat” egingo dute herritarrekin. Gabonak tartean izan arren, gehienez martxo bukaerarako ezarrita eduki nahi dute bosgarren edukiontzia.

Prozesuan udaleko alderdi politikoen artean izan den adostasuna nabarmendu du Zubizarretak. Ordezkaritza duten alderdi guztiek aho batez erabaki zuten galdeketa egitea irailaren 22an: “Nahiz eta bukaeran pixka bat trakestu, adostasunak erraztu du gauzak hobeto bideratzea”. Herritarren aldetik, askotariko iritziak jaso dituzte galdeketa egitearen kontura; batzuek “haserre” ere hartu zuten udal gobernuaren asmoa: “Uste zuten hauteskundeak irabazi genituenez nahikoa eskubide geneukala aldatzeko. Hasieran nahiko pedagogia egin behar izan genuen esateko ezetz, guk garbi esan genuela herri galdeketa egingo genuela, eta horretan ateratzen zena beteko genuela”. Zubizarretak dioenez, oso garrantzitsua izan da herritarrek eurek zer nahi duten erabaki ahal izatea: “Eskoriatzak irabazi duena da guk geuk erabaki dugula zer nahi dugun”. Dioenez, gainera, kontsultan ateratako emaitzak ez du “inolako eztabaidarik” zabalik uzten, eta konfiantza du herritarrek berdin birziklatzen jarraituko dutela: “Zer nahi duten erabaki eta gero, pentsatzekoa da ez dela aldrebeskeriarik egongo. Jarraipena egingo dugu, noski, eta ikusten badugu helburuak ez direla betetzen, garbi dago lan dezente izango dugula hori betearazteko”.

Bergaran ere, martxan

Bergaran bilketa sistema mistoa izan dute orain arte: organikoa eta errefusa atez ate jasotzen dute, eta gainontzekoa, edukiontzi bitartez. %77-82 inguruan dago orain tasa. Galdeketaren ondoren, herri guztian bosgarren edukiontzia jarriko dute. Alberdi alkateak azaldu duenez, orain barneko batzordeetan landuko dute gaia, gero osoko bilkuran onartuko da, eta ondoren mankomunitateari jakinaraziko diote eredua aldatu nahi dutela. “Azken horrek hartu behar ditu neurriak aldaketa egin ahal izateko, eta 2016ko lehen hiruhilekoan espero dugu martxan izatea”.

Galdeketarekin “nabarmen” gelditu da herritarren nahia zein den, Alberdiren ustetan: “Inportantea zen parte hartzea, emaitzak legitimitatea izateko, eta ikusi dugu jendeak benetan hori nahi zuela. Ikusten da horrelako prozesuak erabilgarriak direla udal mailan hainbat gai kontsultatzeko”. 2013tik eztabaida eragin du herrian hondakinen bilketak, eta udal gobernuak garbi zuen galdeketa egingo zuela: “Argi ikusten genuen azken bi urteetan kalean eztabaida izan duen gai bat izan dela; hauteskundeak irabazi eta eskumena genuelako guk erabaki izan bagenu, gaia ez litzateke zeharo amaituko”.

Prozesuaren hasieran, akordio bat lortzeko proposamena egin zion EAJk EH Bilduri, baina, Alberdik dioenez, koalizioak baztertu egin zuen, eta orduan planteatu zuen udal gobernuak kontsulta egitea. “Sozialistak zioten ez genuela zertan kontsulta egin, eta Irabazikoak kontsultaren alde agertu ziren”.

Galdeketako aukeren artean ere desadostasunak izan ziren; bilketa sistema mistoa jarri beharrean, atez atekoa jarri zuten aukera gisa. EH Bildu eta Irabaziren ustez, ez zen egokia izan aukeretako bat atez ateko bilketa izatea, jendea “nahas” zezakeelako.

“Guztia utzita, hutsetik hasi behar duzu, nora jo jakin gabe” »

Orain urtebete heldu zen Euskal Herrira Katerina Kirsanova (Ukraina, 1986), bikotekide Roman Sadovnikekin. Donetsketik ihesi atera ziren. Lana bazuen, baina hura galdu eta beste bat lortzeko aukerarik gabe eta dirurik gabe gelditu zenean erabaki zuen …