“Arriskutik babestuko zaitut, maitea” »

Maite Alustiza

Gurasoak dira, aitona-amonak, izebak eta osabak. GuraSOS mugimenduan elkartu dira, helburu argi batekin: euren haurren osasuna babestea. Kezkatuta daude Zubietan egitekoak diren errauste plantak umeengan izan dezakeen eraginagatik. “Osasuna guztiz bermatuta ez dagoelako eta prebentzio eta babes printzipioetan oinarrituta”, plantaren asmoa alde batera uzteko eskatu dute. Joan den larunbatean aurkeztu zuten mugimendua, Lasarte-Orian, eta, epe laburrera, bi asmo nagusi dituzte: informazioa jaso eta zabaltzea, batetik, eta prestatu duten manifestuaren aldeko sinadurak biltzea, bestetik. Manifestuan senide bakoitzak konpromisoa hartzen du haur batekin: “Arrisku honetatik babestuko zaitut, maitea, zin dagizut”. Gipuzkoako Foru Aldundira eramango dituzte atxikimenduak.

“Kezkatzen gaitu isiltasunak, eta honelako azpiegiturak osasunean dituen eraginei buruz eztabaida gehiago ez egoteak”. Ez daukate “interes politiko eta ekonomikorik”, euren haurrak babestea baino ez. Honako hau da funtsean eskatzen dutena: gizartea eta haren ordezkariak ados jar daitezela hondakinen arazoari irtenbidea emateko, inoren osasuna arriskuan jarri gabe.

Euren kezken abiapuntua “errealitate ukaezin batean” dagoela diote: inork ez duela errauste planta bere herrian nahi. Gainera, inguruko herritarren osasuna arriskuan dagoela azaltzeko bi argudio dituzte. Batetik, Gipuzkoako Aldundiak Biodonostiarekin hitzartu duen azterlan epidemiologikoa —hiru azterketa egitea erabaki dute; errauste planta martxan jarri aurretik, errauste plantak martxan urtebete pasatu duenean, eta bost urte pasatu eta gero—. Mugimenduko kideen arabera, azterketa horren beharrak frogatzen du herritarrak arrisku baten aurrean daudela. Horrekin batera, salatu dute plantak gizakiengan izan dezakeen eragina “esperimentatzeko”, eurak eta euren haurrak “erabiltzeko” asmoa dutela.

GuraSOSek darabilen beste argudio bat Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen azterketa da. Kutsaduraren sakabanatze atmosferikoaren azterlanean onartzen da kaltetze eremua 30 kilometrokoa dela, hau da, instalazioaren kokapenetik hasita 15 kilometroko erradiokoa. Gurasoen mugimenduak eremu horretan dauden ikastetxeengan jarri du arreta: eragin mapa bat osatu du, erraustegiak zuzenean atmosferara igorritako partikulengatik kalte egin diezaiekeen ikastetxeekin. Horren arabera, berrehun hezkuntza zentro leudeke, baita Donostiako ospitale gunea eta Onkologikoa ere.

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak aurkeztutako ebidentzia zientifikoek ere kezkatzen dituzte. “Medikuek argi diote: fetuak, haurrak eta gaztetxoak dira, gaixo eta edadetuekin batera, erraustegien efektuen eragin nabarmenenak jasaten dituztenak”.

Ideologia ezberdineko lagunak batu dira mugimenduan, eta, aurrera begira, kide gehiagoren elkargune izan nahi du. Maiatzaren 21erako, esaterako, dibulgazio ekitaldi bat antolatzen ari dira Hernanin, Orona Ideon. Zientzialari eta medikuen eskutik, errauste plantek osasunean sor ditzaketen eraginei buruzko informazioa jasotzeko aukera eskaini nahi diete herritarrei. Familiez gain, hezkuntza komunitatea ere bidelagun izan nahi dute. Dei berezia egin diete eragin eremuan dauden ikastetxeei eta orokorrean Gipuzkoako zentro guztiei, manifestuarekin bat egin dezaten. Hezkuntza arloarekin ez ezik, osasun arloko profesionalekin ere elkarlanaren aritu nahi dute. Edozein herritarrek aukera du manifestua sinatzeko, www.gurasos.org webgunean.

Ateekin batera aukerak zabal daitezen »

Maite Alustiza
Kontserba potoak prest daude, baina hutsik. Prest daude hozkailuak, baina ez dute ezer hozten. Makinak muntatuta eta ekoizleak lanean hasteko gogoz. Hirurehun metro koadroko espazio batean daude denak, Zaldibiako Goizane zentroan. Nekaza…

Kirola, emakumeen azaletik »

Julene Frantzesena
Gizartean gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak “geroz eta txikiagoak” badira ere, kirolean “oso handiak” dira oraindik. Hala dio Mariate Bizkarra EHUko irakasleak (Gasteiz, 1964): “Prentsan gutxiago agertzen dira emakumeak, …

“Artista liburuak interesatzen zaizkit erabilerrazak direlako” »

Jon Miranda
Bilbo eta Zizurkil artean bizi da Maria Altuna Lizarraga (Zizurkil, 1988), eta, egunotan, tesia prestatzeko lanean dabil, buru-belarri, bere baitara bilduta. Jarrera aldatuko duelakoan dago, uste baitu elkar harremana beharrezkoa dela sork…

[Herriz herri] Astigarraga. Hazkundeari aurre hartzen »

E. Goenaga Lizaso

GIPUZKOA, BATETIK BESTERA . Sagardoa eta sagardotegiak bai, baina Astigarraga hori baino gehiago da, eta hori aldarrikatu nahi du udalak. Populazio hazkundeari erantzutea —bikoiztu egin da 25 urtean—, herria egituratzea eta Astigarraga ezagutaraztea jomugan jarrita ari dira lanean.

Donostiako erdigunetik 5 kilometrora eta Hernanitik 3,5era, Astigarraga sagardozaleen paradisua da. Sagardoetxea euskal sagardoaren museoa bertan dago, eta, hemeretzi sagardotegirekin, 300 biztanleko sagardotegi bat dute herrian. “Sagardoak mapan jarri gaitu, horretan ez dago dudarik. Hori eskertu eta zaindu behar dugu, eta zaintzen dugu. Baina Astigarraga sagardoa eta sagardotegiak baino gehiago ere bada”. Jesus Mari Santos jeltzaleak (Astigarraga, 1964) urtea egingo du ekainean alkate gisa, eta herriak dituen erronken harira hitz egin du Hitza-rekin.

Asko handitu da herria azken urteotan; 1990etik bikoiztu egin da populazioa. “44 falta zaizkigu 6.000 biztanlera iristeko”. Eta epe laburrean hazkunde handiagoa espero dute. Urumea inguruan 800-900 etxebizitza inguru eraikiko dira, eta horrek jende gehiago eramango du Astigarragan bizitzera. “Guk prestatu egin behar dugu jende hori etortzerako. Izan ere, horrek herrian behar batzuk sortzen ditu, zerbitzu gehiago eskaini behar zaizkie herritarrei, herritarren beharrak askoz ere handiagoak dira, eta horretara egokitu behar dugu”.

Santosek dioenez, udalaren erronka Astigarragan bizi denak bizimodua herrian egitea da; umeak bertan eskolatu, erosketak bertan egin, aisia herrian antolatu… “Astigarragara etortzen diren gehienak Donostiatik datoz, baina guk ez dugu lotarako herri bat bihurtu nahi. Astigarragan bizi dena astigartar izatea nahi dugu”. Ostiraletan merkatua antolatzea da ildo horretan emandako azken pausoetako bat. “Probako proiektu bat da. Ikusten ari gara nolako harrera duen. Lau astez egin da jada, eta ematen du ari dela martxa hartzen. Jendea hurbiltzen ari da, eta hori inportantea da guretzat”. Krisiaren eraginez, komertzio txiki asko itxi dira, eta galera horri nolabait erantzun nahi diote.

Herrian enplegua sortzeari begira ere lanean ari dira Astigarragako Udalean. “Hiru industrialde ditugu, eta laugarren poligonoa ari gara eraikitzen. Jendeak hemen lan egiten badu, errazagoa da bizimodua hemen egitea, eta horrek herria egituratzen laguntzen du”.

Kultur etxe berria

Kultur etxe berriaren eraikuntza ere aipatu du alkateak. Hurrengo urtean hasi nahi dituzte obrak. “Oraingo kultur etxea ez da udalaren eraikina, fundazio batena da, eta txikia gelditu zaigu. Badira hiru legegintzaldi gaia hor dagoela, eta guk martxan jarriko dugu. 3 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du, eta proiektu handinahikoa izango da”. Kultur etxe berriak herriak dituen beharrak asetzeko adinako eskaintza eta tamaina izango duelakoan dago alkatea.

Herrigunearen garrantzia ahaztu gabe, auzoei behar duten arreta eskaintzea ere ezinbesteko jotzen du udalak. “Astigarragan pisu handiko auzoak ditugu, eta horietan ere inbertsioak eta lanketa egin beharra dago. Auzoetatik hori ari zaizkigu eskatzen, azken zortzi urteetan apenas egin baita ezer”. Horrez gain, herriko hainbat guneri balioa emateko ahaleginean ari dira. “Astigarraga herri polita da, eta oso txukun dago. Baina gure ingurunea, landa gunea, izugarri ederra da, eta horri balioa ematea ezinbestekoa da. Santiagomendin, adibidez, proiektu paisajistiko bat lantzen ari gara. Santiagomendi harribitxi bat da; ermitara igotzen zara eta ikuspegi zoragarria dago. Itsasoa ikusten da, Aiako Harria, Ernio… ni maiteminduta nago toki horrekin”.

Sagardotegiekin elkarlana

Alkateak behin baino gehiagotan esan du Astigarraga sagardoa baino gehiago dela. “Baina gaizki ariko ginateke sagardoak eta sagardotegiek guretzat duten balioa eta garrantzia gutxietsiko bagenu. Sagardoak herria eraikitzen lagundu du; jende askok ezagutzen badu Astigarraga, sagardoari esker ezagutzen du”. Ildo horretan, sagardotegiek udalaren laguntza dutela eta udalak laguntzen jarraitzeko eta elkarlanean jarduteko asmoa duela iragarri du Santosek. Aurten, adibidez, udalak sagardotegietarako autobus zerbitzuak jarri dituela eta eskaintza hori sagardotegiekin elkarlanean landu dutela nabarmendu du.

Baina batak ez du bestea kentzen. Eta sagardotegien eskaintzari muzin egin gabe, eta sagardoari merezi duen balioa aitortuz, Astigarragak herritarrei zein bisitariei zerbait gehiago eskaini nahi diela azpimarratu du alkateak. “Asko etortzen dira sagardotegiengatik, eta ongietorriak dira, baina guk gai izan behar dugu horiei Astigarragak duen guztia erakusteko”.

Hilabete honetan, esaterako, 3.000 bisitari inguru espero dituzte, Eternal Running lasterketan. “Lehen aldiz antolatuko dugu, eta itxaropentsu gaude. Hamar kilometroko ibilbide bat da, 80 oztoporekin, eta eskaintza berri bat da. Ikusiko dugu nola joaten den. Loiun izan ginen hango lasterketa ikusten, eta sekulako giroa sortu zen herrian. Gauza polita da, kirol eskaintza bat, herrira jendea ekarriko duena. Ikusiko dugu nola ateratzen den”.

Tren geltokia

Astigarragak duen gabezia handienetako bat tren geltokia dela dio alkateak. Izan ere, trenbidea pasatu pasatzen da Astigarragatik, baina Renfeko aldiriko trenak ez du egiten geldialdirik bertan, ez dago geltokirik. “Aspaldiko eskaera bat da geltokia egitea. Erabakia hartuta dago, proiektua egina dago, lur eremua ere berreskuratu da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak emana dute oniritzia. Adif-ek egin beharko luke obra, eta hark ere onartua du”.

Urumea inguruan eraikiko diren etxebizitza berrien ondoan joango litzateke geltoki berria, eta geltokia egitearekin batera, udalaren asmoa trenbide gaineko pasabidea kentzea da. “Onena abiadura handiko trenaren obrekin batera egitea litzateke, eta hori lortzeko lanean ari gara. Biak batera eginez gero, asko merkatuko litzateke. Logikoa da”.

Tren geltokia egin artean, astigartarrek autobusa dute garraio publiko bakar gisa. “Nik uste dut nahiko ondo daudela maiztasunak, bai Donostiara eta bai Hernanira joateko”. Ospitaleetara zuzenean joaten zen A3 linearen ordezko bat topatzeko ere lanean ari direla dio Santosek. Linea horrek “oso erabiltzaile gutxi” zituela-eta, urte hasieran bertan behera gelditu zen. “Hernanira joan, eta handik beste autobus bat hartuta joan behar da orain ospitaleetara. Kontua da Hernanin hogei minutu inguru itxaron behar dela beste autobusa hartzeko, eta hori konpondu nahian gabiltza foru aldundiarekin”.

Herritarren beharrei ahal bezain ondo erantzutea eta herritarrek udala gertu sentitzea lehentasunen artean jartzen du Santosek. “Ildo horretan, gure programan herritarrei hitza emango geniela esan genuen, eta apirilean egin dugu atez ateko hondakin bilketari buruzko galdeketa. Oso polita izan zen, giro onean joan zen, eta oso gustura gaude parte hartzearekin. Baita emaitzarekin ere. Guk bosgarren edukiontzia jartzeko proposamena egin genuen, uste genuelako kopuru onak ematen dituela, eta herritarrentzat erosoagoa dela”. Bosgarren edukiontzia ahal bezain laster jarri nahi du udalak; ahal bada, uztailean, herriko festen aurretik.

Txikiek egin arren, handia »

Musika eskolek datorren ikasturterako matrikulazio epea irekiko dute hil honetan. Haietako bat da Loatzo. 2002an sortu zuten, eta Tolosaldeko zortzi herri txiki batzen ditu. Batuta, bestela izango ez luketen ikasle kopurua lortu dute; baita herri txikietan oso zaila den instrumentu eskaintza ere. - Irakurri gehiago...

Elkarbizitzara kondenatuak »

Olatz Mitxelena

Galtzerdiari buelta nola, hala eman behar omen zioten buelta Pasaiako badiari. Jaurlaritzako lehendakari zela Juan Jose Ibarretxek egindako adierazpenak sonatuak izan ziren. Ordutik, ordea, ez da urrats handirik egin Pasaiako badiaren biziberritzean. Gipuzkoako Foru Aldundiak hasierako onarpena eman zion lehengo astean portuaren Plan Bereziari. Aste berean, San Pedroko lonja berria eraikitzeko lanetan 7 milioi euroko gainkostua salatu dutela jakin da. Biziberritzearen bidean orain arte egin den obrarik esanguratsuena, beraz, susmopean da, eta obrak geldirik daude otsailaz geroztik.

Onartzear den Portuaren Ordenaziorako Plan Bereziak 7,9 hektarea gordetzen ditu hiri erabilerarako, eta 97.000 metro koadro portuko biltegietarako: 46.000 kaiko Herreran eta 51.000 portuaren gainontzeko lurretan. Hala iragarri zuen Portu Agintaritzak plana berrikustea adostu zuenean, iazko irailean. Portuak orduan esan zuenez, kanpo kaiaren proiektua baztertu izanak eragin du plan aldaketa, “portuko eta hiriko beharren arteko oreka” bilatzeko.

Bilaketa horretan, baina, herritarrak galtzaile direla argi du Herrera Herrira plataformak. Portuaren Plan Bereziak “Herreraren kolonizazioari” eusten diola uste du, eta egoera arindu ez ezik, okertu egingo duela: “Hasierako planak [2010. urtekoa] kaiko Herreraren iparraldea eta mendebaldea mistotzat hartzen zituen, eta herritarrentzako erabilerak baimendu, baina plan berrian aukera horri ateak ixten zaizkio erabat, eta egungo portuaren eremuei eusten zaie”.

Herrera Herrirako kide Iñaki Aristik azaldu duenez, herriaren erabilerarako bi eremu baino ez ditu aurreikusten plan berriak: Trintxerpeko kaian inguru bat lur azpiko aparkalekuak eraikitzeko, eta Herrerarako Eusko Tren geltokirainoko sarbidea.

Planari hasierako onarpena eman diotenez, orain alegazioetarako tartea zabaldu dute. Hilabete eta erdiz aurkez daitezke alegazioak, eta urte bukaerarako plana behin betiko onartua egotea aurreikusia dute.

Hori dela eta, diputazioak hiru partekatze saio antolatu ditu Trintxerpen, portuaren Ordenaziorako Plan Berezia ezagutarazteko asmoz. Lehenengo partekatze saioa asteazkenean izan zen. Herrera Herrira-k, saioan parte hartzeko gonbidapenari uko egin, eta elkarretaratzera deitu zuen egun eta toki berean, “inposizioa” salatzeko. “Eskandalagarria” iruditzen zaio Herrera Herrira-ri diputazioak antolatu duen prozesua, eta “erabat arduragabea” Pasaiako udal gobernuaren jarrera, “halako garrantzia duen gai baten kudeaketa herrikoak ez diren eragileen esku uzteagatik”. Aristik salatu du prozesua plana azaltzeko baino ez dela izango; “ez da inolaz ere izango eztabaidarako aukera”. Aldundiak antolatu dituen saioetara gonbidapenarekin baino ezingo da sartu, eta tokia mugatua izango da, Pasaiako Udaleko Hirigintza zinegotzi Nahikari Oterminek esan duenez, saioak “operatiboak” izan daitezen. Horrez gain, partekatze saioetan bi talde bereiziko dituztela aurreratu zuen Oterminek: herri eragileak batetik, eta portuko enpresetako kideak bestetik, “oso bestelako interesak defendatzen dituztela” argudiatuta.

Aitzitik, Herrera Herrira-k uste du halako foroek “aurrez idatzitako gidoi bat legitimatzeko baino ez dutela balio”, eta kezka agertu dute, haien ustez, portuaren Plan Bereziak Pasaiako “etorkizuna beste behin hipotekatuko duelako”.

“Irizpideak inposatu nahi dizkigute herritarrek udalerriaren etorkizuna eraikitzeko bidean hartutako erabakiak ezinezko izan daitezen, batez ere kaiko Herreran”, ohartarazi du Aristik, eta ohartarazi du ez dutela onartuko. “kanpoko erakundeen injerentziarik”. “Ez dira nor gure herrian zer egin behar dugun erabakitzeko”.

Aristik gogoratu du Pasaiak aspaldi erabakia duela kaiko Herrera nola ordenatu. Pasaiako Udalak 2011. urtean adostu zuen kaiko Herreraren ordenazioa, Herrera Herrira-k dinamizatutako parte hartze prozesuan erabakitakoak bere eginda. Herrera Herrira-k salatu du akordio hura urratzea lekarkeela egungo plana onartzeak. Pasaiako alkatetzan den PSE-EE, ordea, Herrera Herrira-k proposatutakoen kontra agertu da izan da beti, baita 2011ko bozketan ere. Izaskun Gomez alkateak argi adierazi izan du ez duela bere egiten akordio hura.

Lonjako lanak, etenda

San Pedroko lonja berria eraikitzeko lanetan atzeman dituzten gainkostuez galdetuta, Aristik “oso larritzat” jo ditu ustezko irregulartasunak. Larriena, edonola ere, Pasaiako udal ordezkariak jokatzen ari diren rola dela uste du: “Alkateak irregulartasun horiek ikertzearen kontra bozkatu du, baita hirigintza zinegotziak ere”. Gaineratu du Pasaiako herritarrak “erabateko desanparoan” direla. “Ea zerk ematen duen honek guztiak, baina erne jartzen gaitu”. Gogoratu du Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euro eta erdi jarri behar dituela “jende beraren eskuetan”.

Donostia Amsterdam balitz »

Maite Alustiza

Amsterdamgo Udalak argi adierazi du: ez ditu hainbeste turista nahi. 800.000 biztanleko hiria da, eta urtean 17 milioi bisitari hartzen ditu. Kanpaina bat dauka martxan, eta, besteak beste, Amsterdamdik gertu dauden herrietan ostatu hartzera animatu ditu turistak. Ekinbide horri erreferentzia egin dio Eduardo de la Fuente hirigintza adituak, Donostiarekin alderaketa egiteko orduan: “Hemen zein politikarik esango du ‘goazen atzera egitea hobeto bizitzeko’? Ez da ohikoa. Haztea ez da beti aurrera egitea”. Amsterdamgo kanpaina aitzakiatzat hartuta, Donostian erabili diren hainbat eslogan baliatu ditu De la Fuentek Parte Zaharreko zarataz hitz egiteko: “Zarataren arazoaren aurrean, eslogan hau erabiltzen dute: ‘Eskertuko dizugu tonua jaisten baduzu’. Aldiz, modu irekian, 2016ko kultur hiriburutzan, hitz bakarra: ‘Ongi etorri!’. Ezingo litzateke zaratarenean ‘Errespetatu!’ erabili eta 2016an ‘dezente pozten gara zuen etorreraz’?”.

De la Fuenterekin batera, Donostiako Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak mahai inguruan batu ditu Iñaki Gurrutxaga Donostiako Udaleko EAJko ordezkaria, Marta Barandiaran osasun arloko aditua eta Javi Rodriguez eta Leticia Molina —Bilbo eta Iruñeko alde zaharretako auzo elkarteetako ordezkariak—. San Telmo museoan elkartu dira alde zaharretako zaratez eta irtenbide posibleez hitz egiteko.

Urteekin aldaketak izan diren arren, Donostiako Parte Zaharrean errealitatea bera dela dio De la Fuentek: deserosotasuna egunerokoan. Arazoak are gehiago dira uda partean: “Jende oldea izugarria da; bizi kalitatea galdu dugu. Marra gorria pasatu da, eta ez gara ari hobeto bizitzen, okerrago baizik”.

1989. urte ingurune saturatutzat jo zuten Donostiako Parte Zaharra, eta, Iñaki Gurrutxaga udaleko EAJ ordezkariak azaldu duenez, harrezkero ez dute lizentzia berririk eman, eta ezin da inguru horretan taberna berririk ireki. “Horrek ez du esan nahi zaratarik ez dagoenik, baina neurria malgutuko balitz, askoz ere taberna gehiago egongo lirateke”. Parte Zaharrean Bizi elkartea, ordea, ez dator bat baieztapen horrekin. Eustateko datuak erabiliz dioenez, 29 biztanleko establezimendu bat dago egun, eta saturatutzat jo zenean, 166 pertsonako establezimendu bat aipatzen zen. De la Fuente ere ez dago ados: “Frogatu dezaket gehiago daudela. Berdin zait bidea, baina askoz gehiago daude. 2005ean udalak egiten zituen egin behar ez zituen gauzak. Baimentzen diren gauza asko daude”.

Azken hamarkadetan izandako aldaketei begiratu bat emateko, 1994ra egin du salto De la Fuentek: “Parte Zaharreko errehabilitazio plana bukatzen ari ginen. Orduan, saneamendua nazkagarria zen; etxeak ez ziren margotzen… 1998an dena aldatu zen. Turista uholdea iritsi zen, eta dinamika hori ez da gelditu gaur arte”. Dioenez, 1990-2000 urteetan, honako hauek ziren arazo nagusiak: jendea kalean egoteak sortzen zuen zarata, pixak, hondakinak… “Orain, ostatu gehiegi daude; etxe turistikoak etxebizitzen merkatu dira, eta alokatzeko hartzen dituzte”.

Araudi kontuak

Udaleko ordezkariak ere ostatuen ugaritzearekin dagoen arazoa aipatu du, eta duela hamabost bat egun jaso zuten epaia azaldu du: “Ostatuak irekitzeko udalak daukan arautegiak dio ezin direla ostatuak jarri azpian etxebizitza duten lekuetan; soilik lehen solairuan jar daitezke, beraz. Baina epaiak kontrakoa dio, Parte Zaharrak plan berezi bat duela”. Hori dela eta, plan berezian aldaketa bat martxan jarri du udalak, “mugak jartzeko”. Gurrutxagak dio kontziente direla Parte Zaharrean turista asko pilatzen dela, eta, horren aurrean, estrategia bat landu nahi dute: etortzen den turista hirian gehiago banatzea, beste tresna batzuen bidez. “Adibidez, plana alda daiteke, eta, tabernekin bezala, beste gauzekiko ere saturatua dagoela adierazi; horrela, ostatuak-eta beste toki batera eraman ahalko lirateke”.

Komertzioari dagokienez, turistentzako dendek saltoki tradizionalak “ezereztu” egiten dituztela salatu du De la Fuentek. Alde horretatik, udalak “arduraz” ikusten du Donostia bi eremutan banatuta egotea: “Merkataritza mundua erdialdean dago, eta ostalaritza eta horri lotutakoa batez ere Parte Zaharrean. Beste elementu batzuk sortu behar dira turismoa hirian zehar zabaltzeko”.

Parte Zaharreko zarataz iaz egindako ikerketan, hainbat neurri proposatzen zituzten, eta, Gurrutxagak dioenez, udala horietako batzuk hartzen ari da. “Lehen aipatutako kanpaina da horietako bat. Uste dugu emaitzak ekarri dituela, baina ez da neurri nahikoa”. Horiez gain, ikerketak honako hauek aipatzen ditu: edaria kalera ateratzeko joera kontrolatzea, terrazetan elementu fisikoak jartzea zarataren inpaktua gutxitzeko, kalea garbitzeak sortzen duen zarata gutxitzea, eraikinen isolamendua…

Tabernetan eta horien kanpoan sortzen den zarataz gain, garbitzeko zerbitzuarena aipatu du mahai ingurura bertaratu den entzule batek. Gurrutxagak azaldu duenez, zaila da denbora gutxian kaleak ondo jartzea. “Santomasetan begiratzen duzu goizeko seietan nola dauden kaleak, eta zortzietan nola dauden, eta eskertzekoa da. Onartzen dizut kasu askotan zarata eginez lortzen dela. Beiraren bilketaren kamioiak sekulako zarata egiten du, eta hor badago zeregina”.

Zarata eta osasuna

Zaratak osasunean eragin ditzakeen kalteei erreparatu die Marta Barandiaran osasun arloko profesionalak. Osasunaren Mundu Erakundeak emandako azalpena jarri du abiapuntu: “Osasuna ez da gaixotasunik eza bakarrik, baizik eta ongizate mental, fisiko eta soziala. Zaratak bizi kalitatean eragiten du, gure jarduerak eragozten ditu, kontzentrazioa oztopatzen du, loa…”. Baina nola eragiten du zaratak gaixotasuna? Piramide batekin irudikatuko du: “Piramidearen azpian ondoeza dago; hori jende askok jasaten du, tentsioa igotzen da, taupadak igotzen dira, kolesterola…Horiek arrisku faktoreak dira, eta faktore horiek izanda, gaixotasuna sortzen da: loaren asaldura eta gaixotasun kardiobaskularrak.

Loaren asaldura errusiar panpinekin alderatu du: “Zaratatik gaixotasuna dator, horietako bat loaren asaldura da, eta asaldurak gaixotasunak sortzen ditu”. Barandiaranek dioenez, loa behar biologiko bat da, eta epe luzean lo ez eginda asalduak gertatzen dira: jarrera nahasmendua, lan etekinak murriztea, nekea, kontzentrazio arazoak, depresioa, antsietatea, loditasuna… “Azkenik, hilkortasuna igo egiten da”.

Baina, zer zarata maila behar da osasunean kalteak eragiteko? Ideia bat egiteko: moskitoaren zaratak 20 dezibelio ditu. “0-30 artean ez dago eraginik; 30-40 artean badu eragina, baina gutxi; 40-55 artean kalteak sortzen ditu, eta jende askok bere bizimodua moldatu behar du horri aurre egiteko; eta 55tik aurrera, arriskutsuak dira”. Barandiaranek dioenez, “talde ahulenak” haurrak, jende heldua, haurdun daudenak, gaixoak eta txandatan lanean dabiltzanak dira.

Osasunaren Mundu Erakundeak gaueko zarataren muga 40 dezibeliotan jarria du. “Donostiako Parte Zaharrean askotan 65etik gora dabil. Izan beharko litzatekeenaren kontra doa: arratsaldean, zaratak jaisten joan beharko luke, eta are gehiago gauean”.

Bilbo eta Iruñeko kasuak

Donostiako egoeraz gain, Bilboko eta Iruñekoak ere aztertu dituzte. Bilboko Bihotzean auzo elkarteko kide da Javi Rodriguez. 21 urte daramatza Alde Zaharrean bizitzen, eta “legerik gabeko toki baten moduan” gogoratzen du hara bizitzera joan zenean, ostegunetik larunbatera, batik bat. “Ezin zen auzoan bizi”. 2003an elkartu ziren, eta udal garbiketaren zaratari lotuta Estrasburgok emandako sententzia bat hartu zuten oinarri. “Sententziak zioen kalteak ez zirela bakarrik materialak, baizik eta immaterialak, zaratak, usainak eta abar. 2006ra arte borroka egin genuen, eta lortu genuen kale zurruta Alde Zaharretik kentzea”. Egun arazoa ostalaritzak ekartzen die, krisi garaian komertzioak utzitako lokal asko okupatu baititu. Merkatariekin kanpaina bat hasi zuten iaz, eta udalarekin bildu ziren. “Udalak esan zigun plan berezi batez erregulatu daitekeela ostalaritza. Orain arte ipuin bat kontatu ziguten, baina zirrikitua topatu dugu, eta aprobetxatu egingo dugu”.

Iruñean, bi arazo nagusi dituzte, Morenok azaldu duenez: ostalaritza eta gaueko aktibitatea. Dioenez, Alde Zaharra saturatuta zegoen ostalaritza lizentziekin, baina krisia iristean, kendu egin zen muga: hainbat lizentzia eman zituzten “tranpa txikiak” eginez. Aldaketa ikusten du egungo udal gobernuarekin: “Lehen, ez ikusiarena egiten zen araudiarekin. Oraingoek etenaldi bat ezarri zuten: eskatuta baina eman gabe zeuden lizentziak geldiarazi zituzten; plan bat lantzen ari dira eragileekin…”. Bost elkarte dabiltza alde zaharreko auzotarren eskubideen alde; festa batzordea, adibidez, praktika onen protokoloa lantzen ari da. Bizilagunen elkarteak hainbat ekintza antolatu ditu: “Araudian sinisten dugu, baina baita heziketan ere”.

“Kick boxingean kirol lege handia dago, elkar jo arren” »

Julene Frantzesena
Joan zen larunbatean Sevillan (Andaluzia, Espainia) izan zen Ainara Torvisco (Azpeitia, 1992), Espainiako Kick Boxing Txapelketan lehiatzen. Ilusioz joan, eta sentipen gazi-gozoarekin itzuli da herrira, nahiz eta urrezko domina kolko…

Talentua katapultatzera doaz »

Maite Alustiza

Objektu pisutsuak jaurtitzeko erabiltzen zen garai batean katapulta. Objektu handiak artista gazteengatik ordezkatu ditu Katapulta egitasmoak, eta martxan jarri du musika eta arte eszenikoen zirkuitua Gipuzkoatik. Lurralde osoan 80 emanaldi, tokiko hamasei musika talde, nazioarteko hamabi talde, eta arte eszenikoetako zortzi konpainia ikusteko aukera izango da urte osoan.

Artista erdiprofesionalak aukeratu dituzte, hau da, profesional izatera iristeko proiekzioa dutenak. Katapultagarri hitza erabili du Imanol Goñez Alconek, Katapulta plataformako kideetako batek. “Ez da jende amateurra, dagoeneko maila bat daukan jendea da, eta aurretik lan asko egin ez duena. Lan guztia egin baduzu eta ez baduzu lortu ia ezer, guk ezer gutxi egin dezakegu”. Bat dator plataformako Idoia Aizkorreta Urkizu: “Artista gazteak dira, ahalik eta profesionalenak, eskarmentua dutenak”.

Artista gazteei babesa ematearekin batera, “berriro dinamismoa” eman nahi diote herrialdeari, Goñezek dioenez: “Kontzertuen aldetik-eta nahiko geldi dago, orain dela 15-20 urterekin alderatuta. Uste dut batik bat belaunaldi berriengatik dela. Gazteei orain kosta egiten zaie arteari irekitzea; egiten dutenek pasio handiz egiten dute, baina gainontzekoek bestelako jakin-nahiak dituzte”. Dioenez, kontzertu motaren araberakoa da, baina normalean publikoa 30 urtetik gorakoa izaten da. “Hogei urteko gazteak ez dakigu non sartzen diren. Hori ere bada gure helburua sortzaile gazteak aukeratuta”.

Zirkuitua osatzeko, Katapulta plataforma elkarlanean aritu da Gipuzkoako Diputazioarekin, Kutxa Kulturrekin eta Donostiako Jazzaldiarekin. Jazzaldiak lau banda aukeratu ditu, Kutxa Kulturrek sei, diputazioak beste sei, eta Katapultak beste horrenbeste. “Saiatu gara 30 urtetik beherakoak izaten, baina musikan konturatu gara ez direla asko izan, edo batzuek agian ez zutela mailarik, edo ikusi dugu batzuetan hobe zela hurrengo urtera itxarotea diskoa aterako dutelako eta komeni zaielako”. Arte eszenikoetan ere, gehiengoa 30 urtetik gorakoa aurkeztu da; atal horretan zortzi talde aukeratu ditu plataformak. Hala ere, aukeratuak izan edo ez, deialdira aurkeztu diren taldeak artxiboan gordeko dituzte, eta tartean aukerarik sortzen bada talderen batek nonbait jotzeko-edo, hori erabiliko dute.

Katapulta zirkuituaren barruan, bi ataletan antolatu dute programa. Batetik, Gaztemaniak zirkuitua dago. Urteak daramatza martxan, eta profesionala da. Aurten hamabi kontzertu izango dira. “Gehiengoa nazioarteko artistak dira, eta horiei hasierako talde bezala gehituko zaizkie beste zirkuituko artistak. Modu bat da talde profesional bat ikustera doan jendeak ere ikus dezan hasten ari den taldea”. Bestetik, zirkuitu erdiprofesionalean, bandak eta arte eszenikoetako taldeak daude. “Hiru saio egingo ditu bakoitzak. Musikan, bikoteka joko dute, bi kontzertu elkarrekin, eta beste bat talde profesionalarekin”.

Kontzertuen egutegia zehaztu gabe dute oraindik. Taldeekin hitz egiten ari dira ea noiz dauden okupatuta eta noiz ez, eta aretoekin ere berdin: “Areto askok udarara arteko programazioa egina dute. Apur bat berandu hasi gara, eta ziurrenik saio gehienak uda eta gero izango dira, irailetik aurrera”.

Euskaldunak ingelesez

Hizkuntzari dagokionean, oreka bilatzen saiatu dira, baina konturatu dira talde gehienek ingelesez abesten dutela. “Talde euskaldunak dira, baina ingelesez kantatzen dutenak”. Eszenikoetan, batzuek mistoa egiten dute, baina gehiengoa gazteleraz ariko da, edo hizkuntzarik gabe.

Espazioek ere eragina izan dute aukeraketa egiterakoan. “Adibidez, dantza proposamenak zeuden, baina eszenatoki jakinak behar zituzten, eta ezinezkoa da. Horregatik zentratu gara gehiago bakarrizketetan, mikroteatroan, performancetan, magian…”. Dagoeneko programatzen zuten espazioak hautatu dituzte, horiek ere bultzatzeko. “Helburua da artistak bultzatzea, baina baita espazioak ere. Apustua egingo dutenak, ekipo bat izango dutenak, publizitatea egingo dutenak… azken finean, dena emango dutenak”. Era berean, “Gipuzkoa sakonean” sartu nahi izan dute: Arrasate, Oñati, Azkoitia, Azpeitia…

Lurraldeko toki ezberdinetan jo ahal izatea aukera ezin hobea da Izarorentzat. Izaro Andres Zelaieta da taldeko abeslaria, eta zirkuiturako aukeratutako artistetako bat. “Errekonozimendu bat da batetik; esatea zure lana interesatzen dela eta gehiago ezagutzera ematea nahi dutela, losintxa bat da guretzat. Bestetik, kontzertu gehiago emateko aukera oso ona da; eurek antolatuta guk lan hori kendu egiten dugu, gainera, beste taldeekin elkartzen gaituzte…”.

22 urte ditu, eta orain dela urtebete hasi zen bakarlari moduan. Bakarrik jotzen zebilela Oriol Flores ezagutu zuen, eta Iker Lauroba gero. “Horrela hasi ginen nire abestiak janzten. Hortik aurrera zazpi bat kontzertu eman ditugu taldean, oso oso pozik gaude”. Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez abesten dute, eta martxan dute finantzaketa kolektiboko kanpaina bat, diskoa pagatu ahal izateko —izaromusika.com—. “Irailean irtengo da diskoa, eta lau egunetan %50 lortu dugu. Katapulta bezalakoek asko laguntzen dute hedabideetan bisibilitatea izateko ere”.

Gauza kuriosoa gertatu zaio: diskoa atera aurretik, jendeak abestiak kontzertuetan ikasi ditu. “Hori oso polita iruditzen zait, ikusten joan dira nola aldatu diren abestiak bakarrik jotzetik taldean jotzera eta gero diskoan egongo den horretara. Inbutu bat egin behar izan dut diskoan 12+1 abesti bakarrik sartzeko”.

Orain arte egindako bidean zortea izan duela dio. “Ez dakit dena zortea den, baina zati handi bat bai. Toki askotatik deitzen didate eta kontzertu dezenterako, baina beste maila batean, toki txikiagoetan, tabernetan-eta. Finantziazio gabekoak dira asko, eta egia esan, dirua galtzen duzu”. Baina, orokorrean, oso zaila ikusten du kontzertuak lortzea: “Deika eta deika ibil zaitezke, eta jendeak ez du esfortzurik egin nahi ez finantziazio aldetik, ez ekipoaren aldetik… Konpromiso hori lortzea oso garrantzitsua da”.

Goñezek zioenaren ildotik, Izarok ere entzule gazteen falta sumatzen du: “Talde txiki asko daude, baina gazteak ez dira ateratzen. Ni gaztea naiz eta nire publiko ia dena ere ia 30 urtetik gorakoa da. Zortea dut nahiko jende gazte ere badagoelako, baina falta da atentzio bat publiko horren partetik. Falta dira gehienbat talde euskaldunak, ahal dutenak publiko hori gozatu”. Aurrera begira, kontzertuak ematen jarraitu eta profesionalizatzea gustatuko litzaioke.

Katapulta plataforma

Katapulta plataforma 2011n hasi zen egosten, eta 2013tik dabil martxan. Buenawista Prolleckziom’s irabazi asmorik gabeko elkartetik dator ideia. 1988tik ari dira lanean, Donostiako Buenavista auzoan, punk-rock eszenaren barruan. “Musikariez gain beste gauza batzuk ere bagara: argazkilariak, arkitektoak… Horregatik, artista asko ezagutzen ditugu, eta hortik sortu zen ideia. Ikusi genuen zenbat denbora galtzen den boloak bilatzen, eta beharrezkoa zela horretan babestuko zintuen zerbait egitea”. Arlo ugaritan dabilen jendea izanik, bestelako euskarriak ere erabiltzen dituzte artistak promozionatzeko, Aizkorretak azaldu duenez: “Bideo bat egin diegu artistei, euren lana erakutsiz. Konturatu gara lana erakusteko modurik onena bideo bat dela”.

Plataformaren asmoa da sortzaile mota ezberdinak babestea. “Besteengandik bereizten gaituena da guk bilatu egiten ditugula artistak, normalean gu joaten gara eta beraiekin zerbait egiten dugu”. Katapulta plataformaz gain, Buenawistan Musika Gela ere badute. Intxaurrondon eta Egian dauden entsegu lokalak dira, Donostia Kulturarenak, baina eurek kudeatzen dituzte.