Saskibaloiarekiko ilusioa berreskuratzera »

Eider Bereziartua

Retabet.es Gipuzkoa Basket taldeak Urrezko LEB ligan jokatuko du 2016-2017ko denboraldian. Azken zortzi denboraldiak Espainiako goreneko mailan, ACBn, jokatu ostean, azkenengoan maila galdu zuen talde donostiarrak. Udara osoan “ziurgabetasunak” inguratu du taldea, eta hainbat iskanbilatan murgilduta ibili da kluba. Zalantza eta zurrumurru askoren ondoren, bigarren mailara itzuliko da Gipuzkoa Basket. Orain, Illunbeko Donostia Arena alde batera utzi, eta Gaska kiroldegian arituko dira gipuzkoarrak. Apurka-apurka berriro goraka egitea du taldeak helburu.

Irailaren 30ean hasiko du liga GBCk, baina duela hilabete ingurutik ari dira lanean lehen partidara “ahalik eta ondoen” iristeko. Gainera, bihar eta etzi, Euskal Kopa jokatuko dute, Azpeitian, LEB mailan aritzen diren gainontzeko hiru euskal taldeen aurka: Sammic ISB (Azpeitia), Zornotza saskibaloi taldea (Zornotza, Bizkaia) eta Saenz Horeca Araberri (Gasteiz). Denboraldia ondo hasteko denboraldi-aurrea “sentipen onarekin” amaitzea garrantzitsua dela esan du Francisco Javier Oyon Bully-k (Donostia, 1987), Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile laguntzaileak. Ondorioz, “kopa irabazteko asmotan” doazela gaineratu du.

Hiru jokalari gipuzkoarrek jokatuko dute probintziako lehen taldean: Xabier Orozek (Azkoitia, 1996), Lander Lasak (Tolosa, 1988) eta Julen Olaizolak (Donostia, 1993). Hala ere, Bullyk azpimarratu du “proiektu gipuzkoarra” dela. “Entrenatzaile nagusia kenduta [Porfi Fisac espainiarra], gainontzeko talde teknikoa Gipuzkoakoa da. 11 jokalarietatik hiru dira bertakoak, eta hori ehuneko handia da. Gainera, denboraldi-aurrean beste bost jokalari gipuzkoar ere gurekin izan dira entrenatzen”.

“Gustura” hartu dute hiru jokalari gipuzkoarrek Gipuzkoa Basketen jokatzeko berria. Hala ere, bakoitzaren kasua desberdina da. Esate baterako, Lasa goi mailako saskibaloian jokatutakoa bada ere, EBA mailan aritu zen joan den denboraldian, Tolosako taldean. Orain, bi maila gorago ibiliko da. “Oso pozik nago”, adierazi du tolosarrak: “Beti gustatu zait goi mailako saskibaloia, eta Gipuzkoako talde bateko partaide izatea goraipatzekoa da”. Olaizola ere ados dago Lasarekin: “Niretzat pribilegioa da hemen egotea. Haurra nintzenetik miretsi izan dudan klubeko kide izatea saria da”. Donostiarraren bosgarren denboraldia izango da Gipuzkoako lehen taldean. Orozek, berriz, lehen aldia izango du GBCko jokalari gisa. Azken urteetan, Iraurgi Saski Baloiarekin Zilarrezko LEB mailan jokatu du azkoitiarrak, nahiz eta askotan izan zen Gipuzkoa Basketi laguntzen —taldearekin entrenatu eta aritu izan da—. “Esperientzia berria hasteko gogoz nago. Horrelako talde batean ikasten jarraitzea aukera ona da”.

Bakoitza bide desberdinetatik iritsi den arren, orain taldekideak dira, eta Lasak dio emaitza onak lortzeko guztiek “familia bat bezala” izan behar dutela. Olaizolak uste du horretan “plusa” eman diezaiokela taldeari: “Bertakoa naiz ni, eta taldekideei ahal dudan guztian lagundu behar diet”. Horrez gain, tolosarrak dio “talde borrokatzailea” izan behar dutela; “defentsatik abiatuta borroka egin behar dugu”.

Olaizolak esan duenez, ondo ari dira entrenatzen, eta, “apurka-apurka”, aurrera doaz. Entrenatzaileak ere iritzi bera du: “Denboraldi-aurrean nahiko lan ona egin dugu. Taldea ondo ari da erantzuten”. Oroz ere itxaropentsu agertu da denboraldiari begira: “Elkarrekin ez dugu orain arte inoiz jokatu, eta elkar ezagutzeko pixka bat falta zaigu oraindik. Hala ere, itxura ona hartzen diot taldeari. Etortzen diren gazteak ongi etorriak izango dira.

Denboraldirako helburuez hitz egitean, ordea, ez daude hain ziur. “Ez dakit gainontzekoek nolako taldeak osatu dituzten”, esan du Orozek. Lasak liga hori “oso gogorra” dela azpimarratu du: “Ez dago lehen posturako faborito nabarmenik: oso liga borrokatua da”.Olaizolaren ustez, partidaz partida joatea da gakoa. Entrenatzailearen esanetan, ordea, lehen helburua afizioa berriro “Gipuzkoa Basketez bustitzea” da: “Ahal dugun guztia egingo dugu Gipuzkoako jarraitzaileek saskibaloiarekiko ilusioa berreskura dezaten”. Guztiak ados daude horretan: “Jendea gurekin identifikatzea nahi dugu. Zaleak ostirala iristeko gogoz egon daitezen lortu behar dugu”. Uste dute horren gakoa partidaz partida borroka egitean datzala.

Gipuzkoako harrobia

Gipuzkoa Basket klubaz gain, maila bat beherago, Azpeitiko Iraurgi Saski Baloi taldeak jokatzen du. Espainiako hirugarren maila horretan emaitza onak lortu dituzte azpeitiarrek azken urteetan. Horrez gain, harrobiko lehiaketetan emaitza ezin hobeak lortu izan dituzte Gipuzkoako taldeek azken urteotan. “Lehen ez bezala, orain entrenatzaile prestatu asko daude, eta horrek asko laguntzen du jokalariek ikas dezaten”, azpimarratu du Lasak: “Kalitate handiko jokalariak dauzkagu hemen, eta, egunero gogor entrenatu eta beren buruarengan sinesten badute, ziur nago Gipuzkoa Basketeko elastikoa jantziko dutela noizbait”.

Bullyk azaldu duenez, kluba Gipuzkoako saskibaloia indartzen saiatzen ari da. “Horretarako, hitzarmenak egin ditugu probintziako hainbat talderekin. Eliteko jokalari gehiago izango ditugu denborarekin”.

“Sekula baino hobeto sentitzen naiz taula gainean” »

Iñigo Otaegi

Aspaldidanik dabil bertsotan Unai Mendizabal (Zizurkil, 1992), nahiz bertsozaleentzat orain ari den ezagun bilakatzen. Lizardi sariko txapelaz, aurrera begirako asmoez, eta Harituz bertsozale elkarteaz hitz egin du.

Lizardiko txapela jantzi aurretik, nolako ibilia egin duzu bertso munduan?

12 urte nituela hasi nintzen bertsotan. Nire lehen txapelketa eskolartekoa izan zen, taldekako lehia izaten zena. Hurrena, eskolarteko banakako txapelketa izaten zen, baina segurtasun faltagatik ez nuen parte hartu. Halaber, bertso eskolan jarraitu nuen, eta denbora aurrera zihoan heinean, inguruan abesteko abaguneak sortzen hasi ziren. Ordea, eskolarteko banakakoan ez aritzeak gazteen sariketako kate horretatik aldendu egin ninduen; sariketa entzutetsuenetan sartzeko erakusleihoa baita eskolartekoa. Pena hartu nuen ez zidatelako deitzen, alabaina, gerora on egin didala deritzot. Izan ere, Mikel Artola eta Beñat Iguaran garaiz samar harrapatu zituzten sariketa horiek. Niri, ostera, sasoi hobean tokatu zait: 24 urte ditut, eta beste heldutasun batekin iritsi naiz sariketetara.

Lizardiko saioan nola sentitu zinen?

Epaileak aurrean egongo direla jakite hutsak aparteko urduritasuna jartzen du. Goizetik antzeman nuen gorputza ez zegoela egun arrunt bateko lasaitasunarekin. Hala ere, behin agurra abestuta, taula gaineko sentsazioak onak izan ziren. Nahiz umoreko bertsoaldiak nahiago ditudan, Lizardik gutxi izan zuen arinetik. Zortziko handian, Eli Pagola eta biok baleko ofizioa egin genuela iruditzen zait. Zortziko txikian, berriz, ez genuen jakin Maialen Akizuk eta biok elkar ondo ulertzen. Puntukako ariketan, dezente ondo aritu nintzen; baita seiko motzean ere Aitor Salegi lagun nuela, nahiz erreparoa nion teknikoki neurri zailena delako. Azkenik, bakarkakoan maitasunari kantatu nion; gai originala ez den arren, jendeak eskertu egin zuen umore printzak sartu izana, saioa serioa izan zelako hasi eta buka.

Agurrean, aitona gogoan hartuz, malkoak ia masailean behera joan zitzaizkizun.

Bai, nahikoa lan izan nuen eusten. Etxean izan den bertsozale bakarrenetarikoa izan da aitona, gertuen sentitu nuena. Behin, ikastolan bertso idatzien txapelketa antolatu zen, eta animatu nintzen. Aurrez sekula idatzi gabekoa nintzen, eta ez dakit errimatuta edo gabe zeuden, baina bigarren saria lortu nuen. Eskolan lanketarik egin gabe gai izan nintzen hala moduz bi bertso neurrian sartzeko; hori lortu nuen lehendik aitonari entzunda nengoelako. Zer egokiagoa Lizardiko txapela baino, aitonari eskaintzeko. Hasierako pausoa haren eraginez izan zen, nahiz gero bertso eskolan sakondu.

Erniarraitz eta Laboa ere irabazi dituzu, eta Gipuzkoako Txapelketan lan polita egin zenuen. Aspaldian ezagun zara bertsozaleentzat.

Ni ere harrituta nago izan dudan bilakaerarekin. Horren errudun nagusia Gipuzkoako Txapelketa izan da, ezbairik gabe. Harituz-en lan mardula egin genuen txapelketari begirako prestakuntzan, gustu handiz. Txapelketan asko antzeman da eginiko esfortzua, ez nigan bakarrik; Mikel Artola, Beñat Iguaran, Oihana Iguaran, eta Haritz Mujikarengan ere bai —nahiz emaitzek ez dioten asko lagundu—. Talde mailan koska bat gora egin dugu. Txapelketa honek neure buruarengan konfiantza handiagoa izaten eta urduritasuna kontrolatzen lagundu dit. Txapelketa honetako albisteetako bat izan naizela esan didate, eta sorpresa izateak plaza ugaritako ateak ireki dizkit; Lizardirena, besteak beste.

Harituz bertsozale elkargunetik, denbora gutxian, bertsolari on asko atera zarete.

Orain hiru urte-edo bildu ginen, lehen aldiz, eskualdean bertsotan aritzen ginenok. Bakoitza bere aldetik ibiltzen zen, eta elkarrengandik oso gertu bageunden ere, ez genuen orain dugun harreman esturik; Mikel Artolak esaten duen gisan, artxipelago batzuk ginen [barreak]. Konturatu ginen elkartzeko premia genuela, eta halaxe hasi ginen; ez bertso eskolen kontuagatik soilik, urte osoan bertsoaren bueltako ekintzak antolatzeko asmoarekin ere bai: bertso jarrien afaria, herrien arteko txapelketa, Pernando Amezketarra sariketa…

Talde osoa gara, ez bertsolariak soilik, gai-jartzaileak eta epaile lanetan jarduten dutenak ere badira. Lagun talde bikaina dugu, giroa ederra izan ohi da; finean, horrek eragin ditu gutako batzuen lorpenak. Gelan beti egon ohi da ikasleren bat ikasi gabe bikain ateratzen duena; hori ez da gure kasua: guk nota ona atera dugu, baina galtza bete lan eginda. Astean bitan edo hirutan biltzen ginen bertsotan aritzearren; paperean ez dugu asko idatzi, baina erratzaren kirtenetik kantatzen arratsalde andana igaro ditugu.

Etorkizunari begira, jomugarik baduzu?

Orain sekula baino hobeto sentitzen naiz taula gainean, konfiantzarekin. Lehen helburua bertso maila honi eustea da, eta plazetan gozatzen jarraitzea. Orain arteko nahia Gipuzkoako lehen fasea igarotzea zen. Ikusita finalerdietara ia pasatu nintzela, Euskal Herrikora sailkatzea izango litzateke jomuga; alabaina, ez dut horrekin itsutu nahi. Etorriko dira aukera gehiago.

Ondarearen Europako Jardunaldiak. Bidaia jatorrira, oraina ulertzeko »

Maite Alustiza

Migrazio mugimenduek arte eta kultura ondarean duten eragina ezagutarazi nahi dute Ondarearen Europako Jardunaldiek. Kontinenteko herrialde ugaritan ari dira egiten, eta, Gipuzkoan, 53 jarduera prestatu dituzte 22 herritan, irail eta urri bitartean. Gipuzkoako Aldundiarekin batera, EHUk ere parte hartu du antolaketan eta programazioan. Esaterako, Etxetik kanpotik Europa plazara erakusketa prestatu du. Urriaren 3tik 28ra irekiko dute, Donostian, Carlos Santamaria zentroan. Honako hauek dira aste honetarako proposamenak:

ASTIGARRAGA
‘Sagardo ibaiak, bizitza iturri’ erakusketa

Igandera arte, 16:00etatik 19:30era. Gipuzkoako bi ibai nagusiek, Urumeak eta Oriak, sagardoaren inguruko sekretu ugari gordetzen dituzte. Garai batean, bizilagunen komunikazioaren eta harreman ekonomikoen artikulazioa ahalbidetu zuten, eta garrantzia izan zuten Gipuzkoako garapen historikoan. Bi ibaion bazterretan, gainera, hamaika pasarte izan dira azken mendeetan: langileen greba bat XVIII. mendean, Ergobian (Astigarraga) ordaindu behar zen bidesaria, itsasoko lanei lotutako langileen soldataren zati bat sagardoarekin ordaintzen zenekoa…

Aldi baterako erakusketa ibiltaria da. Usurbilen eta Hernanin egon ondoren iritsi da Sagardoetxera, eta, 2017an, Donostiako Aquariumean jarriko dute.

BERGARA
Arte inportatua Jauregi etxeko erliebean

Bihar, 11:00etan. Ezohikoa eta berezia da Bergarako Jauregi etxea, bai eraikina bera eta bai dekorazioa. Erabilitako materialek eta teknikek egiten dute ezberdin, baina zein da jatorria? Horiek ezagutzeko, Jesus Muñiz Petralandak hitzaldia emango du, etxeak artearen historian duen garrantzia azaltzeko —gazteleraz—. Jarraian, bisita gidatua egingo dute. Bergarako udaletxean jarri dute elkartzeko tokia. Ez da aldez aurretik erreserba egin behar.

ERRENTERIA
Pista jokoa: bost ateen bila

Igandean, 10:30ean. Herriko gune historikoa ezagutzeko pista jokoa egingo dute, 5 eta 12 urte arteko haurrak dituzten familiei bideratuta. Jolasaren bidez, Erdi Aroa eta Aro Modernoa, Errenteriak itsasoarekin izan duen harremana eta euskaldunek itsasoan izandako tokia ezagutuko ahal izango dituzte. Ordubete iraungo du, eta udaletxeko arkupeetan hasiko da jokoa. Beharrezkoa da aurretik izena ematea: 943-44 96 10 edo archivo@errenteria.eus. Bihar, gazteleraz egingo dute jokoa, toki eta ordu berean.

Bisita gidatua: Errenteria itsas hiria

Bihar, 12:00etan. Errenteriako udaletxean hasiko da ibilbidea, eta ondare arkitektonikoak itsas iraganarekin daukan lotura ezagutu ahal izango dute parte hartzaileek: itsas merkataritzak herrian izan zuen eragina, herri harresiduna… Atlantikaldia kultur jaialdiaren barruan antolatutako ekintza bat da. Izena emateko: 943-44 96 10 edo archivo@errenteria.eus. Gaztelerazko saioa igandean izango da, leku eta ordu berean.

HONDARRIBIA
Hirigune historikora bisita

Bihar, 10:30ean (euskaraz) eta 12:00etan (gazteleraz). Leku estrategikoa izan da Hondarribia historian, eta merkataritza portu garrantzitsua izan zen. Arma plazatik atera, eta hiri harresidunetik ibilbidea eginez, herrian bizi izan ziren hainbat familiatan arakatuko dute. XVI. mendetik aurrera, jatorri ugaritako herritarrak izan dira han bizitzen: gaskoiak, ingelesak, italiarrak, frantziarrak… Nahitaezkoa da bisitarako aldez aurretik izena ematea: 943-64 46 23 edo armaplaza@armaplaza.eus.

IRUN
Bisita gidatua: Oiasso, muga eta kultur topagunea

Bihar, 12:00etan (gazteleraz). Erromatar garaiko aztarna arkeologikoak ezagutu ahal izango dira bisitan. 2.000 urte baino gehiago egingo dute atzera. Aztarnategien berri izateaz gain, Oiassoren garapena nolakoa izan zen eta identifikatutako hainbat espazio —portua, adibidez— deskubritu ahal izango dituzte. Oiasso Erromatar Museotik aterako da bisita. Beharrezkoa da izena ematea: 943-63 93 53 edo actividades. oiasso@irun.org. Prezioa: 2 euro.

ANDOAIN
Bisita gidatua: bi andoaindar, eliza bat

Igandean, 10:00etan. Aita Larramendik eta Agustin Leitzak herrian egindako lana ezagutzeko bisita izango da. Loiolan bizi zen Larramendi, eta Argentinan Leitza. Hala ere, Andoain presente zuten biek: baten kudeaketa lanei eta bestearen diruari esker, San Martin eliza eraiki zuten. Ibilbidea 09:45ean aterako da, autobusez, Goiko plazatik. 10:00etan geratu dira Garagorri baserrian, bere kabuz joan nahi duenarentzat, eta handik oinez abiatuko dira. Oinetako erosoa eramatea gomendatu dute. Izena emateko: 943-30 35 40 edo kultura1@andoain.eus.

TOLOSA
Bisita gidatua ‘Eroen ontzia’ erakusketara

Igandean, 12:00etan. “Errealitate garaikideko gaiak” biltzen ditu erakusketak, Topic zentroan. Joan Baixas katalanak sortu du, arte plastikoak eta txotxongiloak uztartuz. Txotxongiloekin ikuskizunak egiten aritu izan da Baixas bere ibilbidean, eta erakusketa bat ontzen duen lehen aldia da. Instalazioak, margolanak, objektuak eta liburuak jaso ditu. Bisita gidaturako taldeak gehienez hamabost lagunekoak izango dira, eta izena eman behar da aurretik: 943-65 04 14 edo cit@cittolosa.com. Erakusketa urriaren 2ra arte egongo da irekita.

DONOSTIA
Hitzaldia: ‘Bidrioaren jendea’

Asteazkenean, 19:00etan (gazteleraz). Beiragileen fabrikak XIX. mendeko lehen erdian agertu ziren. Ontziak behar zirela eta, portuetan herriko enpresariak beiragileak kontratatzen hasi ziren, eta, beste herri askotan bezala, Donostian ere gertatu zen. Brunet anaiek Miquelete izeneko sagardoarentzat botilak egiten zituzten, eta fabrika bat ireki zuten. Hamar urte besterik ez zuen iraun, ordea. Beiragileek euren familiakoei bakarrik erakusten zizkieten teknikak, eta, horregatik, jarraitu ezinda geratu ziren.

Koldo Mitxelena Kulturunean izango da hitzaldia, Genvitrum elkartearen eskutik. Ordubete iraungo du. Informazio gehiagorako eta erreserbak egiteko: 648 19 85 16 edo jaramberri@i2basque.es.

[Herriz herri] Elgeta. Espaloia ez dago memorian soilik »

Maite Alustiza

Urriaren 4an 80 urte beteko dira tropa frankistak, Bizkaia konkistatzeko ahaleginean, Elgetara heldu zirela. Frankistei aurre egiteko, Intxorta mendiaren inguruetan batu ziren hainbat gudari eta miliziano. “Erreferentzia gune bat izan zen Elgeta. Handik hiru egunera, Lehen Eusko Jaurlaritza osatu zen”. Memoria historikoaren gaian lanketa sakona egiten ari dira herrian, eta Iraitz Lazkano alkateak azaldu duenez, gertatutakoa gogoratzeko eta salatzeko lana egingo dute aurrerantzean ere. Besteak beste, Intxortako Erresistentzia Eguna egin zuten apirilean, emakume erresistente eta errepresaliatuak omenduz. Horrez gain, urte osoan Intxortako gunean bisita gidatuak antolatzen dituzte, hileko lehen eta azken igandeetan. Ibilbidea Espaloia kafe antzokitik abiatzen da, eta bost kilometroko bide tematikoa egiten dute oinez, frontearen xehetasunak ezagutzeko. Memoria historikoari lotuta ere, Argentinako kereilan “konprometitu” da udala. Udako oporrak hartu aurreko azken osoko bilkuran, frankismoaren krimenen aurkako kereila jartzea adostu zuten udalbatzako bi alderdiek —EH Bilduk eta Gu Geu plataformak—. “Erronka oso garrantzitsua izango da udalarentzat”, Lazkanoren arabera.

Kultur arloan, eskaintza “hobetu” nahi du udalak. Espaloia kafe antzokia “erreferente” izan da eskualdean. 2004an ireki zuten; azken urteetan, ordea, bide “gorabeheratsua” izan du. Aurreko kudeatzaileak apirilean utzi zuen aretoa, eta uneotan ekintza puntualak egiteko bakarrik irekitzen dute. Baina berriro martxan jartzeko bidean da. Kudeaketarako proposamenak aurkezteko epea ireki zuen udalak, bukatu da epe hori, eta proposamen bakarra jaso dute. “Hori aztertzen ari gara, eta espero dugu urri bukaerarako martxan hastea”. Lazkanorentzat “idealena” litzateke kultur eskaintza eta ostalaritza emango dituen zerbitzu bat osatzea. “Elgeta herri txikitxoa da, eta asko aportatzen dio Espaloiak”. Jaso duten proposamenak bi zerbitzuak biltzen ditu.

Euskararen alorrean, “Euskal Herriko arnasgune gehienetan bezala”, beherakada nabaritu du Lazkanok azken urteetan, bai jakintzan, eta baita erabileran ere. Euskara sustatzeko, hainbat ekintza egin dituzte herrian: Elgetan Berbetan mintzalagun egitasmoa legealdi honetan abiatu dute, adibidez. Herritik kanpo euskara ikasteko diru laguntzak ere badituzte. Bihar festa dute herrian: Euskaltzaleen Eguna egingo dute, Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta.

2009tik Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da Elgeta. Uztail bukaeran lankidetza hitzarmena sinatu zuen Uemak finantza erakundeekin, eta, horri esker, Elgetako Kutxabankeko bulegoetan euskara lehenetsiko dute aurrerantzean. Langile elebidunak jarriko dituzte, eta euskara erabiltzea sustatzeko neurriak hartuko dituzte.

Udal mailakoak

Bi milioi eurotik gorako zorra dauka udalak ordaintzeko, hainbat kalte-ordainekin lotuta. Pasa den asteko osoko bilkuran, birfinantziazio plan bat onartu zuten, aho batez. Ordainketa horiei aurre egiteko, Kutxabankekin duen zorra epekatuko du udalak: ordainketa epea hamalau urtera zabaltzea proposatu du. Beste gastu batzuetarako, beraz, “aukera oso murritza” geldituko zaio udalari. Egitekoen artean ditu argiteri publikoa berritzeko LEDak jartzea eta futbito kantxa konpontzea. Segurtasun hobetzeko, eskolako jolasguneko hesien altuera handitzeko lanak egin berri dituzte —120 umek hasi dute ikasturtea dagoeneko—.

Hondakinei dagokienean, herritarrak zoriondu ditu Lazkanok. Txipa duten edukiontzi bidez biltzen dute, eta %80ko birziklatze tasara iritsi dira —apirilean %81,04 izan zen; maiatzean %83,21—. Dena den, maiatzean errefusaren edukiontzietatik hartutako lagin bat karakterizatu zuten, eta ondorioztatu dute errefusan biltzen denetik “%20 baino ez” dela errefusa, bestea birziklagarria dela. “Kontzientziazioa bultzatu behar dugu, jendeari egiteko erraztasunak eman, eta inportantea da ingurumenean ez ezik, ekonomikoki daukan pisua azaltzea. Errefusaren kudeaketa oso garestia da”.

[Museora] Burdinbidearen Euskal Museoa. Ikusteko bai, ibiltzeko ere bai »

Eider Goenaga Lizaso

Abuztuan heldu zen Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museora azkeneko pieza. “Motor elektrikoa duen automotor bat da, 1928an eraikia. 88 ditu, eta duela bi urte arte zerbitzuan izan dute. Lehenik, Bilboko Transportes Urbanos enpresan bidaiariak eramaten zituen, eta azken urteotan Bilboko metroan erabili dute, barne zerbitzuetarako. Euskotrenen tailerretan zaharberritu zuten, eta gurean daukagu orain”. Juanjo Olaizola zuzendariak (Donostia, 1965) dioenez, trenaren museoa museo bizia da.

Lehorra, ez txarra eta ez ona »

Uda lehorra izan da, eta bero handiko egunak ere ugari izan dira. Horrek eragina du baserrietan; ganadua duten baserritarrentzat eta baratzetik bizi direnentzat, ordea, oso ezberdina izan da uda honen eragina: ganaduzaleak kezkatuta daude; baratzeek, berriz, produkzio oparoa izan dute. - Irakurri gehiago...

Nolako Emakumeen Etxea nahi duten erabakiko dute Hernanin »

Maite Alustiza

Berdintasuna eta feminismoa bultzatzeko “erreferentziazko guneak” dira Emakumeen Etxeak. Hala uste du Garazi Etxarri Hernaniko Berdintasun zinegotziak: “Mugimendu feministaren eskakizun historikoetako bat da, baita Hernanin ere”. 2013tik Plaza Feminista daukate herrian. Eraikin publiko bat da; Berdintasun Saila han dago, eta herrian lan egiten duten eragile ugari biltzen dira: Bilgune Feminista, Gizon Taldea, Plax gazteentzako aholkularitza zerbitzua, emakumeentzako jabetza eskolak… Gune hori, ordea, txiki geratu zaie, eta beharrei erreparatuta erabaki du udalak Emakumeen Etxea sortzea: “Egun herrian dagoen mugimendu askotarikoa handituz joan den heinean, emakumeen etxe baten beharra azaleratu da”.

Etorkizuneko Emakumeen Etxea definitzeko, parte-hartze prozesu bat martxan jarriko du udalak. Dagoeneko zehaztuta daukate zein izango den eraikina: Gabriel Zelaiako aurreko eraikina, Elizatxo ikastola izandakoa, Florida auzoan. Prozesuaren antolaketan Aztiker soziologia ikergunea ari zaio laguntzen udalari, eta, Maitane Basterretxea teknikariak azaldu duenez, irailaren 24an jarri dute prozesuaren abiapuntua. Egun horretarako Emakumeen etxea, espacio para la igualdad jardunaldia antolatu dute: “Gaia herrian sozializatzea da jardunaldiaren helburu nagusia. Gaia herrian plazaratzea eta agenda publikoan txertatzea. Beste herri batzuetako esperientziak ezagutzeko aukera ere izango da jardunaldietan”. Adibidez, Arrasateko, Ermuko eta Basauriko (Bizkaia) esperientzien berri emango dute irailaren 24ko saioan.

Urritik urtarrilera arteko parte-hartze prozesua hiru fasetan gauzatuko dute; orotara, sei-zortzi saio izango dira. Lehenengo, urrian, espazio berriaren izaera eta ezaugarriak definituko dituzte, bi tailerren bitartez. Horietan, beharrak identifikatuko dituzte, eta beharrizanei erantzuteko zerbitzuak zerrendatu.

Lehen fase horren ondoren, azaroan eta abenduan, helburuei egokitutako espazioaren antolaketa zehaztuko dute, bai eraikin barruko antolaketa eta bai ingurukoa —auzolanerako aukerak ere aztertuko dituzte—. Eta, azkenik, funtzionamendua eta arauak finkatuko dituzte —etxea noiz egongo den irekita, zein elkartek izango duten presentzia…—. Otsailerako etxea definitua izatea espero dute, eta hortik aurrera hasiko dira espazioa egokitzen. Etxarrik azaldu duenez, haien asmoa da “ahalik eta gehiena” auzolanean egitea.

Udalarekin eta Aztikerrekin batera, 15-17 herritarreko talde bat ari da parte hartzen prozesuaren diseinuan. “Adin eta profil ezberdinekoak” dira, eta tartean dira mugimendu feministako kideak, beste hainbat elkartetako lagunak, baina baita “interesa azaldu duten norbanakoak” ere. Taldea nahi duten guztiei irekita dagoela gogorarazi du Basterretxeak.

Ikusten ez denaz, langileekin »

Olatz Mitxelena

Euskotrenek astelehenean inauguratu zuen Altzako geltokia, Irungo Arasoko egoitza berria zabaltzearekin batera. Arasokoa Euskotrenen Gipuzkoako bigarren egoitza da —orain arte Donostiako Amara auzoan zuen egoitza bakarra Euskotrenek—. Eta egoitza berria zabaltzearekin batera, trenen maiztasuna ere handitu du. Aurrerantzean, 15 minutuz behin irtengo dira trenak Amaratik Irunera eta Irundik Amarara; eta 30 minutuz behin irtengo dira Zumaiarako trenak. Horrez gain, goizez, zerbitzu berriak eskainiko dituzte.

Euskotreneko langileak aldaketen berri izan zutenez geroztik ari dira borrokan, trenen maiztasuna handitzea euren lan balditzen kaltetan gerta ez dadin. Oraingoz, baina, ez dute eskatutakorik lortu, eta lanuzteak egiten ari dira. Aste osoan izan dira lanuzteak, eta hurrengo asterako ere antolatu dituzte.

Irune Zarate, Xabier Untzueta eta Esther Gonzalez greba batzordeko kideak dira. Beraiek azaldu dituzte langileen aldarrikapenak.”Euskotrenek ezarri dituen maiztasun berriak bermatu ahal izateko tren kopurua handitu du”, azaldu du Zaratek, eta horregatik eraiki dituzte instalazio berriak Arason, tren guztiak gordetzeko nahikoa leku izateko. Horrek, baina, tren gidarien lekualdaketa ekarri du. Langileek jakinarazi dutenez, lehen 66 tren gidari zituen Euskotrenek Gipuzkoan, eta, orain, horietatik hemeretzi geratu dira Amaran, eta beste guztiak Arasora lekualdatu dituzte.

Irunera lanera joan behar duten langileentzat Euskotrenek garraioa berma dezan eskatzen dute langileek.”Amara trenaren geldialdi komertziala da, eta langileek ez zuten lanera joateko inolako eragozpenik. Trenean bertan joaten ziren”, azaldu du Untzuetak.

Arason, ordea, trenak ez du geldialdirik, eta hor sortu da lehen eragozpena: “Langileek trenari geratzeko eskatuz gero arazorik ez zela egongo esan ziguten hasieran, baina, uztailetik negoziazioak apurtuta daudenez, enpresak ez du ezer egin, eta denek gure autoarekin joan behar izan dugu lanera”.

Asteburuetan, jai

Lanera joateko garraioa lortzea, hala ere, ez da aldarrikapen nagusia. “Lantaldea handitzea, tren gidari gehiago kontratatzea gure asteburu libreen kopurua mantentzeko, hori da gure aldarrikapen nagusia”, argitu du Gonzalezek. Izan ere, astelehenetik ostiralera ordutegi bera izango duten arren, larunbat gehiagotan lan egin beharko dute aurrerantzean. “Larunbatetan, lan txanda askoz gehiago izango dira, eta jende gehiagok aritu beharko du lanean, enpresak proposatutako lantaldearen handitzearekin ez delako nahikoa orain arte libratzen genituen asteburuak libratzen jarraitu ahal izateko”.

Bereziki kezkatuta daude gai horrekin. “Kontuan hartuta guk urteko egun guztietan egiten dugula lan, eta oporrak sei txandatan ditugula, lana eta familia kontziliatzeko aukera bakarra asteburuetan dugu”, nabarmendu dute.

Negoziazioak etenda

Euskotrenek “inposizioaren” aldeko hautua egin duela salatu dute langileen ordezkariek, eta jakinarazi dute uztailetik negoziazioak “apurtuta” daudela: “Azken bilera eduki genuen uztailean, eta esan ziguten eskertzen zutela gure lan guztia eta gure proposamenak, lan ona egin dugula, baina ezetz esateko unea zela”, gogoratu du Untzuetak.

Enpresari langileekin esertzea “asko kostatu” zaiola uste du Zaratek: “2015eko irailetik ari gara enpresari bilerak eskatzen, baina aurtengo maiatzera arte ez dira eseri”. Langileak mobilizatzen hasi eta gero lortu zuten lehenbizikoz enpresarekin biltzea.

Langileek aspalditik zekiten Arasora lekualdatuko zituztela, eta trenen maiztasuna handitu behar zutela jakin zutenean ekin zioten biltzeari, “aldaketekin kezkatuta”. Batzar horietan definitu zituzten langileen eskaerak, eta enpresari helarazi. Oraingoz, baina, ez dute bat bera ere onartzerik lortu.

Apirilean hasi ziren mobilizazioekin. Paskinak banatu dizkiete erabiltzaileei lanuzteak iragarriz eta beren aldarrikapenen berri eman asmoz. Horrez gain, elkarretaratze isilak egiten dituzte Amaran. Baina ez da nahikoa izan.”Ekainean enpresak eskatu zigun mobilizazioak bertan behera uzteko negoziazioekin jarraitzeko baldintza gisa”.

Langileek baldintza hura onartu zuten. Aitzitik, keinu hura ez dela aintzat hartua izan salatu dute orain langileek:”Horren truke, enpresak inposatu ditu koadroak, eta ateak itxi dio edozein akordiori”. Hori ikusita, Euskotreneko langileek mobilizazioei berriz ekitea eta lanuzteetara deitzea erabaki dute.

Herritik eta herriarentzat »

Eider Bereziartua
Haurren heziketa eta aisialdia “beste modu batera” egitea du helburu Herri Hezitzaileak egitasmoak. “Gaur egun dauden ereduetatik kanpo badaude beste praktika batzuk hori gauzatzeko”, azpimarratu du Amaia Etxabek (Arrasate, 1988), Txa…

Atlantikora, hiru oinen gainean »

Maite Alustiza

Errenteriako Atlantikaldia jaialdiak ardatz bat eta hiru oin dakartza: ardatza aniztasuna izango da, eta egitarauaren funtsa musikak, kultur jarduerek eta Tosta Herrixkak osatuko dute. Datorren ostegunetik hilaren 25era arte, ehun jarduera inguru prestatu dituzte herri osoan. Zerrenda luzea da: kontzertuak, erakusketak, dantza, gastronomia ardatz duten jarduerak, kirolarekin zerikusia dutenak, tailerrak, irteerak, azokak, ikastaroak, bideo forumak, kongresu bat…

Musika saioak Agirre lehendakariaren plazako karpa erraldoian egingo dituzte; bost dira, guztira. Laura Landa jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, “jaialdiaren izpirituari jarraiki”, hizkuntza, kultura eta jatorri ezberdinetako artistak elkarlanean ariko dira, bai nazioartekoak eta baita Euskal Herrikoak ere. Elkarrekin ariko dira, adibidez, Portugalgo Terrakota eta Euskal Herriko Bad Sound System. Reggae doinuak uztartuko dituzte hilaren 24an, larunbatarekin. Egun berean emango du kontzertua Chambao espainiarrak, Noemi Viana dantzari donostiarrarekin.

Atlantikaldiaren aurtengo bisitari berezia Tosta izango da. Donostia 2016ren enbaxada ibiltaria da, eta haren helburua tokian tokiko hizkuntzei balioa ematea da. Apiriletik, Atlantikoko hizkuntza komunitate gutxituetan barrena aritu da. Tosta Herrixkan askotariko jarduerak egingo dituzte; lau egunez, “Errenteriako auzo” bilakatuko da.

Honako hauek dira Atlantikaldiaren egitarauaren barruan aurki daitezkeen proposamenetako batzuk:

KEPA JUNKERA-CHET NUNETA
Irailaren 22an, ostegunean, 20:00etan

Jaialdiaren elkarlanetako bat da Kepa Junkerak eta Sorginek Chet Nuneta taldearekin aurkeztuko dutena. “Euskal Herriko trikitiak eta Frantziako ahots polifonikoak uztartuko dituzte”. Propio Atlantikaldirako sortu dute ikuskizuna, eta saio bakarra egingo dute. Horretarako, astebetez batera jardun dute entseguetan.

Junkerak eta Sorginek 2014. urte bukaeran kaleratu zuten elkarrekin egindako lehen diskoa: Trikitixaren historia txiki bat. Lan horrek Junkeraren 35 urteko ibilbidea laburbiltzen du. Geroztik, kontzertu ugari eman ditu trikitilariak zazpiko neska kuadrillarekin. Aurten bigarren lana plazaratu dute: Maletak.

Chet Nuneta taldea, berriz, 2006an eratu zen, Frantzian, Les EnchantEtues hirukoteak Michael Fernandezekin eta Lilia Ruoccorekin bat egin zuenean. Kanta tradizionalak abesten dituzte, polifonia eta musika nahastuz. “Hiltzear dauden hizkuntza berriak asmatzen dituzte”.

TOSTA BANDA
Irailaren 23an, ostiralean, 20:00etan

Hizkuntza gutxituak dituzten zazpi herrialdetako musikariek osatzen dute Tosta Banda: Galizia, Gales, Irlanda, Eskozia, Frisia, Kornualles eta Euskal Herria. Egitasmoa Atlantikaldiaren filosofiaren “adierazle garbia” da: herrialde guztiek dute Atlantikoa ezaugarri komun, eta elkarlanean jardun dute. Horren erakusle da Tosta Kanta. Mixel Ducauren gidaritzapean, zazpi herrialde horietako hizkuntzak bildu dituen abestia ondu dute.

Ostiraleko kontzertuan, bidelagun izango dute Sophie Stephenson dantzari eskoziarra. Orain dela hainbat hilabete egonaldi bat egin zuen Errenterian.

Egun berean, eta Tosta egitasmoaren barruan, Europako hizkuntza gutxituak elkarrizketan mahai ingurua antolatu dute, 17:00etan, Xenpelar Etxean. Tosta osatzen duten zazpi hizkuntza komunitateetako kideen arteko topaketa irekia izango da. Saioa euskarara itzuliko dute.

GORAN BREGOVIC
Irailaren 23an, ostiralean, 22:30ean

Balkanetako musikaren ordezkari nagusietako bat da Goran Bregovic. Sarajevon jaioa da, eta ospe handiko soinu bandak egiteagatik da ezaguna. Gehienbat, Emir Kusturica herrikidearen hiru pelikularen musika ontzeak eman zion nazioarteko oihartzuna: Dom za vesanje (1988), Arizona Dream (1993) eta Underground (1995).

Bregovicen konposizioek folklore tradizionala, rocka, Bulgariako musika eta beste zenbait estilo biltzen dituzte. Apirilean izan zen azkenekoz Euskal Herrian jotzen, Iruñean.

USAIN ETA ZAPOREEN BIDAIA
Irailaren 24an, larunbatean, 11:00etan

Euskal Herriko, Galiziako, Marokoko, Nigeriako, Kolonbiako, Pakistango eta Txinako elikagaiak eta bestelako produktuak egongo dira Atlantikaldiko azokan. Larunbatean irekiko dute, Foru plazan, 11:00etatik 14:30era eta 15:30etik 20:00etara. Tarte horretan, jarduera berezi bat egiteko aukera egongo da: bisita gidatua keinu hizkuntzan. Gipuzkoako Pertsona Gorren Elkarteak eta Asocide Euskadi elkarteak antolatu dute, 11:00etatik 13:00era. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, jaialdiaren webgunean: www.atlantikaldia.errenteria.eus.

Azokaren bueltan, beste ekintza bat ere prestatu dute larunbaterako, 16:30etik 18:00etara: Azoka Gynkhana. Horretan, azokan dauden herrialdeekin lotutako probak egingo dituzte parte hartzaileek. Zazpi talde ariko dira jokatzen, eta taldea osatzeko gutxienez hiru lagun behar dira. Jarduera honetarako ere izena eman behar da.

ITSAS ONDAREA AZTERGAI
Irailaren 22tik 24ra

Itsas ondareari buruzko nazioarteko kongresu bat hartuko du Atlantikaldiak, hiru egunez: European Maritime Heritage. Europako Itsasontzi Tradizionalen Elkarteko ehundik gora kide elkartuko dira Niessen aretoan —Albaola elkarte horretako kide da—. Hitzaldiak, mahai inguruak, proiekzioak eta beste egongo dira. Besteak beste, Jon Maiak zuzendutako Apaizac obeto dokumentala emango dute. Kongresua profesionalentzat izango da, eta eztabaidagaien artean izango dituzte itsas ondarearen garapen iraunkorra, itsas ondare ez-materiala eta ondarearen erabilpena.