“Pobrezia iraunaraztea ez da justifikagarria” »

Maite Alustiza

Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna baliatuta —astelehenean izango da—, Europako Batasunak AEBekin eta Kanadarekin dituen merkataritza libreko itunen ondorioak salatuko dituzte Donostian. Zero Pobrezia plataformak, beste hainbat gizarte talderekin batera, askotariko ekintzak antolatu ditu TTIP eta CETA itunen kontra. Bizi ala Irentsi leloarekin, gaur hasiko dituzte mobilizazioak. Zehazki, merkataritza itun horiek ekologian, gizartean, enpleguan eta ekonomian izango dituzten ondorioak plazaratu nahi dituzte. Deitzaileek manifestuan ohartarazi dutenez, pobreziak gorabidean jarraitzen du, eta TTIP-CETA onartzeak pobrezia eta desberdintasunak handitzea ekarriko luke, baita giza eskubideak urratzea ere. “Arazo horien aurkako borroka justizia globaleko kontu bat da; izan ere, munduko pertsona guztien giza eskubideak bete daitezela ari gara eskatzen”.

Lankidetza Transatlantikoaren Ituna (TTIP) 2013tik ari dira negoziatzen, eta EBren eta AEBen arteko harremanak arautzeko esparru berri bat ekarriko luke; “munduko merkatu handiena”. Gizarte eragileen arabera, ordea, merkataritza itun bat baino gehiago da: enpresa handiei egiten die mesede, eta kalte ekoizle txikiei, kontsumitzaileei eta orokorrean herritarrei. Gainera, prozesu osoaren negoziazioa “isilean eta ilun” egiten ari direla salatu dute, “parlamentuen eta herritarren kontroletik at, eta Zuzenbide Estatuaren oinarrizko printzipioak urratuz”. Mundu osoko gizarte eragile, sindikatu eta alderdi ugari agertu dira TTIPen kontra, baita zenbait gobernu ere —Alemaniakoa, Frantziakoa eta Austriakoa—.

Oraingoz kolokan daude TTIPen negoziazioak. Irail bukaeran EBko kideek ezinezkotzat jo zuten aurten ituna ixtea, eta AEBetako azaroko hauteskundeak direla medio, etena izango da presidente berriak gobernua martxan jarri arte. Kanadaren eta EBren arteko CETA ituna, aldiz, 2017. urte hasieran sar daiteke indarrean.

Itun horiek alboratu, eta beste eredu ekonomiko eta sozial bat aldarrikatu dute gizarte taldeek: aberastasunaren banaketa zuzena, ingurumenarekiko begirunea eta genero berdintasuna bilduko dituen eredu bat. Horrez gain, zerga politika giza eskubideen betebeharrarekin lotzeko eskatu diete arduradun politikoei; diru sarrerak handitu ditzatela politika publiko hobeak ezartzeko, eta susta dezatela kudeaketa garden eta parte hartzaile bat. “Pobrezia eta desberdintasunak iraunaraztea ez da ez justifikagarria ez saihetsezina, herritarren eta politikarien borondatearen baitakoa baizik. Herritar guztiek aldarrika dezakete horien amaiera, salatuz, mobilizatuz, gizartean parte hartuz”.

Dantzaz gozatzen, taularen alde banatan »

Maialen Igartua
Futbolari batentzat sekulakoa izan daiteke Munduko Txapelketan parte hartzea. Mendian korrika ibiltzen denak Zegama-Aizkorri edo handiagoren bat izango du buruan. Txirrindulariek Frantziako Tourra. Eta… dantza sueltoa egiten dutenek? …

Arte espresio ugariren bidez, Xabier Lete »

Maite Alustiza

“Artearen iturrietako bat da Arantzazu; poesian, eskulturan, musikan… Euskal Herrian artearen munduan zerbait izan da, erlijiotik aparte”. Eta aurrerantzean ere hala izan dadin, arte adierazpen zenbait elkarrizketan jarriko dituzte bihar, Gandiaga Topagunean. Juan Kruz Igerabide idazle eta Mikel Laboa Katedrako zuzendariak azaldu duenez, inguruko hainbat artista harremanean ariko dira Arthitz: hatsetik hotsera jardunaldian, guztiak oinarri baten inguruan: Xabier Lete. “Oso modu zabalean” izango dute presente musikaria; poesiaz, kantuaz, antzerkiaz, dantzaz… Mikel Laboa Katedrarekin batera, Ur Mara Museoak eta Arantzazu Gaur Fundazioak antolatu dute jardunaldia, bigarrengoz. “Ez goaz otoitzera, baina otoitz artistiko batera bai”, dio Igerabidek. Mikel Laboa Katedra Leteren webgune bat osatzen dabil gaur egun.

Arantzazu Gaur Fundazioko Juan Biainek “amets kabi” modura ikusten du Arantzazu: “Gu ametsetan hasi ginen lehengo urtean, eta aurten amets horri jarraipena eman diogu. Artea eta hitza Arantzazurekin oso lotuak daudenez, oso aproposa da espresio ezberdinak erabiltzea”. Fundazioaren helburuetan dago, hain justu, gaur egun dauden espresio artistikoei harrera ematea. Gainera, bertan egiten diren emanaldiak bereziki Arantzazurako eginak izan daitezen ahalegintzen dira, ez zirkuitu batean sartuta daudenak.

Propio Arantzazurako sortutako lanetako bat da Koldobika Jauregi eskultorearena. Ur Mararen sortzaileetako bat da, eta performance batean parte hartuko du bihar: Uholde handia: arkaren istorio bat. “Nahi genuen gauza berezi bat egin, lekua ere oso berezia delako; espiritualtasun puntu bat du, eta hausnarketa lekua ere bada”. Proiekzio bat izango da, pelikula bat; horrek bakarrik, ordea, ez du zentzurik gainerakoen parte hartzerik gabe: “Ohikotik ezberdina izango da. Lekuak merezi du, eta, aitzakia hau dela medio, are gehiago. Historikoki zenbait narrazio daude arkaren historiaren inguruan, eta guk horiek bildu ditugu”. Iaz ere jardunaldirako sortutako lan bat eraman zuen Arantzazura, Genesia.

Lekua espeziala da Jauregirentzat: “Bada toki bat erreibindikatzeko modukoa; artea gehiago egin beharko litzateke han, eta hausnarketa gehiago egin beharko litzateke han”. Jardunaldia ez litzateke orain dena Arantzazun egingo ez balitz: “Agian gaur egun horrelakoak gehiago hiri barruan egiten dira; Tabakalera dago, adibidez. Nik uste sokaren alde batean dagoela Tabakalera moduko bat, eta Arantzazu bestean. Arantzazu beste espresio mota horietarako toki bat da, lasaiagoa, naturarekin nahastua”. Dioenez, abangoardiako proposamenak egiteko aukera ematen du inguruak, eta, era berean, leku polita da “joandako guztien eta etorriko diren guztien lanak” lotzeko: “Gure kasuan, proposamenak egiten ditugunean, ez da gauza bat pasatutakoa, baizik eta gure lanketak zerikusia du gaur egungo egoerarekin; non dagoen erlazioa liburuetan erdi galduta dagoen istorio horren eta gaurkotasunaren artean, zer zerikusi duten… Proposatzen dugu eta azaltzen ditugu zenbait errore zoritxarrez errepikatzen direnak, berriro errepika ez daitezen”.

Arte lantegiko erakusketa

Arthitz jardunaldiko proposamenez gain, Gandiaga Topagunean erakusketa kolektibo bat bisita daiteke egunotan: Arantzazuko arte-lantegia. Igandera arte ikusi ahal izango da. Erakusketa horretan, Arantzazun “erro sendoak” zituzten lau fraide eta artistaren hainbat pintura eta eskultura lan bildu dituzte; Xavier Alvarez de Eulate, Jose Luis Iriondo, Juan Arriola eta Xabier Egañarenak, hain zuzen. Basilika eraiki eta dekoratu zuten garaian beraien lengoaia propioak jorratu zituzten Arantzazuko arte lantegian, haien espresio artistikoa garatzeko.

Honako ordutegi hau dauka erakusketak: larunbatean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; eta igandean, 11:00etatik 14:00etara. Igandean, azken egunean, Arriola eta Egaña aretoan egongo dira erakusketari itxiera emateko.

[Herriz herri] Errezil. Zorra arintzeak arnasa eman dio »

Eider Bereziartua
Urola Erdian dago Errezil, 600 biztanle inguruko herria. Hirigune txiki batean eta bost auzo nagusitan banatuta daude herritarrak: Artzalluz, Erdoizta, Ezama, Ibarbia eta Letea.2011n iritsi zen Sebero Agirretxe (Errezil, 1958) Errezil…

[Museora] Eibar, armagintzatik harago »

Eider Goenaga Lizaso

Eibarko Armeria Eskolak 1914an irekitako museoaren ondorengoa da egungo Armagintza Museoa. “Ordukoak, baina, ez zuen gaur egungo museoen antzik, ez eta funtziorik ere. Batez ere, eskolako ikasleei zuzenduta zegoen, armagintza teknika ezberdinak bertatik bertara ikus, ikas eta iker zitzaten”, azaldu du Marina Barrena udal teknikari eta museoko arduradunak. 2000. urtean pasatu zen Armeria Eskolako bilduma udalaren eskuetara, eta 2007an inauguratu zuten egungo museoa, Portalea kultur etxean, garai batean AYA eskopeta fabrika izandakoaren egoitzan.

Arrazakeriaren aurkako antenak »

Urtebete darama Fatimak alokairuzko etxebizitza bila, baina atzerritarra dela-eta, inon ez diote alokatu nahi. Berdin sareak hartu du haren salaketa. Oiartzualdean urtea darama sareak lanean, aldundiaren laguntzarekin, eta laster Debagoienean ere hasiko dira lanean. - Irakurri gehiago...

Kamioi astunentzako bidesaria bidean da »

Aitziber Arzallus

Aurki, kamioi astunek —3,5 tonatik gorakoek— bidesaria pagatu beharko dute N-1 errepideko Gipuzkoako zatia erabiltzeagatik. Eta horrek ez du atzera bueltarik. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak joan den astean aurkeztu zuen ordainketa sistema berria arautzen duen foru lege proiektua Batzar Nagusietan. Eta, EAJk eta PSE-EEk gehiengoa izanik, aurrera aterako dute, urtea bukatu aurretik. Hala, okerrik ezean, 2018ko urtarrilaren 1ean hasiko da martxan ordainketa sistema berria.

Bi helburu ditu Irun eta Etzegarate arteko zatia ordainpeko bihurtzeko egitasmoak: bata, kanpoko garraiolariak behartzea Gipuzkoako gaitasun handiko errepide horren mantentzean parte hartzera —3,5 milioi euroko gastua dauka urtean-; eta bestea, N-1 errepideko trafikoa arintzea, AP-1era eta AP-8ra desbideratuta. 12.000 kamioik baino gehiagok erabiltzen baitute N-1 errepidea egunero; %60 atzerrikoak dira.

Egitasmoaren helburuetan bat datoz alderdi guztietako ordezkariak; ez, ordea, hura aurrera ateratzeko moduan. “Zergatik orain bai eta guk proposatu genuenean ez?”, galdetu du Iban Asenjo EH Bilduko batzarkideak. Haren esanetan, orain EAJk aurkeztu duena aurreko legealdian EH Bilduk proposatu zuen Arkupe egitasmoan dago oinarrituta. Baina, ordukoan, bai EAJk eta bai PSE-EEk proposamen haren kontra egin zuten. “Orain ikusten duguna da bazegoela konponbidea duela hiru urte jartzea, eta nahita atzeratu zutela, EH Bilduren gobernua eta haren kudeaketa zigortzeko helburu bakarrarekin”.

Oiarbidek bestela pentsatzen du, bi proiektuek ez dutela zerikusirik batak bestearekin. Teknologia antzerakoa dela dio, baina sistema erabat desberdina dela. “Arkupe sistemak planteatzen zuen bidesaria Gipuzkoako gaitasun handiko errepide guztietan jartzea, guztira hamar puntutan, ibilgailu astunentzat eta arinentzat. Guk N-1 errepideko ardatza bakarrik hartu dugu, Irun eta Etzegarate artekoa, eta, gainera, bidesari sistemak ibilgailu astunei bakarrik eragingo die”.

N-1eko bidesarirako hautatutako sistemak AT du izena, eta free flow teknologian dago oinarrituta: ibilgailuek ez dute gelditu beharrik izango ordaintzeko. Bide seinaleei eusteko moduko arkuak jarriko dituzte, eta horien gainean egongo dira ibilgailuen identifikaziorako gailu elektronikoak. Hiru lekutan egongo dira arkuok, joan-etorriko norabideetan: Irunen, Andoainen eta Etzegaraten. Gisa horretara, asmoa da kanpotik datozen garraiolariek ere errepide horren mantentzeari beren ekarpena egitea.

Europako zuzentarauen arabera, ordea, ezin da diskriminaziorik egin bertako eta kanpoko kamioilarien artean. Beraz, Oiarbideren hitzetan, ezin dute ipini ordainleku bat Irunen eta beste bat Etzegaraten: “Horrela pasoko trafikoa bakarrik harrapatuko genuke, eta batez ere kanpoko garraiolariak zigortuko genituzke”. Hori saihesteko, erdibidean beste ordainleku bat jartzera behartu ei ditu Europako legediak. “Horregatik planteatu dugu Andoainen beste ordainleku bat jartzea, bi kilometroko tarte bat hartuko lukeen minimo bat, bidesari sistemak bertako trafikoan ahalik eta eragin gutxien izan dezan. Tarte horregatik ordaindu beharrekoa ez litzateke euro batera iritsiko”.

Egindako kalkuluen arabera, urtean 7,5 milioi euro bilduko dituzte AT sistemaren bidez. Gastuak kenduta 3 milioi euro inguruko etekinak izango dituztela kalkulatu dute. Aldundiak 10 milioi euroko inbertsioa egingo du sistema martxan jartzeko, eta 7 eta 8 milioi euro jarri behar ditu sistemaren ohiko mantentzerako. Gaur egun, 3,5 milioi euro inbertitzen ditu errepidea mantentzeko: bidesaria martxan jartzean, diru hori beste zeregin batzuetara bideratu ahal izango du, Oiarbideren esanetan.

Oraindik ez dago zehatz-mehatz aurreratzerik garraiolariek zenbat ordaindu beharko duten zati bakoitzagatik, tarifak Batzar Nagusietan onartu beharko baitituzte. Baina, itxura guztien arabera, zati osoa —Irundik Etzegaratera— egiten duenak 10 euro inguru ordaindu beharko ditu; Irundik bakarrik edo Etzegaratetik bakarrik pasatzen denak, 3,5 euro inguru; eta Andoaindik bakarrik pasatzen denak, euro bat inguru.

Behin lege proiektua Batzar Nagusietan aurkeztuta, hari emendakinak egiteko aukera izango dute orain gainontzeko alderdiek. Asenjok EAJren jarrera kritikatu du: “Gu proposamen bat egin aurretik bildu ginen Batzar Nagusietako talde guztiekin; gurekin, berriz, inor ez da bildu oraindik. Dena dela, arduraz jokatuko dugu, eta proposamena ondo aztertu eta gure ekarpenak egingo dizkiogu. EAJk eta PSE-EEk gure ekarpenekiko zer jarrera duten ikusi ostean erabakiko dugu egitasmoaren alde edo kontra bozkatu”.

Garraiolariak, haserre

Hiru garraiolarien sindikatuak gaizki hartu du N-1 errepidean bidesari sistema jartzeko proposamena. Eta gezurretan aritzea egotzi dio Oiarbideri, uste baitu hark iragarritakoaren kontrakoa gertatuko dela: garraiolari gipuzkoarrak izango direla kaltetuenak. “Matematika kontua da”. Hori azaltzeko, adibide gisa, Beasain eta Altsasu (Nafarroa) arteko zerbitzua egiten duen garraiolari baten kasua jarri du. “Egunean zortzi joan-etorri egiten baditu, hamasei aldiz igaroko da Etzegarateko arkuaren azpitik. Ondorioz, egunean 60 eurotik gora ordaindu beharko ditu. Kanpoko garraiolari batek, aldiz, gehienera ere astean bitan igaroko du arku hori”.

Baina horretan bakarrik ez; Hiruren iritziz, Oiarbide oker dago sistema berriak N-1 errepideko trafikoa arinduko duela dioenean ere. “Garraiolariek eurentzako prestatutako zerbitzu sarea behar izaten dute inguruan, gasolindegi espezializatuak, tailer bereziak… horiek guztiak N-1 errepidean daude, eta ez AP-1ean”.

Gipuzkoako historiari bere lekua emanez »

Imanol Garcia Landa
Hutsune bat betetzeko sortu zen Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkartea, eta hutsune bat betetzeko ari dira Gipuzkoako historiaren sintesia jasoko duen argitalpena osatzen. Alvaro Aragon elkarteko kide eta diruzainak a…

Eredu berriak eskaintzen »

Eider Bereziartua
Amaitu da uda, eta hasi da ikasturtea. Errutinara itzuli dira haurrak eta baita helduak ere. Horixe bera egin dute Gipuzkoako hainbat zineklubek ere. Esate baterako, atzo hasi zuen urtea Azpeitiko Paradisu Zinema zineklubak: Stesti fi…

Artaldeek duten soinua »

Maialen Igartua
Zintzarria gizakiak artaldea kontrolpean izateko teknologia bat baino ez da, itxiturak egiten hasi aurrekoa. Artalde bakoitzak soinu bat dauka, errepikaezina. Eta artalde horien zintzarri hotsek, noski, Euskal Herriko soinu paisaiaren z…