Ezkutatutakoa argiztatzean »

Lanbroak ezkutatzen zizkionak maite zituen Mikel Laboak. Zita Aialak, berriz, ezkutuan geratzen diren horiek argiztatzea du ia obsesio, natura eta gizakien arteko harremanean lotuneak bilatuz, orekaren bila. L'Art de la Lumière Cachée izenburupean (Ezkutuko argiaren artea), bi dimentsioko argi-koadroak bildu ditu Zita Aialak (Iruñea, 1965). Koadro bitxiak dira guztiak, teknika berri batez sortuak. Hil honetan hiru erakusketa aretotan ikus daitezke: Pasai Donibanen, Donostian eta Donibane Lohizunen (Lapurdi). - Irakurri gehiago...

Diru beharrak plazara euskal jaietan »

Euskal jaiak ospatzen ari dira egunotan Donostian, eta, urtero bezala, askotariko jarduerak bildu dituzte egitarauan: musika, bertsoak, lehiaketak, dantza, azokak… Antzerkia ere izango da. Joseba Apaolazak eta Zuhaitz Gurrutxagak Kreditua antzezlana…

Elkartasunaren fruitua biltzen »

Poza. Itxaropena. Ilusioa. Urduritasuna. Harrotasuna. Hainbat sentipen dituzte barruan TS Fundicionesen Arroako (Zestoa) plantako langile(ohi)ek, baina bat gailentzen zaie, eta agerikoa da haiekin hitz egitean: harrotasuna. Egindako borrokarengatik. Bat eginda jarduteagatik. Herrikideengandik eta eskualdeko erakundeetatik jaso duten elkartasunagatik. Lorpenarengatik. Lanera itzultzeagatik. Inoiz ez burua jaisteagatik... Oso argi dute TS Fundiciones euren borrokari esker irekiko dela berriro; langileek egindako presioagatik izan ez balitz ez zutela inola ere berriro lantegia martxan ikusiko. - Irakurri gehiago...

Atsegina opari, liburu bidez »

Euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko helburuz, Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa abiatu du aurten Euskaltzaleen Topaguneak bederatzigarrenez. Euskal Herri osoko 42 herri ari dira kanpainan parte hartzen; Gipuzkoan, zehazki, bederatzi: Astigarraga, Beasain, Lazkao, Mutriku, Soraluze, Ordizia, Orio, Zaldibia eta Pasaia.

Pasaiak lehenbiziko urtea du egitasmoan. Udaleko Euskara Departamentua ez ezik, udal liburutegiak, herriko ikastetxeak eta herriko bi liburu denda ari dira parte hartzen —Urdin paper denda Pasai Antxon, eta Lema Trintxerpen—. Egitasmoaren bidez herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi dira, irakurtzearen alde atsegina nabarmenduz. Helburu horrekin, euskarazko irakurleei abantailak eskaintzen dizkiete.

Horrela, udal liburutegietan euskarazko literatura maileguan hartzen dutenek erosketa txekea jasotzen dute trukean, ondoren liburu dendetan euskarazko literatura erostekotan deskontuak lortzeko. Horrez gain, liburutegiek egingo dituzten zozketetan parte hartzeko eskubidea irabazten dute irakurleek. Lehen zozketa lehengo astelehenean egin zuten Pasaian, eta ekainean egingo dute bigarrena, kanpaina bukatzearekin batera. Liburuaren Egunean abiatu zen kanpaina, joan den apirilaren 23an, eta ekainaren 30era arte egongo da martxan.

Helduak erakarri nahi

Aitziber Zinkunegi Pasaiako udal liburutegietako koordinatzailea da. Gertutik ari da aztertzen kanpainaren bilakaera Pasaian. Aitortu duenez, oraingoz maileguei dagokienez ez dute askorik nabaritu: “Jendeak galdetzen du, iritsi zaio informazioa leku guztietatik, eta kanpaina hor dagoela nabaritzen da, baina mailegu aldetik hainbeste ez”.

Hala ere, maiatza eta ekaina liburutegietarako hilabeterik txarrenak direla dio liburuzainak: “Eguraldi ona hastearekin batera maileguak, berez, asko jaisten dira”. Hala eta guztiz ere, kanpainaren harira bost bazkide berri egin dituzte.

Joera orokorra da, eta, alde horretatik, Pasaia ez da salbuespena. Helduek gutxi irakurtzen dute euskaraz. “Kanpaina martxan jarri genuenean nabarmendu genuen helburua zela helduak erakartzea. Oso nabarmena da. Haurrek %80 euskaraz hartzen dute, eta helduek %90 gaztelaniaz”.

Joera iraultzeko topikoak bertan behera utzi nahiko lituzketela dio Zinkunegik: “Ematen du euskarazko literaturan ez dagoela kalitaterik, aspergarria dela, astuna dela… Iritzi hori aldatu egin nahi dugu. Azkenaldian oso literatura atsegina egiten da, erraz irakurtzen dena. Gazte jende asko sartu da, beste ikuspuntu batekin, eta beste gai batzuk jorratzen dira”.

Irakurle askok, baina, euskarazko literatura “ez dute oraindik deskubritu”, eta, Zinkunegiren ustez, horretan jarri beharko litzateke indarra: “Jendeak ikustea euskarazko literaturan ere eskaintza zabala dela, eta gai asko jorratzen direla. Ez da gutxietsi behar”.

Gutxiengoa izanik ere, Pasaian bada euskaraz irakurtzen duenik. Arkaitz Alonso Trintxerpeko liburutegian topatu du Hitza-k, euskarazko bi eleberri eskuan. Dolores Redondoren Eskaintza ekaitzari itzuli berri du, eta Alberto Ladron Aranaren Harrian mezua hartu. Bazuen kanpainaren berri: “Liburutegiko ohiko erabiltzailea naiz, eta zaletasuna bultzatzeko oso kanpaina aproposa iruditzen zait”. Hilero bi liburu irakurri ohi ditu berak. Juan Mari Irigoien du euskal idazleen artean gustukoena. Pistolak eta epistolak, horixe irakurri duen azkena, eta asko gustatu zaiola dio. Literatura erosteko ohitura handirik ez duela aitortuta, kanpainak erraztu dion aukera ez du alferrik pasatzen utziko. Uda atarian zer oparitu, behintzat, argi du.

Lur astinduaren osteko giza mugimendua »

Hilabete pasa igaro da Nepalgo lurrikaratik. Aste honetan itzuli dira haurrak eskolara. “Normaltasunera”. Nerea Agirrek zuzeneko harremana du Nepalekin, Rokpa Euskadi gobernuz kanpoko erakundeko presidentea baita. Kideek ematen dioten informazioaz gain, Nepalgo egunkariak irakurrita jasotzen ari da gertatzen denaren berri: “Eskolako lehen egunetan klaserik ez ematea gomendatu du gobernuak, soilik hitz egin dezatela, lagunekin jolastu, trauma gainditzen joateko. Pixkanaka bada ere, eskolara bueltatzea ere nahi zuten, normaltasunera itzultzeko”.

Zortzi mila hildakotik gora eragin zituen apirilaren 25eko lurrikarak herrialdean, eta beste dozenaka gehiago hamazazpi egun geroago izandako seismoak. Mendialdeko herrixka asko guztiz suntsituta geratu ziren; kalte handiak daude egun Katmandu hiriburuan. Zauriturik edo bizirik atera zirenek, beraz, egoera zaila dute aurrean. Horiei laguntzeko lanean ari dira gobernua eta askotariko gizarte erakundeak; tartean, Rokpa Euskadi.

“Hasieran ez genuen argi zer laguntza mota bidali. Harremanetan gaude laguntza banatzen ari direnekin, eta beharrak aldatuz doazen arren, kanpadendak dira gehien eskatzen dutena”. Rokpa Euskadik 82.000 euro inguru bildu ditu, eta ia 700 kanpadenda bidaliko ditu Nepalera. Gehiago ere izango dira: “Dirua iristen doan heinean materiala bidaltzen goaz”. Bide askotatik ari dira laguntza jasotzen: bazkideetatik, Gipuzkoa Solidariotik, enpresa pribatuetatik, norbanakoetatik, udaletatik… —besteak beste, Arrasate, Tolosa, Irun, Zarautz, Aretxabaleta, Errenteria eta Amurriokoek babestu dute—.

Egoera aldatu egin da lurrikararen osteko lehenengo egunetatik. Hasiera batean, “exodoa” egon zen Katmandutik herrixketara, baina alderantzizko bidea egiten ari dira herritar asko orain: “Herri ugari suntsituta geratu dira, eta luizi arriskua dago; beraz, gobernua jendea birkokatzen ari da, eta beste batzuk euren kasa doaz Katmandura”. Landa eremutik “milaka eta milaka” lagun iristen ari dira hiriburura; han, ordea, zaila da guztiei behar bezalako zerbitzua ematea.

Rokpa Euskadi Tibeten aritzen da lanean, baina nazioarte mailako erakunde bat izaki, Nepalen jarduten dutenekin harremanetan jarri zen lurrikararen ondoren. Rokpak umezurztegia du Katmandun, eta hara bidaltzen ari dira laguntza, baita beste hainbat umezurtz etxetara ere —Indrenira, adibidez—: “Kalean ari ziren lo egiten, eta orain kanpadendak aprobetxatzen ari dira, bitartean eraikina sendotzeko”. Kanpadenda handiak egiten dituen hornitzaile bat ere topatu du Rokpak, eta umezurztegietako batean jarri nahi duten gizarte jangelarako baliagarria izan daiteke: “Han dauden umeez gain, herrixketako jendea iristen ari zaie”. Landa eremuetara ere eramaten dituzte kanpadendak, familietan banatzeko. “Materiala herrixketara iristen denean, laguntzaileek hango ordezkariekin hitz egiten dute, jakiteko zein familiak behar duten gehien. Okerren daudenei ematen diete”.

Bestelako arazoak ere areagotu egin dira etxeak suntsitzearen ondorioz; pertsonen trafikoa, haurren kasuan, bereziki. Unicefek arriskuaz ohartarazi du: erakundearen arabera, haur esplotazioko indize altuak ditu Nepalek; azken datuen arabera, 12.000 ume dira urtean pertsona trafikoaren biktima. Agirrek azaldu duenez, gobernuak umezurztegi berriak irekitzea debekatu du, mafiek haurrak hartzeko arriskua ikusita: “Zin egiten diete Indian lana izango dutela, fabrika batean, etxeak garbitzen, haurrak zaintzen… Askok emagaldu etxeetan bukatzen dute”. Prebentzio neurri gisa, 16 urtez azpikoek ezin dute bakarrik baimenik gabe bidaiatu, eta herrixketara gizarte langileak bidaltzen ari dira, familiei gertatzen ari denaz abisatzeko.

Osasun arloan ere, zailtasunak dituzte. Gobernuak martxan jarritako kanpaina batez mintzo da Agirre: “Jendeak aire zabalean kaka egin zezan saihesteko, oso lan ona egiten ari zen gobernua, Osasunaren Mundu Erakundearekin batera. Nahiko aurreratuta zegoen kontua, baina lurrikararekin jendeak ez du etxerik, eta kalean egiten du; askok ibai ondoetan, garbitzeko”. Horren ondorioz, gaixotasunak agertzen ari dira; kolera da garrantzitsuenetako bat. “Eta espero da egoerak okerrera egitea montzoia iristen denean. Atzeratuta dator, baina ailegatzear da”. Ura edangarri egiteko gailu bat ere bidali du Rokpa Euskadik Nepalera —egunean 4.000 litro ur hornitzeko ahalmena du—.

Laguntza bidaltzeko momentu zailak igaro dituzte, aduanetako trabak eta abarrak. Hala ere, han ordezkaritza izateak lana erraztu die: “Ziurta dezakegu laguntza guztia iristen dela”.

@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.rokpa.org/eu_EU/

Legorreta, babes truke azpiratuta »

. Ahaide nagusien oldarkeriatik defenditzeko, Ordiziako hiri gotorraren menpeko bihurtu zen Legorreta 1399an. Lotura bera izan zen, mende bat geroago, askatu beharreko mataza. Eragina zuten pertsonengana jotzen eta isilpeko bideak irekitzen jakin zuen.

Legorretaren lehen aipamena 1227koa da. Sebastian de Legorretazarra Lope de Haroren gudarostean borrokatu zen, Gaztelako errege Fernando III.aren zerbitzura, Baeza hiria (Jaen, Espainia) hartzeko guduan. Hurrengo ia bi mendeetan, herrixka modura osatu zen Legorreta, garai hartako hiru zutabeen gainean: kleroa, noblezia eta nekazariak.

Toki estrategikoan kokatua zegoen Legorreta: Oria ibaiaren ertzean, Ordiziako eta Tolosako hiri gotortuen erdibidean. XIV. mendeko ahaide nagusien oldarraldiek Ordiziako hiribildura inguratu zuten herrixka —ez zuten onartzen beren eraginpetik aldentzen ari ziren herrixkak izatea, hiribilduen eta errege babesaren hegalpean—.

“Herrixka” gisa lotu zitzaion Legorreta Ordiziari, Antxon Agirre Sorondok 2004an idatzitako eta Pello Iturriotzek euskaratutako —hilak dira biak— Legorreta, bizitza ibaiaren biragune batean liburuak dioenez: “Etxe multzo txiki bat, eta, akaso, eliza txiki edo ermita zuen toki gisa”, deskribatu zuen Agirre Sorondok. 1399ko apirilaren 8an izenpetu zuten batasun ituna, Gipuzkoako Ermandadea sortu eta bi urtera.

Ataungo eta Ordiziako eskribau banak egin zuten agiria, eta Juan de Arriaga izan zen legorretarren lekuko. Herriko ordezkaritza zabala joan zen izenpetze ekitaldira: Martin Perez zinpekoa eta auzo eskubidea zuten hemeretzi bizilagun. Garai hartan Legorretan zer etxe zeuden jakiteko balio dute, haien abizenek jatorria adierazten dutelako.

Babes premiak uztartuta

Legorretan otsailetik apirilera bitartean gogoratu dute hiribildu titulua 1615ean eskuratu zuteneko laugarren mendeurrena. Felipe III.a erregeak emandako herri gutunaren kopia udaletxean zintzilikatu zuten, koadro batean. Joxe Mari Allur historiazale legorretarrak hitzaldi bat ere egin zuen; hark dioenez, komenentziazko ezkontza izan zen Legorretaren eta Ordiziaren artekoa.

Ezkontza baino gehiago, azpiratzea. “Babesa lortu zuen Legorretak Ordiziari batuta, baina baita menpekotasuna ere. 1399ko itunean garbi dio Legorreta Villafrancako [Ordiziaren garai hartako izena] jurisdikzioaren azpian geratuko dela —sometido aditza darabilte—. Ordiziako harresia zaindu, berritu, zubi berriak eraiki, kaleak berritu… bertan bizi balira bezalaxe egitera behartuta zeuden legorretarrak, auzolanean. Errotaren errentetan ere parte hartzen zuten”.

Ordaina, berriz, segurtasuna zen. Gipuzkoan artean ez zegoen diputaziorik, herrien arteko ermandadeak bakarrik. Ahaide nagusiek kontrolatzen zuten hiribilduetatik kanpoko guztia, nahierara. “1439an eman zieten azken kolpea ermandadeek ahaide nagusiei: jauntxoak Andaluziara deserriratu zituzten urte batzuetarako, eta haien dorretxeak moztu zituzten”. Legorretan Ibarbia eta Oriar ziren oinetxeak.

Herrixka txikiak hiribilduen gonapera biltzearen arrazoia, hau da, ahaide nagusien tirania desagertu zenean, egoera “asko” lasaitu zen. “Eta orduan hasi ziren menpekotasuna nabaritzen eta Ordiziaren kontrako jarrera pizten. Liskarrak hasi ziren, ordu arte, babesaren izenean, irentsi izan zituzten gauzengatik”.

Bereizketa, ezkutuan prest

Morrontzaren zioak desagertu ziren, baina ezin izan zuen Legorretak erraz askatu Ordiziarekin lotzen zuen morroiloa. Indarra irabazi zuen metropoliak, gainera: 1512ko martxoan Villafranca erabat kiskali zuen suak, eta maiatzerako astero feria egiteko baimena eman zion erregeak. “Azokari esker izugarrizko indarra hartu zuen Ordiziak”.

“Burujabetzaren bidean”, erabaki guztiak hiribilduaren esku zeudenez —herrixkek administraziorako gaitasunik ez zeukatela argudiatzen zuen—, Legorreta isilpeko bidea ibiltzen hasi zen. Ordiziako notarioak baztertu, eta Areriako alkatetzakoa hartu zuten: askapenerako pausoak aurrera ematen hasi ziren hala.

Legorretak “hiru aingeru guardako” ere izan zituen, joko politiko-ekonomiko eta burokratiko hartan laguntzeko: Juan de Oriar, Filipe III.aren idazkaria; Juan Iriarte Ganboa, erregearen Ogasun kontseiluko kidea; eta Juan Otxoa de Ibarbia Zunzunegi, Ordiziako notarioa. Legorretarrak ziren hirurak.

Gaztelako errege Filipe III.ak 1615eko urtarrilaren 26an hartu zuen erabakia herriak hiribilduetatik aske uzteko, eta bederatzi egun geroago —otsailaren 4an— izenpetu zuen hiri titulua.

Pedro de Aulia izendatu zuten Legorretako lehen alkate. Bonaetxean hartu zuen aginte makila —plazan dago oraindik etxe hori—. Errege zedulan dio Legorretan 148 familiak zutela auzo eskubidea, eta beste hamahiru zalantzazkoak zirela. 25na dukat ordaindu zuten.

167 »

bioterra azokako erakusmahaiakGaurtik igandera bitarte, Bioterra azoka egingo dute Irungo Ficoban. 167 salmahai jarriko dituzte; aurreko aldian baino %3 gehiago. Hiru gune izango ditu: elikagai eta ehun ekologikoei lotutakoa; osasunaren ingurukoa; et…

Eskola bizirik, herri hil bilaka ez dadin »

“Gela batzuen ateak itxiarazi nahi dizkigute. Erreformaren eragina ere, zertan gauzatuko ote; etorkizuna ziurtatzekoz, saiatu denok jo ta ke; herri txiki bat eskola gabe, herri hila litzateke”. Hala zioen 1991ko Gipuzkoako Eskola Txikien Festaren abes…

“Turistek lasai egoteko tartea hartzen dute barkuan” »

Turistak Donostiako kaitik Santa Klara uhartera garraiatzeko zerbait egitea pentsatu zuen Julian Isturizek 1936ko gerraren ostean, eta 1943an jarri zuen martxan Motoras de la Isla enpresa. Uharteko joan-etorriak egiteko txartelak saltzen dituzten leih…

Oparitu didaten lanabesik onena »

Bi Euskal Herri badirela jabetu berri naiz Idurre Eskisabelen artikulu baten eta Facebookeko lagunen hauteskundeetako balantzeen bitartez. Aurrerakoia eta komunitatean errotua da bata. Berekoia, zekena eta kontserbadorea bestea. Aipatutako testuak nah…