Gaur egun ezagutzen dugun Gipuzkoa erromatarren garaian aipatzen da aurreneko aldiz. “Gipuzkoa gaur egun ezagutzen dugun bezala ez da ezagutzen, baina gaur egun Gipuzkoako lurraldetzat hartzen duguna beste izen batzuekin aipatuta orduan azaltzen da”. Horregatik, Gipuzkoa historian sartzen da: erromatar konkista eta integraziorako bideak izenburu hartuta jardun zuen Denis Alvarez Perez-Ostoa historialariak eta ikertzaileak joan den asteartean, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialari Elkarteak eta Koldo Mitxelena kulturuneak antolatutako Gipuzkoako Historiaren Pasarte Ezezagu- nak hitzaldi zikloko bigarren saioa izan da Alvarez Perez-Ostoarena.
Historialariak adierazi zuen erromatar garaiko Gipuzkoaz “ezer berririk” ez zuela azalduko hitzaldian. “Zoritxarrez ,gure arlo honetan ez dago berrikuntzarik. Nahiko genuke bihar, etzi edo hemendik urte batzuetara ikaragarrizko aurkikuntza bat izatea, baina horrek arkeologikoa izan beharko luke, gainontzeko iturriak aski aztertuta baitaude. Iturri idatzietan oso gutxi dago”. Beraz, erromatar garaiko Gipuzkoaren berri izan behar da “konparazioak eginez, askotan, eta suposatuz Gipuzkoan ere beste toki batzuetako antzeko prozesuak izan zirela”.
Estutuz joan zen gerrikoa
Gaur egun Gipuzkoa moduan ezagutzen den lurraldea erromatarren garaian eremu baztertu, bakartu eta interes gutxikoa balitz bezala agertzen da. “Batzuetan ematen du Asterix eta Obelixen sindromea dagoela”, dio Alvarez Perez-Ostoak. Erromatarrek inguruko lurralde guztiak konkistatu zituzten, baina eremu koskor bat gelditu zen. “Logikoena, geografikoki azkena baita. Iparraldetik, Akitaniatik zetozen erromatarrak; eta hegoaldetik, Nafarroatik gora; Gipuzkoa da azkena gelditzen dena”. Beti aipatu izan da Gipuzkoak orografia aldetik komunikazio sarerako zailtasunak izan zitzakeela. “Betiere interesguneen bila zetozen, meategiengatik eta. Baina, igual, ez zegoen uste dugun bezain bakartuta. Halere, egia da aztarnak beste toki batzuetan baino urriagoak direla”, dio historialariak.
Gaur egun Gipuzkoa den lurraldera batik bat Nafarroatik sartu ziren erromatarrak. “Erromatarren penintsularen konkistaren prozesuan, Ebroko ibarretik sartu ziren Nafarroara aurrena, eta, gero, hortik egin zuten bultza goraka”. Baina, iparraldetik ere sartu ziren erromatarrak, “Zesar, Galia konkistatu ondoren, Akitania konkistatzera joan zen, eta handik Gipuzkoako lurraldera. Nolabait esateko, pixkanaka itxiz doan gerriko bat da”, azaldu du historialariak.
Garai hartako aztarna ezagunenak dira Irun inguruan daudenak: Oiassoko aztarnategia eta Arditurriko meategiak. Baina Gipuzkoako kostaldean bertan ere badira arrastoak Alvarez Perez-Ostoak dioenez: “Gaur egungo Gipuzkoako kosta osoan, Jaizkibeldik hasi eta Getaria bitartean, egiten diren azterketa arkeologikoek eta indusketek arrastoak ematen dituzte”. Historialariaren esanetan, horrek badu logika, garai hartan itsasoz egiten ziren bidaia guztiak itsasertzetik egiten zituztelako: “Itsas barrutik ez zen bidaiatzen; kostari segituz egiten zituzten bidaiak. Horregatik, batetik bestera portuak egon behar dira; adibidez, Getarian. Getaria izena bera erromatar izen bat da, eta latinetik dator”.
Irunen bukatzen zen bide sare bat ere bazela dio historialariak, “baina pelikuletako erromatar galtzada ikaragarri horiek hemen ez daude. Askotan, tokian bertan ez dagoelako materialik edota lekuaren orografiagatik. Azken finean, Gipuzkoa ez baita lautada bat”.
Armada, integrazio modu bat
Gaur egun Gipuzkoa gisa ezagutzen dugunaren eremu handiena Bardulia edo barduloen lurralde gisa definitu zuten erromatarrek. “Gipuzkoaren eremu gehiena izendatu zuten horrela, baina badirudi Bidasoa ibarra baskoia zela eta ez barduloa”.
Hala ere, lurraldearen gehiengoa barduloena zen, eta I. eta II. mendeetan, eta aurrerago ere bai, erromatar armadako talde laguntzaile baten izenean bardulo izena azaltzen da. “Armadako talde laguntzaile horrek bardulo izena badu, horrek esan nahi du jatorrian hemendik ateratako jendeak eratutakoa zela”. Zerbaitetan onak ziren soldaduekin osatutako taldea izango zen. “Adibidez, badakigu beste toki batzuetan, Balearretan, esaterako, habaila jaurtitzaileak hartzen zituztela armadarako”. Hargatik, gipuzkoarrak erromatarren munduan integratzeko bidea armada izan zitekeela aipatu du historialariak.
Ehun urte eta 200 urte geroago ere, armada talde horrek izena mantendu egin zuen, “baina, ordurako, talde hori Britainiara joan zen”. Armadara sartze horrek orduko barduloak erromatarren munduan integratu izana adierazten du. “Gero, bi aukera daude: zerbitzu militarra bukatutakoan euren jatorrizko lurraldera itzuli, edo, bestela, beste nonbait gelditu bizitzen. 20-25 urtean erromatar munduan bizi eta gero, han ikasitako gauzak ekarriko dituzte beren herrira etorritakoek. Beste nonbait bizitzen geratutakoak, berriz, 20-25 urteren ondoren, inperioan zehar sakabanatuta geratuko lirateke”.
Leave a Reply