“Ikerlarioi begirune gutxi zaigu, egiten duguna kontuan hartuta” »

Ikertzaile gazte onenaren saria jaso zuen Ramosek iaz Alemanian. Donostia eta Alemania artean ari da lanean, neuroteknologian. Hurrengo hilean, hitzaldi bat emango du Zarautzen. - Irakurri gehiago...

“Aste bat surf egin gabe pasatzen badut, aztoratu egiten naiz” »

Hamar urterekin hasi zen surf egiten Iker Muñoz (Donostia, 1986), eta Irunen bizita, Hendaiako hondartzara joateko ohitura zuen. “Beraz, bizikletaren edo gurasoen menpe ibili behar izaten nuen”. 25 bat urte zituela hasi zen Zurriola surf eskolako begirale gisa lanean, eta egun surf eskolako begiraleen arduraduna da. Ikasketak beste norabide batean egin zituen arren, Euskal Herriko Surf Federazioan atera zuen begirale titulua, eta horri esker ofizioa eta afizioa bateratzea lortu du. “Aitortu behar dut zortea dudala gustuko dudan zerbaitetan lana egiteko dudan aukeragatik”. Itsasoarekin lotuta, sakontasun txikiko urpekari titulua ere badu, itsasoko obretan eta portuetan lan egiteko aukera ematen diona.

Surfa edozeinek egiteko moduko kirola dela dio Muñozek, eta ukatu egiten du aberatsen kirola dela eta kirol garestiegia dela. “Surferako taula eta neoprenoa erosterakoan inbertsioa egin behar da; 500 eurotara hel daiteke. Baina, behin hori eginda, beste kirolekin alderatuz gero, merkea dela esango nuke. Adibidez, snowboardaren kasuan ere taula eta arropa erosi behar dituzu, baina gero elurra dagoen tokira bidaiatzera behartuta zaude, forfait-a… Gure kasuan, olatuak izatearekin nahikoa da; itsasoaren egoeraren iragarpenak ikusi eta horren arabera irteten gara itsasora”.

Surfa egiten hasi nahi dutenentzako ikastaroak eta aritzen direnentzako entrenamenduak prestatzen dituzte surf eskolan; bodyboard ikastaroak ere eskaintzen dituzte, hastapenekoak nahiz entrenamendukoak. Baina hori baino gehiago ere bai. “Itsasoak errespetua ematen du, eta guk itsasoa ezagutzeko aukera eskaini nahi dugu: arriskuak saihesteko ezagutu egin behar da itsasoa”. Muñoz ez dago bere burua itsasorik gabe imajinatzeko prest: “Aste bat surf egin gabe pasatze hutsarekin aztoratu egiten naiz; ezingo nuke itsasorik gabe bizi”.

Itsasoa ezagutzea eta ingurumena zaintzea, horixe da surf ikastaroetan eskaintzen duten balio erantsia. Muñozen arabera, saiatzen dira gazte-gaztetatik ingurunearekiko kontzientzia sustatzen: “Hondartzatik bueltan gatozenean bakoitzak zerbait hartu behar izaten du, plastiko zati bat edo bestelako zaborren bat”. Horrez gain, Galiziako Surf and Clean dinamikakoekin kolaboratzen dute, eta haiekin batera noizbehinka hitzaldiak nahiz hondartzen garbiketak antolatzen dituzte.

“Horrez gain, urtean behin irteera bat egiten dugu; normalean, Portugalera. Horretan gaztetxoek nahiz gurasoek eman dezakete izena, eta autobusa antolatuta joaten gara”.

Erreferentea

Zurriola surf eskola “erreferentea” dela dio Muñozek, neguan surf egiten ikastera edo entrenatzera doazen talde dezente dituztelako. “Berez, datuak orokorrean hartuta, Pukas da kopuruz klase gehien eskaintzen duena. Baina guk hilabeterik zailenetan, otsailean-eta, 80-90 ume izaten ditugu, eta hori asko da”. Izan ere, urtaroak eta eguraldiak asko baldintzatzen dute surferako aukera: “Udan surf ikastaroak eskaintzen ditugu, hastapena deitzen diogun modalitatekoak gehienbat. Jende pila egoten da orduan, eta taldeka antolatu eta uretara jotzen dugu. Neguan, ordea, hastapeneko talde gutxiago izaten da, eta urte osoan gurekin aritzen den jendearen entrenamenduak antolatzen ditugu: itsasoan, igerilekuan, gimnasioan… egin beharreko ariketak”.

Bost urtetik hasi eta helduetara arteko eskaintza dute Zurriola eskolan; noizbehinka, 70 urtekoren batzuk ere joaten omen zaizkie. Surf Federazioak ratio batzuk ezartzen ditu, eta, horien arabera, kurtso batean sei ikasleko begirale bat aritzen da lanean. Adinaren arabera egokitzen dute hori: “Gazteenekin begirale gehiago aritzen gara lanean; 5 urtekoen kasuan, ikasle bakoitzeko begirale bat, adibidez”.

Gaur egun, 10 eta 18 urte artekoak dira ikasle gehienak; normalean, Donostia, Hernani eta Errenteria ingurukoak, eta futbolaren edo saskibaloiaren ordez surfa euren kirol gisa hartu dutenak.

‘En erdera, mesedes’ »

Astelehena da, goizeko 08:30ak pasatxo. Autoa Aieten (Donostia) utzi, eta autobusa hartzera abiatu da kazetaria. Helburua, Donostibuseko autobus gidariak bidaiariari euskaraz erantzuteko gai diren ikustea. Lau autobusetan bidaiatu du, batetik bestera,…

Atez atekoa, edukiontzira »

Udal hauteskundeetan alderdi guztien programako gai zentrala izan zen hondakinen bilketa. Atez atekoa ezarria duten eta gobernu aldaketa izan den herrietan mahai gainean dute auzia: gehienek galdeketa egingo dute. - Irakurri gehiago...

ETB1ek, berriz ere kale »

Irailaren 27a, arratsaldeko zortziak. Egun osoan, irrati eta Twitter bidez Katalunian gertatzen ari zena segitzen. Hauteslekuak itxita, telebistaren ordua iritsi zen, botoa eman osteko galdeketak, lehenengo boto-ontzien emaitzak. Jakinda Espainiako telebistekin haserretu egingo nintzela, ETBra jo nuen. - Irakurri gehiago...

“Ez dakit zer eginez, baina euskarari eutsi egin behar diogu” »

Beasaingo ikastolako lehen irakaslea izan zen Olano; erretiroa han hartu zuen, 25 urteren ondoren. Hilaren 7an, Gure Esku Dago-k eta Agirre Lehendakaria Centerrek antolatutako solasean parte hartuko du. - Irakurri gehiago...

Balioekin ttunttunka »

Lotu, josi, heldu. Usurbildarrek hiru hitzokin harilkatu dute Kilometroetako Lotzen Gattunk abestia. Hariak eta sokak asko dira, eta hiru aurtengo jaiaren ardatzak: parekidetasuna, inklusibotasuna eta iraunkortasuna. Atal horiek lantzen aritu dira urte osoan zenbait batzordetan; egindako lanketaz eta igandean izango diren aukerez hitz egin dute lantaldeetako kideek:

PAREKIDETASUNA
Elkarlana eta protokoloa

Neska bat ageri da lantegian, beste neska bat baratzean, eta emakumea da anguletan dabilena ere. Kilometroetako Lotzen Gattunk abestiaren bideoklipean agertzen dira hirurak, “tradizionalki gizonezkoen lan gisa definituak izan diren zereginetan”. Garazi Lizaso Manterola (Usurbil, 1992) Parekidetasun Batzordeko kideak dioenez, egunerokoan barneratuta dauden eta, ondorioz, arretarik eskaintzen ez zaien hainbat jokabide hautsi eta bistaratu nahi izan dituzte horrela: “Genero rol edo joerei lotutako estereotipoak, hain zuzen ere”. Kantuaren hitzetan ere jarri dute arreta: “Usurbilgo kaleetan horren entzuna dugun hikaren eta horren isil(du)a dugun nokaren aurrean, noka nabarmentzeari eman diogu lehentasuna”.

Abestiarena adibide bat baino ez da. Jai ereduen inguruko hausnarketa ikuspegi feminista batetik egin dute, eta eremu ezberdinetan landu nahi izan dute parekidetasuna: antolakuntzan, egitarauan, komunikazioan eta indarkeria sexistaren sentsibilizazioan, horren prebentzioan eta erantzunean.

Eragile feministekin eta instituzioekin elkarlanean lan egin dute, eta, besteak beste, eraso sexisten aurkako protokoloa osatu dute. “Protokoloak ez du biltzen eraso bat izango litzatekeen balizko kasuan horren erantzuna soilik; indarkeria sexistaren sentsibilizazioa, erasoen identifikazioa, ligoteo sanoaren aldeko kanpaina, hau da, prebentzioa ere biltzen du”. Igandeari begira, norbaitek eraso sexistaren bat pairatzen badu, jai gune bakoitzeko sorospen postura jotzea aholkatu dute.

Lizaso Manterolaren arabera, orain arteko festaren ereduak “hutsune asko” zituen: “Horren adibide garbia da batzorde batek ez duela landu gaia, eta zehar lerro gisa ere ez dela landu. Ez da inongo irizpiderik kontuan hartu jaialdi parekide bat antolatzeko orduan, ezta egitarauan edota komunikazioan ere”. Festak, oro har, “bigarren mailako eremutzat” hartuak izan direla uste du Lizaso Manterolak. “Ez da hala. Jaiak errealitateko balioen adierazleak dira. Azken finean, errealitatearen isla”.

Usurbilen beharrezko ikusi dute jaietan ere ikuspegi feminista txertatzen joatea, “egungo egiturazko zapalkuntza guztiei” aurre egiten hastea. “Guk eraikitakoa guk alda dezakegu. Eta, bide horretan, jai parekideen aldeko jardunari ekin nahi izan diogu”.

Orain arte gaia “nahiko ikusezina” izanda, parekidetasunaren alorrean urratsak egiten hasteari berari garrantzia eman diote. “Aurtengotik aurrera eraso sexisten gai ikusezina kontuan hartzea, horien aurkako mezuak barneratzea eta erasoak identifikatzea ez litzateke pauso eskasa izango”.

Egunean bertan, eremu ezberdinetan txertatuko dute gaia, hala nola emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatzen, boluntarioen arteko lan banaketa sexuaren arabera ez egiten eta genero rolak hausten… “Ligoteo sanoaren aldeko kanpaina ikusi eta entzun ahalko da, eraso sexistak identifikatzen lagundu diezaguketen kartelak ere zirkuitu osoan egongo dira, musika taldeetan emakumeen presentzia ere bermatu nahi izan da…”. Aurten pauso batzuk aurrera eman dituzten arren, “asko” dago egiteko: “Oraindik bidea luzea da. Emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatzetik, taldeen mezu eta edukiak kontuan hartzera egin behar dugu salto, baita genero rolekin amaitzera ere”.

INKLUSIBOTASUNA
Denontzako jaia

Pedagogia eta sentsibilizazio dinamika martxan izan du urte osoan Guztiok Gattunk batzordeak. “Hazitxo batzuk” erein dituzte inklusibotasunean: “Guztiok kontura gaitezen denak gizarte berean gaudela, denok garela horren partaide, eta gauzak egiterakoan, hezkuntzan, lan arloan eta aisian, unibertsaltasunean pentsatu behar dugula”. Begoña Izeta (Usurbil, 1964) batzordeko ordezkariak azaldu duenez, hiru eremutan jorratu dute inklusibotasuna batik bat: Udarregi ikastolan, herrian eta Gipuzkoa mailan.

Ikastolan, proposamen pedagogiko bat jarri dute martxan, unitate didaktiko bat ariketa inklusiboekin, Lehen Hezkuntzarako. “Lan garrantzitsua izan da. Lau haizeetara barreiatu bai, baina etxetik hasi behar da”. Ebaluazioa egingo dute gero. Horrez gain, kirol egitasmoak ere izan dira ikastolako soinketa klaseetan; adibidez, teknifikazioa landu dute gurpildun aulkian daudenekin batera.

Herria izan da inklusibotasuna lantzeko beste eremuetako bat. Horren adibide da hainbat herritarren artean egin duten Jendartean bidaide antzezlana. Bigarren emanaldia inprobisatu behar izan zuten, eta deiak jaso dituzte beste herri batzuetara eramateko. Gipuzkoa mailan, berriz, dekalogoa aurkeztu die Guztiok Gattunk batzordeak eragileei. “Erantzun polita” jaso dute, atxikimendu ugari; erakundeak ez ezik, enpresak, kirol arlokoak eta abarrak daude tartean.

Gainerako lantaldeek bezala, bilerak egin dituzte urte osoan, eta bertaratu ezin zutenen iritziak posta elektronikoz jaso dituzte. Bide askotatik jaso dituzte ekarpenak; hala ere, arazoak egunerokoan dituztenen aldetik sentsibilizazio gehiago nabari du Izetak: “Ezgaitasuna guztiok daukagu; mota askotakoa izan daiteke, ikusten ez dena ere bai. Baina egia da alaba, iloba edo gizona gurpil aulkian badaukazu egunerokotasuna zaildu egiten zaizula, eta beti ateratzen da kontzientzia gehiago halako jendearengandik”.

Egunari begira, zirkuitua guztiontzako egokitu dute. Hala ere, saihetsezinak diren hainbat traba badaude: aldapak. Dena den, ibilbidearen %95ean porlana izango da, gurpil aulkian joateko egokia. Aldapek duten desnibela esku orrietan adieraziko dute: “Ez da gurpil aulkian doana bakarrik; bikiak organ daramatzanak ere planifikatu beharko du bidea”. Porlan gabeko bideetan, alternatiba egongo da: laguntzaileak jarriko dituzte beste bide batzuetatik pasatu eta gero zirkuitura itzultzeko.

Guneetan ere, inklusibotasuna lantzeko zenbait ekintza prestatu dituzte. Bereziki landu dute ikastolen artean egin ohi duten Erronka: aurten, gaitasun ezberdinen neurketa jarri dute deman, joko ezberdinekin; taldeak zabaldu egin dira, frogak banatu… 21 ikastetxek parte hartuko dute, eta denak iritsiko dira finalera; tarteko frogak ez dira filtro izango.

IRAUNKORTASUNA
Ez sortzea helburu

Hondakinik onena sortzen ez dena leloa izan du goiburu Ingurumena eta Garbitasuna Batzordeak. Lantaldearen izenean, Ainhoa Arrozpidek dio (Usurbil, 1973) orain arte garbitasunera mugatu izan dela ingurumenarekin lotutako atala, eta, aurten, hori aldatu nahi dute: ingurumenean eragin, ondoren garbitu beharrekoa ahalik eta gutxiena izan dadin.

Igandeari begira, hainbat neurri edo proposamen egin dituzte ildo horretatik. Usurbilera iristeko, esaterako, bizikleta martxa antolatu dute Donostia eta Usurbil arteko bidegorria aprobetxatuz. 09:30ean aterako da Alderdi Ederretik, 10:15ean pasatuko da Lasarte-Oriatik eta 11:00ak aldera sartuko da Usurbilen.

Jairako produktuak gertuko hornitzaileekin hitzartu dituzte, ahal zuten neurrian; eta festa garaian ere egongo dira aldaketak: freskagarriak ez dituzte aluminiozko latan zerbitzatuko; sagardo, ardo eta txakolinaren botilak berreskuratu egingo dituzte; eta iturriko ura kontsumi dadin, herriko iturriak seinaleztatu, txosnetan iturri gehiago jarri, eta sustapen mezuak zabalduko dituzte. “Botilako uraren beharra multinazionalek artifizialki sortua da. Garestia da botilako uraren iruzurra. Iturrikoa baino mila aldiz gehiago ordaintzen da. Gainera, petrolioz eginda dauden plastikozko botilek gure airea, itsasoa, ibaiak eta lurra kutsatzen dituzte, besteak beste. Usurbilen badaukagu hori saihesteko aukera: iturriko ura, primerakoa, oso ona eta doan”.

Edalontziak berreskuratzen ere indar berezia jarri dute. Basoengatik gordailu gisa utzitako dirua berreskuratu ahal izango da gune guztietan, eta, horretaz gain, bereziki festaren bukaeran, edalontziak itzultzeko eskatuko diete festazaleei. “Horrela lortuko da urtero edalontzi berri pila berriro fabrikatu beharrik ez izatea”.

Birziklatzeari dagokionez, berriz, sortuko diren hondakinak ez nahasteko “nahikoa baliabide” jarriko dituzte. Hondakin organikoak hiru gunetan egokitu dituzten konpost guneetan jarriko dituzte une berean. Higienearen atalean, komun idorrak egongo dira gune batean: “Zerrautsa botaz dena konposta egiteko eramaten da. Horrela egiten dute Lekornen [Lapurdi] ospatzen den EHZ musika jaialdian. EHZko kideen laguntza izango dugu”.

Jaia ahalik eta modurik iraunkorrenean garatzeko ahalegina egin dute. Horretarako, aurrelanketan jarri dituzte indarrak. Kilometroekin lotura duten praktika guztietan, publiko zein pribatuetan, iraunkortasun irizpideak kontuan hartzen saiatu dira; urte osoko ekintzetan ere aintzat hartu dute iraunkortasuna: salmenta puntuetan, herriz herri ibili den puntu ibiltarian eta herrian zabaldu den dendan, adibidez, poltsa berrerabilgarriak banatu dituzte, eta ekitaldietan eta prentsaurrekoetan iturriko ura lehenetsi dute. Maiatzean, Kilometroak Kultur Elkarteak Zero Zabor hitzarmena sinatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta, bide horretan, pausoak ematen doaz murrizketan, berrerabiltzean eta birziklatzean.

“Inbidia pasatuko dut, baina ni orain ez nago txapelketako txipean” »

1995az geroztik, Gipuzkoako eta Euskal Herriko bertsolari txapelketa guztietan parte hartu du Aitor Sarriegik, baina duela urtebete erabaki zuen aurtengo Gipuzkoako txapelketan ez parte hartzea. - Irakurri gehiago...

Atzerrian ere, euskara bizirik »

Jose Miguel Ramirez kolonbiarra da. Tolosan da egunotan, eta estreinako aldia du Euskal Herrian. Bidaia lurraldea ezagutzeko eta Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko baliatu nahi du. Izan ere, Kolonbiatik sekula irten ez arren, euskaraz hitz egiten du. 1998. urtean irrati batean entzun zuenetik egin zitzaion interesgarri, eta, pixkanaka, liburuen eta pelikulen bitartez eta Internet bidez egin dituen lagun euskaldunekin izandako elkarrizketatxoekin, euskara barneratuz joan da, menderatu arte.

Kolonbiako hizkuntza irakasle horren lekukotza eta gisa bereko beste hainbat pertsonarena jasoko ditu Euskara munduan besteen ahotan dokumentalak. Joan den urtean estreinatu zen lanaren lehen zatia, eta euskal herritarrak zituen oinarrian, Euskal Herrian jaio eta atzerrian bizi direnak. Salbuespen bat bazuen, ordea: euskal herritarrak izan gabe euskarara nola gerturatu ziren kontatzen zuten bi japoniarren kasua, hain justu.

Iñigo Asensio (Tolosa, 1985) dokumentalaren zuzendariak azaldu duenez, testigantza hura “oso interesgarria” iruditu zitzaion jende askori, eta, horregatik, euskara bereganatu duten atzerritarren testigantzek lehenengo zatia borobildu zezaketela pentsatu zuten.

Testigantza horien bila, Shanghain egin zuen lehen geldialdia. Antzuolako Elay enpresak han duen egoitzan, Huang Hui 25 urteko neska txinatarrak egiten du lan, eta harekin izan zen, duela urtebete hasi baitzen euskara ikasten. Handik Ameriketako Estatu Batuetara jo zuen. David Bieter eta Chris Bieterrekin izan zen, Boisen. Jatorri euskaldunekoa da David, bertako alkatea. Asensiok gogoratu du Euskal Herriko zazpi hiriburuetako alkateek euskaraz ez zekitela ere Estatu Batuetan bazela euskaraz zekien alkate bat. Chris, Daviden anaia, epailea da Boisen, eta euskaraz ederki egiten du. Ez zuten aitona-amonengandik jaso euskara, gazte hil baitziren; gerora euren gurasoekin Euskal Herrira etorri, eta horrela hasi ziren euskarara gerturatzen.

Lekukotza gehiago ere jaso ditu tolosarrak, David Romtvedt idazle eta musikari wyomingdarrarena, kasurako, baita Ipar Euskal Herrian euskara ikasitako quebectar batena ere, besteak beste.

Pertsona horiek euskararekiko duten militantziak harritu du Asensio, “batez ere, kontuan hartuta gurean zenbat kostatzen den jendea euskarara hurbiltzea”. Dokumentalaren lehengo zatian, jendeak euskara altxor baten moduan urteetan nola gorde duen ikusteak gogoetarako bidea ematen zuen, eta, bigarren zati honetan, gogoeta “are eta gordinagoa” dela uste du Asensiok: “Munduan sakabanatuta dauden euskal hiztunek euskarari ematen dioten garrantzia sentitzen duzu, eta, Euskal Herrian garrantzi berbera emateko zailtasunak daudela alderatzen duzunean, zer pentsa ematen du”. Egunotan Euskal Herrian den kolonbiarrak bizitzen ari denaz kontatutakoa jarri du adibide moduan: “Jose Miguel harrituta geratzen da hainbatetan, euskaraz hitz egiten hasi eta jendea euskaraz erantzuteko gai ez dela ikustean”.

Lehen zatiak bezala, bigarrenak ere osagai emozionala baduela dio tolosarrak: “Une hunkigarriak ere izango dira, pertsona hauek euskalduntasuna oso barruan sentitzen dutela nabaritzen delako”.

Bilboko Zinebi dokumental eta film laburren jaialdian estreinatuko dute lana, azaroaren 8an, eta, joan den urtean lehen zatiarekin egin bezala, ETBn ere ikusteko aukera izango da, Euskararen Egunean, abenduaren 3an. Egun berean, Bordelen aurkeztuko dute Euskara Munduan lanaren lehen zatia, frantseseko azpidatziekin; Argentinan, gaztelaniazkoekin; Boisen eta Sydneyn, ingelesezkoekin; eta Erroman, italierazkoekin —azken bi horiek konfirmatu gabe dituzte oraindik—. Bai Asensiorentzat, bai proiektu honetan buru belarri ari diren gainerako taldekideentzat oso pozgarria da hori, “lehen zatia oraindik bizirik dagoela erakusteaz gain, bidea ematen duelako euskarak guretzat duen garrantzia atzerrian erakusteko”.

“Astigartarrek erabakiko dute atez ateko sistemarekin jarraitu edo ez” »

Hondakinen bilketari buruzko galdeketa prestatzen ari dira Astigarragan, eta atez atekoaren alternatiba izango litzatekeen sistema adostea da parte hartze prozesuaren egitekoa. EAJren aukera txipa duen bosgarren edukiontzia jartzea litzatekeela dio Ne…