Urre beltzaren asteburua »

Babarruna da Tolosaren bereizgarrietako bat, zalantzarik gabe, eta horregatik ospatzen dute urre beltz esaten zaion produktu horri eskainitako festa ere. Asteburu osoan izango dira babarrunari lotutako ekitaldiak, baina aipagarrienak hauek dira: Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketa eta Lehiaketa Gastronomikoa.

Tolosako Babarrunaren Elkartean lanpeturik dabiltza festa aurreko egunetan; izan ere, Xabier Goikoetxea teknikariak azaldu bezala, eurentzat “erakusleiho garrantzitsua” da: “Ia urte guztiko lana erakusgarri jartzen da”.

Elkartea 1994an sortu zen, eta urte berean ekin zioten festa ospatzeari, nahiz eta ordurako Tolosako Gure Kaiola elkartekoek babarrun jatea eta sukaldarien arteko lehiaketa bat egiten zuten. Igandetan izaten zen lehiaketa, eta larunbatean nekazarien arteko lehiaketa bat gehitzea otu zitzaien, eta hurrengo egunean irabazlearen babarruna izatea prestatuko zena.

Orduan, elkartea 33 ekoizlerekin hasi zen lanean, eta guztien artean ez ziren hiru hektarea ereiten. Goikoetxearen esanetan, Tolosako babarruna “oso atzenduta” zegoen orduan; autokontsumorako zen. Aldiz, orain produktu “estimatua” dela uste du Goikoetxeak, eta era berean, “oso errotua” dagoela; azken finean, tolosarrak eta euskaldunak “identifikatzen” dituen produktu bat.

Euskal Herrira eta mundura zabaltzen lan handia egin du elkarteak. Aurten, 20.000 kilo babarrun zabaltzea espero dute; hau da, aurten, kantitate aldetik ez dute uste ona izango denik: “Etxe batzuetan produkzio ona jaso da, baina beste etxe batzuetan, oso gutxi”. Kalitateari dagokionez, ordea, “azken lau urteetako babarrunik onena” dela uste du Goikoetxeak. Atzerapena eta kantitatean izandako gorabehera eguraldiak eragin duela uste du, abuztuan “eguraldi arraroak” egin baitzituen.

Guztira, hogei ekoizlek erein dituzte babarrunak aurten 40 hektareatan, Gipuzkoako lurrak guztiak. Elkartea sortu zenean Tolosaldeko ekoizleak biltzen bazituen ere, hori “berehala apurtu zen”, lurra eta eguraldia bera baitzen; Eusko Labelek ere zehazten du produktuak “EAEko eremu berdean” ekoitzia izan behar duela.

Tolosako Babarrunaren Elkarteko lehendakaria, hain zuzen ere, zumaiarra da: Joxe Mari Aramendi. Ekoizleen saria irabazi zuenean, txisteren bat ere entzun behar izan zuen horregatik: “Tolosakoak zer hasi behar dugu? Antxoak egiten, ala?”.

Karguan berria da Aramendi. Aurretik, Mari Karmen Iradi izan da lehendakari, 18 urtean. Kargu horietara “ohitu gabe” dagoela dio Aramendik, baina zalan- tzarik gabe aurtengo Tolosako babarrunaren asteburu fes- ta “berezia” izango da berarentzat.

Aramendi Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako irabazle izan zen 2013an, eta uste du ekoizle batentzat polita dela sari hori irabaztea. Babarruna saltzeko orduan izena izatea ona dela dio, eta, gainera, sariak berak ere poztasuna ematen duela.

Aramendiri babarruna egiteko dituen trukoei buruz galdetuta, sekreturik ez duela dio, baina bere familian lurra “analizatu” egiten omen dute, eta babarruna ondo zaindu. Lurrari ematen dio garrantzia Aramendik, egokia behar baitu babarruna ereiteko. Bere lurrak Zumaiako Artadi auzoan daude, eta han ereiten du “hektarea bat eta erdi edo bi eskas”. Ekainaren erdialdean landatzen dute —giro ona bada, behintzat—, semearen eta bien artean.

Errefuxiatuak gogoan, “oihu solidarioa” Errenteriatik »

Mundu osoan altxatutako hamaika harresitan pitzadurak eragiteko asmoz sortu zuten Mikelazulo elkartekoek Herrien Astea, orain 21 urte. Ordutik, temati aritu dira urtero-urtero elkarteko kideak, harresiak suntsitzeko ahaleginean ez ezik, baita harreman…

Xanpaina, emakumerik gabe »

Xanpainarekin dugun harremana arras berezia da gurean. Ospakizunetan baino osoki gozatzea ez dagokigun edabe esklusibotzat dugu. Handikiek noizean behin tragoxka ttipi bat egitera baimenduko baligute bezala tratatzen dugu. Ez delako berez guretzat. Ab…

“Gaur, eskola umeek ere badakite bederatzi puntukoa botatzen” »

Gordea du Txomin Garmendiak 1967an Tolosako Leidorren jantzi zuen txapela. Memorian iltzatuta geratu zaizkio plazaz plaza entzundako eta botatako bertso asko. Txapeldun geratu zeneko arratsalde hartakorik ez du, ordea, gogoan. - Irakurri gehiago...

“Urbanismoan kontziente izan behar dugu emakumeen garrantziaz” »

Gaxuxa emakume taldeak bultzatuta, Lezoko leku arazotsuak identifikatu dituzte lehen aldiz, Lezo emakumeen ikuspegitik izenburupean. Lehen esperientzia horretan Emakunderen laguntza eta Murgibe erakundeko teknikarien aholkularitza izan dute, eta herri…

Nazio foraleko migratzailea naiz »

Mugaldean bizi izanda, eta nire herrialdean lanik aurkitzen ez dudanez, migratzaile bihurtuta nago eta ondoko herrialdera nabil lanean. Zortez, ez dut etxea laga behar izan, migrazio hori egunerokoa delako. Horregatik, muga egunean birritan zeharkatzen dut, joan-etorrian. Hori gertatzen zaigu migratzaile ekonomikooi, nahi baino gehiagotan pasa behar ditugula fronterak, ikusezinak badira ere.

Gure muga Schengen eremuan dago; beraz, mugimendu askatasuna bermatzen digu; baina ez da estatuen artekoa, ez dut pasaporterik aurkeztu behar igarotzeko, ez nortasun agiririk. Komunitate autonomoen artekoa ere ez da. Autonomia estatutu bera dugun herrialde biren gainean nabil etengabe. Nazio foral bateko taifen erreinuen arteko muga zeharkatzen dut lan egiteko.

Lurralde antolaketa hau zoramena da; nire iritziz, probintziakeria zentzugabea hain territorio txikian. Foralitate honek kaltea baino ez baitigu eragiten, batez ere naturalki probintziaz —bai, probintzia, ez dut lurralde historikoa idatzi nahi, demontre!— sarritan aldatzen dugunoi. Ez du ez hanka, ez buru.

A-8 autobidean dugu adibide garbia. Gipuzkoarra izanda, Gipuzkoarantz egingo banitu bidaiak, 35 euro ordainduko nuke tope hilean. Bizkaitarra banintz, ordea, eta Bizkairantz egingo banu, deskontua izango nuke. Baina gipuzkoar honek Bizkaiko herri bat duenez helburu, eta autopista bera erabili arren, ez dut ez deskontu ez toperik; kontrara, kontu korronte hustuketa. Berba batean, lapurreta egiten digute; ostea baita arantzel hori ezartzea, pertsona mugimendu librea beharko lukeen eremuan. Gainera, mugaldekoak zigortzen gaitu, hartu-eman naturalak ditugunok alderdi bien artean.

Badakit nazio forala eta aldundiak aldarrikatzen dituztenak ez daudela independentziaren alde, baina egunen batean lortuko bagenu, hori horrela geratuko litzateke? Jarraitu beharko genuke garraio-txartel bi izaten, bata ala bestea erabiltzeko bidaiaren arabera? Prezio desberdinekin? Tira, independentzia iritsi barik ere, burugabekeria hutsa da. Nahiago nuke nazio forala aldarrikatu beharrean, nazio florala —barkatu hitz joko erraza— aldarrikatuko balute; berdeago eta porlan gutxiagorekin izango litzateke, sikiera!

Dena den, herritarron dirutxoak edota erosotasuna garrantzitsuak izan arren, inork pentsatu du honek zelako eragina duen Autonomia Erkidegoan, Baskonian, Euskadin, Euskal Herrian, edo dena delakoan? Trinkotzeaz dihardut, sendotzeaz. Barne kohesiorako oztopoa eta enbarazua baino ez da. Harri bat gehiago naziogintzaren bidean. Txokokeria indartzen duelako; identitate hutsalak, oinarri gabekoak hauspotzen. Zoramen absolutua.

Era berean, konspiranoiko jarrita, galdetzen diot neure buruari zein interes ezkutu dauden proiektu ero honetan. Hori bultzatzen eta babesten dutenek zer duten kaskoan. Zer dela-eta desberdintasun arrazoi gabe horiek kilometro gutxitan? Erantzunak baino, galdera besterik ez dut.

Kontua da, horrela segituz gero, laster, Euskadi foral honetan check point-ak jarriko dizkigutela probintzien artean! Edo Bidasoan zegoen antzinako muga; txapel okerrak izan beharrean, mikelete eta foru poliziak. Karta berdea ere atera beharko dugu, eta kontrabandistak berpiztu! Tira, arantzelak pagatzen ditugu dagoeneko!

Barne mugek estutzeko baino ez dute balio, eta estutasunak ito baino ez du egiten!

“Nafarroako autobidea hartu behar luke eredu Gipuzkoak” »

Foru aldundiaren iragarpenaren ondoren, Etzegarateko bidesariaren aurkako mobilizazioak egiten ari da Hiru garraiolari sindikatua. AP-1eko bidesaria merkatzea proposatzen dute. - Irakurri gehiago...

Lau elkarte, arazoari erantzun nahian »

Aldundiko ikerketaren datuak emanda egin dituzte bosgarren Energia Jardunaldiak, Koldo Mitxelena Kulturunean. Pobrezia energetikoak Gipuzkoan duen eragina zenbatekoa den azaldu ostean, hura murrizteko proposamenak aurkeztu dituzte Egia-Kareaga, Carit…

Esparru publikoa segurtatuz »

Emakumeentzat seguruagoa den hiri bat eta emakumeei esker herritar guztientzat seguruagoa dena. Leku arriskutsuak identifikatzeko egin diren proiektu gehienetan ateratako ondorioa da, eta, hori aurrekari gisa hartuta, horri ekin diote Oiartzualdean.

Toki batek argitasun nahikorik ez duenean, inguruan zer dagoen ongi ikusten ez denean, entzunak izateko zailtasuna dagoenean, urbanizazio eskasa dagoenean… kasu horiek dira kontuan hartzen diren irizpideak leku arazotsuez hitz egitean. Oiartzunen, Errenterian, Lezon eta Pasaian irizpide horiek betetzen dituzten guneak ote dauden aztertuko dute.

Lezoko Udalak bultzatuta, Emakunde eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren laguntzarekin eta Errenteria, Pasaia eta Oiartzungo udalen kolaborazioarekin, Oiartzualdeko leku arazotsuen diagnostiko parte hartzailea egingo dute. Itsasne Loroño Fondo Formacion-eko berdintasun teknikariaren esanetan, azken urteetan eskualdeko elkarteek, emakume taldeek eta talde feministek horren inguruko hausnarketa baten beharra dagoela aldarrikatu dute; “eskualdeko emakumeak herri batetik bestera mugitzen dira, gainera”.

Leku horiek emakumeen kontrako sexu erasoak errazten dituztela nabarmendu du berdintasun teknikariak: “Nahiz eta objektiboki ez izan toki arriskutsua generoak eragindako ikasketak direla eta, nolabaiteko arriskua sentitzen da”. Hala, bi gauza lortu nahi dira: eraso sexistak errazten dituzten tokiei konponbidea eman eta erasoak saihestea, eta segurtasun sentsazioa zabaltzea.

Hori guztia bideratzeko, herri bakoitzean emakumeentzako arriskutsuak diren edo arrisku sentsazioa eta deserosotasuna sor dezaketen guneak identifikatzea izango da lehenengo eginbeharra. “Horrekin batera, beste hainbat alor ere landu nahi ditugu. Badakigu historikoki esparru publikoa emakumeentzako leku arrotza edo debekatua izan dela, eta prozesu honekin horren inguruan hausnarketa egitea bilatzen dugu; hau da, esparru publikoarekin emakumeek duten harremana nolakoa den momentu honetan. Gainera, emakumeen partaidetza aktiboa ere bultzatu nahi dugu”, adierazi du Loroñok.

Lantaldeetan parte hartzerik ez baina ekarpena egin nahi duenarentzat, tresna birtuala jarri dute martxan. Herritarrek euren iritzia eta proposamenak bidal ditzakete posta elektronikoaren bidez (komunikazioa@oarsoaldea.net).

Dozenaka taldek salatu dute “izaera desarrollista nabarmeneko” plana dela »

Donostia aldea eta Bidasoa Beheko Lurralde Plan Partzialak eragiten duen herrietan mugimendu handia sortu da, planean jasotako azpiegitura handien kontra. Joan den larunbatean, adierazpen bateratua aurkeztu eta dozenaka sinatzaileren ordezkariek agerr…