Plaza bete eskusoinu, 40 urte beteta »

1975eko apirilaren 20an, duela 40 urte antolatu zuen lehenengo akordeoi lehiaketa Gipuzkoako Konfederakundeak, Tolosan. Eskusoinua “indartzea” zuten orduan helburu, eta, urteekin, sendotuz eta hedatuz joan da hauspoa. 1988tik aurrera Arrasatek hartu zuen lehia, eta 1992an nazioarteko musikariei ireki zizkion ateak, Arrasate Hiria izenarekin. Egun, erreferentziazko jaialdietako bat bilakatu da soinu jotzaile gazteentzat. Gaurtik igandera bitarte, “munduko akordeoi hiriburu” bilakatu da Arrasate. Hirurehun musikari baino gehiago bilduko dira herrian, hiru txapelketatan: Arrasate Hirian, Gipuzkoako Akordeoi Jaialdian eta Gipuzkoako Akordeoi Lehiaketan.

Hamahiru musikari ariko dira Nazioarteko 23. Arrasate Hiria Lehiaketan —euskal herritarrik ez dago—. Gaur jokatuko dituzte kanporaketa faseak, Amaia antzokian; igandean, berriz, azken fasea izango da, eta 20:00etan banatuko dituzte sariak. Ekitaldi horretan, Oroitz Maiz soinu jotzaile gabiriarra omenduko dute —otsailean hil zen—. Gipuzkoako hainbat lehiaketatan aritu zen, bai parte hartzaile, bai antolaketa lanetan.

Akordeoi jotzaileen artean bezala, epaimahaikideen artean ere izen handiko musikariak daude. Antolakuntza saiatzen da bi urte baino gehiago jarraian ez ekartzen, Aitor Furundarena Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteko lehendakariak aurkezpenean azaldu duenez. Aurten, hauek izango dira epaileak: James Crabb (Eskozia), Stefan Hussing (Alemania), Vojin Vasovic (Serbia), Iñaki Alberdi (Euskal Herria) eta Matti Rantanen (Finlandia).

Haur eta gazteen saioak

Musikariek elkar ezagutzeko plaza zabala izango da Arrasate. Nazioarteko lehiarekin batera, beste bi topaketa ere izango dira, ohi bezala: akordeoi jaialdia eta akordeoi lehiaketa.

Jaialdian 267 haur eta gazte ariko dira, igandean. Lehia gabeko saioa da, “ikasleentzako lehenengo hurbilketa”. Horren bitartez, aukera eman nahi diete akordeoiarekin lehenengo urratsak egin dituzten haurrei eta ikasketa sakonago batera hurbiltzen ari direnei. Hiru gunetan egingo dute, goiz eta arratsaldez: Amaia antzokian, Kulturaten eta Arizmendi ikastolan.

Gipuzkoako Lehiaketan, berriz, 25 gazte ariko dira bihar, Amaia antzokian eta Kulturaten. akordeoi ikasle edo jotzaileentzat da, eta hiru mailatan lehiatuko dira: haurren mailan —13 urte artekoak—, gazteenean —14tik 17 urtera artekoak— eta senior mailan —18 urtetik gorakoak—.

Txapelketa eta jaialdietatik kanpo, beste zenbait saio ere izango dira egunotan. Arrasate Hiriko iazko irabazleak, Marko Sevarlic serbiarrak, hainbat kontzertu emango ditu: gaur, 20:00etan, Arrasateko kultur etxean; bihar, 20:00etan, Aretxabaletako kultur etxean; eta igandean, Donostiako Kutxako Andia aretoan, ordu berean.

Berrikuntza modura, interprete eta akordeoi irakasleentzako ikastaro bat antolatu dute. James Crabbek emango du, hilaren 7 eta 8an, Kulturaten —Arrasate Hiria lehiaketan epaile izango da—. Akordeoi klasikoak “munduan dituen enbaxadore garrantzitsuenetako bat” da Crabb, antolakuntzaren arabera.

Zabaldu, itxi, eman… ikasi »

Hogei ordurekin asko jasotzen dugu; urtebete izanez gero, euskararen %80 edo %90 hartuko genuke”. Mohammed El-Ghzauiren hitzak dira; Euskara Plus egitasmoko ikastaro bateko parte hartzailea, hain justu. Ikastaro horren azken-aurreko saioa bukatu berri…

Atentatuaz, berrikuntza gabe »

Nire zutabeen atzean dagoen estrategia funtsezkoa igarri zenuen zuk ere aspaldi. Benetako gai garrantzitsuez (euskalgintza, hondakinen kudeaketa, feminismoa) ezer fundamentuzkorik idazteko talenturik ez dudanez, saihestu egiten ditut, eta gogoeta laba…

BORJA SENPER: Zuzenbidea, politika eta poesia uztartuta »

Txutxu-mutxuetako aldizkarietan ateratzen den euskal politikari bakarrenetakoa bihurtu da azkenaldian Borja Senper (Irun, 1976), baina haren ibilbidea politikagintzari lotuta dago gazte-gaztetatik, 17 urte zituela egin baitzen PPko Nuevas Generaciones-eko kide.

Zuzenbidean lizentziaduna da, baina inoiz ez du zuzenbidea lanbide izan. PPko kide egin eta bi urtera Irungo Udalean zinegotzi hautatu zuten, 19 urte besterik ez zuela. 1999an alkategai aurkeztu zen. PSOEk irabazi zituen hauteskundeak, eta PP-PSOE itunari esker alkateorde izan zen legealdi horretan. 2003an ere ez zuen alkate izateko adina babes lortu. 2007an aurkeztu zen azkenekoz udal hauteskundeetara. Udal politikagintza 2010ean utzi zuen, soilik Eusko Legebiltzarrean jarduteko —2003tik da legebiltzarkide—. 2010etik Gasteizko ganberan aritu da, eta 2013tik popularren taldeko bozeramailea da —Arantza Quiroga ordezkatu zuen—.

Alderdiaren barruan egindako ibilbideari dagokionez, 2008an Gipuzkoako PPko idazkari nagusi izendatu zuten, eta 2009tik alderdiko presidentea da Gipuzkoan.

Ikasketaz zuzenbide mundukoa, lanbidez politikaria eta afizioz idazlea da Senper. Bi liburu argitaratu ditu. 2013an kaleratu zuen lehena —Sin complejos—, politikagintzari eta bere jardunari buruzkoa; eta 2015ean bigarrena: Maldito (des)amor izenburua duen poesia liburua. Eleberri bat idazten ari da.

Madrilera heltzen bada, Twitter bidez emango du hango berri, urtarriletik aurrera.

NAGUA ALBA: Aurpegi berria, hautagaitza berrian »

Gipuzkoako beste zerrendaburuen artean, ibilbide luzeko hautagaiak, hautagai ezagunak ditu aurkari Nagua Albak (Donostia, 1990). Ordezkatzen duen alderdia bezala —Podemos Ahal Dugu—, gaztea da bera ere. Aurpegi berri bat, gipuzkoarrentzat oso ezagunak diren beste lau izenen artean. Hauteskundeetan ordezkaritza lortzeko aukera duten bost hautagaien artean, gazteena da Nagua Alba, eta baita politikagintzara heldu berria ere.

Boto-emaileentzat ezezaguna da, baina Podemos Ahal Dugu alderdiaren sorreratik ari da lanean bertan. Alderdiaren barruko lanetan jardun du, ordea; aurpegia eman gabe, lehen lerrora jauzi egin gabe. Podemosen Estatuko Herritarren Kontseiluko kidea da Alba, eta baita Sare Sozialetako arduradun ere.

Hautagai izendatu atarian ireki zuen Facebookeko kontua, eta honela idatzi zuen Albak: “Ia bi urte Podemosen webgunea kudeatzen aritu ostean, Facebookeko lehen mezu pertsonala idatzi beharrean aurkitzea nahasgarria egiten zait. Sare sozialetako arduradun gisa neure buruari aholku bat eskatu beharko banio, argazki on bat aukeratzeko izango litzateke aholkua, testu motz eta argi bat idazteko, irakurtzeko erraza eta eduki politikoa duena. Baina ez diot neure buruari kasurik egingo. Nire lehen mezua pertsonala izatea nahi dut, eta nik nahi dudan bezain luzea”. Kanpainaurreko ekitaldien berri euskaraz zein gazteleraz ematen du Albak, Facebooken.

Psikologian lizentziaduna da Alba, eta master bat du Hezkuntzaren Psikologian.

“Nahaste haiek belaunaldien artean joko polita sortu zuten” »

Orain arteko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketen artean, bada bat oso berezia: 1999ko Herri Artekoa. Bertsolariak, buruz buru aritu beharrean, herriz herri osatutako taldeetan lehiatu ziren. - Irakurri gehiago...

JOSEBA AGIRRETXEA: ETBko aurpegi ezaguna, Kongresuan »

Joseba Agirretxea (Ondarroa, 1966) ez da Espainiako Kongresura EITBtik jauzi egin duen aurpegi ezagun bakarra. Agirretxeak baino lau urte lehenago hartu zuen bide bera Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko egungo lehendakariak. ETBko albistegiak zein hainbat programa aurkezten ezaguna egin ondoren —hamabi urte egin baitzituen EITBn lanean, bai telebistan eta bai irratian—, Kongresuko eserlekuetara egin zuen jauzi Agirretxeak 2008an, EAJrekin. 2011n Gipuzkoako zerrendan bigarren joan zen, eta orain zerrendaburua da. Datorrena hirugarren legealdia izango du, beraz.

Bizkaitarra da, baina 25 urte daramatza Agirretxeak Donostian bizitzen. Baina “ondarroarra izateaz harro” dagoela dio, maiz joaten dela hara, familia eta lagunak han dituelako. Euskal Filologia ikasketak egin zituen, baina oso gaztetatik datorkio politikarako grina. Umetatik. “Aitona gudari izan zen 1936ko gerran; heriotza zigorrera kondenatu zuten, eta gerraostea eta trantsizioa oso gogorra izan ziren gure etxean. Beraz, motibazio politikoa aspaldiko kontua da niretzat”. 17 urte zituela eman zuen izena EGIn, eta 19 urterekin zinegotzi izan zen Ondarroako Udalean.

Politikagintzan murgiltzea Joseba Egibarrek egindako dei baten ondorio izan zen. Batzar Nagusietan aholkulari gisa hasi zen lehenik, eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariarekin Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian komunikazio aholkularia izan zen gero. 2008an iritsi zen politikagintzako lehen lerrora, Madrilera.

Agirretxeak Facebook eta Twitter kontuak ditu, eta horietan maiz ematen du Kongresuko jardunaren berri.

ODON ELORZA: Udala utzita, bigarren legealdia Kongresuan »

Odon Elorza (Donostia, 1955) da Kongresurako zerrendaburuen artean beteranoena, eta politikagintzan ibilbide luzeena duena. Zuzenbidean lizentziaduna da; 1979an aukeratu zuten lehenengoz Donostiako Udaleko zinegotzi, PSEtik, eta ez zuen korporazioa utzi 2011 arte. 1984tik, udaleko lana Eusko Legebiltzarreko lanarekin uztartu behar izan zuen. 1991n, alkate izendatu zutenean utzi zuen Gasteizko ganbera —EAJk emandako babesari esker, hauteskundeak EAko Xabier Albisturrek irabazi baitzituen—.

Donostiako lehen alkate sozialista izan zen Odon Elorza, baina sozialistek Gipuzkoako hiriburuan izan ohi zuten baino emaitza hobeak lortu zituen beti Elorzak udal hauteskundeetan.

Hogei urtez jarraian alkate izan ostean utzi zuen udala, EH Bilduko Juan Karlos Izagirrek hauteskundeak irabazi ostean. Urte horretan PSE-EEren Kongresurako zerrendaburu izan zen Gipuzkoatik. Bigarren legealdia izango du.

Donostiako alkate zenean, batzuetan alderdi sozialistaren lerro ofizialetik kanpora ibili izan zen bere adierazpenekin, batez ere euskal gatazkari dagozkion gaietan. Baina Espainiako Diputatuen Kongresuan ere hautsi du PSOEk ezarritako boto diziplina. Espainiako Juan Carlos I.a erregeak abdikatu zuenean, haren semea errege izendatzeko Abdikazio Legearen alde bozkatu zuten PSOEko diputatuek, eta Elorza abstenitu egin zen. PSOEk ez zion isunik jarri horregatik.

Odon Elorzak, Twitter eta Facebook kontuez gain, bloga ere badu; dena bere webgunean bilduta. Maiz elikatzen ditu.

MARIAN BEITIALARRANGOITIA: Hernanitik Madrilera, Gasteiztik barrena »

Hernaniko alkategai gisa egin zuen Marian Beitialarrangoitiak (Legazpia, 1968) politikagintzarako jauzia. Ezker abertzalearen legez kanporatze garai latzenetan, auzitegiek baliogabetu ez zituzten EAE-ANVko hautagaitzetako batean zerrendaburu joan zen. Hernaniko alkate jardun zuen 2007tik 2011ra.

Alkate zela, 2008an egindako adierazpen batzuen harira auzipetu eta epaitu egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Igor Portuk eta Mattin Sarasolak Guardia Zibilaren esku sufritutako torturen harira, haientzako “txalo zaparrada” eskatzeagatik zigortu zuen Auzitegi Nazionalak; baina Gorenak absolbitu egin zuen gero.

Lanbidez kazetaria da Beitialarrangoitia. Egin irratian aritu zen esatari, 1998an Auzitegi Nazionalak hura itxi zuen arte. Euskadi Irratian aritu zen gero, eta EITBko langile batzordeko kide ere izan zen garai hartan. Alkategai aurkeztu zenean ordezkatu zuen kazetaritza politikagatik, eta egun eszedentzian dago.

2011ko udal eta foru hauteskundeetan ez zen aurkeztu —EAE-ANV legez kanporatuta zegoen ordurako—, baina, hauteskundeen ostean, Gipuzkoako Foru Aldundian Martin Garitano ahaldun nagusiaren komunikazio buru izendatu zuten. Horretan aritu zen, 2012ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak arte. Ordutik, Bilduko legebiltzarkide izan da Beitialarrangoitia, Gasteizen.

Twitter kontuaren bidez bere jardun politikoaren berri ematen du Beitialarrangoitiak maiztasunez.

” Babes arkeologikoa eman behar zaio urpeko ondareari” »

Ander Arrese (Beasain, 1977) Islandian izan berri da, irailean, Beñat Iturrioz bere bazkidearekin. Dokumental baterako materiala biltzen aritu dira, orain dela 400 urte hildako 32 euskal baleazaleen aztarnen bila. Arresek azaldu duenez, “pozik” itzuli dira: “Ez dizut gehiago esango, gainerakoa dokumentalean ikusiko duzue. Baina bai, topatu ditugu arrastoak”.

Arkeologoa da Arrese, ikasketaz eta lanbidez. Iturriozekin batera arkeologia enpresa bat jarri zuen martxan, duela sei bat urte: Suhar Arkeologia. Ondo joan zitzaien hasieran. “Baina gure lana oso lotuta zegoen eraikuntzarekin, obrak abiatu aurreko indusketa arkeologikoak egiten genituen maiz, eta krisia etorri zenean… Bide berrien bila abiatu ginen”.

Arresek ez zuen ordu arte urpekaritzarekin harremanik izan. Baina, krisiari irtenbide bat emateko modua urpeko arkeologian topa zezakeela pentsatuta, pausoak ematen hasi zen. “Islandiako proiektu honekin lotuta hasi nintzen, duela urte eta erdi inguru”. Aisialdirako urpekaritza ikastaroa egin zuen lehenbizi, eta horretan urpekaritzarako oinarriak ikasi zituen: “Segurtasun arauak, ekipazioa nola zaindu, nola ekipatu…”. Hurrengo pausoa titulazio profesionala eskuratzea izan zen, urpeko lanak egiteko eskatzen dutena.

“Eta behin titulazioa esku artean, arkeologia ur azpira nola moldatu ikasi behar izan nuen”. Oinarrian, kontzeptua bera dela dio, lur gainean eta urpean egon. Aztarnategi arkeologiko bat erregistratzeko sistema bat da arkeologia, eta gauza bera egin behar da uretan ere. “Baina, noski, ez da gauza bera aztarnategian gainean zutik ibiltzea, edo aztarnak urpean etzanda zaudela topatzea; lurrean kuadrikula bat zehaztea ere erraza da, urpean ez hainbeste; lurrazalean nahi adina denbora duzu, urpean denbora oso mugatuta dago…”.

Tarragonan (Katalunia) ibili zen arkeologia lanetan Arrese, han urperatutako itsasontzi batean. Eta Mediterraneoko ur epeletatik Islandiara, fiordoetara, euskal baleazaleen aztarna bila joan zen irailean. Duela 400 urte, Donostiatik irtendako hiru baleontziak Norvegian ibili ondoren iritsi ziren Islandia ipar-ekialdeko fiordoetara. “Han ekaitza sartu zen, eta izotzak itsasontziak harkaitzaren kontra bota eta txikitu zituen”. Laurogeitik gora baleazale ziren, eta haietako 32 hil egin zituzten, bertakoekin liskarrak izan ostean. “Sarraskia izan zen; oso modu basatian hil zituzten”.

Sarraskian hildako 32 baleazaleen bidea berregin nahi izan dute Arresek eta Iturriozek: “Haiek txalupatan eginiko bidea guk kayaketan egin dugu; haiek urperatu ziren tokian urpekaritza egin dugu, eta haiek ihes egin zuten tokietatik egin ditugu guk mendi ibilbideak”.

Urpean kosta ingurua miatu dute batik bat. Itsasontziak harkaitzen kontra txikitu zirenez, hor behar dutelako aztarnek. “Baina ez pentsa itsasontziak topatzeko asmoz urperatu garenik. Izan ere, itsasontziak egurrezkoak ziren, eta Islandian ia basorik ez dagoenez, egurra oso preziatua zen, urrea bezala. Baleontziak hondartzaren kontra suntsitu zirenez, hangoek ez zuten ezpalik ere utziko”. Ontzian zeuden objektuen bila ibili da Arrese urpean: “Badakigu kanoi bat bazegoela, material zeramikoak eta metalikoak, iltzeak, arpoiak eta balea arrantzatzeko tresnak…”.

Fiordoetan 7 graduko ur hotzetan murgilduta egindako lanarekin gustura dago Arrese, han bildutakoarekin dokumentala osatzeko gogotsu —marrazki bizidunekin osatuko dute baleazaleen istorioa—. Baina urpeko arkeologia etxean ere egin nahiko luke Arresek. “Hemen, Euskal Herrian, ez zaio ematen beste toki batzuetan ematen zaion garrantzia. Adibidez, Katalunian eta Cadizen, portuetan edo kostan egiten diren obra guztietan, aplikatzen da lurrazaleko kontzeptu bera”. Alegia, obra handi bat egin behar denean, egin behar dela azterketa arkeologiko bat, obrak bertan egon daitekeena uki eta suntsi ez dezan. “Hori beste toki batzuetan ur azpira ere aplikatzen da. Hemen ez”.

Arrese, ordea, ziur da komenigarria litzatekeela. “Hemen badugu ondare bat, kostako herria garelako, eta hemen ere egon direlako hondoratutako itsasontziak, itsas gatazkak, itsasoari begira bizi izan garelako beti, eta ziur nago ondare arkeologiko handia dagoela urpean. Eta ondare hori ez da potentziatu eta ez zaio behar duen babesa eman. Kontrol, interbentzio eta babes arkeologikoa eman behar zaio urpeko ondare horri ere”.