“Txapelketatik sagardogileok informazio asko jasoko dugu” »

Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa Herrikoia antolatuta, aspaldiko amets bat beteko dute; hala dio Unai Agirre Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko kideak (Hernani, 1975). Bihar jokatuko da Azpeitiko Berdura plazan, 20:30ean. Gipuzkoako Sagardogile Elka…

Bizikleta, herritik ibiltzeko alternatiba »

Europako Mugikortasun Astearekin bat egin dute Gipuzkoako zenbait herritan. Hilaren 16tik joan den asteartera arte, askotariko ekintzak egin dituzte lurralde osoan. Anoetan, berrehun lagun baino gehiago batu dira bidegorrietatik egindako Bizibira ibilbidean; Tolosan, bizikletak konpontzeko aholkuak jaso dituzte haurrek —irudian—; eta Hondarribian, haur eta gazteentzako ginkana egin dute. Donostian ere jarduera ugari izan dituzte: besteak beste, 12 kilometroko bizikleta martxa batean parte hartu dute 800 ikaslek eta 70 irakaslek.

Erditze baten soka luzea »

Errutinara itzultzeko egunek mikatzetik asko izan ohi dute ume jaioberri baten sendian. Samuel Prada Valle haurraren familiarentzat joan den irailaren 1a nola hala hasi bazen ere, egun hura irribarre gozoz oroitzen dute orain, euren bizitzetako egutegian. - Irakurri gehiago...

Ezezkoen iraultza, eszenan »

Beti da posible ezetz esatea. Beti da posible, duintasunik eta askatasunik ez dagoenean; beti da posible, desberdintasunak daudenean”. Kontua da nola egin. Roberto R. Aramaio irakasleak bere egin ditu Javier Mugerza filosofoaren hitzok, eta disidentearen figurari erreparatu dio: “Disidentea ez da fanatikoa, ez intolerantea. Sistema barrutik hitz egiten du, ihes egin gabe”.

Beste hainbat arlotan bezala, zineman ere ikuspegi ezberdinetatik jorratu izan da disidentzia. Horretaz aritu dira, hain zuzen, Aramaio bera, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria, eta Javier Rebollo eta David Trueba zinemagileak. Zinema ideiak eta zinema ideiaduna zikloan parte hartu dute aste honetan, Donostiako San Telmo museoan. Saioan aipamen berezia egin diote Pier Paolo Pasolini zinemagile disidenteari, egunotan hari eskainitako erakusketa jarria baitute museoan —urriaren 4ra arte bisita daiteke—.

“Disidente batekin” hasi da mahai ingurua, hain justu: Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria parte hartzekoa zen, baina azken orduko gorabeherengatik huts egin du.

BIZITZA BERDIN ZINEMA

Berdin gertatzen da zineman zein bizitzan: ezetz esatea ez da popularra. Rebollok dioenez, ezetzak deseroso sentiarazten du: “Ezetz esan beharra aktore bati, neska-lagunari… ez da ondo ikusten”. Disidentearen nahia, baina, ez da kontrako aldean jartzea, hitza erabiltzea baizik: “Ezetz esan nahi du. Ezetza ezetzagatik”.

Adibide gisa, txikitan aitarekin izandako elkarrizketa bat ekarri du Rebollok gogora. Hala galdetu zion behin aitari: “Zergatik eraman nauzu apaizen eskola batera, zu ateoa eta marxista izanda?”. Eta hark erantzun: “Zerbait kritikatzeko, ondo dator hura gertu izatea”. Irakaspen hura entzun ondoren ezetz esaten ikasi zuen; jaunartzean, denak marinelez zihoazenean, bera bakeroetan; eskaut kanpamentuetan, mutilekin egon beharrean, nahiago neskekin. “Oso ondo zergatik jakin gabe ere, ondo dago ezetz esatea, pauso bat atzera ematea, eta, gero, norbere buruari zergatia galdetzea”.

Film bat grabatzerakoan ere, dena prest dagoenean, aldaketatxoren bat egitea proposatu du: “Eta beste modu honetara egingo bagenu…?”. Rebolloren ustetan, ez da zertan mundua buruz behera jarri; nahikoa da sistema barrutik guztia pixka bat aldatzearekin. “Denean balio du horrek: sukaldean, amodioan, politikan…”.

ZINEMAGILEEN ROLA

Disidenteen eta politikaren arteko loturari erreparatu dio Fernandezek. Zinemagile edo artistak botere politikoaren aurka iruditu ditu, eta joan den hileko albiste bat jarri du adibidetzat: Oleg Sentsov Ukrainako zinemagileari hogei urteko zigorra jarri dio Errusiako Justiziak, “terrorismoagatik”.

Botere politikoekiko harremanez aparte, zinemaren bitartez gizartearengan eragin dezaketenaz ere ari da Trueba. “Artista, idazlea, zinemagilea… oso garrantzitsua da. Une oro gizartearekin dago harremanetan, dituen kontraesanak gogorarazten”. Jean Renoir zinemagilearen esan bat erabili du kontraesan horren adierazle; hala zioen: “Harritu egiten nau klase pobrearen miseriak ikusten dituenean gozatu eta negar egiten duen publiko horrek, baina gero etxera iritsi eta neskamea kaleratzea, haurdun geratu delako”.

Zinemagileak eurak ere zinemaren negoziazioaren aurrean izan daitezke disidente. Truebak dioenez,negozioak “perbertsio bat inposatzen dio zinemagileari”, eta zinemagileak horrekin bizi behar du. “Katean, batzuen interes handiena dirua irabaztea da”. Haren arabera, ordea, zuzendarien nahia ez da normalean hori izaten, lanari eustea eta nahi dutena egitea baizik. “Perbertsioa dago bere interesa dirua irabaztea bilakatzen duenean; irakurtzen duguna bildutako dirua da, obraren bedeinkazioa. Horren aurrean errebelatu behar duzu. Disidentzia da zinemaren negozioari gogoraraztea ez dela negozio bat bakarrik”.

TESTUINGURUAN, ETA KANPO

Film edo bestelako sorkuntza bat egiterakoan, berebiziko eragina du testuinguruak. Alde horretatik, artearen mundua “krudela” dela dio Truebak: “Testuinguruak behartzen zaitu dagoenarekin toreatzera eta hor irautera, baina jakinda hori inoiz ez dela balio bat izango. Urteetara izango duen balioa obra hutsarena izango da; obrarena, biluzik”.

Rebollo ez dago guztiz ados: “Bai, baina ez. Saber perder zure liburuak [2008] gauza ezberdin bat adieraziko du orain eta hemendik berrogei urtera”, mintzatu zaio Truebari. Obra sortu zen testuingurutik kanpo, Rebollo konbentzituta dago pelikulak berriro ikusi behar direla, liburuak berriro irakurri behar direla. “Pasoliniren erakusketak ere gauza ezberdinak esaten ditu Erroman, Parisen, Bartzelonan edo hemen ikusita…”.

DISIDENTE EUSKALDUNAK

Inguruan badira disidente izandako zinemagileak ere. Euskadiko Filmategiko zuzendariak egin die errepasoa. Hala dio Nemesio Sobrevilari buruz: “Erbestera atera behar izan zuen, eta horrekin bere ibilbide profesionala amaitu zen; ez zuen gehiago filmik egin”. Fernandezen ustetan, 36ko gerraren inguruko pelikula interesgarrienetako bat harena da: Guernika (1937).

36ko gerrak “basamortu” bihurtu zuen Euskal Herria zinemagileei dagokienez, gehienek erbestera ihes egin behar izan baitzuten. Eloy de la Iglesia aipatu du disidente gisa, eta Jose Maria Zabalza, eta Elias Kerejeta. Azken hori “zinema metaforikoaren ekoizle handia” izan zen Fernandezentzat. Disidentea guztiz, batzuek “disidente moderatu” gisa ikusten duten arren: “Veneziara, Berlinera eta Cannesera joaten zirenean, frankismoaren kontrako eraso bezala ikusten ziren haren filmak, argi eta garbi”.

Orduko arazo eta trabei alde onak ere ikusten dizkie Truebak: “Espainian arazo bat zekarkionak atzerrian bertute bat ematen zion”. Azken urteetan Irango zinemarekin gertatzen denarekin konparatu du: “Jendeak ulertzen du barruko matxinada batetik sortutako zerbait dela”.

PASOLINI

“Guztiaren disidente” izan zen Pier Paolo Pasolini: bere sexualitatearen disidente, hizkuntzarena, zinemarena… Asko sufritu zuen. Haren erradiografia azkar bat egin du Rebollok: “Isila zen, zuhurra. Komunista eta homosexuala, abortuaren aurka zegoen, friuleraz idazten zuen, aita gorroto zuen militar faxista bat zelako… Garai oso zaila bizitzea tokatu zitzaion: II. Mundu Gerra amaituta, demokrazia kristauak irabazi zuen pentsatzen zenean komunistek irabaziko zutela, diktadura demokratikoa iritsi zen…”. Alderdi komunistatik egotzi zuten homosexuala zela jakin zutenean.

Disidentziak ere badu norberarekiko eta ingurukoekiko oposizioa; nork bere buruari galdetzea, “zer egiten ari naiz?”, eta errebelatzea. Pasolinik bizitako pasarte bat gogora ekarri du Truebak adibidetzat: 1968ko maiatza zen. Iraultzak zeuden Frantzian, unibertsitate giroan, ikasle eta langileak botere burgesaren kontra. Momentu horretan bertan, Europa erdialdetik erbestera joan ziren hainbat zinemagile ezagun, Milos Forman tarteko. Hark kontatzen zuenez, komunismotik ihesi Parisera heldu zenean, gazte batzuk topatu zituen komunismoa eskatuz. Erotuta baleude bezala begiratu zien. Istiluak izan ziren bi aldeen artean, eta Erromatik, honela esan zuen Pasolinik: “Ni polizien alde; horiek ere langile klasearen semeak dira”. Istiluen biharamunean idatzitako poema bat errezitatu du Rebollok: “Manifestariak etorkizuneko burgesak zarete, zuek gidatuko dituzuelako etorkizuneko enpresak […] Atzo zuek zineten aberatsak, eta poliziak ziren pobreak”.

“Euskal kosta guztirako egin ditugu txipiroitarako ontziak” »

Erretiroa hartuta badago ere, denbora luzean ontziolari lotuta jarraitzeko asmoa du Ignacio Olaziregik (Hondarribia, 1933): “Erretiroa hartuta nago, baina ez nuke esango oraindik erretiratu naizenik. Hementxe segituko dut, ahal dudan artean semeari la…

Lau loraldi Landare ureztatzeko »

Mende erdi darama errugbiak Landare ureztatzen, Hernanin. Agerikoa da; errugbi zelaira iristearekin batera, urteurrena gogorarazten duten afixak daude nonahi. “Ez nahastu, ez da elkartearengatik; nik ere 50 urte bete ditut aurten, eta denak ospakizune…

Hiru hilabeteko bertso lasterketari etzi ekingo diote, Beasainen »

Usurbe antzokian (Beasain) du abiapuntua, eta Illunben (Donostia) helmuga. Igandean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, 17:30ean. Hortik aurrera, eta abendura bitartean, ia astebururo izango dira kanporaketak. Hala, bertsolariak forma onean iritsi diren neurtuko dute igandetik aurrera. Lau urtez behin jokatzen da txapelketa, eta 43 bertsolari elkartuko ditu aurten. Maiatz-ekainean abiatu zen, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasearekin. 30 bertsolarik lortu zuten txapelketarako sailkatzea. Gainerako hamahiruak 2011ko txapelketan finalaurrekoetara edo finalera heldutakoak dira.

Igandean, Ane Labaka, Beñat Iguaran, Elixabet Pagola, Haritz Mujika, Iñigo Manzisidor Mantxi eta Jon Maia ariko dira bertsotan Usurbe antzokian. Haiena izango da bertsolari txapelketari lehen puntua jartzeko ardura.

Azpeitian eta Lasarte-Orian jarraituko du txapelketak. Irailaren 26an, 17:30ean, Azpeitiko Soreasu antzokian, Amaia Iturriotz, Ander Lizarralde, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Nahikari Gabilondo, Nerea Elustondo eta Unai Mendizabal irtengo dira oholtza gainera, final-laurdenetara igarotzeko txartelaren bila. Hilaren 27an, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean izango da bertso saioa, 17:30ean. Aitor Irastorza, Beñat Lizaso, Gorka Azkarate, Maider Arregi, Mikel Artola eta Xabier Sukia ariko dira gai-jartzaileak jarritako lanak betetzen.

Urriaren 3an, Elgoibarren, Herri Antzokian izango da saioa, aurrekoen ordu berean. Lehian Iban Urdangarin, Iñigo Gorostarzu, Manex Mujika, Manu Goigana, Oihana Iguaran eta Unai Muñoa ariko dira. Arrasaten jokatuko da hurrengo final-zortzirena, urriaren 4an, Amaia antzokian. Aratz Igartzabal, Egoitz Eizagirre, Eneritz Artetxe, Felix Zubia, Haritz Casabal eta Iñaki Gurrutxaga izango dira oholtza gainean. Final-zortzirenetan azkena, urriaren 11n jokatuko da, Andoaingo Basteron. Antton Fernandez, Asier Azpiroz, Gemma Urteaga, Ibai Esoain, Jokin Uranga eta Unai Gaztelumendi irtengo dira hurrengo faserako txartela eskuratzera.

Final-laurdenak

Urriaren 20an hasiko dira final-laurdenak. Aurreko fasea gainditu duten bertsolariekin, 2011n finalera sailkatutakoak ere izango dira horietan: Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

Igandetik aurrera joango da argitzen Aitor Sarriegik orain lau urte eskuratutako txapela noren buruan eroriko den.

2,5 »

Gipuzkoan arrantzatutako hegaluzea, milioi kilotanHegaluzearen kanpaina oraindik amaitu gabe dagoen arren, emaitza onak ari da izaten. Batez ere, iazko kanpainarekin alderatuta, inoizko txarrenetakoa izan baitzen. Aurten, dagoeneko 2,5 milioi kilo heg…

Bi proba: bihar Andoainen, eta etzi Zarautzen »

Aurrena Andoainen hasi ziren antolatzen txirrindularitza egokituko probak. Han parte hartu, gustatu, eta Zarautzera eraman zuten lehia bat Arrotaonandia anaiek, Zarauztarra klubaren laguntzarekin.Bihar, txirrindularitza egokituko XI. Batzokia Sarian G…

Bisitariak milaka lehen asteburuan »

Lau urteko obren ondoren, azkenean ireki dute Tabakalera. Joan den ostiralean zabaldu zituzten ateak, eta irekitzearekin batera, milaka herritar joan ziren tabako fabrika zaharberritura. Donostiako kultura garaikideko zentroak ibilbidea hasi baino ez du egin, eta orain eraikina kulturaz, proiektuz eta jendez betetzea da erronka. Lehen asteburuan, datuak oso onak izan dira, eta horri eusten ahaleginduko dira proiektuaren arduradunak. Hiru egunetan —ostiraletik igandera— 28.200 lagunek bisitatu dute Tabakalera.