“Askok euskaltegian dute euskaraz aritzeko aukera bakarra” »

Euskara ikasteko eredu berri bat martxan jarriko dute eskualdean, eta, Arbelaitzek dioenez, ikasleak aspalditik egiten ari diren eskaera bati erantzungo dio. - Irakurri gehiago...

Hemen lan egiteko lanean »

Itsaso Andueza EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko lehendakariak "kezkatuta" hitz egiten du Adegiko presidente Pello Gibelaldek urriaren hasieran egindako adierazpenen harira. Ez dio balio gazteei buruz esandakoak esan eta gero barkamena eskatzeak. "Adierazpen larriak egin zituen", dio Anduezak, eta barkamen eskaerarekin ez zuen konpondu egindako kaltea. - Irakurri gehiago...

Hormak hizketan hasiak dira »

Paretei bizia ematea da asmoa, bizikidetzaren mesedetan jarri, kale artearen gaineko eztabaidarako euskarri bihurtu. Xede horrekin, Donostia 2016k artisten esku utzi ditu bost horma. Judas Arrieta da hautatutako bost horma horietako batean esku hartze…

“Barkuak monumentu izendatzearekin bide bat zabaldu zitzaigun” »

Hiru urte pasatu zituen Socorro Romanok (Donostia, 1956), beste hainbat lagunekin, Donostiako Untzi Museoko proiektua egiten. Bertako zuzendaria da orain. “Denetik egitea tokatzen zait, zuzendari izan arren: bitrinak mugitu, aldundikoekin kontuak koo…

Bost pareta eta hamaika hausnarketa »

Donostian hiru, eta beste bat Errenterian. Urumeako igogailuan, Intxaurrondoko Zubiaurre pasealekuan, Altzako Ramon Irigoien parkean eta Errenteriako Alaberga auzoan daude proiekturako hautatu dituzten beste lau hormak. Horiek irudikatzeko ardura, ber…

Final-zortzirenak bukatuta, hilaren 24an ekingo diote berriro lehiari »

Asteburuan atseden hartuko du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Dagoeneko osatuta dago final-laurdenetan ariko diren bertsolarien zerrenda, eta hilaren 24an hasiko dute hurrengo fasea, Urretxu-Zumarragan. Guztira, bost saio jokatuko dituzte fase horretan; azaroaren 8an izango da azkena.

Final-zortzirenen ondoren, 23 bertsolarik lortu dute final-laurdenetara sailkatzea, horietako seik saioa irabazita: Jon Maiak, Arkaitz Oiartzabal Xamoa-k, Beñat Lizasok, Manu Goioganak, Felix Zubiak eta Jokin Urangak —hura da, gainera, fase guztian puntuazio altuena lortu duena, 457,5 punturekin—. Puntuazioaren arabera pasatu direnen artean, berriz, Ane Labaka izan da onena: bigarrena izan zen bere saioan, Beasainen, eta hirugarrena da sailkapen orokorrean (444 puntu). Azken sailkatuak, Mikel Artolak, 415 punturekin egin du aurrera.

Faseko 23 sailkatuei beste zazpi bertsolari batuko zaizkie final-laurdenetan. Horiek zuzenean sartuko dira datorren fasean, 2011ko Gipuzkoako txapelketan lortu zuten postuari esker: Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean igaroko da finalaurrekoetara, eta puntu gehien biltzen duten hamahiru bertsolariekin osatuko da lehia.

Finalaurrekoak

Final-laurdenak azaroaren 8an bukatuko dira, eta azaroaren 22an hasiko dira finalaurrekoak. Hiru saio izango dira: Zarautzen, lehena; Tolosan, azaroaren 29an; eta Eibarren, abenduaren 6an. Aurreko fasetik sailkatzen diren hemezortzi bertsolariak ariko dira: sei bertsolariz osatutako hiru talde egingo dituzte, eta saio bakarrera lehiatuko dira.

Aurreko faseetan bezala, finalaurreko bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da finalera, eta puntu gehien batzen duten bost bertsolariekin osatuko da finaleko zortzikotea.

Abenduaren 20an izango da finala, Donostian, Illunben, 17:00etan. Aitor Sarriegi egungo txapelduna ez da lehiara aurkeztu; beraz, buruz aldatuko da txapela.

Kirol inklusiborako bidean »

Hamabi urte dira Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa kirola egiteko aukera bermatzen ari dela. Alicia Figueroa federazioko teknikariak dioenez, prozesuaren hasieran konturatu ziren urritasunak dituzten haurrek kirola egiteko paradarik ez dutela, eta…

“Atzerritarra zara hemen, eta lana ez-kualifikatua da atzerritarrentzat” »

Martxoan Ingeniaritza ikasketak bukatzeko proiektua egiten hasiko da Leipzigen (Alemania), baina bitartean Berlinen bizi da Mikel Larrañaga (Azkoitia, 1992). Duela hiru hilabetetik alemana ikasten ari da Berlingo hizkuntza eskolan, Leipzigeko unibertsitatean egin beharreko ikasketak jarraitu ahal izateko, eta bitartean lanean ere ari da. “Minilan horietako batean”, azaldu du.

Lana, Berlinen, soberan dagoela dio. Atzerritar ugari bizi da han —”batik bat espainiarrak eta italiarrak, euskaldunak gutxiago”— eta lana egin nahi duenak aurkitzen du. “Baina lan prekarioa izaten da, kualifikatu gabea; batzuetan minilanak dira, baina baita kontratu gabeko lanak ere, gero eta gehiago; adibidez, jatetxe batean platerak garbitzen”.

Larrañagak erabilera anitzeko estadio batean lan egiten du. Ho-ckeyan eta saskibaloian jokatzen da bertan, eta jaialdiak ere egiten dituzte. Baterako edo besterako prestatzen dute estadioa Larrañagak lan egiten duen enpresakoek. “Lana fisikoa da, oso fisikoa”.

Gehienezko ordu kopuru bat egin daiteke minilan batean, baina soldata ere horren araberakoa izaten da: gehienez, 450 euro hilean. “Niri ondo egokitzen zait; hilean bost-sei egun lan egiten ditut, 12 orduko lanaldian, hori bai, eta gero libre nago ikasteko. Baina horrekin ezin zara bizi, jendeak bi eta hiru minilan egiten ditu, bizimodua ateratzeko. Gainera, Berlinen alokairuak garestiak dira”. Partekatutako pisu batean bizi da Larrañaga.

Gabonetan da Euskal Herrira itzultzekoa. Izan ere, Pello Gibelaldek esandakoaren kontra, Europan egonagatik ere asteburuetan etxera itzultzea ezinezko jotzen du Larrañagak. “Nola joango zara, ba, asteburuetan? Pentsa, hegaldi batek 200-250 euro balio du, eta 450 euroko soldatarekin… Eta minilan hauetan, gainera, asteburuak libre izatea ere ez da ohikoena”.

Alemanian etxean dagoenik ere ez du sentitzen. “Hemen atzerritarra zara; ematen dituzte laguntzak, baina atzerritarra zara, eta gehienetan lan ez-kualifikatua da atzerritarrentzat. Lan beragatik ere gutxiago kobratzen duzu atzerritarra bazara”. Bestetik, Euskal Herriko edo Espainiako enpresa batekin Alemaniara joandako langileen egoera are okerragoa dela dio; “Alemanian zaude, bai, baina hango soldatarekin, auskalo ze baldintzatan”.

Larrañaga “denboradi baterako” joan da Alemaniara, nahiz eta ez dakien proiektua aurkeztu ondoren zer egingo duen. “Hau ez da paradisua, baina gutxienez praktikak ordaindu egiten dituzte. Izan ere, Euskal Herrian praktikatan hartzen zaituzte eta ia-ia eskerrak eman behar dizkiozu enpresari kobratu gabe lanean hartu zaituelako; askotan, gainera, zure prestakuntzarako baliorik ez duten praktikak dira, eta enpresarentzat doako lana egiten duzu. Halere, ez dakit zer egingo dudan; oraingoz, alemana ikasi, lan egin eta martxotik aurrera Leipzigera, ikasten jarraitzera”.

Sakabanaketa amaitzeko, indarrak batzeko eskatu dute herri kirolariek »

Aiztondo bailara osatzen duten sei herriak txandakatzen doaz urtero, eta, aurtengoan, Villabonak hartuko du Aiztondora Eguna. Bihar izango da, eta egitarauari begiratu bat ematearekin, nabaria da herri kirolak izango direla protagonista. Izan ere, “eu…

Iruñeko euskaldunen lezioa »

Ezin gintezke engaina,

Xumetasun hau gu gara,

Bizirikan gaude baina,

Egin dezagun algara

Hemen jaio, hemen hazi.

Hemendik kanpo ezin bizi.

Eta duena merezi

Euskaraz adierazi

Ez naiz poeta bihurtu, lasai. Pasa den larunbatean Iruñeko Burguen plazan entzundakoaren zatitxo bat baizik ez da. Bertan Joxemiel Bidador. Iruñeko euskaldunak pastoral ederra jokatu zen Bidador dantzari, euskaltzale, idazle, irakaslearen omenez.

Gazterik hil zen Bidador, berrogei urte bete aurretik. Pertsona maitagarria eta maitatua zen, eta nik bezala, bizirik ezagutu ez genuenondako, muntaia paregabea izan zen zapatukoa. Ezin aproposagoa horrelako lana egin eta karisma zuen gizonezkoari gorazarre eta omenaldia egiteko.

Antzezlan fina eta dantzari eta abeslari trebe asko ezagutu genituen plaza horretan. Ordu ugari lanean jardundakoak azken emaitza duinetik harantzagokoa izan zedin. Eta lortu zuten. Kalitate bikaineko ikuskizuna eskaini baitziguten. Eman nahi zutena, ordea, ez zen kalitatezko espektakulua, pertsona handi batenganako errespetua eta miresmena. Lortu zenuten, zorionak.

Zuetako askok galdetuko zenioten ea zertan nabilen Gipuzkoako Hitza-n, iritzi sailean ikuskizun baten kronika egiten; batez ere, nafar bati nafarrek egindako omenaldia izanda. Itzuli gara gure esparrutxo probintzianoetara, ezta? Kontua da, Iruñean ikusitakoak hausnarketa asko eragin dizkidala.

Alde batetik, zenbat jendek eta zein desberdinek hartu zuten parte antzerkian, zelako elkarlana sortu zen hainbat elkarte, kolektibo eta norbanakoren artean. Nolako lana eta adostasuna lortu ziren, gure herrian ez dena batere arrunta, bakoitzak bera esparrua defendatzeko lubakiak eraikitzen baititugu, eta nahi baino sarriagotan, bertan gotortu egiten gara. Iruñean egindakoak komunitate hori trinkotzeko balio duela uste dut. Eta bati baino gehiagori entzun nion bezala, mugarri izan liteke etorkizunerako.

Bestetik, beste herrialde batzuetako euskaldunondako balio lezake gure mikro-mundutik ateratzeko, burua zabaltzeko, begietako benda kentzeko. Izan ere, gure Gipuzkoa-Bizkai semi-euskaldun honetan oso barneratuta daukagu, nire ustez, hemen topa genitzakeela euskaldunak, baina zonalde ez hain euskaldunetan (ejem, ejem) nekez aurki genitzakeela euskaraz dakien inor. Horrela, Bilbora, Gasteizera, Iruñera edo Baionara joanda, gutxitan hartzen ditugun euskararen zutoihala eta lantza, hiri horietan gure hizkuntzan jarduteko (gure herri ustez euskaldun hauetan hala horniturik irtengo ez bagina legez). Kaskoan sartuta baitugu hemendik kanpora euskaldunak kontu exotikoa direla, gu garela azken mohikanoak. Edo okerrago, guk mantentzen dugula euskal esentzia bizirik.

“Bilbotarra eta euskalduna? Benetan?!”, harritu zaizkio bilbotar euskaldunei sarri, jakin barik Ramon Saizarbitoriak esan zuela: “Euskara Bilbon salbatuko da edo ez da salbatuko”. Berak Bilbo jarri zuen adibide, baina Iruñea, Gasteiz eta Baiona gehituko nizkioke. Teorian arrotzak zaizkigun horietatik asko ikasteko baitugu: elkarlana, grina eta aurrera egiteko gogoa.

Eta ez dezagun ahatz hasierako kantuak dioena: xumetasuna garelako, eta bizirik gaudelako, egin dezagun barre, ospa dezagun euskaraz. Bidadorrengatik eta bere moduko guztiengatik! Biba Iruñeko euskaldunak!