%24 »

Getariako Txakolina sor-markaren ekoizpenaren igoera. Getariko Txakolina sor-markaren ekoizpena %24 igo da iazkoarekin alderatuta. Alegia, aurten, 2,9 milioi botila merkaturatuko dituzte. Asteartean egin zuten 2011ko ekoizpenaren aurkezpena, urtero legez, San Anton egunez, eta Getarian.

Ezjakinaren zoriona »

Aspalditxoan ez dut egunkaririk irakurri, ez dut albistegirik ikusi edo irratirik entzun; denbora falta aitzakiatzat harturik neure burua justifikatu dut.

Atzo etxean lasai antzera bazkaltzeko aukera izan nuen, eta, lenteja platerkada bat jan bitartean —bai, badakit euskara jatorrean dilista platerkada esan beharko nukeela, baina izen hori daraman zerbait jateak lastima ematen dit, dilistek hain babesgabeak dirudite… askoz lasaiago irensten ditut lentejak!— , tira harira, lenteja platerkada bat jan bitartean albistegia ikustea erabaki nuen. Krisia, langabezia, gatazka politikoak, burtsa eta antzeko kalamidadeak lentejekin batera irensten nituen bitartean, ezjakina izatea zeinen gozagarria den konturatu nintzen.

Erabaki bat hartu dudala uste dut, puska batean ez dut ezer jakin nahi egungo egoerari edo aktualitateari buruz, ez, ez dit onik egiten, eta aukeran nahiago dut ezjakin zoriontsu bat izatea, jakitun kezkatu bat izatea baino. “Aurtengo urtea txarra izango da, baina hurrengo urtean okerrera egingo du krisiak”, horixe hasi ziren esaten 2007 inguruan, eta urtero errepikatu den esaldia izan da gaur arte. Mundu osoan, egunero milaka pertsona gosez hiltzen dira, gu krisi deritzogun horri aurre egiten saiatzen garen bitartean. Baina guk gure mundu grisa sortzen jarraitzen dugu, buru-belarri. Tira, ba horrelako albisteak entzutea baino nahiago dut liburu ederren bat irakurriz edo pelikula bat ikusiz entretenitzea; errealitatea gustuko ez duzunean, fikzioan murgiltzea baino irtenbide sanoagorik ez dut ezagutzen.

Seguru nago pentsatzen eta sentitzen dugun hori erakartzen dugula; beraz, barru-barruan pentsatzen badugu egoerak hobera egin dezakeela horixe izango da erakarriko duguna. “Ze tontakeria esaten hasi da neska hau oraingoan?”, pentsatuko duzue zuetariko askok; sinets ezazue, bada, zerikusi handia duela. Albistegian edo egunkarian ikusitakoarekin konformatzeko joera daukagu, geure buruak informatzen ditugu, mundua zeinen gaizki dagoen hausnartuz, eta ondoren lagunartean bakoitzaren kezkak eta beldurrak zabalduz. Hizketan hasten dira, eta zuk halako batean zertaz ari diren galdetzen duzu, eta tupustean lau ahots batera entzuten dituzu, ozen eta sinestezin: “Ez al zara enteratu?”; ba ez, ez naiz enteratu hilabete honetan langabeziak 2,7-ko igoera izan duela eta hurrengo hilerako beste horrenbeste espero dela. Ez naiz enteratu, eta enteratuta ere zer? Zerbait konponduko nuke? Ez dut halakorik entzun nahi, horixe da guztia. Hobera egingo dugula sinesten dut eta beti sinistu nahi nuke, Olentzerorengan sinesten genuen bezalaxe.

Ez dut esango nire erabakia aukerarik onena denik, ezjakin izatea ez baita betirako irtenbide bat; baina garbi daukat bizia bizitzeko dela eta ez garela mundua salbatzeko jaio, geure burua eta gure ingurukoak zaintzearekin, alaitzearekin eta goxatzearekin badugu nahikoa lan.

HILERO LEGEZ, UME LAPURTUAK GOGOAN »

Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkarteak hileko lehen larunbatetan egin ohi duen elkarretaratzea egin zuen iragan larunbatean, Donostiako Artzain Onaren katedralaren aurrean. Besteak beste, Hemen haurrak saltzen ziren! Krimenak argitu! izan zen leloa. A…

%3,6 »

Bigarren eskuko autoen salmentak izandako igoera. 2010. urtearekin alderatuta, iaz %3,6 igo zen erabilitako autoen salmenta Gipuzkoan. Orotara, bigarren eskuko 21.155 auto saldu ziren, eta 9.052 berri. Horrenbestez, iaz Gipuzkoan bigarren eskuko 2,3 auto saldu ziren saldutako auto berri bakoitzeko.

1.105 »

Iazko irailera arte izandako banaketa eta dibortzioak. Iazko irailera arte, 1.105 banaketa eta dibortzio erregistratu ziren Gipuzkoan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, orotara, 3.377 izan ziren. Urte osoko datuak falta badira ere, Kidetzaren arabera 2010eko kopuru bertsua izango da 2011koa.

Bidaia sentimentalak »

Belaunaldi gutxi egongo da gureak adina bidaia sentimental egin dituenik. Pertsonekiko gure maitasunak adina joan ginen lurraldearekiko atxikimenduak ere aldatzen. Neu, esate baterako, hamasei urterako liluraturik nenbilen Axularren Gero-rekin eta, maitasunak bere objektuaren eremua zabaltzeko duen joerari esker, Lapurdirekin lotura zuten zera guztiak iruditzen zitzaizkidan miragarri. Aditza jokatzen hasi, eta nor-nori-ren derauko, deraukigu… poema eder baten zati iruditzen zitzaizkidan.

Laburrak dira, alabaina, adin horretako maitasunak. Oskixeko aldapa bizikletaz igo, Sohütako Maddalen sorginarekin etorkizuna iragartzen saiatu (zeinen motz geratu diren gero iragarpen eder haiek) eta Barkoxeko tabernako nagusiarekin ordu erdi batez pastoralaz hitz egiten egotea aski izan genuen Zuberoaz maitemintzeko, eta nola gainera, urteak eman baikenituen maskaradak ikustera joan edo pastoralak eraman handiz ikusten, maitemindu berriek beren buruak zigortzeko erakusten duten grina nabarmenegi horrekin, dena esan behar bada. Zuberoan aurkitu uste izan genituen gure euskal nortasunari falta zitzaizkion osagarri guztiak.

Ez dira, ordea, maitasunak betiko. Marx etorri zitzaigun ondoren eta, marxismoa fedetzat harturik, Bizkaiko Ezkerraldeko meatzari herrietaraino joan ginen gure historiaren arorik ederrenaren bila, eta langile haiek lurrean egindako zuloetan sartzen ginen tenplu sakratuek eragin ohi duten errespetuarekin, gizartea eta mundua bera eraldatuko zuten aldarriak ahopeka errezitatuz, eta labe garaiei begira suspertzen genuen borrokarako behar genuen sua.

Baina fedeak ere ez dira betiko. Nafarroaz maitemindu ginen gero. Nabarraldekoen lanari esker jakin nuen erresuma zaharraren historiak ematen ziola koherentzia eta bizkarrezurra gureari. Baina, hainbeste fede eta kredoren ondoren, ahots horien artean batzuk zurrunegiak, gotorregiak ez ote ziren begitandu zitzaigun, eta epeldu egin ginen apur bat.

Badakit denborarekin Arabarekin ere maiteminduko naizela. Errioxako lurpeko katakonbetan sartzen naizen bakoitzean entzuten dut lurralde diskretu, sotil baina eder horren deia, ez bainau gaur egun ezerk isiltasunak eta misterioak adina liluratzen. Gainera, bizitza osoa lur elkor horietako ardoak edaten igaro ondoren, neurri handi batean bertakoa naizela ere sentitzen dut.

Baina ez gaitezen gertakariak aurreratzen hasi, azken bolada honetan inoiz baino gipuzkoarrago sentitzen bainaiz. Ez da Bilduren garaipena, ez Realaren aro berria, ez Donostiako alkatea ere, zerbait sakonagoa da, zer den zehatz ez badakit ere. Badu lurralde honek besteek ez duten irekitasun eta dotorezia bat, eta bidaia sentimental luze baten buruan etxera itzuli denaren begiradarekin begiratzen diot.

Gutxi egongo da gure belaunaldiak adina bidaia sentimental egin dituenik euskal geografian barrena. Honezkero, norbaiti galdera bat etorriko zitzaion burura: gauza bera sentitzen al zenuten aberriari dagokionez?

Gazteak ginelarik, baziren tarteka arraroren batzuk euskaldun eta espainol sentitzen zirenak, oso gutxi egia esan, eta haien jarrera konprenitzea neketsua egiten zitzaigun. Espezie arraro hori erabat desagertu da. Aberriari dagokionez, monogamoak atera gara zinez.

Sushia eta sexua Antiguan »

Erregeek bandera yankiz eta pistolaz jositako bi galtzontzilorekin harritu naute aurten. Kamuflajerako kolore nahasiak dituen oihalaren gainean daude itsatsita marrazkiak, eta Chuck Norrisen hankartea dantzan jartzeko moduko janzkiak dira, zinez. Zorroak ireki nituenean, Erregeak txantxetan ari zirela pentsatzeko tentaldia izan nuen, baina haietako baten imintzioak segituan argitu zidan ilusio guztiarekin egindako opariak zirela haiek. Eta, tira, berripoza eta harroputz konpletoa naizenez, dutxatu eta gustura estali nituen nire lotsariak galtzontzilo matxo haiekin.

Galtzazpiko sekretu hura egoki gordeta, Antigua auzoko jatetxe japoniar txiki batean afaldu nuen gauean —Mikel Laboaren kuttuna omen zen hartan, bai—. Aparteko jakiak dituzte, eta jangela ñimiño bat ere bai. Albokoen jarduna entzuteko ez dago ni bezain kuxkuxeroa izan beharrik, eta nahi gabe ere mila kontutan muturra sartzeko parada dago han. Bi euskaldun jatorren lehen zita zirudienaren lekuko izatea egokitu zitzaidan, eta nahiko kezkatuta itzuli nintzen etxera han ikusi eta aditu nituenekin.

Hogeita hamabost bat urte bota nizkien, eta poza ematen zuen haien aurpegiak ikusteak. Dena zen irribarre, dena adeitasun. Segituan antzeman nuen solasaldi mamitsuak izaten ari zirela, euskara dotorean. Hain ziren gai jasoak, klixe hutsak izatera iritsi baitziren. Film irandar baten aipamena, Houllebecqen liburuen inguruko berba, bietako batek Hego Korean bizitakoen bildumatxo interesgarria. Hori dena, sushi gozo-gozoarekin ongi berdintzen ziren bitartean. Testu hau zerekin betetzen jakin ez eta asmatutako hainbat topikoz trufatzea leporatu diezaiokezue zutabegile alferrontzi honi, baina ez; horrelako lehen zita europar eta modernoak gurean ere izaten dira, joan den astean jakin nuenez.

Norbait ezagutu eta pare bat hilabete pasa arte, harekin Cola-Cao bat hartzen dut nik, asko jota; ez nago inori leziorik emateko. Baina, gorago idatzi dudanez, kezkatuta etxeratu nintzen; izan ere, bikote xarmagarriari ez nion inongo tentsio sexualik antzeman afari osoan. Ez begirada lizun samarrik, ez igurtzitxorik izterrean, ezta zentzu bikoitzeko esaldi baldarrik ere. Edalontziekin topa kasto bat egin eta “gugatik!” esan zutenean, puxtarri pare bat eman nizkien; baina, hurrengo orduetan elkarrekin oheratzeko inongo xederik bazuten, ederki disimulatu zuten. Donostian izanda, noski, ez nuen espero batak jertse azpitik bularretakoa kendu eta mahai gainean utziko zuenik aztarna gisa, ezta besteak aulkitik altxatu eta komunerako bidean muxu lerdetsurik oparituko zionik ere bere kide berriari. Halere, postre jostagarriren bat falta izan zuen otordu hark, bai ala bai. Espero dut handik irten eta izango zela zirriren bat bederen, Antiguako gau ilunean. Gure alerik onenek eredugarri izan behar dutelako. Eta ederra litzatekeelako ongi hezitako abangoardia bero-bero bat izatea Euskal Herria are beroagoa izan dadin, paradisu izerditsu bilakatu arte. Beraz, sushia eta tenpura izan bitez epel zerbitzatzen diren bakarrak.

Haur izateari uzten diogunean »

Azaroan hasi ginen antzezlana prestatzen. Kafka eta panpina bidaiaria, inoiz irakurri dudan istoriorik goxoena, xamurrena eta itxaropentsuena. Bost urteko neskatilaren pertsonaia interpretatzen ari naizela, pixkanaka-pixkanaka haren azalean sartu naiz…

Euskal chauvinismoaren erremediorik eza »

Gabon oporretako egun tonto horiei aurre egin nahian-edo, egun batzuk pasatzera joan gara Frantzian ditugun lagun batzuen mendiko etxera. Behin eta berriz mahai inguruan, gure frantses-ingeles eta haien gaztelera-ingeles traketsarekin komunikatu nahian ibili gara.

Egun hauen ostean, esango nuke badela gauza bat euskaldunoi jatea eta edatea baino gehiago gustatzen zaiguna: Euskal Herriaz hitz egitea. Euskaldunak ohikoa duen kirola da hori. Espainia Sakona deitzen diogunera goaz eta gure herriaz entzundako ustezko egiak bertan behera uzten ditugu, kondeszendentzia tonu batekin gainera, esanez “telebistak esan duen dena sinesten duzue”. Horrela gero, esan ahal izango dute “conocimos a unos vascos, y además eran majos” (edo hori uste dugu guk).

Kataluniara bagoaz, ordea, independentismoaren borrokan aliatu gisa hartu ohi ditugu gure herriaz berbetan hasteko. Baina hala nola, argi utzi behar izaten diegu gure borroka gogorragoa dela, estatu espainolaren errepresioa handiagoa dela, eztakitzenbat preso politiko ditugula eta abar, ea mitomaniarik-edo sortzen dugun.

Ni ez naiz hainbeste nire herriaz hitz egitekoa. Ez zaitezte erratu, ni ere euskalduna naiz, baina joera handiagoa izaten dut, goazen herrialdera goazela, bertakoa kritikatzekoa (betiere, o, Euskal Herri maitearekin alderatuz). Ez dakit zer den txarragoa, egia da, baina oporretatik bueltan gure mendialde berdeek eta laino gris horrek hunkitzen nauten horietakoa naiz. Are gehiago, askotan Gure bazterrak jartzen dut momentuaren handitasuna indartzeko.

Gauza arraroa da, baina, oraingo honetan gertatu zaidana. Behingoagatik, gure herria, gure hizkuntza eta gure gatazka goraipatu ostean (esan beharrean nago momentu nahikoa lotsagabe batean gure gaztak ere goraipatu genituela, Frantzian! Enfin), erlaxatu egin ginela eta bat-batean etxean bezala sentitzen hasi.

Behingoagatik komunitate baten babesaren beharra lasaitu eta beste komunitate baten beroaz gozatzen utzi geniola gure buruari. Etxetik 700 kilometrotara, feminista artean, bollera artean, behingoagatik, Laboaren maite ditut maite… ez nuela faltan botatzen.

Baina tamalez dena ez da festa; momentu batean sinetsi badugu ere euskaldunok dugun chauvinismorako joera hori chauvinismoaren jatorriaren herrialdean sendatzera zihoala, denak du bukaera bat. Momentu ahul bat izan dugu eta larriki ordaindu, zeren, etxera gindoazela au revoir alai esanez, bisitan etortzeko gonbita egiten eta abar, batek esan baitzigun baietz, gogo handia zuela “Espainia ezagutzeko”. Nola?

Ez bat eta ez bi, rollo on denak alde batera utzi eta malahostiazko “Ez Frantzia ez Espainia, Euskal Herria da!” batekin agurtu behar izan ditugu denak.

Erabaki dugu, beraz, hurrengoek ez dutela hainbesteko zortea izango, Orreagatik hasiko baitira gure herriaren inguruko hizketaldiak. Eta puntu.

KILOMETROETARA BIDEAN, IRRIBARREZ »

2012ko Kilometroak jaia Andoainen ospatuko dela eta, jaiaren eta Aita Larramendi ikastolaren alde emanaldi bat egin zuten astelehenean Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Andoaingo Allurralde kiroldegian. Bertaratu ziren haurrek zein helduek Zaz…