[Museora] Aikur. Erlea, ezagutuz maitatu

[Museora] Aikur. Erlea, ezagutuz maitatu

Eider Goenaga Lizaso

Erlea ikusi, eta beldurrak airean ateratzen dira korrika umeak; heldu askok ere ez dituzte atsegin. “Asko etortzen dira guregana erleen beldur horrekin, baina, bisitatik irteten direnean, oso bestelako ikuspegi eta jarrerarekin ateratzen dira: erleak estimatzen eta guretzat zein garrantzitsuak diren ikasita, beldurrik gabe”. Josune Epelde (Urretxu, 1953) Aikur erle museoko arduraduna da, eta pasioz hitz egiten du erleez eta erlezaintzaz.

“Gazte-gaztetatik” izan du kontaktua Epeldek erleekin. “Erle kolonia batekin hasi ginen, baina, pixkanaka, erle kopurua handituz joan ginen, eta toki bat behar genuen gauzak gordetzeko”. Behar horrek eramanda eraiki zuten Aikur, 1994an. Baina Aikur ez zen soilik biltegi bat. “Baserria: Natur Eskola Bizia egitasmoan sartu ginen aldi berean, eta jendeari erlearen bizitza azaltzen hasi ginen: ikastetxeetako umeei, euskaltegiei eta tankera horretako taldeei”. Bigarren jauzi kualitatiboa 2007an eman zuen Aikurrek. “Museo gisa egituratu ginen, instalazioak egokitu eta prestatu genituen, eta bisitari guztientzat ireki genuen”.

Bi solairutan banatzen da Aikurreko erakusketa. “Beheko solairuan kontatzen dugu zein den erleen zeregina, erleek egiten duten polinizazioaren garrantzia, zer jaten duten, nola ekoizten dituzten hainbat produktu… Bestalde, erleek beraientzat egiten dituzten produktu horiek gizakiak ere nahi dituenez, kontatzen dugu zer egiten dugun horiek jasotzeko, betiere erleei kalterik egin gabe, haiek behar dutena errespetatuz eta haiei utziz”. Bisitaren erdia baino zertxobait gehiago egiten da lehen solairuan. “Izan ere, jendeak jakin-mina eta nahasmen handia izaten du: badaki eztia zer den, baina ez daki eztia polenarekin egiten den edo alderantziz, ez daki erregina jelea eztia den edo ez…”.

Bigarren solairuan, berriz, erleak bertatik bertara ikusten ditu bisitariak. “Hiru erlauntza ditugu, eta hor protagonista erlea da guztiz. Beirate batetik ikusten dira erlauntza horiek, eta atzetik irekita daude, erleak kanpora irten daitezen. Nolako abaraskak eraikitzen dituzten ikusten da, non gordetzen duten eztia, polena, kumeak non dauzkaten, nola komunikatzen diren… Eguraldi ona egiten duenean, sartu-irtenean ikusten dira erleak, polenarekin nola etortzen diren eta nola lan egiten duten”. Eguraldi txarra egiten badu eta erleak irteten ez badira, 8 minutuko bideo baten bidez erakusten dute erlearen bizimodua.

Natur Eskola Bizia elkartetik iristen dira Aikurrera ikastetxeetako bisita gehienak. “Zazpi baserritar gaude elkartean, bakoitza bere jarduerarekin, eta taldeak hartzen ditugu gure jarduna azaltzeko. Eta, baserri bakoitzean, azalpenaz gain, ekintza praktiko bat egiten dute umeek beraiek: Baztarrika baserrian, adibidez, gazta egiten dute umeek, Haristizabalen ogia, eta gurean kandela bat egiten dugu”. Aintzina bezala, haria argizari urtuan sartuz eta ateraz egiten dute kandela, gero etxera eramateko. Ezti ontzitxo bat ere eramaten du bisitariak etxera.

Aikurrek jasotzen dituen bisitarien erdiak-edo Natur Eskola Bizia elkartetik iristen zaizkiola agertu du Epeldek. Izan ere, nahiz eta batik bat eskola umeentzako egitasmoa den eta ikastetxeetarako unitate didaktikoak dituzten, familian ere egin daitezke aipaturiko jarduerak. Bisita eta tailerra egiten dituzte hala eskatzen duten taldeentzat.

Ezti dastaketa eta denda

Bisita ezti dastaketa batekin osatzen da, eta bisitariak aukera du hainbat produktu erosteko ere. “Gu ekoizleak gara, eta, transumantzia egiten dugunez, erleak tokian tokiko loraldietara mugitzen ditugunez ezti mota ezberdinak lortzeko, Nafarroako eztiak, Arabakoak eta Gipuzkoakoak ditugu salgai”. Dendan ezti labeldunak eta ezti ekologikoak dituzte, polena, propolia eta ukenduak ere bai. Produktu horiek lortzeko 500 erle kolonia dituztela azaldu du Epeldek, eta udaberri-uda garaian kolonia bakoitzak 60.000-80.000 erle ere izan ditzakeela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.