Asier Perez-Karkamo
Hilaren 27rako, bazkari solidarioa antolatzen ari dira Hondarribiko Klink elkartean. "A zer berritasuna!" esango du elkartea ezagutzen duenak, eta ez zaio arrazoirik faltako, elkartasun ekintza asko egiten baitituzte elkarte horretan. Baina oso desberdina da oraingoa, herriko kirolari bati laguntzeko eseriko baitira mahaiaren inguruan, Lidia Iarza Olaso 21 urteko judokaren olinpiar ametsari bultzada emateko. Berezia izango da bazkaria, eta are bereziagoa Iarzak egin nahi duena, herritik bertatik iritsi nahi baitu Tokiora, bide zailenetik.