Unai Zubeldia
"Gorputzarekin eta mugimenduarekin zerikusia daukaten ekintzen bidez, norberaren eta taldearen garapena bultzatzea da gure helburua". Jaiki elkarteko arduraduna da Maier Etxebarria aretxabaletarra, eta ilusioz dago herrian prestatu duten astebeteko dantza egitarauarekin. Jolasaren eta dantzaren inguruan saioak egiten hasi zen "elkarte txiki bat" da Jaiki, 2003an sortutakoa, eta hirugarren urtez antolatu du Aretxabaletako Dantza Astea. "Duela lau urte antolatu genuen lehenengoz, 2013an". Bi urtez geldirik egon zen gero. "Eta, iazko energia eta arrakasta ikusita, urtero egitea erabaki dugu jada".