Albisteak

Denboraldi berezia, oroz gain

Denboraldi berezia, oroz gain

Julene Frantzesena

Denboraldia bukatzeko partida baten faltan dira Añares Rioja ISBkoak. Emakumeen Lehen Ligan denboraldi gogorra baina gogoangarria egin ostean, bihar, larunbata, IDK Gipuzkoaren aurka jokatuko dute azken neurketa. Matematikoki mailaz jaitsita badira ere, denboraldi hasieran jarritako helburuak bete dituzte ISBkoek. Hala diote Eider Bereziartua (Azpeitia, 1991), Maitane Gurrutxaga (Azpeitia, 1991), Intza Lizarazu (Azkoitia, 1991) eta Irati Etxeberria (Azpeitia, 1992) jokalariek eta Joseba Lizarralde Rubio entrenatzaileak (Azpeitia, 1967).

Larunbateko neurketarako "izugarrizko gogoarekin" dira, eta irabaziz agurtu nahi dute emakumeen goreneko maila. "Derbia jokatuko dugu, eta irabazteko gogoz gaude. Orain arteko moduan ariko gara, eta ederra litzateke irabaztea; bereziki, donostiarrei irabaztea", azaldu du Bereziartuak.

Denboraldi bukaera aldera arte garaipenak arrotz zitzaizkien Añares Riojako neskei. Matematikoki mailaz jaitsi zirenean lortu zituzten, baina, lehen bi garaipenak. Lizarazuk dioenez, "kasualitatea" izan da: "Garaipenak ez dira iritsi mailaz jaitsi eta erlaxatu garelako. Partida denetan presiorik gabe atera gara kantxara".

Bi garaipen horiek direla eta, emaitza txarren historian ez sartzea lortu dutela diote, barre artean."Ez zen arraroa izango partida guztiak galtzea, baina ez da hala izan, eta gaitz erdi. Saskibaloiaren historian sartuko ginatekeen denak galduta; izan ere, Emakumeen Lehen Ligan ez dago sekula partidarik irabazi ez duen talderik. Arriskuan ibili ginen, baina ez gara saskibaloiaren historia negatiboan sartu. Hori bai, historia positiboan sar gintezkeen etxeko jokalari gehien dituen taldea izateagatik. Hiru jokalari ez beste guztiak Azpeitikoak eta Azkoitikoak dira, eta ligako talde batzuek, Espainiako jokalari kopuruari eusteagatik, 40 urteko delegatuari egin diote fitxa", esan du Lizarraldek.

Emakumeen talderako hiru fitxaketa egin zituen Iraurgi Saskibaloi Taldeak denboraldi hasieran. Lizarazuk dioenez, inoiz ez zuten fitxaketarik egin taldean, baina "oso ondo" moldatu dira taldekide guztiak. "Fitxaketak egiterakoan, saiatu ginen etxeko taldekideen adin inguruko jokalariak aukeratzen; izan ere, 24 urte inguru dituzte taldeko kide denek, eta ez genuen nahi 33 urteko jokalari bat ekartzea taldera".

Esperientzia "positiboa"

Orain artekoekin alderatuta, denboraldi oso desberdina izan dute ISBkoek. Prestaketak, joko maila eta partidak jokatzeko egindako bidaiak izan dira alde nabarmenenak. "Hasieran, Emakumeen Lehen Ligan jokatuko genuela jakin genuenean, ez genekien partidetan borroka egiteko gai izango ginen. Gustura gaude, borroka egin dugulako eta, azkenean, bi partida irabazi ditugulako. Taldeko kideek ikusi dute borrokatzeko gai direla, eta asko hobetu dira jokoari dagokionez", esan du Lizarraldek. Jokalariek ere ildo beretik hitz egin dute denboraldiaz, eta, Etxeberriak azaldu duenez, "oso aberasgarria" izan da: "Asko ikasi dugu; beste maila bateko liga da. Erraz esaten da, baina egin egin behar da zazpi orduko bidaia autobusean, jakinda 50 puntuz galduko duzula".

Gurrutxagak dioenez, lehen mailan jokatzeko aukera izate hutsa "ederra" izan da. Izan ere, berez, Espainiako Bigarren Mailan jokatzea zegokion Iraurgiri, joan den denboraldian mailaz igo zirelako. Zilarrezko mailatik kanpo gelditu zen taldea, izapide guztiak garaiz ez entregatzeagatik. Baina talde batek uko egin zion Emakumeen Lehen Mailan jokatzeari, eta han eman zuten izena Iraurgikoek. Gurrutxagak dioenez, aldaketa handia izan da: "Ikustea iaz non eta nola geunden, eta urtebetean zenbat aldatu diren gauzak: ederra izan da esperientzia".

Helburuak ondo baino hobeto bete dituzte Iraurgikoek. Bereziartuak esan duenez, hasierako beldurra ere gainditu dute partidek aurrera egin ahala: "Hasierako kezka zen partidaren bat galduko ote genuen 50 puntuz baino gutxiagoz. Neurketa askotan justu ibili gara, borrokatu gara, eta horrekin ja gustura ginen. Gainera, bi partida irabazi ditugu. Beraz...".

Lizarraldek azaldu duenez, beste klubetako entrenatzaileek-eta oso ondo hitz egin izan diote gidatzen duen taldeaz. "Esan digute izugarrizko meritua dugula egin dugunagatik, partidak borrokatzeagatik. Bi herri txikitako kideek osatutako taldea gara, etxeko bederatzi jokalarirekin, eta esperientzia handirik gabeko hiru fitxaketarekin aritu gara. Jendeak egin dugun lana goraipatu du".

Zaleen beroa

Azpeitiko eta Azkoitiko taldeak zaleak izan ditu bidelagun denboraldi osoan eta, batez ere, etxeko neurketetan. Bereziartuak dioenez, horixe izan da denboraldiko onena: "Ikaragarria izan da kiroldegia bete-bete eginda ikustea, eta egiten genuena egin, beti animatzen aritzea". Haren arabera, herritarrek berek baino kezka handiagoa zuten partidarik ez zutelako irabazten. "'Aupa, animo e!, hurrengoa irabaziko duzue-eta' esaten ziguten kalean, edo inoiz saskibaloi partidarik ikusi ez duenak esan izan digu oso ondo pasatu zuela gure partida ikusten. Horrek asko motibatzen du".

Lizarralderen arabera, Azpeitiko kiroldegia da proportzioan zale gehien elkartu den kantxa: "Salamancan ere [Espainia] afizio ikaragarria dago, eta Gernikan ere jende asko joaten da, baina... Pentsa, Zamorako [Espainia] Zamaratek Azpeitian jokatu zuenean hango egunkari batean 'Zamarat bizirik irten da Azpeitiko infernutik' idatzi zuten. Han jendea lasai-lasai egoten da partidari begira, eta hemengo giroarekin harritu egin ziren".

Añares Rioja ISBko kideek ez dute inoiz ahaztuko Lehen Mailan bizitakoa. Haiek diotenez, maila horretan aritzeko pribilegioa eduki ostean, iaz baino beldur gutxiago dute datorren denboraldian Bigarren Mailan aritzeko.

Musika eskola, instrumenturik gabe, hutsa

Musika eskolek, musika tresnarik gabe, ez dute zentzurik. Jada hainbat instrumentu badituzte, baina gehiago behar dituzte. Horregatik, dei egin diete herritarrei etxean sobran dituztenak eskolaren esku uzteko.Badituzte txarangarako instrumentuak, trik...

Musika herriarena da

Musika herriarena da

Urko Etxebeste

Egitasmo komunitarioa, doakoa, irekia, belaunaldi artekoa, herriko taldeekin lotura duena, parte hartzailea eta herritarrak irakasle eta ikasle izango dituena. Pasai San Pedron musika eskola herrikoia abiatuko dute Aste Santuaren ondoren, oinarri horiekin. Era informalean, ez-arautuan, musikaz dakitenek musikan trebatu nahi dutenei erakustea da asmoa, oinarrizko ezagutza zabaltzea. Hasteko, gainera, oinarri sendokoa da musika herritartzeko proiektua: 60 sanpedrotarrek eman dute izena egitasmoan. Hamarnaka pasaitar horiek bat egin dute herri giroa musikaren bitartez indartzea asmo duen proiektuarekin.

Musika eskola herrikoiarena ez da hutsaletik sortutako egitasmoa. San Pedron erro sendokoa da herri musikaren inguruko mugimendua. Horren erakusle dira Tirri Tarra txaranga historikoa, baita Sorgiñarri txistulari taldea, San Pedroko trikiti taldea eta dultzaineroen taldea ere. Apenas 2.000 biztanle dituen barrutia izateko, ez dago gaizki: Libia traineruak banderak irabazi eta herrira ekarri dituen bakoitzean inoiz ere ez du txarangaren harrerarik falta izan.

Baina bi kezkari erantzuna eman nahi diote: musikarien belaunaldi berriak sortu nahi dituzte, eta herri giroa indartu. San Pedroko kultur mugimendu eta azpiegituren gainean egindako parte hartze prozesuan kokatzen da egitasmoa.

Igor Carballo da egitasmoaren bihotzetako bat. Zehaztu duenez, parte hartze prozesu bat egin dute Proisa kulturgunearen ordez —egoera txarrean zegoen, eta eraitsi behar izan zen— egin asmo den azpiegitura berriak zein ezaugarri izan beharko lituzkeen eztabaidatzeko, eta horri edukia emateko asmoaren barruan dago eskola sortzea. Espazioez, erabilerez eta kudeaketaz gain, mamia behar du kulturgune berriak: "Eraikin hori egin bitartean, teoria utzi, eta jarduerak abian jartzea erabaki genuen". Gune berri horrek izango lukeen aktibitatea aurreratzen hasi dira, alegia. Horren adibide, musika eskolaz gain, haurren txokoa da: "San Pedron ez dago haurrentzako gune estalirik. Udalari eskatu, eta Erti egokitu da horretarako. Martxan dago negutik". Udal Aretoa izango da ere musika eskola berritzailearen egoitza.

5 urtetik 65era

Deialdia egin, eta erantzuna paregabea. Musika eskola herrikoiak zentzurik ez luke ikaslerik gabe. Eta horien erantzuna aparta izan da: 60 pertsona hasiko dira Aste Santuaren ondoren musikan trebatzen, 5 urtetik 65 urtera artekoak. "Gehienak gazteak dira, baina erretiratuak ere animatu egin dira. Ondo, oso ondo. Pozik gaude".

Irakasleak ere ez dira falta, hamabi daude orotara, denak ala denak musikaren munduan eskarmentukoak. Eta egutegia ere findua dute dagoeneko; batzarrak egin dituzte ordutegiak eta bestelako xehetasunak ezartzeko. Egoitzaren funtzionamendurako, ordea, hainbat atal lotu behar dituzte oraindik Pasaiako Udalarekin, Ertiko eraikina handia ez delako.

Abestiak erakustea da irakasleen asmoa: "Txaranga edo fanfarre batean ohikoak diren abestiak erakutsiko dizkiete irakasleek musikan trebatu nahi dutenei. Guk nahi duguna da ikasleek gaitasuna izan dezatela, jaietan adibidez, herrian txistu, trikiti, dultzaina taldeekin edo txarangarekin ateratzeko. Ez da musika eskola ofiziala. Tirri Tarra fanfarrea horrela sortu zen, batak besteari zekiena erakutsiz".

Pozgarria litzatekeela, Igor Carballoren ustez, herri eskolaren bitartez musikan sakondu nahi duenak ohiko musika eskoletara joatea erabakitzea. Komunitatea sortu eta sendotzeko aukera da eskola, prestakuntzaren bidez, horrela herriko giroa eta adierazpideak indartuz.

[Herriz herri] Andoain: Proposatzen duen etxe bat

[Herriz herri] Andoain: Proposatzen duen etxe bat

Maite Alustiza

Berrozpe dorretxea, Urigain jauregia, San Martin Toursekoaren eliza, Izturitzagatorrea... Donejakue bidearen gidak proposamena egiten dio bisitariari, Andoainera iristen denean ingurua ezagut dezan. Herriaren aberastasuna, ordea, ez da eraikin historietara mugatzen. Biotopo babestu bat du Andoainek herriaren bueltan, Leitzaran ibarra, eta udalak horri eman nahi dio balioa, han dagoena erakutsi. Horretarako, Leitzaran Bisitarien Etxea martxan jarri du aste honetan —azaroaren 1era arte izango dute zabalik—. "Otietan kokatu nahi ditugu gehienbat Leitzaranen balioak. Jarduerak haranerantz egin badaitezke ere, herrirantz ere proiektatzea nahi dugu". Hilario Dorronsoro udaleko Enplegu Saileko teknikaria da, eta Leitzaran ingurua ezagutzeko argibideak eman ditu. Hasteko: Otieta parkean dago bisitarien etxea, Unanibiko zubiaren ondoan.

Askotariko aukerak eskaintzen ditu etxeak, inguruak dituen baliabideak kontuan hartuta: "Ibaia dago batetik, Plazaolako bidea bestetik —bide berdea—, eta harana bera gero". Dorronsorok dioenez, horiek aintzat hartuta egin ditu proposamenak bisitarien etxeak: mendi ibilbideak egin daitezke, eskalada, ibilbide tematikoak, uretako ekintzak —piraguismoa, rafting-a...—, bizikletak alokatzeko zerbitzua dago... "Senderismoa egin nahi duenarentzat, adibidez, Nafarroarako bideak aukerak ematen ditu, edo bidetik eratortzen diren bidezidorretatik. Bizikletaz ere egin daiteke".

Ura interpretatzea

Uraren Interpretazio Zentroa ere jarri dute etxean: "Hor ikusten da zer-nolako garrantzia eta bilakaera duen ibaiak eta urak. Posible da, adibidez, ibaian zehar ibilbideak egitea hura interpretatzeko". Era berean, eta urarekin lotuta, arrantza eskola dute alboan, hil gabeko arrantza egiteko gunea. "Arrantzak tradizioa du Andoainen, eta aintzat hartzeko jarduera bat da". Oraingoz, aipatutako jarduerekin abiatu dute eskaintza, baina bestelako jarduerak martxan jartzea aztertuko dute aurrerantzean.

Jarduerak egin daitezen nahi dute, baina, betiere, Leitzaran bailara babestutako eremu bat dela ahaztu gabe: "Gu gauden kokaguneari koltxoi gunea esaten diogu. Leitzaranen balioan ikustea nahi dugu, baina ingurua asko errespetatuz. Guretzat oso inportantea da ez masifikatzea, baizik eta ondo arautzea eta zuzentzea".

Norbere kasa joan nahi duenarentzat zabalik dute bisitarien etxea, eta taldeentzako jarduerak ere badituzte: "Partikular edo talde txikiei begira dago, familiei, talde antolatuei, eta agian prestakuntza ikastaroak emateko aukera ere ematen digu". Udalarentzat hiru arlo dira garrantzitsuak: ludikoa, kirolarena eta ingurumenarena. Ildo horretan, Dorronsorok uste du pedagogikoki lan asko egin daitekeela: "Eskola umeak ere etxearen publiko dira. Horretarako, haiekin lan egingo dugu. Kontua da estrategikoki daukagun gune honekin ahalik eta aukera gehien ematea: ikastetxe bat Nafarroatik etortzen bada, Donostia hor dauka, baina hemen hau ere bai".

Jarduera solteez gain, paketeak ere eskainiko dituzte. "Aprobetxatu nahi dugu gure gertutasuna Donostiarekin, eskaintza turistikoan osagarri bat izateko. Han itsasoa daukazu, eta gero barnealdean aukera daukazu esperientzia ezberdinak izateko. Bide berdeak errekonozimendu bat badauka, bai Euskadin, bai estatuan eta bai kanpoan; Frantzian, adibidez".

Garraioa

Bisitarien etxera autoan iritsi nahi duenarentzat "aparkaleku potentea" dago Otieta parkean. "Bestela, herrian utz daiteke autoa, eta handik joan". Gainontzean, garraio publikoarekin ere lotura egokia du, Jon Zulueta zinegotziak azaldu duenez: "Trenetik jaitsi, Martin Ugalde parkearen parean, eta hortik zuzenean bide berdera sartzen zara". Gaineratu duenez, herrian daukaten Hiribus zerbitzua udan haraino iritsiko da, goizeko eta arratsaldeko joan-etorriekin. Informazio gehiagorako: Leitzaran.org.

Erretiroan, borroka bikoitza

Erretiroan, borroka bikoitza

Eider Goenaga Lizaso

Felix Casadok zailtasun handiekin igo ditu eskailerak. Arnasestuka, hamar eskailerako tartean bi edo hiru geldialdi egin behar izan ditu. Lazkaon ibiltzeko, motor elektriko bat jarri diote, edozein aldapa txiki gainditu ezinezko oztopoa baita harentzat. Baina, oztopoak oztopo, gaurkoa egun seinalatua da Casadorentzat. Izan ere, duela bost urteko martxoaren 18an, kirofanora sartu zuten, bertatik bizirik ateratzeko %20ko probabilitate eskasarekin. Biriketako minbizi "oso txar" bat topatu zioten eskuineko birikaren erdi-erdian, eta ebakuntzan birika osoa eta perikardio zati bat kendu behar izan zioten.

"Bizirik jarraitzeko apustua" egin zuen orduan Casadok, eta horretan segitzen du. "Bost urte asko dira. Gurea bezalako kasuetan, bizi itxaropena sei hilabete eta bost urte artekoa izaten da", gehitu du Felipe Cuñadok. Cuñadori iaz egin zioten ebakuntza, hari ere biriketako minbiziagatik. Mendian ibiltzeko ohitura handia zuen Cuñadok, minbizia topatu zioten arte; orain, maldarik gabeko tokietan baino ezin da ibili. Minbiziaren jatorriari buruz, zalantza izpirik ez. "Orain dela 40 urte Olaberriko Aristrain fabrikan lan egindako zortzi urteak. Nik ez dut ordutik harreman gehiago izan amiantoarekin, eta nire gaitza amiantoaren ondorio zuzena da", azaldu du Casadok.

Casado eta Cuñadorekin batera, Julian Garcia eta Jose Robles agertu dira Hitza-rekin eginiko hitzordura. Garciak eta Roblesek ez zuten lanean amiantoarekin harremanik izan, baina galdaragintzan egin zuten lana biek, eta soldadurako gasen eraginez gaixotu dira. Garciari biriketako minbizia antzeman zioten iaz. "Zorterik handiena nik izan dut", gaineratu du Roblesek. Izan ere, Robles da lauren artean minbizia izan ez duen bakarra. "Oraingoz", zehaztu du. "Neumologoak esan zidan lana aldatzen ez banuen oxigeno botila bizkarrean nuela ibili beharko nuela. Enpresari postu aldaketa eskatu, eta erantzuna ezezkoa izan zen". Erretiroa hartu zuen orduan.

GEPEren kanpaina

GEPE Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteko kideak dira laurak, eta gaixotasunak eragindako zailtasunak gorabehera, modu aktiboan ari dira parte hartzen elkarteak gaixotasun profesionalen inguruan abiatu duen kanpainan, eta baita Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkartean (Asviamie) ere.

Antton Karrera GEPEko koordinatzailea lagun dutela ari dira batera eta bestera mugitzen, hitzaldiak ematen, euren errealitatea azaltzen eta amiantoarekin eta beste gai toxikoekin lan egin duten langileen artean kontzientzia pizten. "GEPEn konturatu ginen erretiratu ostean jende askori ari zitzaizkiola jatorri profesionaleko minbiziak eta bestelako gaitzak diagnostikatzen, eta gaitz horiek triskantza ari zirela egiten gure artean. Zerbait egin behar genuen, eta kanpaina jarri dugu martxan", azaldu du Karrerak.

Kanpaina ez da soilik amiantoarekin lan egin dutenentzat. "Egia da amiantoak eragiten duela gaixo gehien, baina Euskal Herriko lantegietan minbizia sortzen duten gai asko erabili da —silizea, soldadurako gasak, disolbatzaileak...—, eta erabiltzen da". Eta horiei guztiei egiten die deia, mugi daitezen eta erretiroaren osteko osasun azterketak eska ditzaten.

Izan ere, jatorri profesionala duten gaitz asko gai toxikoekin kontaktua izan eta urte askotara agertu ohi dira —Casadoren kasuan, adibidez, 40 urtera—, eta langile asko eta asko erretiratuta daudenez, enpresako ohiko azterketarik ez dago haientzat. "Asviamie elkartekoak saiatzen gara amiantoarekin lan egin izan dutenak Osalanen protokoloan sartzen; Euskadin, hiru lurraldeetan, 7.000 lagun daude sartuta. Baina, askoz gehiago izan beharko lukete, eta GEPEren kanpaina horiei begira ari gara egiten", azaldu du Casadok.

"Ni naiz prebentzioak eta Osalanen bidez egiten diren osasun azterketek duten garrantziaren adibidea", gehitu du Cuñadok. 2007an sartu ziren Cuñado eta beste hainbat langile Osalanen protokoloan, eta ordutik urtean behin egin dizkiote azterketa espezifikoak. "Eta 2014ko irailean egindako azterketari esker nago bizirik orain. Oso minbizi azkarra zen nirea, asko zabaldu zen epe motzean, eta azterketa bi hilabete geroago egin izan balidate, hilerrian nengoke orain".

Hala, GEPEk Osalanera bideratzeko, aldiriko osasun azterketak bermatzeko, eta Gizarte Segurantzan gaixotasun profesionala onartua izateko laguntza eta aholkularitza eskaini nahi duela dio Karrerak. "Arazo nagusia langileak amiantoarekin edo bestelako gai toxikoekin lan egin duela frogatzea da; behin hori frogatzen denean, ikuspegi juridiko-legaletik ez dago arazorik Gizarte Segurantzan ezintasun absolutua onartzeko". Karreraren arabera, asko borrokatu da hori hala izan dadin; lehen, zailtasun askorekin lortzen zen ezintasunaren onarpena, baina orain, errazagoa da.

Ezintasunaren onarpena ia berehalakoa da enpresa desagertuta dagoen kasuetan. "Enpresa existitzen ez denez, astebetean onartu zidaten gaixotasun profesionalak eragindako ezintasun absolutua", azaldu du Garciak. Enpresak jarraitzen badu, bidea konplexuagoa da. Casadoren kasuan, mutualitateak bi helegite jarri zituen, eta kasua EAEko Auzitegi Nagusiraino heldu zen. "Noski, enpresa ez badago martxan, Gizarte Segurantzak ordaintzen du pentsio osoa; baina, enpresak jarraitzen badu, ezintasun absolutuari dagokion diferentzia mutualitateak ordaindu behar du", azaldu du Casadok. Karrerak, horren harira, nabarmendu du herritar guztien dirutik ordaintzen direla enpresa askok egindako kaltearen ondorioak, eta hori "iruzurra" dela.

Kalte-ordainik ez

Ezintasunaren onarpena eta horri dagokion pentsioa kobratzea gauza bat da, ordea, eta bestea, langileak dagokion kalte-ordaina lortzea. Enpresarik ez badago, kalte-ordainik ez dago. Enpresa baldin badago, hark ordaindu behar du, bere garaian hartu ez ziren segurtasun neurriengatik atzerapen moduan. "Baina hori oso zaila da. Niri abokatuak esan zidan 30 milioi pezeta [180.000 euro inguru] kobratu beharko nituela, baina ez dut dirurik ikusi", azaldu du Roblesek. Casadoren kasuan, Espainiako Auzitegi Gorenean dago Arcelor Mittalek ordaindu beharko liokeen kalte-ordainaren kasua. "Joan den hilean onartu zidaten prestazioen errekargu bat, baina ez dizut esango zenbatekoa den, helegitea jarriko dutelako, ziur".

Hain zuzen ere, kalte-ordainik izango ez duten horientzat konpentsazio funts bat sortzea da GEPEren, Asviamieren eta kaltetutako langile ohien aldarrikapen nagusietako bat. "Gure osasuna itzuli ezin digutenez, gutxienez laguntza bat litzateke hiltzeko garaian", dio Cuñadok, eta baita gure alargun eta seme-alabentzat ere", gehitu du Roblesek. "Kontua da Eusko Jaurlaritzak esaten duela ez dela bere eskumena, eta Espainiako Gobernuari eskatzen dio funtsa sortzeko. Nik ez dakit nork sortu behar duen, Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak, mutualitateek edo enpresek, baina ezinbestekoa da lehenbailehen sortzea. Eta askorentzat, gainera, beranduegi izango da".

Funtsak berebiziko garrantzia izango luke, Cuñadoren arabera, senarraren arropak garbitzeagatik gaixotu diren emakumeentzat. "Hemen, Bergaran hildako emakume bati aitortu diote gaixotasun profesionala. Kontua da pentsiorik ez dagokiola, ez duelako inoiz kotizatu. Kalte-ordaina gizonaren enpresak ordaindu beharko lioke. Baina, zer gertatzen da enpresa itxita badago? Nork ordaintzen dio?".

Amiantoarekin gertatutakoa ondo olioztatutako sistema baten ondorio dela dio Cuñadok, langilearen bizitzari baliorik ematen ez dion sistema baten ondorio. "Terrorismoaren biktimak omendu dituzte gaur [martxoaren 11n egin zen elkarrizketa], eta nik aldarrikatu nahi dut gu ere terrorismoaren biktimak garela. Etorriko zenaren jakitun izan arren, enpresek gauzatu zutena, mutualitateek babestu zutena, eta laneko inspektoreek ahalbidetutakoa; izan ere, denek zekiten amiantoak minbizia sortzen zuela". "Eta horri gehitu behar diozu bere garaiko agintariek eta gobernuek, batez ere frankismo garaian, onartu zutela, beste alde batera begiratu zutela, babestu zutela. Legeak egin arren, ez baitziren inoiz bete", gehitu du Karrerak. Eta gobernu askori egozten die ardura GEPEko kideak. Izan ere, amiantoari buruzko lehen arauak 1940koak ziren, baina hura erabiltzeko debekua ez zen 2001eko abenduaren 30 arte indarrean sartu.

Gobernuen eta, batez ere, enpresen arduragabekeria hori orain garesti ordaintzen ari dela nabarmendu dute bostek. Orain, milaka langile ohi ari dira gaixotzen, milioika eurotan zenbatzen dira pentsioak eta kalte-ordainak. "Prebentzio neurriak ez hartzeagatik, begira orain zein garesti ari garen ordaintzen. Eta enpresak ere bai, enpresa baten iraupenarentzat ere ez baita gozoa orain kalte-ordainak ordaindu behar izatea. CAFen, adibidez, 30 bat dira orain arte amiantoaren ondorioz hildakoak, eta dirutza bat da kalte-ordainetan", azpimarratu du Casadok.

Cuñadoren iritziz, enpresek amiantoaren eta bestelako gai toxikoen eraginak epe luzera agertzearekin jokatu nahi izan zuten. "Haiek oso ondo zekiten zeintzuk ziren ondorioak, baina bazekiten denbora asko pasatuko zela ondorio horiek agertu arte. Zenbat jende hil den asbestosia [amiantoaren gaitza] zuela jakin gabe, eta biriketako minbizia zerk eragin zion jakin gabe! Zorionez, zientziaren aurrerapenak ahalbidetu du orain kasu hauek guztiak azaleratzea, eta gaixotasunak amiantoaren eraginez sortu direla frogatzea".

Etorkizunarekin kezkatuta agertu dira laurak. Ez euren etorkizunarekin, ordea, amiantoaren ondorioek ekarriko duen etorkizunarekin baizik. Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, urtean 107.000 lagun hiltzen dira munduan, amiantoaren eraginez, eta kopuru hori handituz joango da. "Puntu gorena 2025-2030en iritsiko da, eta hori izugarria da", amaitu du Cuñadok.