Elkarrizketa

“Ez dakit zer eginez, baina euskarari eutsi egin behar diogu”

“Ez dakit zer eginez, baina euskarari eutsi egin behar diogu”

Ama zena oso irakurzalea eta bizkorra zuela kontatzen du Ixabel Olanok (Beasain, 1925). Berak ere gogoko du irakurtzea; gurpil aulkiko poltsan gordeta eramaten du liburu elektronikoa. Beasaingo ikastolako lehen andereñoa izan zen. 25 urtez jardun zuen bertan irakasle, 1990ean erretiroa hartu zuen arte. Eskoletara joatea gustukoa zuela dio; aurrena kontabilitatea eta gero irakasletza ikasi zituen.

Irakasle ikasketak bukatu ahala, Aiako San Pedro auzoko eskola sortu berrian jardun zuen bi urtez. Gero, ordezkapen bat egitera joan zen Azkoitiko Madariagara. "Ondoren, oposizioetara aurkeztu nintzen, baina ez nituen atera". Ezkondu eta lau seme-alaba zituela jaso zuen Beasainen sortu nahi zuten ikastolan andereño aritzeko proposamena.

Gure Esku Dago-k eta Agirre Lehendakaria Center fundazioak datorren asteazkenerako Beasainen antolatu duten mahai inguruan parte hartuko du Olanok. Harekin batera solasean Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohia, Jose Manuel Castells zuzenbide arloko katedraduna eta Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramailea ariko dira. Beasaingo Usurbe antzokian izango da, 19:00etan.

Beasainen ikastola sortu behar zutela-eta andereño izateko proposamena jaso zenuen orain 50 urte.

Beasaingo gizonezko talde bat etorri zitzaidan; beste herrietan ikastola funtzionatzen ari zela, eta Beasainen sortzekotan zirela-eta beraiekin hasiko al nintzen galdezka. Beasainen euskararen egoera triste-triste zegoen; etxean bakarrik egiten genuen euskaraz, ez eskolan, ez kalean, ez inon-inon. Niri egoera horretan egoteak pena ematen zidan, eta nik zerbait egitea baneukan egingo nuela, eta hasi egin nintzen.

Nola gogoratzen duzu Beasaingo ikastolaren hasiera?

Oso egoera txarrean hasi ginen. Etxebizitza bateko portalean sartu, dozena bat eskailera zeuden behera, eta han behean zegoen bi etxebizitzaren azpiko alde guztia zen lehen lokala. Zorua porlana zen. Aurretik, Lazkaoko ikastolan egin nituen praktikak. Han apaiz etxe batean zeuden; zorua gaztain egur zabal gozokoa zuten, eta umeak alfonbra gainean egoten ziren. Guk, ordea, ez geneukan materialik eta ez dirurik alfonbra borobil bat erosteko ere. Alfonbra estu eta luze bat erosi, lauki itsusi bat osatu, eta hantxe gainean esertzen ziren haurrak. 4 urteko 26 ume ziren, eta gustura joaten ziren ikastolara. Komunik ere ez genuen, eta etxetik pixontzi txiki bat eta baldea eraman nituen. Pixontzian gustura egiten zuten umeek, eta gero nik garbitzen nituen ondo-ondo pixontzia eta baldea.

Gero ikastola handitzen joan zen.

Bai, eta beste lokal hobeago batzuetara joan ginen. Herriaren Porteri aldean eta gaineko aldean sukurtsalak genituen; leku handi bat ez geneukan, eta batetik bestera ibili behar izaten genuen. Aurrena ni nintzen andereño, gero bi, gero dozena erdi... eta umeak ere gehitzen joan ziren, eta gero Lizeoa sortu zen.

Zuk ikasketak erdaraz eginda edukiko zenituen. Ikastolan eskolak euskaraz emateko materiala nondik lortzen zenuen?

Hasieran ez zegoen ezer, Martin Txilibitu eta Xabiertxo besterik ez. Ikastola Elbira Zipitriak hasi zuen Donostian, eta erabiltzen genuen metodoa harena zen. Idazten eta irakurtzen txotxekin ikasten zuten umeek: hizkiak, zenbakiak... Hizki larritan, noski, eta gero arkatza hartzen zutenean ere hizki larriz hasten ziren idazten. Baina gogoa jarriz gero eta saiatuz gero dena lortzen da. Umeentzat erakargarria izan zedin ahalegintzen ginen.

Jardunez gero emaitza ikusten dela diozu. Asteazkeneko mahai inguruan ere hori azalduko al duzu?

Ekinez egin-edo du gaia mahai inguruak, eta zerbait nahi duzunean, nahiz eta izugarri kostatu, saiatzen bazara lor dezakezula azaldu nahi dut. Beste ikastoletan errazago egingo zuten agian, baina Beasainen bertan, hasierako bost guraso horiek arduratu ez baziren, ez zen ikastolarik izango. Ikastolen mugimendu hau Elbira Zipitriak hasi zuen, Donostian, eta zabaltzen joan zen. Beasaingoaren aurretik Lazkaon martxan zegoen, han apaiz bat bazegoelako horretan jardun zuena. Beasainen ere elizaren menpean hasi zen: Escuela Parroquial Nuestra Señora de Loinaz bezala hasi zen ikastola, elizaren babesean. Bestela ez zen hasiko, eta, hala ere, Guardia Zibila etortzen zen.

Zertara joaten zitzaizuen Guardia Zibila ikastolara?

Lehenengo urteetan guardia zibilek ez ziguten bakean uzten. Aurreneko etxe azpi hartatik beste lokal batera pasatu ginen, eta gero mojek eduki zuten ikastetxe batera. Handik berehala, Beasaingo festetan, guardia zibilak etorri zitzaizkidan etxera, ikastolak ematen genituen tokia miatu behar zutela esanez. Ni eta beste andereño bat han joan ginen bi guardia zibilekin ikastolara. Lurrean sarreran zegoen kirolerako poltsa bat irekitzeko eta sabaian zegoen ganbararako tranpala irekitzeko eskatu zidaten, eta nik miatzera etorri zirenak eurak zirela erantzun nien. Orduan, irakasletza ikasketarik ez zeukaten laguntzaileak ibiltzen ziren ikastolan, eta maistrarik ez zegoen susmoa zeukaten. Irakaslea al nintzen galdetu zidaten, eta etxeraino bila joan eta ikasketetako titulua erakutsi behar izan nien.

Zuek zuenari eutsi eta aurrera egin zenuten ikastolarekin. Gaur egun nola ikusten duzu egoera?

Ikastolena sortuta dago, eta ari dira. Orain, nik ez dakit zer egin behar dugun, baina euskarari behintzat eutsi egin behar diogu; ez dakit zer egin behar bada ere, horri eutsi egin behar zaio. Euskarari bultzada handi bat eman zaio, eta jarrai dezala horrelaxe. Nire ume denboran oso-oso tristea zen; etxean bakarrik hitz egin genezakeen euskaraz. 90 urte beteko ditut azaroan, eta nik zer egin behar dut ba orain... Guk egin genuenak zerbaitetarako balio badu, konprenitzen badute zer egin genuen... Ikastolan lanean nenbilela haur bat izan nuen, beste gazteenarekin 12 urteko aldearekin. Gabonetako oporrak santomas inguruan izaten dira; oporrak hartu, Gabon egunean 24an haurra izan, eta urtarrilaren 7an ikastolan hasi nintzen berriro. Izeba bat neukan etxean, eta asko balio zuen, eta baneukan norekin utzi umea. Gero, eguerdian ordu erdi lehenago ateratzen nintzen ikastolatik umeari bularra emateko.

Asteazkeneko mahai inguruan parte hartzeko gonbita gustura hartu al duzu?

Asko aztoratu nintzen; jende aurrean tutik ez dut balio. Andereño nintzela ere, okerren-okerren gurasoen bileran pasatzen nuen. Guraso bakoitzarekin bakarka ondo moldatzen nintzen. Baina nire aurrean guraso piloa ikusten nituenean, puf! Eta nik ez dakit zergatik den. Ordea, bukatutakoan gustura ateratzen nintzen.

“Printzipioz, ez ditugu errefuxiatuak familien etxeetan egokituko”

“Printzipioz, ez ditugu errefuxiatuak familien etxeetan egokituko”

Giza Eskubideen Zuzendaritzara iritsi eta erronka handia du Maribel Bakerok (Urnieta, 1970) epe laburrera. Foru aldundiak Siriako errefuxiatuen krisiari erantzuteko sortu duen lantaldearen ordezkaria da Bakero, Fernando San Martin Kooperazio zuzendariarekin batera. Haiek joaten dira Eusko Jaurlaritzak abian jarritako lantaldearen bileretara. Bakerok Hitza-ri esandakoaren arabera, ziurtasuna du errefuxiatuen beharrei behar bezala erantzuteko gai izango direla.

Errefuxiatuak jasotzeko prestatzen ari da Gipuzkoa. Zeren edo noren zain zaudete orain, jakiteko noiz eta nola hasiko diren iristen? Urritik aurrera espero dira, ez da hala?

Joan den astean Eusko Jaurlaritzak gidatuta batzorde berezi bat sortu zen, errefuxiatuen krisi humanitariori aurre egiteko. Batzorde horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak ere parte hartzen du. Bestalde, foru aldundiak berak, bere lana bideratzeko, jarraipen batzorde bat jarri du martxan etxe barruan, Markel Olano diputatu nagusiak zuzenduta. Batzorde horretan, halaber, Administrazio Publikoko, Kulturako eta Politika Sozialetako diputatuak, eta Kooperazioko zein Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendaria ere bagaude.

Hiru bilera izan ditugu Gasteizen, eta oraindik ere Europa mailan adostasunik ez dagoenez eta Espainiako Estatuak kupoak erabakitzeko irizpidea zein den ez dakigunez, ez dakigu zenbat errefuxiatu etorriko diren. Lehen bileretan Euskadiko erkidegora 1.000 pertsona inguru etorriko zirela esaten zen, eta horietatik herenak Gipuzkoara. Herenegun beste bilera bat izan genuen Gasteizen, eta, ematen duenez, lehen errefuxiatuak urriaren bukaeran hasiko lirateke iristen EAEra, eta berrehun bat izatea aurreikusten da.

Beraz, etorrera ez da bat-batekoa izango. Pixkanaka iritsiko dira, eta urritik aurrera izango dela aurreikusten da.

Hondarribiko eta Zarauzko aterpetxeetako tokiez gain, beste herri askok eskaini dute tokia: Eibar, Segura, Zestoa, Irun... Zehazki, zenbat pertsona jasotzeko daude prest, eta zein herritan?

Foru aldundiak dagoeneko baditu 80 toki aterpetxeetan, eta, behar izanez gero, bideratu ditzake lehen fasea gauzatzeko. Hala ere, ez da pentsatzen aterpetxeak aukera egokiena direnik errefuxiatuak hartzeko; etxeak edo antzekoak hobesten dira. Baina esandakoa, behar izanez gero, baliabide horiek eskura ditugu, eta horrela jakinarazi diogu Eusko Jaurlaritzari.

Herriek ez ezik, partikularrek ere eskaini dute laguntza. Zenbat dira? Irizpide jakinik ba al dago errefuxiatuak hartu ahal izateko?

Partikularren laguntza elkarteetara bideratzen ari gara, CEAR, ACNUR eta Gurutze Gorrira, hain zuzen ere. Horiek izango dira, printzipioz, errefuxiatuen harrera eta lehen jarraipena egingo dutenak, bai kanpamentuetan, eta baita Euskadira iristen direnean ere, CEARen kasuan adibidez. Bestalde, errefuxiatuak hartzeko eskaintza egin duten partikularrei dagokienez, batez beste ehun pertsona inguruk deitu dute laguntza emateko prest daudela adieraziz; eta, lehen esan bezala, elkarteen bidez ari gara eskaintza horiek jasotzen eta kudeatzen.

Beharrak zeintzuk diren jakin ahala elkarte horiek zein erakunde publikook, ditugun bitartekoekin, errefuxiatuak hartu egingo dira, beren beharrak eta ezaugarriak (haurrak dituzten familiak, banakakoak…) jakin eta gero.

Errefuxiatuak etxean edukitzeak luze jo dezake. Hori familiei argi azaltzea garrantzitsua izango da, ezta? Bestalde, aterpe bat emateaz aparte, zein beste laguntza beharko dute errefuxiatuek? Osasun arloan, hezkuntzan, integrazioan...

Printzipioz, beren beharrak kontuan hartuta, elkarteek edota instituzioek dituzten etxeetan egokituko dira errefuxiatuak, ez familietan. Familiek modu ezberdinetan lagundu dezakete. Hainbat modu daude laguntza emateko; besteak beste, sozializazioan lagunduz, elkarteen bidez laguntza ekonomiko bat eskainiz... Aukera asko dago laguntzeko, baina printzipioz errefuxiatuak ez dira familien etxeetan egongo.

Bestalde, lagundu nahi duten horiei, euren etxean harrera egiteko eskaintza egin dutenei, esate baterako, esango nieke foru aldundiak baduela adingabeak hartzeko beharra, harrera familien beharra dagoela, eta hor lagungarri izan daitezkeela.

Europan bilera egin berri dute, eta ez dute akordiorik lortu beste 120.000 exiliatu banatzeko. Zer balorazio egiten duzue Bruselan gaiaz egiten ari diren kudeaketaz?

Europa oso itxura kaxkarra ematen ari da, eta gu, konpetentziarik ez dugunez, estatuak duenez, Madrildik hartzen diren erabakien menpe geratzen gara.

Halere, lasaitasun mezu bat plazaratu nahiko nuke; euskal instituzio eta elkarteek koordinaturik lan egingo dugula, harrera eta zerbitzuak planifikatzen ari garela, beharrak sortu ahala horiei erantzun egoki bat emateko. Errefuxiatuak gerra batetik ihesi datoz, euskaldun askok duela urte batzuk egin behar izan zuten bezala, eta eskubideak dituzte. Gai izango gara herri moduan krisi honi aurre egiteko, eta gure gizartean sortzen diren beharrei erantzuteko ere bai.