gipuzkoa

Ostadarraren koloreak Goierrin aldarrikatuz

Ostadarraren koloreak Goierrin aldarrikatuz

Loinaz Agirre
Mendiak eta ostadarrak bat egiten dute Goierriko Zubia LGBTI+ talde berriaren irudian. 1970eko hamarkadatik aniztasunaren eta sexu askapenaren ikurra da ostadarra edo Erromako zubia, eta ikur hori bere egin dute, Goierriko zubia aldarrika...

Euskal Herriko konpainien lanak ere egongo dira

Euskal Herriko taldeen artean, La Enananaranjak eta Iñaki Matak Altzoko Haundia haurrentzako ikuskizuna taularatuko dute. Migel Joakin Eleizegi erraldoiaren istorioa kontatzen du —euskaraz, gaztelaniako azpidatziekin—. Markeliñe taldeak, aldiz, Krusoe obra plazaratuko du; Daniel Defoeren Robinson Crusoe nobelan oinarritzen da —hitzik gabekoa—. Roberto Whitek hitzik gabeko lau pieza aurkeztuko ditu Varietté White lanean, eta Iñaki Mataren Barreras obrak gurpil aulki bat izango du abiapuntu. Informazio gehiago jaso eta sarrerak erosteko: www.dss2016.eu

Kalean ere txotxongiloak dabiltza

Kalean ere txotxongiloak dabiltza

Maite Alustiza

ustralian eta Txinan izan ondoren, Gipuzkoara iritsiko da World Puppet Festival. Haur eta helduentzako 240 ikuskizun eskainiko dituzte mundu osoko 40 konpainiak, bihartik ekainaren 5era. Donostiak eta Tolosak hartuko dute txotxongiloen jaia, eta aretoetan ez ezik, kalean ere izango dira emanaldiak. Donostian, esaterako, hogei agertoki baino gehiago jarriko dituzte: Eason, Kontxa pasealekuan, Bulebarrean, Koldo Mitxelenan... Berdin Tolosan: Euskal Herria plazan, Plaza Berrian, Lopez Mendizabalen, Trianguloan... Honako hauek dira antolakuntzak "nahitaez" ikusi beharrekoen artean aipatu dituenak:

INAUGURAZIO EKITALDIA
Bihar, 22:00etan, Zurriolan

Belgikako Tol Theatre konpainiak emango dio hasiera jaialdiari, Zurriola hondartzako kai muturrean. Hitzik gabeko aireko ikuskizun bat dakar konpainiak; dantzaren, kantuaren eta zinemako irudien nahasketa bat. Garabi handi baten bitartez, txotxongilo erraldoiak, aktoreak, bizikletak eta beste hainbat elementu hegan jarriko dituzte. Adin guztietako ikusleentzat.

'RED EARTH REVISITED'
Maiatzaren 30ean, 18:30ean, Antzoki Zaharrean

Tragedia historiko baten bueltan girotzen da ikuskizuna. Hegoafrikan gertatu zen, Lurmutur Ekialdean, 1853. eta 1854. urte artean. Ingelesak Hegoafrikaren azken zati hori konkistatzen saiatu ziren, eta, artean, Xhosa erregeak eta buruzagiek gobernatzen zuten ingurua. Urteak eman zituzten han borrokan, eta gatazka horren biktimetako bat Nongqawuse umezurtza izan zen.

Hiru herrialdetako kideek sortu dute ikuskizuna: Hegoafrikako Assitej South Africa konpainiak, Herbehereetako Speetheater taldeak eta Euskal Herriko bi txotxongilolarik. Lau aktore profesionalek eta Europako eta Afrikako lau gaztek kontatzen dute istorioa. 10 urtetik gorakoentzat. Hizkuntza: ingelesa eta euskara, gaztelerazko azpidatziekin. Prezioa: 8-12 euro.

'SPARTACUS'
Maiatzaren 31n, 21:00etan, Gazteszenan

Erroman kokatu du kontakizuna Frantziako La Licorne konpainiak. Zuzeneko musikarekin girotuta, Kristo aurreko 73. urteko gizarte iraultza baten historia dakar. Gladiatoreak, kondenatuak eta esklabu guztiak akabatu arte borrokatzen diren bitartean, herritarrek eta Erromako enperadoreek gozatu egingo dute. Askatasunaren bila, Espartakok iraultza odoltsu bat gidatuko du, milaka esklaburekin batera. Txanponaren bi aldeak erakutsiko ditu obrak: Erromaren aberastasuna eta boterea batetik, eta miseria eta heriotza bestetik. 6 urtetik gorakoentzako saioa da —frantsesez izango da, azpidatziekin—. Prezioa: 10 euro.

'ÓSCAR, EL NIÑO DORMIDO'
Ekainaren 1ean, 18:30ean, Viktoria Eugenia antzokian

Andaluziako (Espainia) El Espejo Negro konpainiak 7 urtetik gorakoentzako ikuskizun bat dakar, gazteleraz. Oscar haurra da protagonista. Istripu bat izan zuen, eta, ondorioz, lo luze batean murgildu zen. Bederatzi hilabete eman zituen ametsetan, egun eta gau. Hala zegoela, gurasoek txikiagoa zenean irakurtzen zizkioten ipuinak gogorarazi zizkioten, eta, pixkanaka, esnatzen joango da. Ez du, ordea, ezer gogoratuko: ahaztu egin zaio hitz egitea, idaztea eta ibiltzea. Feten Europako Haur Antzerki Azokan ikuskizun onenaren saria jaso du. Prezioa: 8-12 euro.

'LES IRRÉELS'
Ekainaren 2tik 5era, 17:00etan, Garberan eta
Okendo plazan

Hitzik gabeko ikuskizun bat eskainiko du Frantziako Creature konpainiak. Ez dago argi pertsonaiak zer diren: irrealak ala gizakiak, antzinako zibilizazio bat, etorkizuneko tribu bat edo oraindik deskubritu gabeko espezie bat. Irrealen kanpamentuan hamabost denda daude, eta bakoitzak bere sormenezko unibertso propioa dauka barruan. Ekainaren 2an eta 3an, Garbera merkataritza gunean emango dute; hilaren 4an eta 5ean, berriz, Okendo plazan. Guztiak 17:00etan dira. Adin guztietako ikusleentzat prestatutako saioa da.

'OUT'
Ekainaren 4an, 19:00etan, Viktoria Eugenia antzokian

Helduentzako ikuskizun bat dakar Italiako Unterwasser konpainiak. Out mutilaren eta bere bihotzaren arteko istorioa kontatzen du. Mutila kolorerik gabeko etxe batean bizi da, eta bere txoria (bihotza) galdu eta min hartuko ote duen beldur, kaiolan (bularrean) gordeko du. Halako batean, ihes egingo du txoriak, eta mutilak lehen aldiz bere bihotza aurkitzeko bidaiari ekingo dio. Beldurra, adorea, adiskidetasuna eta maitasuna sentituko ditu; eta bihotza irekitzeko gai diren pertsonez betetako mundu batean ibiliko da. Prezioa: 15-18 euro.

Laborategi bat, musikaz hazteko

Laborategi bat, musikaz hazteko

Itzea Urkizu Arsuaga
Esperimentatuz ikastea hezkuntza sistemarik aurrerakoienek marraztutako bidea da. Europa iparraldeko arkatzek egin izan dituzte bide horren lehen lerroak, baina Euskal Herrira iritsi da hango oihartzunik: MusikaLab udalekuena adibi...

Alkoholiko ezin bada, diabetiko

Danel Agirre

Frontoietan alkohola debekatzearen erabakia hartu duenak, nire mespretxua baino gehiago, errukia bereganatu du, benetan behar duelako norbait miserablea. Izan ere, igandean Astelenara doanari —beti egin dit grazia igandean Astelenara joatearen tradizio horrek— patxaran parea hartzea galarazten dionak motibazio bakarra izan dezake: misantropia. Hurkoarekiko ezinikusi goibel eta sendaezin bat.

Menpekotasunen aurkako neurriaren mozorroa ipini nahi izan diote aldrebeskeriari: "Gizartean alkoholaren kontsumoa gehiegizkoa dela ulertzen dugu", Jon Darpon sailburuari irakurritako arrazoiketa. Doble ikusten ez duen orok aspaldi antzemana du, ordea, gero eta gutxiago edaten dela gurean. Zapatu arratsaldeko tragoxka soziala ez den beste guztiak erretiran dirudi. Txikiteoa, otordu bakoitza baxoerdiarekin laguntzea, besaulkiko pattarra, guztiak ari dira galtzen pixkanaka. Eustatek berretsiko nau, behingoagatik: 2000. eta 2012. urteen artean, alkoholaren kontsumoa %10 apaldu zen EAEn, bai gizonezkoen bai emakumezkoen artean. Euskal herritar batek errusiar batek baino bost aldiz alkohol gutxiago edaten du urtero, batez beste, edo irlandar baten erdia, Eusko Jaurlaritzaren eta Osasunaren Mundu Erakundearen estatistikak uztartuz jakin dudanez.

Zurrut epidemiarik ez badago, zaila da garbizalekeria olatua zerk eragin duen asmatzea. Politikariek herritarren osasuna obsesiotzat dutenik ez du ematen. Badaude etxe bloke bakoitzean Orfidal edo Lexatin gabe lo egiteko gai ez diren bizpahiru koitadu, baina legeak idazten dituztenei ez die deskantsurik eragozten horrek. Milaka lagun gaixotzen eta deprimitzen dituzten lan baldintza toxikoen aurka ez dabiltza tinkoegi, bistakoa da hori ere. Kontrakantxako gin-tonica gure ongizatearentzat mehatxu larria omen, eta industrialdeetako eta eraikitzeko irrikan dauden errauste plantako tximiniek bihotz formadun piruletak isurtzen dituzte, antza. Beotibarren lege lehorra ezarri duen Jaurlaritza berberak xanpainarekin ospatu nahi du transgenikoei alfonbra gorria ipiniko dion TTIPa onartzea. Lehentasun politikoak ezartzeko modu hau bitxiegia egiten zait, konspirazioaren teoria txukunen bat eraikitzeko ere.

Debekuez ari naizela, baditut Anoetako abonua marmarka ordaintzen duten lagunak, beraiei aspalditik alkoholik saldu ez eta palkokoak oraindik ere fin jartzen direlako. Agintarien paternalismoaren beste adibide bat da: guk badakigu paperak galdu gabe edaten, zuek ez bezala —esan beharrik ez dago Realaren emanaldi astun samarrak bultzatzeko zenbat laguntzen duen ttak pare hori hartu ahal izateak—. Halere, kasu honetan, palkokoek inbidia gutxi eragiten didate. Kirol emanaldi bat bertatik bertara ardotxo batekin ikusi ahal izateko ordaindu behar den bidesaria bi orduz zinegotzi baten alboan eserita egotea bada, nahiago Kas Naranjekin segi diabetes batek jo arte.

“Piratez saldu zaigun irudiari ‘glamour’-a kendu nahi izan diogu”

“Piratez saldu zaigun irudiari ‘glamour’-a kendu nahi izan diogu”

Eider Goenaga Lizaso

Zortzi dantzari irten dira jendaurrera, lau neska eta lau mutil. Binaka atera dira; itsasontzia irudikatzen duen kutxa gurpildun handiaren gainean, bikote bat dago; lurrean, sareak konpontzen, bi neska; beste bi bikoteak ondoren sartzen dira. Portu bat irudikatzen dute, "XVI. edo XVII. mendeko Euskal Herriko edozein portu", Aiert Beobide (Donostia, 1978) dantzari eta koreografoak azaldutakoaren arabera.

Horrela hasten da Haatik dantza konpainiaren Itsas Lapurrak ikuskizuna. Orion, iazko uztailean, egin zuten lehendabizikoz, eta Bilboko Kalerki jaialdian gero; pixkanaka, oihartzun handiagoa izaten ari da. Atzo Valladolideko (Espainia) Kale Antzerki Jaialdian aritu ziren, eta udan kostaldeko hainbat herritan dantzatzeko gonbita jaso dute: Pasaia, Deba, Zarautz...

Beobidek dioenez, Olatz Beobide arrebak —aktorea eta zuzendaria— proposatu zien gaia, eta konpainiako kideei interesgarria iruditu zitzaien. "Gure arrantzaleen historiaz jaso dugun irudia beti izan da arrantzale oso trebeak zirela, balearen arrantza, jarduera ekonomikoa, mundu zabalean ibiltzen zirela... baina kortsarioena erdi ezkutuan gelditzen den historia da, eta, pixka bat arakatzen hasiz gero, oso-oso istorio bereziak aurkitzen dira". Eta euskal arrantzale eta marinelak dira protagonista. "Adibidez, Pasaiako udaletxea Arizabalo jauregian dago egun, eta familia horren egoera ekonomikoa Sokoara joan eta hango ontziak gauez lapurtu ondoren hasi zen suspertzen".

Beobidek hainbat historialarirekin eginiko elkarrizketak aipatu ditu, eta handik eta hemendik topatutako materialaz hitz egiten du. "Gaia hain zehatza denean, ikertu beharra daukazu. Eta haritik tiraka hasten zarenean, eta hainbeste gauza aurkitzen dituzunean, aukera pila bat sortzen zaizkizu dantzarako. Hortik abiatu behar duzu, dantzarekin zer kontatu nahi duzun erabakitzeko. Musika jarri eta dantza egitea erraza izan daiteke, baina horrekin zerbait adierazi nahi dugu".

Itsas Lapurrak kalean dantzatzeko xedez sortu zenez, itsasontzia irudikatzea izan zen lan zailenetako bat. Kutxa gurpildun handi bat erabiltzen dute ontzi gisa. "Eta pixka bat kostatu zitzaigun mugimendua eta erritmoa aurkitzen. Guk azkarragoa nahi genuen, baina kutxa gainean dantzatzea arriskutsua izan zitekeen; azkenean, mugimendu geldoak egiten ditugu, eta horiek magia moduko bat sortzen dute, laino baten barruan dantzan ariko bagina bezala, olatuen gainean".

Kultur nahasketa

Portuetako kultur nahasketa da landu duten gaietako bat. "Hegoaldeko eta Iparraldeko arrantzaleak nahasten ziren, gipuzkoar eta bizkaitarrak, frantsesak, irlandarrak, ingelesak... Pentsa nolako kultur nahasketa zegoen eta zenbat hizkuntza hitz egiten ziren portuetan". Zortzi dantzariak irteten diren uneak irudikatzen du nahasketa hori. Desafio modukoak egiten dituzte dantzariek, batak zer dakien erakusten dio besteari, eta besteak berearekin erantzun. "Tradizioz etorri zaizkigun dantzak ezberdinak dira Gipuzkoan, Bizkaiko kostan zein Lapurdin, eta sarrera horrek hori erakusteko aukera ematen digu; eta Europa iparraldetik etorritako kultura horiei keinu bat egiten ere ahalegintzen gara. Azkenean, portu batean seguru sortzen zen festa giroa sortzen da".

Itsasoratzea da ikuskizunaren hurrengo zatia, agurra. Ondoren, itsasoratutako gizon-emakumeen bizipenak kontatzen dituzte, musika eta dantza bidez. "'Ze bizimodu polita piratena!'. Piraten inguruan saldu zaigun irudiari glamour pixka bat kendu nahi izan diogu guk. Modu gordinago batean eman nahi dugu, bizimodua gogorra zelako, asko ez zirelako itzultzen, alargun asko zeudelako portuan".

Baina emakumeak ez ziren soilik gizonen zain portuan gelditzen; bazeuden itsasoratzen zirenak ere, sineskeriek emakume batek itsasontzian zoritxarra eragiten zuela zioten arren. "Eta kortsaritzan, gutxiago ziren noski, baina bazeuden emakumeak; eta, ez dakigu zergatik, baina pisu handia hartu zuten, liderrak ziren". Beraz, itsasoratzen diren dantzarien artean, emakume bat ere badago

Sineskeriekin jarraituta, dantzarien itsasontziak laminekin egiten du topo. Laminek, dantzarekin, ekaitza eragin eta arroketara eramaten dute ontzia, eta ozta-ozta libratzen dira kortsarioak hondamenditik. Beste ontzi batek abordatzen ditu, orduan. Borroka egiten dute, eta, azkenik, portura itzultzen dira, zaurituta, ontzirik gabe, porrot eginda... "Guk erakutsi nahi genuena zen dena ez dela hain polita, beti ez zela irabazten, eta amaiera negar bat da, dantzariak negar egiten du".

“Ikusi behar dugu arazoa ez dela soilik emakumeena”

“Ikusi behar dugu arazoa ez dela soilik emakumeena”

Aizpea Amas

Irungo Lakaxita gaztetxean, matxismoa deseraikitzeko lanean hasi da gizon talde bat. Datozen asteetan, hainbat tailer eta hitzaldi egingo dituzte. Lehenengoa joan den ostegunean izan zen, Ibon Arrizabalaga de Mingoren eskutik (Orio, 1973). Mikromatxismoen inguruan aritu zen. Arrizabalaga gizartearen eraldaketan lanean ari den Arremanitz kooperatibako kidea da, eta berdintasuneko masterra egina du. Gizon taldeekin ere lan egiten du.

Zergatik bereizten dira mikromatxismoa eta matxismoa?

Ez naiz mikromatxismoak aipatu zale, baina badirudi beharrezkoa dela aipatzea jende bat erakartzeko. Matxismoa aipatuta interesik izango ez lukeen jende askori badirudi interesa pizten zaiola mikromatxismoa entzunda. Nire ustez, mikromatxismotzat jotzen badira oharkabean edo ikusi gabe gertatzen diren matxismoak, oso gauza handiak izango lirateke mikromatxismo, gaur egun daukagun itsutasuna kontuan hartuta. Ez nago batere konforme hitz horrekin.

Mikromatxismoa matxismoa baino sotilagoa da, edo hori horrela ulertzea uste okerra da?

Badaude gauza sotilak, baina badaude gauza itzelak ikusi nahi ez baditugu ikusiko ez ditugunak, edo ikusteko trebatzen ez bagara ikusiko ez ditugunak. Neskek egunero jasaten dituzte egoera batzuk euren gogoz kontrakoak, eta mutilek ez ditugu ikusten. Sotilak direnak badaude, baina mikromatxismoan edozer gauza sar daiteke. Batzuetan ez gara kontziente emakumeek duten lanegun bikoitzaz edo hirukoitzaz. Hori mikro da, edo makro da? Normalean, ez dugu ikusten emakumeek EAEn laurden bat gutxiago kobratzen dutela; jendea ez da ohartzen, eta berdintasunean bizi garela pentsatzen du. Hori sotila da, edo itzela da?

Orduan, matxismoari ematen zaion garrantzi bera eman behar zaio mikromatxismoari?

Ez, mesedez, matxismoari ez zaiolako batere garrantzirik ematen. Mikromatxismoak balio badu gauza horiei garrantzia emateko, eman diezaiogun garrantzia. Matxismoa ez da existitzen: inor ez da matxista. Matxismoa gaur egun ulertzen da oso eskuin muturreko eta adin zaharreko gizon dinosauro batzuek daukaten aspaldiko aztarna bat balitz bezala; gutako inor ez denez horrekin identifikatzen, libre sentitzen gara. Matxismoa ezabatu egin dugu; ez dago. Matxismoaren garrantzi bera ematen badiogu mikromatxismoari, ez du ezertarako balio. Mikromatxismoak interes bat pizten badu, agian balio du jarrera matxistez konturatzeko. Hala ere, nik ez nuke hitz hori erabiliko; June Fernandezek Aizu aldizkarian zioen eguneroko jarrera matxistak dela termino zuzena.

Nola antzeman daitezke jarrera mikromatxistak egunerokoan?

Mikro kenduta, feministek aspaldi asmatu zuten modua konturatzeko ea zerbait matxista edo sexista den: betaurreko moreak jantzi eta gauzak ikusten hastea genero ikuspegitik. Subjektuari generoa aldatzen badiogu esanahia aldatzen da? Orduan, sexismoa edo matxismoa dago. Hizkuntzan ere gertatzen da. Euskaraz, adibidez, joaten naizen ikastetxean karteltxo bat jarrita dago: "Andereñoak". Ez dago jarrita "Gizontxoak". Sexismoaren aztarna bat dago hizkuntzan; ezin da itzuli gizonezkoen termino batera.

Nola jokatu behar da egunerokoan aurkitzen diren jarrera matxistekin? Ez dira gauza bera txiste matxista bat edo irain matxista bat, esaterako.

Egoera zein den edo nolako pertsona zaren, gauza bat edo beste bat egin beharko duzu. Egoera horiei aurrea hartu eta guztiok aktibatu: hori egin beharko litzateke benetan. Ikusi arazoa ez dela hori jasaten dutenena, emakumeena edo emakume batzuena edo emakume feministena... guztioi dagokigun egiteko bat dela eta denek sortu behar ditugula egoerak eraso horiek egiten dituztenak ez daitezen libre sentitu hori egiteko. Adibidez, parranda giroan. Mutil kuadrilla bateko mutil bat sobratzen ari da neska batekin, eta neskak ez du harekin ezer nahi, baina berak berean segitzen du, eta, bitartean, lagunak barrez. Egunerokoa da. Ez dakit mikro edo makro den. Lagunei dagokie gelditzeko esatea. Guri ere badagokigu. Berdintasunaren alde gauden edo egon gaitezkeen gizonen kolektiboa aktibatu behar da.

Emakume eta gizon feministak ezberdin jabetzen dira mikromatxismoarekin?

Nik uste dut oso gutxi jabetuta gaudela gure eguneroko jarreretan non dagoen ikuspegi matxista edo sexista bat. Esango nuke emakume feministek, pairatzen duten neurrian, sentsibilitate bat garatzen dutela, eta gizonentzat, berriz, oso erraza da esatea berdintasunaren alde nagoela, baina gero, "ez dut ezer ikusi nahi". Badago sentsibilizazio mailan egiteko asko, egiteko handia.

Gizonak aktibatu behar direla aipatu duzu. Zein rol jokatu behar dute borroka feministan?

Kolektibo oso garrantzitsu bat aktibatu beharrean gaude, eta urteak, hamarkadak eta mendeak daramatzagu desaktibatuta. Modu guztiak erabili behar dira kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko, eta ahal den neurrian eta erritmoan ekintzara ekartzeko.

Zein da gizon taldeen muina? Zein lanketa egin behar dute?

Esango nuke gizonen arteko giro ez-lehiakor bat sortzea dela muina. Gizarte honek elkarren lehian jartzen gaitu, elkarrengandik urruntzen gaitu, eta horrek ez digu uzten tarterik ohartzeko zer ari garen bizitzen gu ere horrelako gizarte batean bizitzeagatik; zenbateraino insentsibilizatu behar dugun eta deshumanizatu behar dugun ohartzeko emakumeek pairatzen dutena, etorkinen aurkako bortizkeria, adinekoei eragiten zaizkienak, zenbat jende dagoen gizarte honek kaltetua... Gu, gizon izateagatik ditugun pribilegio horiengatik, itsu eta gor bihurtzen gara besteen egoeren aurrean. Uste dut lehiak elikatzen duela urruntze hori. Gizon taldeetan lehia hori desaktibatzea lortzen denean, ikusten dugu gure lekutik ere sentsibilitate bat garatzeko aukera dagoela, eta elkarrekin zerbait egitea lor dezakegula, ez bakarka.

Sortzen ari al dira gizon taldeak? Zein da haien egoera?

Euskal Herrian, duela 30 urtetik gora hasi ziren gizon taldeak. Hasieran, oso modu pribatu eta intimoan hasi ziren. 2001ean, Emakundek egin zuen nazioarteko batzar bat gai horren inguruan, eta ikusi zen ordura arte garatu ziren gizon taldeak ikusarazteko garaia iritsi zela. Orduz geroztik, egitasmo gehiago sortu ziren, gizon talde gehiago, Emakundetik ere Gizonduz sortu zen... Halako boom mediatiko bat egon zen, eta uste dut onura baino gehiago kalte egin ziola. Etorri dira gizonak, eta, ezer egin gabe, toki guztietan eta komunikabideetako titulu guztietan daude, eta horrek eragin zuen gizon talde batzuk murriztea eta beste batzuk desagertzea. Badaude, garai batean baino gizon talde gehiago daude; egoera kaskarra da oraindik, baina, behintzat, lortu dugu hamarkada batzuetan eustea.

Lagun egitea baita laguntza

Lagun egitea baita laguntza

Eider Goenaga Lizaso

Niri esaten didatenean azterketa bat gainditu dutela, hunkitu egiten naiz. Muxuak eta besarkadak... Kontaktu fisiko hori pila bat gustatzen zaie. Esklusibotasun hori sentitzea... ez baitaude ohituta. Etxe batean gazte asko bizi dira, eta oso ondo zainduta daude; batzuetan txundituta gelditzen naiz zer lan egiten duten beraiekin. Baina ez daukate esklusibotasunik. Eta nirekin daudenean, sentitzen dute ni naizela beraientzat bakarrik, eta beraiek direla niretzat bakarrik. Hori nahi dute, eta gustatzen zaie: goraipatzea, hunkitzea, sentitzea gure bizitzaren parte direla... eta hala dira". Elixabete Rikondok bi neska izan ditu iloba: 15 urtekoa bat, familia biologikoarekin itzuli zena eta oraindik harremana mantentzen duena; eta 13 urtekoa bestea —egun, Izeba proiektuaren barruan—.

2009an sortu zenetik Izeba egitasmoan parte hartu duten 130 osaba-izebetako bat da Rikondo. Ana Esnaola bezala. Hitza-n Izeba proiektuari buruzko hitzaldi bat zegoela irakurri, hara joan, eta berehala hartu zuen erabakia. "Nik ere nahi dut iloba bat". 16 urte zituen Rukshar Ahamed gazte pakistandarrak Esnaolak egitasmoan parte hartzeko pausoa eman zuenean. Egun, gazteak 19 urte ditu, eta jada ez daude egitasmoaren barruan, baina eusten diote oraindik harremanari.

"Ume eta gazte hauentzat plus bat garela iruditzen zait. Daukaten errealitate horretatik kanpora, harrera zentrotik kanpora, goxotasun bat jasotzen dute; zentroan dituzten betebehar, arau eta ordutegietatik kanpora, osaba-izebek zerbait ezberdin egiteko aukera ematen diegu, kapritxo batzuk ematen dizkiegu". Osaba-izebek ilobekin egiten duten bezala, araurik eta betebeharrik gabeko aisialdi denbora bat eskaintzen zaie gaztei. Batzuetan, nahikoa da lagun egitea, etxeko sofan jarri eta telebista elkarrekin ikustea, edo erosketak egitera elkarrekin joatea, elkarrekin bazkaldu edo afaltzea; beste batzuetan, osaba-izebek iloba zinemara, hondartzara edo ezohiko zerbait egitera eramaten dute. "Guk ematen diegun jarraibidea da gauza bereziegiak ez egitea. Gauza normalak egin behar dira; umeak eta gazteak zure bizimodura atxiki behar dituzu. Azken finean, normaltasun hori bizi ahal izatea da egin nahi diegun eskaintza, familia giro natural eta ohikoan bizitzea", azaldu du Izeba proiektuaren arduradun eta Baketik-eko kide Kristina Soaresek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Baketik fundazioak 2009an egindako hitzarmenaren fruitua da Izeba proiektua. Diputazioaren babes sistemaren barruan eta bere tutoretzapean dauden ume eta gazteei eskaintzen zaien bitarteko bat da. Harrera zentro edo etxeetan dauden adingabeekin izeba edo osaba rola betetzen duten familien sare gisa definitu du Soaresek egitasmoa. "Programa hau 2009an jaio zen, gazte atzerritar asko iritsi zelako Gipuzkoara familiarik gabe. Behar horri erantzuteko bitarteko gisa sortu zen, gazteei familia giroa eskaintzeko, eta, aldi berean, haien inguruan zegoen irudi eta pertzepzio ezkor hori hausteko", azaldu du Soaresek. 6 eta 17 urte arteko ume eta nerabeek har dezakete parte programan, nahiz eta haien egoera ez den beti bera izaten. "Guk bereizketa egiten dugu, ez hainbeste atzerriko eta bertako umeen artean, baizik eta familiak hurbil dituztenen eta urrun dituztenen artean". Familia gertu dutenak, gehienak bertakoak, 2012an hasi ziren egitasmoan parte hartzen.

Osaba-izeben bila

2009tik, 130 familia eskaini dira ilobak hartzeko, baina kopuru hori ez da nahikoa, eta foru aldundia eta Baketik fundazioa boluntario gehiago lortzeko kanpaina betean dabiltza. Gaur egun, hogei adingabe daude osaba-izeba familia bat izateko zain; 14-17 urte bitartekoak dira horietako hamabost. Soaresek azaldutakoaren arabera, uneotan, nerabeen adin tarte hori hartuko duten boluntarioak behar dituzte batik bat. "Guk, normalki, ez dugu lehentasunik jartzen nerabeei dagokienez. Saiatzen gara, familien ezaugarriak eta nahiak kontuan hartuz, gazte eta umeen ezaugarrietara gehien egokituko diren familiak lortzen. Eta bikoteak egiten ditugu. Egia da, halere, jende gehiago eskaintzen dela txikien osaba-izeba izateko, eta adin tarte hori gehiago mugitzen dela. Horregatik, agian, gaur egun behar handiagoa dago nerabeentzat".

Hain zuzen ere, osaba-izeben zain dauden adingabeak pilatu zaizkielako abiatu dute boluntarioak bilatzeko kanpaina. "Normalean, hamar bat egoten dira zain, eta familiak tantaka agertzen dira, hilean bat edo bi. Zerrenda mugituz joaten da. Baina, orain, hogei ditugu zain, eta ezin diegu zerbitzu hau eskaini". Soaresek dioenez, ez litzateke batere arazorik izango, kanpainari esker hogei boluntario beharrean 50 lortuko balituzte. "Hilean bizpahiru eskaera berri iristen zaizkigu zentroetatik, eta, seguruenik, urte amaierarako beharko dira 40-50 boluntario gehiago".

Baketik-ek bi zerrenda izaten ditu esku artean. Osaba-izeba nahi edo behar duten adingabeena, eta osaba-izeba izan nahi duten boluntarioena. "Familiak aurkezten direnean, elkarrizketa egiten diegu, familiaren egunerokoa nolakoa den ezagutu, familiaren denbora librea nola antolatzen den jakin, zaletasunak zeintzuk diren... Ezaugarri horietan sartzen da, era berean, seme-alabak dituzten edo ez, seme-alaben adina, pertsona bakarreko familia den... Adingabeen informazioa ere gure esku dagoenez, konpatibilitateak bilatzen ditugu, eta proposamena egiten diegu bi aldeei". Bi aldeek onartzen dutenean hasten da harremana.

Nerabeei programan parte hartzeko borondatea baino ez zaie eskatzen; familiei, berriz, borondatea eta "gutxieneko konpromiso bat". Astean behin gutxienez kontaktua izatea eskatzen zaie. "Egonkortasun bat lortu eta harreman bat sortzeko gutxienekoa da hori". Hortik aurrera, familiak eta adingabeak erabakitzen dute zeintzuk izango diren harremanaren ezaugarriak. "Batzuek meriendako tartetxo hori eskaintzen dute; beste batzuek asteburu osorako eramaten dute umea edo gaztea etxera".

Harremana sendotzen

Soaresek onartzen du lehen harremana "nahiko modu artifizialean" egiten dela. "Nahiko hotza izaten da, baina, harrera etxekoen eta Baketik-en laguntza eta koordinazioarekin, pixkanaka, sendotuz joaten da, harremana normalizatu arte". Rukshar Ahamed gazteak oso gogoan du Ana Esnaola ezagutu zuen eguna. Izeba proiektua zer den azaldu zioten, eta parte hartzea erabaki zuen. "Legorretako zentroan nengoen, eta behin, eskolatik iritsi nintzenean, esan zidaten banuela izeba bat. Oso pozik nengoen. Ana hurrengo asteazkenean etorriko zela esan zidaten, eta egun horretan oso urduri nengoen, egun osoa eman nuen etxean hura etortzeko zain".

Zalantzaz beteta hasi zuen harremana Esnaolak ere. "Hasieran, banituen nire kezkak. Nire seme-alabak kanpoan daude, eta ni bakarrik bizi naiz etxean. Batzuetan, Rukshar etortzen zen, meriendatzen genuen elkarrekin, eta arratsalde osoa pasatzen zuen etxean, telebista ikusten edo sakelakoarekin. 'Gustura ote dago? Ez al da aspertuko?', pentsatzen nuen. Beste batzuetan, gauzak egiten genituen elkarrekin, paseotxo bat, irteeraren bat. Eta nik, neure artean: 'Ondo dagoela ematen du'. Zentroan galdetu ere egin nuen, eta lasai egoteko esan zidaten, oso gustura etortzen zela".

"Orain bazkaltzera eta afaltzera gonbidatzen nau tarteka", dio Ahamedek. "Orain, 19 urte ditu, eta ez da lehen hainbat etortzen etxera, baina noizean behin bai. Oso atsegina da, eta egiten ditugu gauzak elkarrekin", gehitu du Esnaolak.

Izeba-iloba harremanaren nolakotasunak ere kezka sortu zion bere garaian Rikondori. "Nik izeba-irakasle rola hartu nuen, eta, hasieran, zalantza banuen, baina konturatu naiz ona izan dela. Elkartzean, galdetzen nien: 'Zer moduz astea? Zer moduz azterketak? Etxeko lanik baduzu? Aurkezpenen bat egin duzu? Irakaslearekin ondo?'. Denborarekin konturatzen dira benetan inporta dizula, eta orain bera etortzen da astean egin duena kontatzera, nik galdetu baino lehen".

18 urtetik aurrera

18 urterekin foru aldundiaren babes sistematik at gelditzen direnean osaba-izebek gazteei babes handia ematen dietela dio Kristina Soaresek. "Estres handiko egoera izaten da gazteentzat, eta osaba-izebak helduleku bat dira beraientzat". Une hori oso inportantea da gazteen bizitzan, babesgabe gelditzen dira bat-batean, eta haietaz kezkatzen den norbait izatea oso garrantzitsutzat du programaren arduradunak. Ahamedek oso gogoan du une hori: "Etxea utzi baino lehen, oso urduri nengoen. Eta Anak esan zidan lasaitzeko, jarraituko genuela elkar ikusten. Urrun bidaliko ninduten kezka nuen [Lazkaon bizi da Esnaola], baina, azkenean, Alegiara joan nintzen, eta jarraitu dugu harremanetan".

Gazteak adingabe diren bitartean, bai foru aldundiak eta bai Baketik-ek jarraipen estua egiten diote harremanari. Behin 18 urte egitean, Izeba proiektutik at kokatzen da harremana. "Hala ere, guk jarraipen bat egiten jarraitzen dugu. Ez hain zorrotza, tutoretzapean daudenean bezala, baina gure laguntza eskaintzen jarraitzen dugu". Gaur egun, 93 gaztek dute harremana osaba-izebekin, baina horietako gehienen harremana egitasmotik kanpokoa da, 56 kasutan gazteak adin nagusiak baitira jada.

Izan ere, osaba-izebek ezin diote besterik gabe utzi osaba-izeba izateari. "Nik beti nire iloba gisa aurkeztu ditut; 12 iloba ditut, eta bi neska hauek bat gehiago dira", dio Rikondok. "Nik ez daukat iloba propiorik, baina Rukshar nire iloba da", Esnaolak.

Harrera etxeen osagarri

Edurne Gonzalezek harrera etxeetan lan egiten dutenen ikuspegia ematen du, Izeba proiektuari dagokionez. Harrera etxe bateko arduraduna da, Larratxo fundazioan, eta osaba-izeben ekarpenak gazteei onura handia egiten diela dio. "Guk harrera etxean eskaintzen diegu testuinguru ahalik eta normalenean bizitzeko aukera. Haien bizimoduak errutina eta arau batzuk ditu, eta edozein nerabek dituen betebeharrak dituzte". Osaba-izebek harrera etxeek eman ezin duten familia alternatiba bat eskaintzen dietela dio. "Edozein familiatan gertatzen den bezala, gurasoek arauak jarri eta exijitu egin behar dute, baina badaude beste pertsona batzuk, izan aitona-amonak, izan osaba-izebak, eta horiek exijentzia txikiagoko aisialdi momentuak eskaintzen dizkiete".

Gazteentzat, harrera pisua ez den toki bat, etxe bat edukitzea oso garrantzitsua dela azpimarratu du Gonzalezek. "Etxe bat dutela sentitzen dute, familia bat dutela, beraiena bakarrik dena, eta ez dutena pisuko beste zazpi kideekin partekatu behar. Izan ere, hezitzaile taldea partekatu egiten dute, baina Izeba familia bakoitzarena da". Horrek "berezi" sentiarazten ditu gazteak.

Gonzalezek azpimarratu du harrera etxeak gazteen oinarrizko behar guztiak betetzen dituela. "Baina, gure baliabidearen ezaugarriengatik, hainbat gauza ezin dizkiegu eman, eta, ikuspegi emozional batetik, osaba-izeben ekarpena handia da. Izan ere, gazte hauek behar handi-handiak dituzte. Bakoitzak bere motxila darama, bizi esperientziaz betetakoa, eta, maila emozionalean, bete gabeko behar handia dute, osaba-izebek modu ezin hobean betetzen dutena".

Motxilaren ideia Rikondok ere erabiltzen du, bere ilobei buruz ari denean. "Nire ilobak oso gardenak dira, eta dena kontatzen dizute. Askotan, beren istorio pertsonalak kontatzen dizkizute, eta orduan konturatzen zara nolako motxila daramaten, eta, hala ere, zer normalak diren. Gogorra da zein babes gutxirekin bizi izan diren entzutea, zenbat sufritu duten entzutea".