gipuzkoa

‘Primum non nocere’

‘Primum non nocere’

Maite Alustiza

Lehen gauza kalterik ez egitea da. Hipokratesena da Primum non nocere medikuntzako printzipioa. OEIT Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak bere egin du esana, eta hainbat ikerketa zientifiko aztertu ondoren atera du ondorioa: erraustegiak kalteak eragiten ditu osasunean. Taldeko medikuetako bi dira Jose Luis Paulin eta Koro Zabaleta, eta Hernanin izan dira aste honetan, Biteri kultur etxean. Osasuna jarri dute lehentasun: "Gure agintarien erantzukizuna da herritar guztien osasuna babestea".

2000ko urteen hasieran piztu zitzaien jakin-nahia, errausketak osasunean kalteak eragin zitzakeela entzun zutelako. Hainbat dokumentu eta argitalpen aztertu ondoren, ohartu ziren ez zela susmoa, errealitatea baizik. Hala, manifestu batean bildu zuten aurkitutako informazioa, eta Gipuzkoako 500 osasun langileren baino gehiagoren babesa jaso zuten. "Inork ez zuen zalantzan jartzen hor baieztatzen zena".

Paulinek dioenez, erraustegiaren aldekoek ere ez zituzten datuak ukatu, baina argudio nagusi bat zuten, alde agertzeko: "Esaten zuten azken belaunaldiko erraustegiekin ez zela kalterik egongo. 2002-2004 urteak ziren; geroztik, ikertzen jarraitu dugu, eta gerora egindako ikerketek diote arazoek hor jarraitzen dutela". Bat dator Zabaleta: "Hau ez da telefonoak bezala, urtarrilean bat erosi eta urrirako berriago bat dagoela. Hemen azken erraustegiak 2000. urtekoak dira".

Erraustegiaren alde esaten diren hainbat baieztapen baliatu ditu Zabaletak azalpenak emateko. Batetik bederatzira zerrendatu ditu.

Bat. "Diote birziklatu ezin dena soilik erretzen dela, produktu toxikoak ez daudela. Gezurra da: erraustegira iristen den guztia erre egiten da; gainera, bereizi gabe". Paulinek Bilboko Zabalgarbi errauste plantan ikusi ahal izan zuen bertatik bertara: "Denetik zegoen han: plastikoa, papera, jostailuak, tresna elektronikoak... Dena barrura zihoan, labera".

Bi. "Isuriak kontrolatu egiten direla diote. Teknikoki ezin da egin, ezin da 24 orduz kontrolatu tximiniatik zer ateratzen den... ez da erreala".

Hiru. Kontrolen fidagarritasuna zalantzan jarri du Zabaletak: "Kontrolak egiten dira, baina aldez aurretik abisatu egiten dute; halako egunetan eta ordutan egingo dugu ikuskatzea. Egun horretan denak primeran funtzionatzen du, eta kito".

Lau. "Esaten dute iragazkiak azken belaunaldikoak direla, eta ez dela ezer isurtzen. Iragazkiak dira, ez tapoiak. Zulotxoak dituzte; nahiz eta oso txikiak izan, beti egongo dira mikropartikulak, gutxienez. Mikropartikulak izateak ez du esan nahi ez direla osasunarentzat txarrak".

Bost. "Energia berdea lortuko dela uste dute, baina dena erretzeko, gasa erabiltzen dute. Zabalgarbin ikusi dugu energia asko ateratzea zutela helburu, baina ez dutela ezer ateratzen, gastatu egiten dutela. Tenperatura oso handia behar dute erretzeko, eta gasa erabiltzen dute".

Sei. "Diotenez, legez ezarrita dauden igorpen kopuruak errespetatzen dira, baina ez dugu ezagutzen kopuru segurua zein den. Naturak ez du irakurtzen gizakiek idazten duguna; natura natura da, eta zifrak guk jartzen ditugu".

Zazpi. Errausketarekin zabortegirik ez dela behar esatea okerra da Zabaletarentzat. Haren arabera, erraustegian ateratzen diren toxikoak norabait eraman behar dira; "berez, legez", zabortegi bereziak daude.

Zortzi. "Esaten dute Europan erre egiten dela gehien birziklatzen den tokietan. Guk dakigunez, Danimarkan gutxi birziklatzen dute, eta asko erretzen da". Kontuan hartzekoa da, OEITko medikuen ustez, Europako Parlamentuak 2012an onartutako ebazpena: zabortegi eta erraustegiak apurka desagertzea aipatzen du ebazpen horrek. Paulinen arabera, "zaila da ulertzea, Europak hori esanda, erraustegirik ez dagoen toki batean erraustegia egitea proposatzea".

Bederatzi. Beste industria batzuek ere kutsatzen dutela diotenen argudioa. "Guk ez dugu kutsatuko duen beste bat nahi; horrek ez du justifikaziorik. Beste zerbait egongo da".

Tabakoa eta efektuak

OEITko medikuek diotenez, urte asko behar dira efektuak egiaztatzeko; "ezin da hamabost egunez edo urtebetez behatu eta ondorioak atera". Tabakoarekin konparatu du Paulinek: "Erre edo ez erre, denek dakigu tabakoa txarra dela. Eta posible da guztiok ezagutzea bizitza guztian erre duen norbait, ezer gertatu ez zaiona. Baina osasun arazo bat izan duen erretzaileari, 10-15-20 urteren buruan hasi zaizkio kalteak agertzen".

Errauste planten eragina aztertzean ere beharrezkotzat jo du urte kopuru bera ikertzea, benetan kaltegarria dela egiaztatzeko. Gutxieneko pertsona kopuru bat ere behar du ikerketak, estatistikoki baliagarria izan dadin.

Aztertu dituzten ikerketen artean, Espainian 2012n egindako bat aipatu du Paulinek, "kalitate handieneko bat". Behaketa horrek hala dio: hilkortasuna, minbiziagatik, igo egin da erraustegitik bost kilometroko erradio batean dagoen biztanlerian, gizon zein emakumeetan.

Planta batetik gertu eta haren eraginetik urrun daudenen artean, honako konparaketa hau egin du: gibeleko ehun minbizia dauden tokian, 129 egongo dira; birikako ehun minbizia daudenetan, 114; eta leuzemiaren ehun kasuren tokian, 121. Erraustegiek isurtzen dituzten gasak askotarikoak dira: metal pisutsuak, dioxinak... "Hori guztia airera doa, urera, lurrera; animalietara pasatzen da, landareetara... Dioxinak munduan egon daitezkeen pozoirik garrantzitsuenetako bat dira".

Minbizia izan gabe, Paulinek ohartarazi du metal pisutsuek —bromoak, merkurioak...— patologia batzuk eragin ditzaketela, neurri ezberdinetan: "Batzuetan, diabetes bat izan daiteke. Sinplea irudi dezake diabetes batek, askotan gehiegi pentsatzen baitugu minbizian eta abarretan, baina egunerokoan gehien kezkatzen gaituzten beste gaixotasun batzuk baditugu hor. Ez dugu ahaztu behar kasu askotan inguruneko esposizioaren ondorio direla".

50 taldetik gora, igandeko martxa babesten

Erraustegiaren kontrako martxa antolatu dute iganderako, eta lurralde osoko 50 taldek baino gehiagok egin dute bat deialdiarekin.

Martxa hainbat herritatik abiatuko da, eta parte hartzaileak bidean biltzen joango dira. Denek Letabiden egingo dute bat, erraustegia eraiki nahi duten lekuan, 12:00 aldera. Handik elkarrekin joango dira Zubietara, eta ekitaldia egingo dute pilotalekuan.

Honako hauek dira irteera lekuak: Andoainen, merkatuan, 08:00etan; Zizurkilen, plazan, 08:00etan; Hernanin, Gudarien plazan, 08.30ean; Añorga Txikin, 09.30ean; Lasarte-Orian, Okendon, 10.30ean; Zubietan, plazan, 11:00etan; eta Usurbilen, frontoian, 11:00etan.

[Herriz herri] Alkiza: Naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea

[Herriz herri] Alkiza: Naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea

Jon Miranda

Kareharrizko erliebe karstikoa eta 2.158 hektareako eremua duen Hernio-Gazumek balio handiko paisaia multzoak ditu. Paisaia horietan arriskuan diren fauna espezie batzuk daude: hildako egurrean bizi diren intsektu deskonposatzaileak, saguzarrak eta hegazti harrapariak. Europako Batasuna aspaldi biodibertsitatearen galera antzematen hasi zen bere lurraldean. Arazo horri aurre egiteko, espezieak eta horien habitatak babestea erabaki zuen, eta Natura 2000 Sarea eratu. Kontserbazio bereziko eremuek (KBE) osatzen dute sarea, eta eremu horiek Europako Batasunaren zuzentarauaren arabera kudeatu behar dira. Eusko Jaurlaritzak 2013ko apirilean eman zion izendapena Hernio-Gazumeri. Kontserbazio bereziko eremua izanik, Alkizan garrantzia eman nahi izan diote arlo horri, Jon Umerez alkatearen esanetan: "Iruditzen zaigu erpin hori baliatu behar dugula herrian, hori baita garapen integralagoa lortzeko modua".

Ingurunearen balioa ezagutarazteko asmoz, Fagus Alkiza Hernio-Gazumeko interpretazio zentroa zabalik dute udaletxeko goiko solairuan. Biodibertsitateari buruzko informazioa aurki daiteke erakusketan, baita mendigunean egin diren eta egiten ari diren kontserbaziorako lanak ere. Gainera, ikusgai dira bertako baso eta kobazuloen erreplikak. Udaletxeko teilatua eraberritzeko lanek iraun duten bitartean, instalazioa moldatu eta baliabideak gehitu dizkiote erakusketari. Astelehenean erakutsiko diete herritarrei espazio berria, otsailaren 29an, 19:00etan.

"Interpretazio zentrotik harago, bisitaria mendira bidali nahi dugu, aberastasun hori bertatik bertara ikus dezan", dio Umerezek. "2014an berritu genituen Herniorainoko mendi bideak, eta eremuan aurki ditzakegun habitat eta espezie babestuen inguruko informazioa jaso genuen seinale eta panel informatiboetan. Interpretazio zentroko erakusketarekin batera, eskola taldeek edo interesatuek txango gidatuekin osa dezakete bisita".

Ez da Alkizako lurretan egin daitekeen ibilbide bakarra. Iazko uztailean, Tolosaldea Tour-ek seinaleztatua zuen bide bat baliatu zuten Alkizako baserri paisaiak bisitatu eta horren inguruko gogoeta bultzatzeko. Udalaren eta Tolomendiren proiektua da bidea. Iker Karrera eskualdeko landa garapeneko elkarteko arduraduna da: "Paisaia horiek ez dira zerutik erortzen. Norbaitek egin du lana ganaduarentzat belarra prestatuz edo soroan barazkiak ekoitziz. Lan horien guztien ondorioa da paisaia, eta bistakoa da baduela bere balioa".

Egun baserriak pairatzen duen egoera kontuan hartuta, Fagus Alkiza zentroak hausnarketarako gune eta aukerak bilatzeko abiapuntu ere izan nahi du. Honela dio Umerezek: "Alkizarrontzat nortasun elementu garrantzitsua da kokatuta gauden tokia, eta horrek izan behar du herriaren garapenerako motore". Bide berriak topatzeko ahalegina egin dute, adibidez, Garaikoetxea baserrian. Han ekoizten dute Inazio Urruzola txakolina. Garai batean, sagarrondoz inguratuta zegoen baserria, eta mahastiz apainduta ikusten da gaur egun.

Naturaren eta gizakiaren arteko harremanetik sortutako kultura, hori dute hirugarren ardatza Fagus Alkiza proiektuan. Gizakiak ingurunearekin izandako harremanetik sortu diren kultur ondasunek —txondorra, karobia— tokia dute interpretazio zentroan. "Belaunaldi berriei erakutsi nahi dizkiegu horiek denak, kontuan harturik garaiak aldatuz doazela, eta horrekin batera ohiturak, ingurumenarekiko harremanak, kontsumoa…".

Eskola herriko eragile

Alkizak 375 biztanle inguru ditu, eta hirutik bat adingabea da. Horregatik, herriko eskola txiki geratu zaie. Eraikina zahartua dago, eta ez ditu beharrezko baldintzak betetzen: "Aspalditik gabiltza arazo horrekin bueltaka. Bere garaian, proiektu berri bat egitera iritsi ginen, baina, azkenean, bertan behera geratu zen. Eraikuntza berri bat nahi genuke guk, edo behintzat behin betiko soluzioa ematea auziari". Urte hauetan guztietan udalak bere esku dituen lokalak eta espazioak egokitu ditu, eskolak erabil ditzan. Zortzi urte dira Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin harremanetan direla irtenbide bat bilatu nahian, eta gaur bertan Lakuan dute bilera eskolako arduradunek.

Bien bitartean, leku estu batean baina bizi jarraitzen dute ikasleek. Eskola orduetan plazan lasai jolasean ibiltzeko gogoak bultzatuta, Alkizako herri eskolako ikasleek, irakasleek eta gurasoek galdeketa bat bultzatu zuten aurreko udazkenean. Eskola orduetan plaza oinezkoentzat itxi nahi ote zuten galdetu zieten hainbat herritarri; %87,5ek baietz erantzun zuten. 104 herritarrek parte hartu zuten galdeketan.

Emaitza udalaren esku utzi zuten, eta azaro amaieran etorri zen baiezko erantzuna. "Udalak behin baina gehiagotan egin die dei plazaren erabiltzaileei arazoari irtenbidea emateko. Hain zuzen, guraso eta eskolako langileak baitira, gehienetan, arazoa sortzen dutenak. Guk egindako deiak ezer konpontzen lagundu ez duenez, ikasleek galdeketan ateratako emaitzaren babesarekin udalari egindako eskaera aintzat hartu eta neurri batzuk hartzea erabaki dugu". Abendu hasieratik eskola pareko plazaren zatia ibilgailuentzat itxita dago eskola orduetan —bizilagunentzat izan ezik—.

Euskal familia eta beste piztia batzuk

Leire Narbaiza

Etologoa ez banaiz ere, Gerald Durrell naturalista britainiarraren My Family and Other Animals liburuaren izenburua parafraseatzea otu zait; izan ere, azkenaldian Euskal Herrian animalia nahikotxo dabiltza gure iruditeria kolektiboan, larregi gauza onerako.

Lehendabizi, zaharrena aitatu gura nuke: arrano beltza. Hegazti harrapakari hau Nafarroako erresumaren antzinako sinboloa izan zen, kateak gorri gainean jarri aurretik, antza denez. Sinbolo indartsua eta harroa bada ere, askok ez dute onartzen ideologia bati lotuegi ikusten dutelako. Lastima!

Badira urte batzuk modan jarri zela beste animalia bat; aberea, piztia baino: ardi latxa. Beharbada asto katalanaren eta Espainiako zezenaren eredura. Auto guztiak bete zitzaizkigun ardi marrazki infantil horrekin. Gurean —nola ez!— besterik ezin zen gertatu, eta kritika batzuk ere jaso zituen: abere otzana zela, taldekoia, izpiritu gutxikoa, poderio hutsa zuena. Jakina, alternatiba ere izan zuen: basurdea. Hau bai piztia oldarkorra, izpiritu libreduna, txerri basatia…

Gure hizkuntzaren imajinarioan ere makina bat animalia agertzen da. Esamoldeetan barra-barra: Orhiko txoria, Zozoak beleari, Ahuntzaren gauerdiko eztula, Zalditik astora, Kukuak oker jo… Ehunka! Baina, agian, nire gogokoena: Kalean uso, etxean otso. Usoa, xalotasun eta bakearen sinboloa, otso krudel eta odolzaleari kontrajarrita. Inoiz susmatu barik usoak arratoi hegalariak baino ez direla, eta otsoak biodibertsitatearen ikur!

Gurean ere badira beste hegazti batzuk. Ez dakit zein espezietakoak diren, ordea. EITBko txoritxoa eta Twitterrekoa. Lehenengoak itxuraldaketa batzuk jasan ditu, eta orain makal dabil koitadua. Txori urdinak, Twitterrekoak, publizitatea egin nahi zuen Kaixomaitia.eus-i atzera bota dio iragarkia euskaraz izateagatik, eta espainolez egiteko eskatu. Ederra pajaroa! Pajaroak aipatu eta depredatzaileak datozkit burura. Espainia aldeko kaioak, hain zuzen ere. PPkoak, alegia. Hauek, kaio baino putre dira. Baina egia esatera, entzuna genuen kaioek gorpuei begiak jaten zizkietela. Beraz, partidu politiko horrek aukeratutako ikurra, paregabea; demostratu baitute sarraskijaleak direla, ustelkeriaren lohian pozarren lorrintzen dabiltzan urdeak legez, txipli-txapla disfrutatzen. Benetako hozkirria sortzen digute euren karrankek!

Agertu zaigun azken txoria euskal panoraman txantxangorria da. Euskararekin ei dago lotuta, baina oraindik ez dakit zer esan nahi duen, zertarako den. Izan ere, ez dute esaten euskara babesteko, aldarrikatzeko edo euskalduntzat identifika gaitzaten erabili behar den! Ez dute argi laga. Hegazti maitagarria da papogorria, irudi ona duena. Era berean, txikia, makala eta singlea dirudi. Tximeleta izan zitekeen edota katagorria, baina hirurek ala hirurek sendotasun izpirik ere ez dute erakusten. Gero ardiez esango dituzte esatekoak!

Gure esaeretara jo dut ea bazegoen txantxangorridunik. Eta Intza proiektuan bi aurkitu ditut: "txantxangorriak baino buru gehiago ez ukan" zentzugabea izan esan nahi du; eta "txantxangorriarena egin", ez mugitu omen da. Itzelak kontzeptu biak gure hizkuntza berpizteko!

Ibil gaitezen kontu handiz, bestela gaztelania-kukuaren arrautza txitatuko du atzera ere euskara-txantxangorri mengelak….

Gipuzkoa osoa bost minutuan

Gipuzkoa osoa bost minutuan

Aizpea Amas

Duela bospasei urte hasi zen dena, bideo batekin. Lagunen arteko zerbait izan zen, baina arrakasta itzela lortu zuen sare sozialetan eta Youtuben. Dancing in the Basque Country da bideo hori. Euskal Herriko hainbat txokotan dantzan agertzen ziren hainbat lagun. Orain, horren atzean egon zen lagun talde berberak beste proiektu bat jarri du martxan: Gipuzkoaround. Hori ere bideo bat izango da.

"Horrekin lotuta, beste zerbait egiteko gogoa geneukan, antzeko izpiritua izan dezakeena, baina desberdina", azaldu du Iñaki Goikoetxea proiektuaren arduradunetako batek. Oraingo honetan, ordea, eremua ez da Euskal Herria izango, Gipuzkoa baizik. Hala, Gipuzkoako 88 herrietan bizpahiru segundotako korte bat grabatuko dute, eta guztiak lauzpabost minutuko bideo batean bildu. "Bideo horrek aukera emango du Gipuzkoako herri guztiak ezagutzera emateko. Gipuzkoarrak garenok ezagutzen ditugu Zarautz, Azpeitia... baina Tolosaldean eta Goierrin, batez ere, beste herri pila bat jende askok ez daki non dauden ere".

Proiektu hori Donostia 2016 egitasmoaren barruan dago, eta diru laguntzak jaso ditu, Energia Olatuak programaren barruan. Hala, Gipuzkoaround gauzatzeko, 2.016 euroko diru laguntza bat jaso dute. Donostia 2016ren izpirituari jarraituta, kulturaren balioak herri guztietara eramatea izango da bideo horren helburuetako bat. Bestea, berriz, "gipuzkoarrok eta Gipuzkoatik kanpo bizi direnek ikustea hemen 88 herri daudela eta bakoitzak baduela toki edo txoko bereziren bat". Herri horiek guztiak ezagutaraztearekin batera, gonbidapena egin nahi diote jendeari herri horiek bisitatzera animatzeko.

Behin ideia osatu dutela, hori gauzatzeko lanean hasi dira. "Orain, bilaketa egiten ari gara herri bakoitzean zein ezaugarri berezi topatzen dugun: zein txoko, zein monumentu, zein pertsonaia, zein leku esanguratsu...".

Horretarako, herri bakoitzeko herritarren laguntza beharko dutela adierazi du proiektuko kideak. Sare sozialen bidez, webgunearen bidez edo mezu elektroniko bidez egin ahal izango da, eta udaletxe bakoitzera eskutitz bana ere bidaliko dute. Horiek, ordea, oraindik ez daude martxan; horretan dihardute, hain zuzen. Izan ere, proiektua ez da izango bideo bat bakarrik.

Proiektuaren atzean lau irundar daude: Goikoetxea bera, Maria Rubio, Iker Zaballa eta Javier Iribarren. Goikoetxea kokalekuak bilatzen ari da, eta itzulpenak nahiz testuak prestatuko ditu. Rubio webgunearen arduraduna izango da, Zabala bideo eta grabaketaren arduraduna eta Iribarren arduradun teknikoa.

Bideoa baino gehiago

Udaberrirako espero dute webgunea martxan izatea, eta ekainera bitarte egin diete gonbita herritarrei euren proposamenak egiteko. "Guk zerrenda bat egingo dugu jendeak proposatzen dizkigun tokiekin. Jadanik hasi gara herri batzuetara joaten, eta herri bakoitzean zein txokotan graba dezakegun pentsatzen".

Grabaketa uztailaren 25 inguruan egitea espero dute, eta dena lauzpabost egunetan egingo dute jarraian. Goikoetxearen arabera, jendeak ikusi ahal izango du momentu bakoitzean non grabatzen ari diren. "Korrikaren antzera" egingo dutela azaldu du. Egutegi eta ordutegi bat finkatuko dituzte, eta, gero, webgunearen bitartez, momentu bakoitzean jendeak jakin ahal izango du non grabatzen ari diren, nahi izanez gero, hara bildu ahal izateko. Bideo guztia, abuztuaren bukaera edo iraila hasierarako bukatuta edukitzea nahiko lukete. "Gero, proiektua webgunean geratuko da, norbaitek etorkizunean informazioren bat beharko balu erabili ahal izateko".

Ibilbidea Donostian hasi eta Donostian bukatuko da. Goikoetxeak esan duenez, ibilbide logikoena egiten saiatuko dira, grabaketa errazago izateko. Lehenengo egunean, Donostiatik Tolosara joango dira, Irundik pasatuta. Bigarren egunean, Tolosaldea eta Goierrin grabatuko dute. Hirugarrenean, Zumarragatik Arrasatera joango dira, eta laugarrenean, Arrasatetik buelta Donostiara. Lau egun horiek bost bihur daitezke.

Bideoan eragileek ere parte hartzea nahi dute sortzaileek: "Monumentuak ateratzearekin batera, polita da tokiko jendea ere agertzea". Dancing in the Basque Country-n bezala, horiek dantzan jarriko dituzte, baina herri batetik bestera, planoz plano loturak bilatuz, bideoari jarraitutasun bat emateko.

Musika ere elementu garrantzitsua izango da ikus-entzunezkoan, baina oraindik hori lotzen ari dira. Goikoetxeak aurreratu duenez, abesti bat sortzea nahiko zaila izango da. "Ziurrenik izango da zerbait instrumentala, euskal nortasuna adierazten duena —trikitia, txalaparta...—, baina oraindik ari gara pentsatzen zein izan daitekeen aukera onena. Ondo erabaki behar dugu, gero grabaketak baldintzatuko duelako".

“Talentua Gipuzkoan geratzea nahi dugu”

“Talentua Gipuzkoan geratzea nahi dugu”

Maite Alustiza
Enpresa munduan eskarmentua du Ainhoa Aizpuruk (Gabiria, 1970). Enpresa Zientzietako lizentziaduna da, eta azken hamabost urteetan ekintzailetza arloan aritu da, BIC Gipuzkoa Berrilaneko proiektuen zuzendari. Egun, Gipuzkoako Aldundiko E...

Gazteen gogoeta plaza

Maite Alustiza

Oñatiko Antixena gaztetxeak hartuko du aurten Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen arteko topaketa. Gaurtik igandera bitarte, mahai inguruak, ikus-entzunezkoak, kontzertuak, tailerrak eta beste hainbat ekitaldi izango dira. Guztiak, bi gai nagusiren inguruan: asanbladak eta alternatibak.

Gaur, 17:30ean hasiko da topaketa. Besteak beste, Kortxoenea, Ohiuka eta Kukutza gaztetxeen kasuak aztertuko dituzte. 18:30etik aurrera, esaterako, Ohiukakoek hitzaldia emango dute, eta gauean, Probatu ez duenak ez daki zer den hau dokumentala emango dute. Mor More taldearen kontzertuarekin bukatuko da eguna, 23:00etan.

Bihar, gazte asanbladen eta alternatiben gaiari helduko diote, 10:00etatik aurrera. Asanbladen gaiari dagokionez, hainbat arlo landuko dituzte: funtzionamendua, sortzen diren harremanetan parekidetasunik ba ote dagoen, belaunaldi aldaketak nola kudeatu, harreman horizontalagoak lortzeko bideak eta abar.

Alternatiben atalean, berriz, gaztetxeak "egungo sistema kapitalista eta patriarkalaren alternatiba gisa" ikusten dituzte, baina zailtasunak ere nabari dituzte gaztetxe, asanblada eta autogestiotik bestelako aisialdi eredu batetik haratagoko erantzunak emateko.

Bihar arratsaldean, erresistentzia tailerrak izango dira; horietan, gune okupatuetako erresistentzia fisikoa, juridikoa eta komunikatiboa jorratuko dituzte. 19:00etan, gaztetxeen aldeko manifestazioa egingo dute, eta gauean, hainbat kontzertu izango dira: Trikimailu, Fiachras, Pelax eta Cowboy's Orchestra, eta Dekot. Igandean, topaketari bukaera emateko, guztia jaso eta hiru egunen errepasoa egingo dute.

Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketa

Gaurtik igandera bitarte, Oñatin, Antixena gaztetxean.

Idoia Etxeberria: “Inportantea da proiektua herri epaimahai batek hautatua izatea”

Eider Goenaga

Badihardugu Euskara Elkarteak iazko abuztuko 20.160 euroko diru laguntza eskuratu zuen, Energia Olatuak egitasmoaren barruan, 101 L izeneko proiektua garatzeko. Donostiako hizkuntza aniztasuna jaso nahi dute ikus-entzunezko batean, eta Idoia Etxeberria Badiharduguko kidea (Oñati, 1977) buru-belarri ari da lan horretan.

Azaldu, modu laburrean, zer den 101 L proiektua.

Proiektu honen helburua da Donostian eta inguruetan berba egiten diren hizkuntzak bideo batean jasotzea, eta aniztasun hori erakustea. Elkarrizketak bi atal ditu: batetik, hiztegiarena, eta hor helburua da hitz zehatz batzuk hizkuntza ezberdinetan nola esaten diren jasotzea; eta, bestetik, pertsona horrek Euskal Herrian izan duen esperientzia kontatzea, nola iritsi zen hona, euskararekin nolako harremana izan duen, nolako integrazio bideak izan dituen...

Zein hizkuntzatan egiten dituzue elkarrizketak?

Elkarrizketarako hizkuntza normalean euskara eta gaztelania izango da, baina elkarrizketatuak bi hizkuntzatan eman behar ditu erantzunak, galderak egindako hizkuntzan eta bere jatorrizko hizkuntzan.

Eta 101 L izena du zuen proiektuak Donostian 100 hizkuntza inguru hitz egiten direlako?

Unesco Etxeak 2007an egindako ikerketa baten arabera, Hego Euskal Herrian 108 hizkuntza egiten dira berba; eta orduan guk pentsatu genuen, "ba, Donostian ere egingo dira berba hainbat hizkuntza". 101 zenbakia apur bat sinbolikoa da, hamaikatik dator, eta ez dakigu benetan zenbat hizkuntza egingo diren berba. Baina ziurra dena da hizkuntza pila bat egiten direla berba, eta aniztasun hori ezezaguna dela neurri handi batean.

Eta nola ari zarete jasotzen hizkuntza horiek guztiak?

Iazko maiatzaren bukaeran hasi ginen proiektuarekin, Olatu Talkaren barruan. Karpa bat jarri genuen Bulebarrean, Nasledie errusiar hiztunen elkartearekin eta Afrika-Euskadi elkartearekin elkarlanean. Egun horretan, goiz eta arratsalde, elkarrizketak egiten aritu ginen, eta egun bakarrean hemeretzi hizkuntza jaso genituen. Ez genuen espero hainbeste jasotzea. Horrek aurrera jarraitzeko indarra eman zigun, eta Energia Olatuetara aurkeztea erabaki genuen. Abuztuan esan ziguten herri epaimahaiak gure proiektua aukeratu zuela, eta guretzat oso inportantea da diru laguntza, baina guretzat oso inportantea da proiektua herri epaimahai batek aukeratu duela jakitea ere.

Diru laguntza hori gabe proiektua gauzatzerik izango zenuten?

Nik uste dut jarraituko genuela egiten, baina beste martxa batean, poliki-poliki, eta eperik jarri gabe. Diru laguntza hau funtsezkoa izango da proiektu hau egin ahal izateko. Asmoa abendurako amaitzea da, ordurako 100 elkarrizketa inguru egitea, webgune bat martxan jartzea, ikus-entzunezko bi egitea...