Iritzia

Mercadonaren lilura

Leire Narbaiza
Pasa den astean Mercadona supermerkatua zabaldu zuten Eibarren. Denda handia, aparkaleku pila batekin. Ez dakit zer esango duten gure herrian denda txikiak dauzkaten dendariek, baina ez dut uste oso pozik egongo direnik; izan ere, superm...

Turistak beti dira besteak

Danel Agirre

Badut nire adineko lagun bat, bizitza osoan Euskal Herritik behin bakarrik irten dena. Burgoseraino izan zen txangoa, kuadrillako baten ezkondu aurreko parrandara. Bidaiatzeak estresa baino eragiten ez zionaz jabeturik, oporretan etxetik gehiago mugitzeari uko egindako beste bat ere ezagutzen dut. Donostiako Tourist go home, refugees welcome afixa bietako batek zintzilikatu ote zuen galdetu behar diet, Zarautzen topo egindakoan. Ezezkoan nago hala eta guztiz ere. Nire susmoa da Aste Santuan Korsikara eta udan Patagoniara motxila hartuta joaten den horietako baten ateraldia izan zela kartel ditxosoa. Beste kasta batekoa, benetako abenturazalea dela sinetsita dagoen norbaitena.

Izan ere, ez duzu bere buruari turista deitzen dionik topatuko sekula, turistak beti dira bestea, norberaren bidaiatzeko modua beti da duina, jasangarria eta akatsik gabea. Guztia ilusio bat da ordea, etxetik irteteko ahalmena dugun guztiok garelako nahiko antzekoak. Marrakexko haurrek eta Habanako hitzontziek frogatzen dute hori, txanpon parea denoi eskatuta, yanki despistatuei eta gu bezalako ibiltari jantziei, inongo bereizketarik egin gabe.

Lepo dabiltzan Gipuzkoako kostako herrietan igogailuko kexu bilakatu da atzerritar izurritea, Menorcara edo Parisera goazenean bertan bizi direnek gutaz zein iritzi ote duten bost axola bazaigu ere. Donostiar edo zarauztarren kasuan, ez da hori inkoherentzia nabariena. Izan ere, igogailuan kexatzen garenok gara gure herriari fisionomia aldatu diogunak. Kostakoak garelako Airbnb-n eta etxe agentzietan libre ditugun etxebizitza eta logelak madrildar eta kataluniarrentzat alokairuan ipintzen ditugunak, hilabeteko hiru mila euroren truke. Udan dirutza azkar eta erosoa pilatu, eta epe luzerako aterpe horiek beharko lituzketen gazte, familia, etorkinei… bizkarra emanda.

Turistak beti bestea direna uste duenaren kasuan bezala, errua beste nonbait dagoela sinetsita bizi gintezke. Beti bezala diruari errua bota diezaiokegu, generikoki. Alkateei —Europako hainbat hiritan egin bezala— Airbnb debeka dezaten exijitzen ez badiegu, ordea, nekez saihestuko dugu kostako herriak neguan hustea. Etxebizitzak alokatzeko gutxieneko epea urtebetera igotzea lortu ezean, gazteek bizitzeko toki bila barnealdera egin beharreko exodoari buelta ematerik ez dugu lortuko. Udalek beltzean ordaindutako alokairuen isunekin TAOrekin darabilten zurruntasun berbera azaltzen ez badute, igogailuko kexuek bere hartan jarraituko dute. Aldi berean, oporretara goazenean Airbnb eta antzeko agentziak ez erabiltzea tokatuko litzaiguke, nola ez, kostako herrietan jasaten ari garen fenomeno berbera beste nonbait ez eragiteko. Enpatiaren izenean.

Azken paragrafo hau utopikoegia bada, hori bai, turistak geuretakoak direla onartu eta adeitasunez tratatzea baino ez zaigu geratzen. Enpatiaren izenean.

Kultura, edukiontziak eta itxurakeria

Leire Narbaiza
Konfirmatu da: azkenean Txillida Leku ez da publiko bihurtuko, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duelako museoa erosten parte hartuko; ezinezkoa omen zaiolako bere gain hartzea jarri behar zituen 50 milioi euroak.50 milioi euro. Kontxo! Zifra...

Zezenik ez izatea, zezenik galantena

Danel Agirre
Goiz osoa eman dut Youtuberi begira eta kronikak irakurtzen, Jose Tomasek hain erromesaldi leialak nola eragiten ote dituen ulertu nahian. Zezenketak arrotzak zaizkit, eta, kontsultatu ditudan ABC-ko kazetariek lexiko oso bitxia darabilten...

Etxerako bidean libre izan nahi dut, ez ausarta!

Leire Narbaiza

Etxerako bidean libre izan nahi dut, ez ausarta!". Hala dio Iruñeko horma bateko pintaketak. Horrela izatea nahiko genuke emakume guztiok, etxerako bidean ez ezik, gure bizitzako momentu guztietan ere.

Pintada hau sinbolo bihur liteke, agertu den hiria bezala. Izan ere, San Fermin eguneko kontzentrazioak esango nuke inflexio puntu bat markatu duela eraso sexisten salaketa eta arbuiatze aldera. Hala sentitu nuen nik, behintzat. Sare sozialetan ere inpresio bera jaso zuen zenbaitek.

Beharbada, sentimendu hau ETBko albistegiak sortu zidan, pantailaren aurrean jarri nintzenean ez nuelako espero halako gaitzespen kontzentrazio handirik. ETB2ko Teleberria ikusteko telebista piztu, eta lehenengo titulua Iruñeko elkarretaratzea, kazetaria bertan eta zuzenean zela. Udaletxe plaza eta inguruak mukuru beteta, txupinazoan bezainbeste. Eta fondoko oihuak aho batez: "Ninguna agresión sin respuesta" (Erasorik ez, erantzunik gabe).

Tituluen ostean, berriro ere jo zuten bertara albistea garatzeko. Orduan beste oihu bat ere entzun zen: "Gora borroka feminista!". Ileak laztu zitzaizkidan, oilo ipurdia sortu zidan halako jendetza feminismoaren aldarria egiten entzuteak. Gizarteak norabidea alda lezakeela esango nuke, lehenengo mikro-urratsa izan litekeela. Asko esatea dela iritziko dio batek baino gehiagok. Baliteke, baina batutako pertsona kopuruak aldaketa adierazten digulakoan nago, Nahikoa da! ozen aldarrikatzeko beharra.

Dena dela, oraindik bidea luzea eta malkarra da. Hainbeste urtetako isiltasunari amaiera emateko lan egin beharko da gogoz. Lehenengo eta behin komunikabideetan, sexu erasoez informatzen dutenean nola egiten duten kontakizuna errebisatu beharra dago. Esate baterako, egunotan entzun eta entzun gabiltza "ustezko erasoa", "ustezko bortxaketa". EZ! Ustezkoak atxilotutako erasotzaileak dira, ez erasoak. Eraso sexualari ustezko hori erantsita biktimari sinesgarritasuna kentzen zaio, zalantzan jartzen da jasandako agresioa, sufritutako jazarpena. Kontuan hartuta sexu erasoei baino ez zaiela hitz hori eransten, areagotu egiten da susmoa. Izan ere, inori ez litzaioke bururatuko idaztea "ustezko lapurreta bat salatu du gizon batek", lapurretak sinistu egiten baitira; eraso sexualak ez, ostera. Hori adierazten baita "ustez/ustezko" gehituta.

Beste komunikabide batzuetan, ordea, ez dituzte zalantzan jarri salaketak. Baina askotan argazki desegokiak erabili dituzte albisteak ilustratzeko. Titiak erakusten dituzten neskenak esate baterako, edo lotan mozkor itxura duten emakumeenak. Subliminalki jaurtitzen duten mezua hauxe da: "Zer nahi duzue, bada, zeuen burua ez baduzue zaintzen, normala da erasoa". Kasu honetan, era inkontzientean, andrazkoei egozten zaie errua, ez erasotzaileari.

Adibide bi hauek zuzentzea erraz egin litekeelakoan nago. Lehenengo urratsak lirateke eraso matxistak zeharo deuseztatzeko bide luzean. Nahikoa da! esanda hasi dute bidaia Iruñean.

Hau idazten ari naizenean, sanferminak ez dira oraindik amaitu. Sexu eraso gehiago salatu dituzte hainbat emakumek. Ausartak izan direnek, baina libre izan nahiago zutenek! Libre izan gaitezen, ez ausart, denon aldarria ezinbestekoa da! Eraso matxista gehiagorik ez!

Ez dut hautesle tontoa izan nahi

Danel Agirre
Demokrazia zuzena da dagoen demokraziarik okerrena. Ez da nik esandakoa, demokrazia kontuetan puntako bi adituri irakurria baizik. Rajoyk eta Sanchezek azterketa horixe plazaratu baitzuten brexit-a jazo zenean: arazoa ez omen zen galdeketa...

Nahita sufritzea telebistan

Leire Narbaiza
Gizon-emakume bikote bat, biluzik natura basatiaren erdian, hogeita bat egunez bizi iraun nahian". Horrela hasten da Aventura en pelotas (Abentura larrugorritan) saioa, zapatu gauetan TDTko Discovery Max kanalean ematen dutena. AEBetako ...

Kontuz ibili ni ez diren guztiekin

Danel Agirre

Joan den astean, Xabi Alonsoren txio bat bost bider partekatu zuten nire Facebookeko lagunek minutu gutxiren bueltan. Erraustegiak Zubietan aritzen diren futbolarien osasunarengan izango duen eraginagatik egonezina azaleratzen zuen ilegorri txit guapoak. Pozarren barreiatzeko moduko materiala zen hura nire Facebookeko lagunentzat, tamainako VIPak afera polarizatuetan bustitzea ez delako batere ohikoa, are gutxiago erakunde ofizialena ez den kamiseta jantzita. Eta tamainako VIPak afera polarizatuetan bustitzea —are gutxiago erakunde ofizialena ez den kamiseta jantzita— batere ohikoa ez denez, materiala susmagarria zela usaindu, eta benetakoa ote zen egiaztatzea otu zitzaidan. Dagoeneko ez zaitu harrituko partekatutako txio hori Xabi Alonsoren izena erabili nahi izan zuen norbaiten muntaketa bat izan zela irakurtzeak; haren Twitterrean ez dago erraustegiaren inongo aipamenik. Ilegorri txit guapoaren eguneroko kezkak gehiago dira Real Madril eta Espainiako selekzioa, ilegorri txit guapoaren eguneroko kezkak Twitterreko kontu ofizialean azkenaldian idatzitakoak badira behintzat.

Konturatu ez diren nire Facebookeko lagunek ekologiaren eta ardura sozialaren ikonotzat izango dute dagoeneko Alonso. Badaude, ordea, protagonisten ospearentzat askoz kaltegarriagoak izandako asmakizunak. Elkarrizketa batean irakurri nion Mikel Goñiri harrituta zegoela hango eta hemengo festetan basapiztiren batekin zartakoka amaitu zuela dioten kondaira guztiekin. Berari buruz kontatzen ziren trakeskeria asko egia zirela aitortuta, bataila mitologiko horietatik beste mordo bat nonzeberri fantasiosoen fruitua omen ziren, sekula gertatu gabeak. Karlos Argiñanok bere saioan guardia zibilei eta ibai bati buruzko txiste oso aldrebesa lasai bota zuela ere asmatu zuen gisako arduragabe batek. Kiebra jota, Javi de Pedro Murtziako gasolindegi batean lanean ari zela besteak. Lukainken zerrenda nahi adina luza nezake.

Horrelako istorio batek sinetsia izan dadin egiantza behar zuela uste nuen lehen. Inguruko gure informazio iturriek esandako guztiak frogatu ezin ditugunez, ziriak egiantzekoak direlako filtratu ezin ditugun datu eta istorio faltsuak zirela. Ez da hala, ordea, gezurrak zuritu eta gure egiteko mekanismoak ere baditugulako. Ez den informazio bat zabaltzea komenigarri edo dibertigarri suertatzen bazaigu, gezurra denaz erabat ahazteko kapaz gara. Argiñanoren txistea telebistaz zuzenean entzun zutela dioten bi ezagun dauzkat, urrutira joan gabe. Berdin du bi horiei sukaldariak berak pasadizoa gezurtatu izan duela esateak, gertatu izan balitz Argiñanok 24 ordu baino lehen Manos Limpiasen kereila bat izango zuela arrazoitzeak, edo klipa ezinbestean Youtuben egongo litzatekeela errepikatzeak. Gezur hori bizi izan zutela sinetsita daude, modu zintzoan. Oroitzapenak moldatu dituzte, faltsua eta eraikitakoa bere biografia ofizialaren pasarte bihurtzeraino.

Entzundakoez, ikusitakoez eta bizi izandakoez modu zintzoan idazteagatik ordaintzen didatenez, nik lortu dut mekanismo arriskutsu hori aztertu, identifikatu eta desaktibatzea. Fida zaitez nitaz, beraz.

Mikro-Orlandoak

Leire Narbaiza

Aurreko asteko ostegunean, trena hartu nuen Elgoibartik Eibarrera etortzeko. Iluntzea zen eta nahiko beteta zetorren, sasoiko lehenengoetako eguraldi eguzkitsua izan baikenuen. Jendea, ni legez, etxera bueltan zetorren, asko eta asko hondartzatik, Debatik. Halakoetan gertatzen den moduan gaztetxo asko zegoen bidaian.

Nire ondoko konpartimentuan hiru mutil eta neska bat zetozen. Ez dakit zenbat urte izango zituzten, baina lehenengoz botoa emateko adina ez zuten urrun izango. Hortxe, mugan, adindun bihurtu berri edo bihurtzeko puntuan. Neska erdi-lo zetorren mutiletako baten sorbaldan burua jarrita. Biak ikusten nituen nire aurrekoen ondoan eserita zeudelako; hau da, ia parez pare gindoazen.

Kontua da, mutilak ahots ozenez —adin horretan sarritan gertatzen den moduan— azaltzen ziharduela zein gutxi ikasi zuen. Harro zioen bere gelako neskak Whatsappez ari zirela kontatzen ikasi eta ikasi zebiltzala; eta bera bitartean futbol amerikarra ikusten. Harritzekoa zela, neskak estututa, bera lasai.

Lautan-edo errepikatu zuen hori. Betiere neskenganako mespretxuz, esajeratu hutsak zirela, bizitza sozialik ez zutela eta abar. Ar gazte bat bere arkeria aldarrikatzen adiskide eta neska-lagunaren aurrean.

Segitu zuten berbetan. Eta halako batean gogoratzen ez ditudan futbolari batzuen izenak aitatu zituzten. Ar gazteak, ozen atzera ere, esan zuen jakin berri zuela futbolarietako bat marikoia zela (gaztelaniaz ari zen eta "maricón" esan zuen). Disgustu itzela hartu zuela, mito bat erori zitzaiola, Twitterren hondotzat jarria zuela haren argazkia hain idolo handia baitzen berarendako. Eta horrelakoak komentario guztiak. Nik purrustada bat egin nuen ozen eurei begira. Ez ziren konturatu, nahiz eta zuzen eta erdeinuz begiratu nien.

Jarraitu zuen diskurtsoa esanez aitatutako beste jokalariak nesken prakak erabiltzen zituela, eta horrela janzteko hobe zuela buztana moztea, gizon ez bazen sentitzen! Zerbait esateko gogoz nengoen, baina ez nintzen ausartu. Gainera, nire geltokira iritsita nengoen. Aitzakia ederra aurkitu nuen ezer ez aurpegiratzeko!

Koldarkeriagatik ez nion ezer bota, ernegatzen banengoen ere. Halakoetan ez naiz batere ausarta, aitortu behar dut. Marmarrek, purrustadek eta begirada okerrek ez zuten ezertarako balio izan, ez zirelako interpelatuta sentitu. Egia esatera, konturatu ere ez ziren egin.

Pasatu zen eta ahaztu nuen. Baina igandean berriro ere etorri zitzaidan pasadizoa, Orlandoko sarraskiaren berri izan nuenean. Benetan damutu zitzaidan konturik ez hartu izana, errieta ez egitea mutil gazte hari. Uste dudalako ez dugula onartu behar inoiz halako adierazpenik inon. Badela ordua denok halako lelo homofoboei aurre egiteko, ez onartzeko eta gaitzesteko.

Kargu hartuta ez genuen Orlandokoa saihestuko, jakina. Baina, beharbada, gazte horiek niri agiraka entzun izan balidate, hausnartzeko momenturen bat hartuko zuketen, ahotik jaurtitako guztia egokia izan zen ala ez pentsatzeko, mikro-Orlando bat egin zutela, alegia.

Seguruenera ez zuen ezertarako balioko. Hala eta guztiz ere, konbentzituta nago pauso bat aurrera eman behar dugula halakoetan, nik egin ez banuen ere. Horrela baino ezingo dugulako homofobia akabatu eta deuseztatu.

Kalitate gabeko turista bat nauzu

Danel Agirre
Donostiako udaletxeko sotoren batean daukaten turistak sortzeko makinaren palankari kemen handiegiarekin eragiten hasi, eta biradera eskuan duela geratu zaie langileren bat. Aparatua, berriz, erotu eta kontrolik gabe abiadura hartzen dabil...