Iritzia

Kalitate gabeko turista bat nauzu

Danel Agirre
Donostiako udaletxeko sotoren batean daukaten turistak sortzeko makinaren palankari kemen handiegiarekin eragiten hasi, eta biradera eskuan duela geratu zaie langileren bat. Aparatua, berriz, erotu eta kontrolik gabe abiadura hartzen dabil...

Ezkortasun borrokalaria

Leire Narbaiza

Ezkor nabil, oso ezkor. Azken hilabeteetan inguruan sumatzen dudanak ikuspuntu ezkor hori sortu dit, ez nuke esango izaera kontu hutsa denik. Edozein komunikabide zabalduta motiboak nonahi ikusiko ditugu: gerrak, jendea goseak eta ihesean, beroketa efektua eta klima aldaketa, emakumeen kontrako erasoak, lan prekarioak eta pobrezia, eskubide sozialak murriztuta, presoak etxetik ehunka kilometrotara, aberatsak gero eta aberatsago, esplotazioa… Hori guztiori gero eta nabarmenagoa izateaz gain, zailago ikusten dut konponbidea, hara hor nire ezkortasuna.

Ezkortasunak badu halako fama txar bat. Nire ustez, fama txar hori kontzeptuak nahastetik dator; izan ere, ezkortasuna sarriegitan etsipenarekin lotzen da, amore ematearekin. Ez dut esango harremanik ez dutenik, batzuetan ezkortasun horrek paralisira eramaten gaituelako: hain gaizki badago guztia, zer egin dezakegu, bada? Ezer ez. Hori da kasu batzuetako arrazonamendua, prentsa txarra ematen diona ezkortasunari. Maiz, pentsatzen dut baikorrek zabaldutako desprestigioa dela. Gaur egun, auto-laguntza liburuen erruz eta paulocoelhotarrek lau haizeetara hedatutako ideiak daude horren muinean.

Baina baikortasunak ere sortzen du paralisia. Dena ondo irtengo da, gauzak hobeto daude, dena ondo doa. Mantra moduan errepikatzen dute hainbat politikarik —denoi etorriko zaigu burura Aznarren "España va bien" famatua—. Eta tanta txinatarraren moduan, burezurra zulatzen digu, hondora sartu arte. Don't worry, be happy! Izan ere, happy izatea baita garrantzitsua, worry, kezkatu barik. Positibotasun hutsala, poziktibity.

Pesimismoak, zenbaitetan, perlesiak jota utz gaitzake, egia da. Baina beste batzuetan, ostera, aktibatu ere egiten gaitu. Amorruz bete, haserretu, sumindu. Eta borrokarako grina piztu, jakin arren irabazteko lanak izango ditugula, edo bataila galdua dela. Baina ez dezatela esan ekin ez geniola, ez genuela ezer egin horren alde. Horrela nago ni: ezkor baina borrokalari, kementsu. Edo gehiago gustatzen zaidan eran esateagatik: guerrera nago. Oso!

Ezkor eta borrokarako gogoz nago ni, adibidez, euskararekin. Zabaldu den diskurtsoak dio euskararen egoera hobea dela, osasuntsuagoa. Inoiz baino euskaldun gehiago dagoela, eta inoiz baino gehiago erabiltzen dela idatziz euskara. Ados. Baina nire pertzepzioa beste bat ere bada: euskara gehiago jakin baina gutxiago erabiltzen dela, eta sarritan erabiltzen den hizkuntzak men egiten diela erdaren arauei. Gaztigatu izan didate ez halakorik esateko, ezkortasunak ez duelako inor erakartzen, eta guk, euskaldun euskaltzaleok, erakarri egin behar dugula jendea, ez uxatu. Baina erakargarritasun kontu horiekin beti etortzen zaizkit burura emakumeoi etengabe bidaltzen dizkiguten mezuak: izan zaitez eder, erakargarri, bestela ez duzu inor limurtuko. Guk geure kabuz ez dugula ezer gutxi balio, alegia. Dena faltsua eta artifiziala izan behar garela, gezur bat saldu behar dugula.

Konforme egon ninteke ideia horrekin, jendea gureganatu behar dugu euskaldunok. Baina ez gabiltza hileta jotzen, nahiz eta Koldo Izagirrek autopsiarako frogak idatzi, ez dugu izkinetan negarrik egiten. Jon Sarasuak esan bezala, botila ez dagoelako ez erdi-hutsik, ez erdi-beteta; botila zulatuta dago.

Alkoholiko ezin bada, diabetiko

Danel Agirre

Frontoietan alkohola debekatzearen erabakia hartu duenak, nire mespretxua baino gehiago, errukia bereganatu du, benetan behar duelako norbait miserablea. Izan ere, igandean Astelenara doanari —beti egin dit grazia igandean Astelenara joatearen tradizio horrek— patxaran parea hartzea galarazten dionak motibazio bakarra izan dezake: misantropia. Hurkoarekiko ezinikusi goibel eta sendaezin bat.

Menpekotasunen aurkako neurriaren mozorroa ipini nahi izan diote aldrebeskeriari: "Gizartean alkoholaren kontsumoa gehiegizkoa dela ulertzen dugu", Jon Darpon sailburuari irakurritako arrazoiketa. Doble ikusten ez duen orok aspaldi antzemana du, ordea, gero eta gutxiago edaten dela gurean. Zapatu arratsaldeko tragoxka soziala ez den beste guztiak erretiran dirudi. Txikiteoa, otordu bakoitza baxoerdiarekin laguntzea, besaulkiko pattarra, guztiak ari dira galtzen pixkanaka. Eustatek berretsiko nau, behingoagatik: 2000. eta 2012. urteen artean, alkoholaren kontsumoa %10 apaldu zen EAEn, bai gizonezkoen bai emakumezkoen artean. Euskal herritar batek errusiar batek baino bost aldiz alkohol gutxiago edaten du urtero, batez beste, edo irlandar baten erdia, Eusko Jaurlaritzaren eta Osasunaren Mundu Erakundearen estatistikak uztartuz jakin dudanez.

Zurrut epidemiarik ez badago, zaila da garbizalekeria olatua zerk eragin duen asmatzea. Politikariek herritarren osasuna obsesiotzat dutenik ez du ematen. Badaude etxe bloke bakoitzean Orfidal edo Lexatin gabe lo egiteko gai ez diren bizpahiru koitadu, baina legeak idazten dituztenei ez die deskantsurik eragozten horrek. Milaka lagun gaixotzen eta deprimitzen dituzten lan baldintza toxikoen aurka ez dabiltza tinkoegi, bistakoa da hori ere. Kontrakantxako gin-tonica gure ongizatearentzat mehatxu larria omen, eta industrialdeetako eta eraikitzeko irrikan dauden errauste plantako tximiniek bihotz formadun piruletak isurtzen dituzte, antza. Beotibarren lege lehorra ezarri duen Jaurlaritza berberak xanpainarekin ospatu nahi du transgenikoei alfonbra gorria ipiniko dion TTIPa onartzea. Lehentasun politikoak ezartzeko modu hau bitxiegia egiten zait, konspirazioaren teoria txukunen bat eraikitzeko ere.

Debekuez ari naizela, baditut Anoetako abonua marmarka ordaintzen duten lagunak, beraiei aspalditik alkoholik saldu ez eta palkokoak oraindik ere fin jartzen direlako. Agintarien paternalismoaren beste adibide bat da: guk badakigu paperak galdu gabe edaten, zuek ez bezala —esan beharrik ez dago Realaren emanaldi astun samarrak bultzatzeko zenbat laguntzen duen ttak pare hori hartu ahal izateak—. Halere, kasu honetan, palkokoek inbidia gutxi eragiten didate. Kirol emanaldi bat bertatik bertara ardotxo batekin ikusi ahal izateko ordaindu behar den bidesaria bi orduz zinegotzi baten alboan eserita egotea bada, nahiago Kas Naranjekin segi diabetes batek jo arte.

Tribuaren berba debekatuak

Leire Narbaiza

Tribu berba entzunda, berehala etorriko zaizue burura Anna Gabriel, CUPeko politikari katalana. Izan ere, bere adierazpen batzuk aldrebestu eta Espainiako sektore erreakzionarioek bazterrak nahastu dituzte.

Gurean ere, entzun dira hainbat iritzi Gabrielek esandakoaz. Egia esatera, espantu gutxi sortu dituzte adierazpenok. Adibidez, Aritz Galarragak Twitterren esan zuen bezala, haurrak tribuan hazi behar direla. Erotuko ez bagara, behintzat. Umeak hazteko argi dago pertsona-multzo handia behar dela, familia izan, lagunak izan, kontratatutako norbait izan. Daramagun bizimodu zoro honetan ez dago beste erremediorik, kontziliazioarena animalia mitologikoa baita. Beste norbaiti ere irakurri nion umeak ordu luzez lagatzen ditugula tribu handi baten barruan, eskolan, eta inork ez duela ezer esaten.

Tradizionalki hala izan da seme-alabak haztearena, familia oso handi baten barruan elkar zaintzen zuten beste senide batzuekin batera. Tribu ez ziren izango, beharbada; klana da, agian, hobeto definitzen duen berba. Baina hitz hori ijitoei baino ez zaie egokitzen. Adierazgarria, benetan.

Neuk ere uste dut haurrak era globalagoan hazi beharko liratekeela. Txikiei on egiten diela jendez inguratuta haztea. Maitasuna eta goxotasuna emango dien jendez inguratuta, jakina. Adin eta molde desberdinetakoak badira, hobeto. Askoz aberasgarriagoa izango da ume horien handitze prozesua. Konbentzituta nago, eta horren alde egiten dut ahal dudan guztietan. Hezkuntza sozialaren alde, bizikidetza helburu.

Iruzkinen zurrunbiloaren erdian, asko molestatu nau kazetari atzerakoi eta usain zaharmindua duten hauek nola erabili duten tribu hitza. Gizon zuri europar heterosexualen aitakeria hutsa izan da. Salakota jantzita Afrikara giza talde berriak deskubritzera zihoazen esploratzaileen gisara. Ondoren, gizaki horietako ale batzuk Europara ekarri eta jendaurrean erakutsi, animaliak legez zoologikoetan. Patxi Huarte Zaldieroa-ren Gizon Zuriaren modukoak dira modernitate, kosmopolitismoa eta aurrerabidearen paladinak. Berba baten, tribuetakoak ez direla pertsona adierazi nahi digute. Halakorik?! Klasismo purua, nagusikeria.

Ez dakit, ordea, zergatik jarraitzen dugun harritzen eta asaldatzen iritzi-emaile hauen adierazpenekin. Aurreko baten ere hilekoaren kopak zirela-eta, sekulako iskanbila sortu zen. Hor hitz tabuetako bat agertu zen: hilekoa. Andrazkoondako oso gauza naturala eta arrunta bada ere, arlo pribatuan baino ezin da aitatu. Baina udaletxe bateko pleno aretoan? Ene! Sakrilegioa! Diskrezioz eraman beharreko kontua da, barren! Menstruatu, baina ez dadila igarri!

Argi dago, halako periodisten ahotik emakume batzuen adierazpen eta jarrerak beti izaten direla eskandalurako bide. Kopetako ilea dela, elastikoak direla, itxura dela, etengabe daude kritika hutsalaren jo-puntuan. Dena den, gero eta konbentzituago nago sasi-kazetariek (hori baitira) andre hauen adierazpenen aurrean zalaparta nahita sortzen dutela, behe-laino trinkoa osotzeko asmotan, dena lanbrotu dakigun eta ostendu. Andrazko hauek ilargia seinalatzen duten bitartean, publikoak —ergela delakoan— astrapalari begira diezaion. Anekdota hutsean gera gaitzen. Emakume horien berbak gustura debekatuko lukete, baita euren tribuak ere.

Oso gustu txarreko artikulua

Danel Agirre

Eskuineko borobiltxoko erretratua kendu eta hutsunean hankartearen irudi bat paratuko banu, ez luke egitera noanak bezainbesteko atentziorik emango: izan ere, datorren paragrafoan nire diru-sarrerak xehatzera noa, zintzo.

Behin alokairua eta autonomoen kuota ordainduta, laurehun eta zortziehun euro artean geratzen zaizkit beste gastu guztietarako hilero, urte-sasoiaren arabera. Neguan aurreztea tokatzen zait, lan aldetik askoz makalagoa izan ohi den uda partean txalupa hondora ez dadin. Hau idazten nabilela berrehun euro batzen ez dituzten bi kontu-korronte daude nire izenean, bata Kutxabanken eta bestea Alemaniako GLSn. Ez daukat ez autorik, ez higiezinik, ez akziorik, ez pentsio-planik. Gurasoak baino luzeago biziz gero haien etxebizitzaren zati bat jasoko dudala errepikatu izan dit aspaldi amak —gurasoak Franco bezalakoak dira, guztia lotua dutela erakustea asko gustatzen zaie, xanpain apur bat edan dutenean batez ere—. Azken hori gerta dadin ez dago inongo presarik, argitu dezadan. Baina oso garbi daukat: nire belaunaldian hainbeste bezala, familiaren salbamendu-jaka gabe kaka eginda biziko nintzateke.

Irakasle edo foru aldundiko bulegari soldata baduzu eta zurekin alderatuta estu samar nabilela iruditu bazaizu, lasai, ez dizut dirurik eskatuko eta. Azpeitikoei inbidia emateko moduan bizi naiz, erraz eta eroso. Ezohiko striptease hori okurritu zait sosak erlijio bakar izanda, txanponen monoteismoan bizita, norberaren ekonomiaz askoz modu naturalagoan hitz egin beharko genukeela uste dudalako. Sekula ez dut ulertu plazara diru eske irtendakoan BERRIAko langileek zergatik ez duten aho beteka esaten, adibidez, mila euro eskas egiten dituztela hilero. Bulegoren batean norbaitek ordu laurdenez gorbata estuago sentitzea lortuko lukete behingoagatik akaso. Diru-sarrerez hitz egitea ez da "gustu txarrekoa", batzuen eta besteen diru-sarreren artean tamainako leizeak daudenean.

Alkondaran itsatsitako pegatina batean gure ondasunak idatzita kalera irtengo bagina, mundu hau askoz ulerterrazagoa izango zen. Bilera eta negoziazioak askoz interesgarriagoak lirateke, esaterako. Seychelleetan offshore bat duen jeltzaleak ez luke pegatina hori eraman beharra onartuko, bistan denez. Edo ziria sartuko liguke, gaineratuko didazu. Eta ez zaizu arrazoirik falta, baina are goibelagoa da zapatuan hiru garagardo lasai hartzeko ez daukanak ere ez lukeela nahiko, auzo-lotsak jota. Zortziehun euro kostata egin, eta subkontzienteak alferra edo behar bezain argia ez dela esaten diolako. Zoriona arrakasta ekonomikoarekin parekatzen duen gizarte honek, eta haren profeta diren ekonomista, coach eta beste hainbat iruzurtik, bera bezalakoak susmagarritzat dituelako. Nik neuk galdetu izan diot neure buruari zerbait gaizki egiten ari naizen, pasa den urtetik hortz batean pitzadura bat edukita, fakturari beldurra diodalako dentistara ez naizelako oraindik joan.

Inor ez dela lan eginez aberastu dio obrako atsotitz zahar eta zuhurrak. Horregatik, kontu korrontean armiarma-sareak baino ez dauzkanak abantaila bat eduki behar luke: kontu korrontean armiarma-sareak baino ez dauzkala umiliazio gabe esan ahal izatea.

Gorputz publikoak

Leire Narbaiza

Duela pare bat aste telebista hondatu zitzaidan. Ikusten zen, baina mandoari eragin eta ez zuen katez aldatzen. Beraz, egun batzuetan zapping egin ezinda ibili nintzen. Hori dela eta, edozein saio ikusten niharduela, iragarkiak ere irenstea tokatzen zitzaidan, jaikitzeko alferrez.

Hala barruntatu nuen makina bat aholku eta salgai. Jaramon handirik egiten ez banien ere, hor ibili zitzaizkidan mezuak zzzzzz euli gogaikarri gisa. Halako baten, burrunba horri adi erreparatu nion. Janari ustez osasungarriez mintzo ziren, argaltzeaz, azaleko mantxez, zahartzeaz, zimurren kontrako produktuez, ile kizkur sexy eta arolez, orpo zartatuez, azal sikuz, azal tinkoz, edateko ur arinez (!!!), alabak izan lezakeen txantxarraz, zelulitisaz, barizeez, baginako azkuraz, depilatzeaz, ildoz, laktosarekiko intolerantziaz, glutenaren kalteaz, ostera ere pilatutako kiloez... eta abarrez, eta abarrez, eta abarrez!

Aitatutako iragarki guztietan emakumeak agertzen ziren. Denetan, andrazko horiek zuten aurreraxeago zerrendatu dudanetako arazo bat, zerikusia zuena euren gorputz inperfektuarekin, beti zer hobetua duen horrekin. Ontzeko zerbait zeukan gizon edo mutilik ez zen ageri inongo spotetan. Hori suertea —pentsatu nuen— gizonezkoak perfektuak dira, ez dute makurrik.

Baina, nola liteke? Ezagutzen ditut, barren, osasuntsu jaten ez duten gizonak; azal lehorra eta eroria dutenak; aurpegian mantxak dauzkatenak; lodikoteak, zaharrak, zimurdunak, ile kizkurdun grazia bakoak; orpo zartatuak ere badituztenak, ur gutxi edaten dutenak; aitak eta semeak txantxarra daukatenak; zelulitisa, barizeak eta ildoak dauzkatenak; laktosari intolerantzia diotenak, depilatutakoak, glutenak kaltea egiten dienak, tripadunak... eta ziur naiz egongo dela gizon trans-en bat baginan azkura duena, ziur. Hala ere, publizitateari kasu egiten badiogu, euren gorputzek ez dute aldaketarik behar. Ondo daude bere horretan, eta, gainera, afo-osasuntsuak (fofi-sano) dira!

Emakumeon hezur-haragiak, ostera, akatsez beteta daude; eta horregatik dira kritikagarriak. Edonork esan lezake zer falta zaigun edo zer dugun soberan. Lodi dagoenari, argaltzeko premia duela jaurtiko diote. Oso argala denari, gaixorik dagoela iradoki. Bular txikitxoak dituenak, handiagoak behar lituzkeela, "femeninoagoa" izateko. Eta bular oparoa daukanak, oparoegia duela, ez dela fina. Beti zeozer!

Hori nabarmen gertatzen da "bihotzeko" aldizkari batzuetan, Cuore-n, esate baterako. Famatuak pertsona arruntak direla azpimarratzeko asmotan-edo, agh! eta puaj! onomatopeiez betetzen dituzte argazkiak, ia beti famatu horien gorputzei —eta ia beti emakumeei— jartzen dizkiete, euren zelulitis, girgilo edota ileei. Emakumeon gorputzak publikoak direlako. Beraz, kritikagarriak.

Hain dira publikoak, non andrazkoen bizi-zikloaren atalak osasun zerbitzuen esku dauden. Hilekoa, haurdunaldiak, menopausia... dena medikuen menpe, gaixotasun bihurtuta. Proba, botika, kontrol, azterketa... naturala ez balitz bezala. Egia da gizonen bizitza-zikloa desberdina dela, ez hain markatua, agian. Hala ere, araketa mediku horiek ez dira existitzen. Euren gorputzak egokiak direnez, ez dira kontrolatu behar.

Gaztelaniaz "emakume publikoa" esanez gero, prostituta esan nahi da. "Gizon publikoa", ostera, bizitza sozialean presentzia eta eragina duena. Hor ere gorputzaren publikotasuna argi dago. Ez gara gure baitakoak.

David gnomo bat, gerta ala gerta

Danel Agirre
Bizitza askoz modu baikorragoan ikusi nahi baduzu, zure suizidio oharra idatzi behar zenuke, nik duela pare bat hilabete egin bezala. Eta ez larritu, ama, beti bezain felixiano jarraitzen dut eta, bizarrik gabeko David gnomo bat bezala, ni...

‘Au pair’-ak, katiuskak eta xenofobia

Leire Narbaiza

Gaztetxoa nintzenean ez zegoen lanik. Gaztea nintzenean ere ez. Orain bezala. Orduan ere, krisi latza bizi izan genuen. Laurogeiko hamarkadaren amaiera, laurogeita hamarrekoaren hasiera zen. Euskal rock erradikala (RRV) bizi-bizirik zegoen. Sex Pistolsen No future gogoz oihukatzen genuen. Artean, Espainia ez zen Europar Batasuneko kide; artean, Europa ez zen "batasun" ere, komunitate ekonomikoa baino ez. Izen hark hobeto adierazten zuen zer zen, behintzat.

Sasoi hartan, eta Europaren promesarekin bat egiteko, Espainiako Gobernuak hainbat enpresa handi ixtea erabaki zuen Bruselaren aginduz edo negoziazioengatik. Birmoldaketa industriala deitu zioten. Desindustrializazio hutsa izan zen. Gure haragitan sufritu genuen, Euskal Herrian; batez ere, leku industrializatuenetan: Ezkerraldea, Debabarrena, Pasaia aldea...

"No disfrutamos en el paro ni disfrutamos trabajando" (Ez dugu langabezian disfrutatzen, ezta lanean ere) abesten zuen La Pollak. Baina zerbait egin behar, eta gu baino zahartxoago ziren hainbatek Londresko bidea hartu zuten, bertan lana zegoelako, eta, bide batez, ingelesa ikastera.

Neskak umeak zaintzera joan ziren, "oper" esaten genien —au pair idatzi behar zela deskubritu genuen geroago—. Eta halaxe ibili zen makina bat emakume euskaldun Ingalaterran. Edo hoteletan oheak egiten, edo pizzerietan... Dena zegoen ondo, lana zelako, denbora betetzen laguntzen zuelako. Miseriak kontatzen zituzten askok, eta etxe okupatuen kontuak ere bai. Arestian esan bezala, 1992ra arte Espainia ez zen izan Europako kide, eta Erresuma Batura joateko pasaportea ere behar zen.

Hara joandako asko beltzean ari ziren, ilegal, paperik gabe, alegia. Deportatutakoren bat ere ezagutu genuen. Batzuek diru laguntza britainiarrak jasotzen zituzten, besteek bertako segurantza sozialeko odontologia zerbitzuak erabilita aho osoa konpondu zuten ia doan. Dena britainiarren lepotik.

Hau guztiau orain 30 urte inguru gertatu zen. Ez da historiaurrea, historia garaikidea baizik. Ni ere Irlandara joateko puntuan izan nintzen karrera amaitutakoan. Billetea erostera joan behar nuen egunean bertan, lan eskaintza bat egin zidaten, eta horregatik ez nintzen abiatu. Auskalo nolakoa izango zatekeen nire bizitza orain, dei hori jaso izan ez banu.

Aurreko artikulu baten aitatu nuen errefuxiatuen begietan gure familia ikusten nuela. Orain laurogei urteko kontuak. Baina orain hogeita hamar urte gure bizilagun asko ibili ziren ilegal Europan, paper gabe, laguntza sozialak kobratzen. Eta ahaztu egin zaigu.

Ahaztu egin zaie oraingo foru aldundiko kideei AGI kendu dutenean. Aberats berri krudelen moduan portatu dira, zorri hil berpiztuak legez. Marine Le Penen moduan, Hedoi Etxartek ederki adierazi zuen eran.

Erakartze efektua aitzakia hartuta, baina xenofobia arrazoi ezkutua izanda, gizarteko ahul eta zaurgarrienak ahulago eta zaurgarriago bihurtuko dituzte. Lotsa eta higuina ematen dit neurriak. Gezurrak esanda eraiki dutelako arau berria, erabaki neoliberal janzki merkez jantzita. Eta jarraituko dugu katiuskak jasotzen, elikagaiak batzen Lesbosko errefuxiatuendako. Bitartean, baina, ahaztu zaizkigu gure artean ditugunak, miseriatik ihesi etorritakoak, inoiz gure tapakiak jasoko ez dituztenak. Izugarria!

Adin ertaineko txatxala biri gertatutakoa

Leire Narbaiza
Batzuetan gertatzen zaizkigun pasadizo txikiek hausnartzeko parada eskaintzen digute, eta azalarazteko errealitateren bat, hor egon dena beti, baina, beharbada lehenengo begi kolpean ikusten ez genuena. Guri halako zerbait gertatu zitzai...

Ipini siriar bat zure bizitzan

Danel Agirre
Zuri bezala, errefuxiatuak izurritea bailira tratatzen dituen Europa hau erdeinatzen duten ezagun hunkiberaz bete zait Facebook azkenaldian. Hango eta hemengo politikariekin ernegatuta daude, Siriako gerratik ihes egindakoak gurean har dit...