Sailkatugabeak

Ostiral beltzetik bizar zurira

Gaueko ordu txikitan, zabalik da oraindik multinazional baten izena daraman jostailu denda handia, eta argitan blaitzen du kale osoa. Erakusleihoan kontu handiz jarritako jostailuei so dago neska-mutil talde bat, sudurrak kristalera itsatsita. Jostailuen gainean kartel handiak daude zintzilik. Merry Christmas, letra larriz idatzita. Aldamenean, berriz, eskua gora eta behera mugitzen duen Bizarzuriren panpina erraldoi bat dago. Ho, ho, ho! esaten du noizean behin, ahots metalikoz. Duela zenbait urtera arte, AEBetako edo Erresuma Batuko edozein hiritako eszena izan zitekeen hori, baina egun, Donostian, Arrasaten, Eibarren edo Irunen ere ikus ditzakegu halakoak. Izan ere, atzerriko kontsumo ohiturak gero eta hedatuagoak daude hemengo herri eta hirietan.

Iazko nahiz aurtengo azaroan, adibidez, Black Friday edo Ostiral Beltzaren fenomenoak idar handia hartu du Gipuzkoako saltoki handi zein txikietan, orain arte inor gutxik jakin arren zehazki zer den eta nondik datorren ohitura. Deskontu handiak eskaintzen dituzte saltokiek, eta Gabonetako erosketak aurreratzeko aukera ikusi dute askok moda berri horretan.

"Horrelako ekimenek 80 eta 90eko hamarkadetan AEBetan dute jatorria, eta, orain dela pare bat urte, Espainiako merkatura iritsi ziren, saltoki zein marken eskutik", azaldu du Ikusmer merkataritzaren behatokiko teknikari Itziar Ruizek. Kontsumoari buruzko datuak, joerak eta berrikuntzak aztertzen ditu behatokiak, eta, besteak beste, azken urteetan Euskal Herrian adoptatutako kontsumo usadioei buruzko ikerketa lanak ere ikus daitezke Ikusmerren webgunean.

"Ostiral Beltzak, adibidez, ez du gure merkatuarekin inolako erlaziorik", dio Ruizek. Berez, azaroko laugarren ostiralean egiten den eskaintza sorta da. AEBetan ospatzen den Thanksgiving edo Esker Oneko Egunaren ondorengo zubia baliatzen zuten askok erosketak egiteko. Hori ikusita, prezioak merkatzeko erabakia hartu zuten hainbat saltoki eta kate handik, eta joera horrek mundu osora egin du salto. "Hemen, adibidez, ez da existitzen Esker Oneko Egunaren zubia", gogoratu du Ikusmerreko teknikariak.

Apple eta Amazonen gisako multinazional erraldoiak izan ziren deskontuak antolatzen aintzindariak; 2010. urtean ekin zioten mota horretako deskontuak aplikatzeari, batez ere, Interneteko dendetan. "Hemen, adibidez, ez da existitzen Esker Oneko Egunaren zubia, baina multinazionalek ezarritako joera bereganatu dute banaketa sektoreko Europako beste kate batzuek: El Corte Ingles, Inditex, Fnac eta Mediamarkt, kasurako". Eta hortik, edozein herritako erakusleihoetara.

'Ziberastelehena', indartzen

Interneten orokortzeak, gainera, beste hainbat ohitura atzerritarren zabalkundea ahalbidetu du. Horren adibide da Cybermonday edo Ziberastelehena izeneko eguna. Kontsumitzaileei Internet bitartez erosketak merkeago egiteko aukera ematen zaie egun horretan. "Aurreko urteko datuekin alderatuz, Ziberastelehenean parte hartu duen enpresa kopuruak %35eko hazkundea izan du; beraz, egun honek gero eta garrantzi handiagoa duela egiaztatu da", azpimarratu du Ruizek.

Atzerriko beste kontsumo ohitura batzuek, ordea, urte asko daramatzate hemengo merkatuan errotuta —Halloween festa, besteak beste—, baina azkenaldian indartu egin dira, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukeren gerizpean.

Horren zergatia ulertzeko, konpainia handien marketin bulegoetara jo behar dela uste dute Ikusmer taldeko ikerlariek: "Banaketa kate handien parte diren merkataritza gune eta saltokien hazkundearen proportzio berean indartu dira anglosaxoi erroko ohiturak ere. Hau da, Gabonetako kanpainia gehienak marketin sail nagusitik diseinatzen dira, eta sustapenerako material bera erabiltzen da saltokiaren kokapen geografikoa edozein dela ere. Beraz, zenbat eta gehiago hedatu tankera honetako kateak, orduan eta Bizarzuri gehiago ikusiko ditugu erakusleihoetan".

Tokiko saltoki gehienek, berriz, hemengo ikonografiari eusten diotela uste dute Ikusmerreko kideek. Ezin jakin, ordea, joera horrek iraupen luzea izango duen, edo AEBetako ohiturak propiotzat hartzeko joera gailenduko den pixkanaka-pixkanaka.

Onurak merkatarientzat

Gipuzkoako merkatari handi zein txikiek, oro har, begi onez ikusi dute Atlantikoa zeharkatu duten ohituren zabalkundea, promozioak egiteko eta salmentak goititzeko aukera ematen dien heinean. Ostiral Beltzaren inguruan, esate baterako, hamaika egitasmo abiatu dituzte herri eta auzoetako merkatari elkarteek. Bakan batzuek, gainera, atzerriko ohiturak hurbiltzeko ahalegina egin dute.

Oñatiko Txanda elkarteak, adibidez, Ebakoitz Baltza izeneko jardunaldiak antolatu zituen Black Friday egunean: bertan parte hartzen zuten saltokien ordutegia gaueko hamarretara zabaldu zuten, eta deskontu nahiz eskaintza bereziak eskaini zituzten. Horrez gainera, hainbat kultur ekitaldi antolatu zituzten, kaleak dinamizatzeko eta giroa berotzeko.

Merkatari elkarteek antolatutako ekinbideez gainera, tokiko saltoki txiki askok ere deskontuak egin zituzten beren kasa, elkarte edo multinazional baten barruan egon gabe ere. "Kanpainia hauek izandako harrera onaren berri eman digute merkataritza elkarteek, atxikitako saltokietara joan ziren kontsumitzaileen zenbatekoari eta horiek egindako erosketei dagokienez", adierazi du Ruizek.

Behatokiko ikerlarien ustez, kanpaina berri hauek eskaintza onenak egiten dituzten saltokiei egiten die mesede, horien jatorria edo tamaina edozein dela ere. "Erosketa ohituretan eta lehentasunetan gertatu diren aldaketen inguruan egin ditugun ikerketek adierazten duten moduan. Kontsumitzaileek salneurriaren aldagaia hartzen dute kontuan, batez ere. Zehazki, EAEko kontsumitzaileen %63k erosketa erabakitzeko aldagai nagusiena prezioa dela esaten dute".

Krisiak, gainera, ez ditu halako modak ahultzen, kontrakoa baizik. "Kontsumitzaileak eskaintzen ardura izatera bultzatu ditu krisiak, eta horrek, ziurrenik, fenomenoa sendotzen lagundu du. Krisialdiak ziurgabetasuna eragiten du, eta prezioarekiko sentikortasuneko mekanismoak aktibatzen ditu. Ez bakarrik low cost profila duen kontsumitzailearengan, kontsumo arduratsua ere aktibatzen du".

Tratu txarren aurkako jaialdia

Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko sortutako egitasmoa da Eten, eta, bihar gauean, hainbat kantari eta talde elkartuko ditu Donostiako Intxaurrondo kultur etxean, 22:00etan hasita. Egitasmoak antolatzen duen bigarren kontzertua izango da biharkoa,...

Pedro Subijanari emango diote Urrezko Danborra

DONOSTIA. 2015eko Urrezko Danborra Pedro Subijana Donostiako Akelarre jatetxeko sukaldariari emango diote. Donostia Turismoren Administrazio Kontseiluak 24 hautagairen artean erabaki du saria Subijanari ematea. Urtarrilaren 20an egingo da sari ematea,...

Alternatiba, eskutik eskura

Kolore biziz jantzi dira erakusleihoak. Gabon gauerako hamabi egun falta diren arren, aspaldi hasi zen Eguberrietako kanpaina denda gehientsuenetan, eta multinazional nahiz saltoki handiek etengabe bonbardatzen dituzte bezero potentzial bihurtutako herritarrak, promozio eta iragarkiekin. Kontsumitu. Horretara mugatzen da mezua: jan, edan eta erosi. Kontsumitu.

Interneteko bilaketa atari ezagun batek azaroan egindako ikerketa baten arabera, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako biztanle bakoitzak 618 euro gastatuko ditu, batez beste, aurtengo Gabonetan: 337 euro otorduetan, eta 281 euro oparitan. Gastu hori gehiegizkoa dela salatzeko, objektuen berrerabiltzea sustatzeko eta, oro har, kontsumo arduratsu eta neurrizko baten aldeko mezua hedatzeko, hainbat egitasmo eta ekinbide sortu dira Gipuzkoan azken urteetan.

Iragan azaroan, adibidez, Truke elkartea eta Truke.eu sare soziala aurkeztu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erabilitako objektuak salerosteko, trukatzeko edota oparitzeko aukera ematen du egitasmoak, Internet ardatz gisa hartuta. "Jasangarritasunaren eta elkartasunaren aldeko egitasmoa da Truke, eta, zehazki, objektuen berrerabiltzea sustatzen dugu", laburbildu du elkarteko arduradun Teresa Salak.

Haren esanetan, egungo kontsumismo bortitzak bultzatu du Trukeren gisako ekimenen sorrera: "Krisiaren ondorioz, zaplazteko galanta jaso dugu denok; bakoitzak bere neurrian eta bere esparruan, baina zaplaztekoa, kontsumismoaren sorgin gurpilean murgilduta geundelako... eta gaudelako. Zenbat gastatzen dugu? Zenbatetan erosten dugu behar ez duguna? Zenbat objektu baztertzen ditugu ia erabili gabe?".

Horregatik, kontsumoarekiko ardura sortu nahi dute Trukeko arduradunek: "Errespetuan oinarritu behar dugu gure kontsumoa ere, garai latz hauetan elkarri laguntzea premiazkoa delako. Eta behar ez duzun zerbait beharra duenaren eskura jartzea elkartasuna da".

Bide horretan, teknologia berriek eskaintzen dituzten abantailak baliatzen ditu egitasmoak. "Webgunea da proiektuaren oinarria. Bertan, edonork izena eman dezake, jada erabiltzen ez dituen baina oraindik erabilera izan dezaketen gauzak iragartzeko". Hala, sare sozialean izena ematen duen orok hiru bide aurkituko ditu bere objektuei bigarren aukera emateko: musutruk eman, beste zerbaitengatik trukatu edo salgai jarri.

Komunitatea ehuntzen

Truke elkartea, baina, webgune soil bat baino gehiago da: "Komunitate bat da. Kontsumo ohiturak aldatu nahi dituzten herritarren komunitatea". Interneteko ataria azaroan zabaldu zuten arren, urtebetez aritu dira proiektua mamitzen, Salaren esanetan, beharrezkoa baitzen aurretik eragileen arteko harremanak indartzea eta ideiak nahiz proposamenak bateratzea. "Hasiera-hasieratik argi ikusi genuen ezinbestekoa zela kontsumo kolaboratiboaren eta berrerabilpenaren esparruan lanean dabiltzan eragile, elkarte eta erakundeekin hitz egitea. Elkarlanerako egitasmo gisa ulertzen dugu Truke, eta zabalik gaude kolaborazio bide berriak aztertzeko, edonorekin hitz egiteko, proposamenak entzuteko eta abar".

Lagunen zerrenda osatua dute jada, eta Gipuzkoako hainbat erakunde publiko, elkarte eta norbanako bildu dituzte bertan:"Gipuzkoako mankomunitateekin batzartu gara, eta, horien bitartez, baita zenbait udalekin ere. Gizarte eragile dezenterekin ere harreman estua dugu: Azpeitiko ElkarEkin taldea, Debagoieneko Bagara Herrigintza elkartea, Bergarako Kafe Konpon, moda jasangarrian aditua den Tytti Thusberg artista eta diseinatzaile finlandiarra...". Horiek guztiek antolatzen dituzten ekitaldien berri ematen da Truke.eu webgunean.

Baina sarea tresna garrantzitsua izan arren, ez da berrerabiltzearen mezua hedatzeko bide bakarra; hortaz, askotariko ekinbideak antolatu dituzte Truke elkarteko kideek: "Kalean ere egongo gara, noski. Azokak, tailerrak, hitzaldiak... Gisa horretako egitasmoen antolatzaile, laguntzaile edo partaide lanetan ikusiko gaituzue".

Pertsonak lehentasun

Truke egitasmoaren antzeko ikuspuntua du Emaus elkarteak ere. 1980. urtean sortutako fundazio horrek elkartasunean oinarritutako ekonomia sustatu nahi du, Begoña Cabaleiro komunikazio arduradunaren ustez, "inoiz baino beharrezkoagoa baita gaur egun".

Haren esanetan, ezinbestekoa da koherentziaz jardutea: "Kontsumitzen duguna ezin da kontraesanean egon esaten dugunarekin. Zer pentsatu, huraxe egin". Hortaz, predikatzen duenarekin bat egiteko, gaur egungo ekonomiaren alternatiba izan nahi du Emausek berak. "Ekonomia solidarioa sustatzen dugu, eta, horregatik, bazterketa arriskuan dauden pertsonak kontratatzen ditugu gure lantegietan. Pertsonak jartzen ditugu gure ereduaren epizentroan. Haiek dira gure lehentasuna". Arropa eta altzari zaharrak jasotzeaz gainera, hiru lan ildotan banatzen da Emausen jarduna: gizarteratzeko baliabideak, ekonomia soziala eta gizarte eredua iraultzeko hezkuntza programak.

Krisi garaian halako egitasmoek berebiziko garrantzia dutela gaineratu du Cabaleirok, eredu izan daitezkeelako. "Egungo sistema kapitalista krisian dagoen garai honetan, oso garrantzitsua da gurea bezalako esperientziak gizarteratzea; txikiak eta erromantiko samarrak izan arren, agerian uzten dutelako bestelako paradigmak egingarriak direla, ez direla utopia hutsa".

Erosketa arduragabeak

Paradigma berriak ezarri nahi ditu Azpeitiko ElkarEkin egitasmoak ere, eta, horretarako, hainbat ardatzetan banatzen du bere egitekoa: kontsumo arduratsua, kultur aniztasuna, bizikidetza, gizarte arazoen salaketa... "Finean, erakutsi nahi dugu alternatibak daudela, eta behar gehien dutenei laguntza emateko moduak ere eskura ditugula", azaldu du elkarteko arduradun Imanol Agirrek.

Kontsumoari dagokionez, kontzientziazio lan berezia egiten dute Eguberrien bezperan, "gehiegizko jan-edana, gehiegizko gastua eta erosketa arduragabe asko egiten direlako garai hauetan". Belaunaldi berriei kontsumo eredu alternatiboen onurak azaltzea "oinarrizkoa" dela uste du Agirrek. "Haurrak dauden etxeetan, garrantzi itzela du helduek erakusten duten jarrerak: gazteei helarazi behar zaie ezer erosi aurretik ondo pentsatu behar direla gauzak; aukeran, iraupen luzeko jostailuak eta produktuak erosi behar dituztela; eta sexismoa edo indarkeria sustatzen duten objektuak baztertu behar direla".

Hala ere, gauza bat da horren guztiaren garrantziaz predikatzea, eta oso bestelako bat, Gabonen zurrunbiloan sartuta, iragarkiei eta kapitalismoaren makineriari eutsi ahal izatea. "Etxe barruan, zaila da tentazioari eustea", aitortu du Agirrek. "Denok nahi dugu auzokoaren pare egon. Duela urte gutxira arte, industria indartsu bat izan dugu herri honetan, eta familia dirudun ugari ikus zitezkeen kalean. Baina enpresa horietako asko itxita daude gaur egun, eta gure balioak birplanteatu behar izan ditugu. Eguneroko kontsumoan, eta batez ere egun hauetan, birritan pentsatu behar dugu dirua xahutu aurretik". Datozen egunetan, kolore biziz beteko dira berriz erakusleihoak, eta saltoki handiek etengabe bonbardatuko dituzte bezero potentzialak, promozio eta iragarkiekin, kontsumitu, betiko mezua errepikatuz. Noberaren esku dago mezu horri arduraz erantzutea.

Futbolaren aurretik, bertso derbia

Realaren eta Athleticen arteko azken partidetan egin bezala, Real Sociedad Fundazioak igande honetarako bertso derbia antolatu du. Arratsaldeko futbol partidaren aurretik, bertsoez gozatzeko aukera izango da Donostiako Antzoki Zaharrean. 12:30etik aurrera, sei bertsolari arituko dira kantuan; Realaren aldetik, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio; eta, Athleticen aldetik, Igor Elortza, Jon Maia eta Jone Uria. Gai-jartzaile lanak, berriz, Aitzol Barandiaran kazetari eta bertsolariak egingo ditu.

Bertso derbia

Donostiako Antzoki Zaharrean, 12:30ean hasita.

Galderen inguruko hausnarketa

Doke antzerki taldeak Galderak antzezlana eskainiko du, gaur eta bihar, 20:00etan, Arrasateko Amaia antzokian. Jose Mari Velez Mendizabalek idatzi du testua, eta Itziar Rekalde aritu da zuzendari lanetan. Gaiari dagokionez, "jendeak bere buruari zein ...

Merkataritzaren Eguna ospatuko dute Donostian

Merkataritzaren Eguna ospatuko da gaur hainbat hiritan; besteak beste, Donostian. Udalak, Donostia Sustapena elkartearen eskutik, hamaika ekitaldi antolatuko du egunean zehar, tokiko eta hurbileko merkataritza sustatzeko.Besteak beste, oroigarri bat e...

‘Kameleoia’ dantza ikuskizuna

Gaur, 22:00etan, Dantzaz konpainiaren Kameleoia emanaldia izango da ikusgai Beasaingo Usurbe antzokian. Itzik Galili eta Jacek Pryzybylowicz koreografoek zuzendu dute dantza ikuskizuna. Hain zuzen ere, Galiliren Things I Told Nobody eta Chameleon kore...