Sailkatugabeak

Entzun nahi duzuna, aukeran

Negozio Eredu Onenaren Gipuzkoako App Onenaren Saria jaso berri du Azpeitiko Ukabi informatika enpresak, Beat and Chat aplikazioarekin.Beat and Chat aplikazioa duten tabernetan, tabernariak nahi duen kantuekin zerrendak osatu eta bezeroei aukeran jart...

Euskara, belaunaldiz belaunaldi

Umetako lagunak dira Joxepa Iparragirre eta Miren Iparragirre zubietarrak. Joxepa errebotean jokatzen den plaza ondoko etxean bizi da, eta Miren plazaren beste muturreko paretaren ondoko baserrian jaio zen. Distantzia 100 metrokoa baino ez da, jokalekuaren luzerak markatzen duena. Frontoi berezia da Zubietakoa, Hego Euskal Herrian bakan batzuk baino ez baitira errebotean jokatzeko erabiltzen direnak. "Gaurko gazteek ere oraindik jarraitzen dute praktikatzen. Inguru honetan baino ez da jokatzen". 80 urte bete dituzte aurten Joxepak eta Mirenek, eta ingurua asko aldatu dela diote. "Alde zaharra ez, hori berdin-berdin dago". Jokalekutik kale batzuk kanporago eraiki dituzten etxeek egiten dute paisaia ezberdin. Belarriak zorroztuta, ordea, hainbeste aldatu al da auzoa? "Ez. Egungo umeek guk bezala hitz egiten dute, euskaraz". Zubietan, nagusiek gazteei errebotera jokatzen erakutsi dieten bezala, euskararen haria ere belaunaldiz belaunaldi transmititu da.

Aste honetan Euskararen Nazioarteko Eguna izan da, eta Donostiako Udalak belaunaldi zahar horiek izan ditu gogoan. Euskara, etenik ez duen haria izeneko ekitaldia antolatu zuten joan den larunbatean, eta garairik zailenetan ere euskara ondorengoei transmititu zieten donostiarrak omendu zituzten bertan, tartean Joxepa eta Miren.

"Gaztea zenean semeak inoiz erdaraz egiten zuen etxean, kalean ere gaztelera gehiago entzuten zelako ordu hartan. Beti esaten nion: niri euskaraz hitz egin, erdaraz ez dizut ulertzen eta". Joxepak kontatu du pasadizoa. "Semeak oraindik ere gogora ekartzen ditu esan nizkion hitz haiek. Nagusitzen joan zenean euskaraz bakarrik hitz egiten hasi zen".

Umetatik euskaraz egin diote elkarri Joxepak eta Mirenek. Baina beti eskolaz kanpo, mojek erdaraz hitz egitera behartzen zituztelako. Kopeta zimurtuta, "oso zorrotza" zen moja batekin oroitu da Miren. "Zubietakoa zen. Gu baino zaharragoak zirenak oso gogor zigortzen zituzten. Makila batekin jotzen zieten atzamarretan, euskaraz egiteagatik".

Mirenek gogoan du garai haietan euskaraz hitz egin nahi ez zuen jendea ere bazegoela auzoan bertan. "Bazegoen euskara eraman ezin zuenik. Asko kanpotik etorritakoak ziren". Pasadizo batekin moztu dio Joxepak: "Lasartera joaten ginenean 'aquí vienen las caseras' esaten ziguten mespretxuz". Iraina hitza darabilte ahoan. Bitartean, beste pasadizo batekin oroitu da berriz ere Joxepa: "Ziziliari entzun nion behin hurrengoa gertatu zitzaiola: autobusera igo, eta txartela eskatzean '¿a dónde vas?' galdetu omen zion txoferrak erdaraz. 'Lasartea', erantzun omen zion euskaraz Zizilik. Eta txoferraren erantzuna? 'Esa a sobra'".

Zerbitzari eta esnedun

Joxepak ez zuen eskolara joaterik izan. "Zoritxarrez". 6 urterekin hil zitzaion ama, eta 11 bete zituenean Zarautzera joan zen bizitzera, izebarengana, eskolara eramango zutelakoan. "Baina ezer ez. Umeak zaintzen eman nituen hiru urte, berriz etxera bueltatu arte. Tabernan hasi nintzen lanean 14 urterekin". Gogoan ditu gaztetan Mirenekin batera Lasartera eta Irubidera egindako joan-etorriak, igandetako erromerian dantza egin eta ilundu aurretik etxera bueltatzen zirenekoak. Denetariko musika jotzen zuten. Euskaraz, zein gazteleraz. "Gure artean ere euskaraz egiten genuen, egia esan gazteleraz ere justu ibiltzen ginelako. Bueno, Mirenek gehiago jakingo zuen, orduan esnea partitzera joaten zelako Donostiara, kar kar".

Zubieta-Lasarte-Donostia ibilbidea osatzen zuen autobusean egiten zuen bidaia Mirenek. "Xisterak buru gainean eta hamar-hamabi litroko marmitak eskuan hartuta". Baserriko esnea eramaten zuten saltzera. San Markosera iritsi eta han izaten zuten karreteteroa zain, ontziak Amararaino eramateko. "Bertan izaten nituen hartzaile guztiak. Etxez etxe ibiltzen nintzen esnea partitzen. Hartzaile asko kargu handikoak izaten ziren. Ogasuneko langileak eta. Horiek euskaraz gutxi", gogoratu da Miren. 14 urterekin hasi zen esnezale. "Orain Donostiara joaten naizenean konturatzen naiz jendeak gehiago egiten duela euskaraz. Orain gutxira arte dendetan sartu eta lehen hitza beti ateratzen zitzaidan gazteleraz, baina orain beti euskaraz. Eta gehienek euskaraz erantzuten dizute".

14 urterekin hasi zen Joxepa ere lehenengo tragoak zerbitzatzen Postretxe tabernako bezeroei. "Giro ederra izaten genuen tabernan. Gaupasa asko egiten zituzten hemen, batez ere larunbatetan. Jokoan ibiltzen ziren, kartetan. Eta beste asko, kantuan. Ze kanta!". Kanta haietako asko Ipar Euskal Herritik etorritako errebotezaleen ahotik abesten ziren. "Guztiak euskaraz!". Elkar ondo ulertzen zutela dio Joxepak, Ipar Euskal Herritik larunbatero etortzen baitziren herriko plazara partidak ikustera. "Aurreko larunbatean ere hemen izan ziren".

Saiatu arren, Joxepa ez da gai abesti haiek gogoratzeko. "Gaur egun ez dira entzuten abesti horiek; lehengo garaikoak dira. Umetan etxera iristen nintzenean nire logelan sartzen nintzen lanak egitera, eta arratsalde osoa pasatzen nuen abesten. Esaten zidaten baxuago kantatzeko, bestela ondoko tabernatik entzungo zidatela eta, kar, kar. Beste garai batzuk ziren; denbora gehiago pasatzen genuen familia artean".

Mirenek eta Joxepak faltan sumatzen dituzte garai batean etxeko mahaiaren ondoan senide artean hizketan emandako orduak. "Erru handia du telebistak. Iloba gaztea etxera etorri, eta amonari gauzak kontatu ordez, telebistaren agintea hartu eta badaki ze kate jarri behar duen. Orain solasaldi gutxiago egiten ditugu mahaiaren inguruan. Eskolatik atera eta umeak plazara joaten dira jostatzera. Gure garaian pentsa ezina zen. Etxera etortzen ginen askaria hartzera".

Belaunaldi batetik besterako transmisioan, kantuak bezala, euskarazko hitz asko galduz joan dira. Joxepari, esaterako, senarrari askotan entzundako hitz bat etorri zaio burura: malatxa. "Asko erabiltzen zuen malatxa hitza, bitsadera edo espumadera esateko. Gogoratzen dut gure semeak lehen aldiz entzun zuenean asko harritu zela. Ez dut uste egungo gazteek hitz hori erabiliko dutenik". Hala ere, garrantzitsuena eguneroko bizitza euskaraz egitea dela diote. "Nahi duguna da gure ilobek euskaraz egitea, eta haiek ere beren seme-alabei euskaraz irakastea".

'Ahotsak' proiektua

Mirenen eta Joxeparen antzeko hamaika pasadizo ditu bilduak Ahotsak-ek bere atarian. Izan ere, egitasmoaren helburua Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea da. Horretarako, adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzen dituzte webgunean, herritarren artean ezagutarazteko. Guztira, 285 herritako 51.000 pasarte baino gehiago daude grabatuta, horietatik 24.800 bideoz. Informazioa herrika eta gaika antolatuta dago.

"Giltza transmisioa da. Lehen, sutondoan kontatzen ziren istorioen bidez egiten zen. Orain, Internet tresna garrantzitsua da hori egiteko", dio Idoia Etxebarriak, Ahotsak proiektuko kideak.

Proiektua Badihardugu Euskara Elkarteak sortu zuen, Deba ibarreko euskaltzaleak biltzen dituen elkarteak. Geroztik, hainbat udalekin sinatutako hitzarmenei esker lan egin du atariak, eta herrietan lehendik zeuden grabazioak berreskuratu eta katalogatzeko aukera izan dute.

Drogas, birsortuz

Hiru urte bete dira Enrique Villarreal Drogas musikariak ibilbide berriari ekin zionetik. Ia 30 urtez Barricada talde mitikoaren abeslari eta baxu jotzaile izan ostean, Txarrena proiektuari heldu zion berriz ere 2011n, eta Azulejo frío diskoa kaleratu. Txarrena taldeak 1992an aurkeztu zuen aurreneko lana, baina kontzertu gutxi eman zituzten, proiektu hura Barricadarekin batera uztartu behar izan zuelako Drogasek.

Behin Barricada eta Txantreako musikariaren bideak bananduta, Txarrena gorpuztuz joan da. Bigarren bidaia honetan, gainera, taldekide berriak ditu Barricadako abeslari ohiak: Brigi Duque, Komako abeslaria izandakoa orain bateria jolea da. Txus Maravik eta Eugenio Flako dira Drogasen talde berria osatzen duten musikariak.

Gainbegiratua ibilbideari

Orain bi urte, baina, Txarrena taldeak orotara lau disko kaleratu ostean —bat zuzenekoa—, taldeak El Drogas izena hartu zuen. Te cantamos las 40 birarekin eman zituzten estreinako kontzertuak, eta Drogas abeslariak bere ibilbide luzean Barricada, Txarrena eta La Venganza de la Abuela taldeetan abestutako hainbat abesti berreskuratu zituzten.

Gaur, Demasiado tonto en la corteza disko hirukoitza aurkeztuko du taldeak, Donostiako Doka kafe antzokian. Bertan biltzen direnek, taldearen azken diskoetako abestiak entzuteaz gain, Barricadak 30 urtetan ereserki egin dituen abestiez gozatzeko aukera izango dute, Animal caliente, La silla eléctrica, No sé qué hacer contigo eta En blanco y negro abestiez, esaterako.

El Drogas

Gaur, 20:00etan, Doka kafe antzokian (Donostia).

“Medikurik gabe ezin dugu lan egin eta haiek gu gabe ere ez”

Haurra zela, gaixorik erietxeko ohean, erizain batek eskaini zion babesagatik erabaki zuen osasungintzan sartzea Garbiñe Elolak (Donostia, 1989). Lanean daramatzan lau urteotan, jende helduarekin zein haurrekin aritzea egokitu zaio. Uneotan, larrialdi zerbitzuetan ari da lanean, eta gustatzen zaion arren, erizainek arlo guztietan "etengabe mugitzen" aritu beharko luketeela iruditzen zaio.

Gazte-gaztetatik datorkizu erizaintzarako bokazioa.

Haurra nintzela, beste aldean egotea egokitu zitzaidan, gaixoa izatea egokitu zitzaidan eta oso beldurtuta nengoen; oroitzen naiz erizain batek eskua gainean jarri, eta lasai egoteko esan zidala. Orduan, nire buruan zerbait mugitu zen, eta erabaki nuen nik ere nahi nuela jendeari laguntzen aritzea. Ikasketak 2010eko ekainean amaitu nituen, eta irail horretan bertan hasi nintzen zahar etxe batean lanean. Gero, Osakidetzatik deitu zidaten eta haurren arloan hasi nintzen lanean, jaio berri-berriekin. Ondoren, larrialdietan aritzea egokitu zitzaidan; digestio zein traumatologiako arloetan aritzea egokitu zait... Eta orain, deitzen didaten heinean, lana egiten jarraitzen dut; larrialdietan nago berriz ere, baina helduen arloan.

Gogorra al da larrialdi zerbitzuetan lan egitea?

Estres handiko arloa da, eta aldi berean, lasaia ere bada. Oso prestatuta egon behar duzu larrialdietarako, esperientzia izatea eskatzen du. Edozein eratako gaixoak tokatzea posible delako.

Lortu al duzu umetatik nahi zenuena, jendeari laguntza eskaintzea?

Hein batean, bai, gehiago laguntzea gustatuko litzaidake baina... Izan ere, langile gutxirentzat geroz eta lan gehiago daukagu eta estres handia izaten dugu; eta larrialdietan zaila da gaixo bakoitzari maila pertsonalean nahi bezala laguntzea. Geletako zerbitzuak, adibidez, beste era batera funtzionatzen du; baina larrialdietan, gaixoekin oso kontaktu motza izaten da, tratu pertsonalerako aukera gutxi egoten da.

Une gogorren bat bizitzea egokitu zaizu?

Bai, bizitzaren eta heriotzaren arteko mugan lan egitea tokatzen zaigu askotan, eta une gogorrak ikustea tokatu zait: lau hilabeteko haur baten heriotza, adibidez. Bizitza pertsonalean eragiten duten gauzak izaten dira horiek, familiak gaizki pasatzen ikusi behar izaten ditugu. Baina bi muturrak daude, momentu oso latzak egon daitezkeen arren, barre asko egiten dugun uneak ere izaten ditugu.

Arlo denen artetik bat hautatu beharko bazenu, zein litzateke?

Uste dut etengabe mugitzen aritu beharko genukeela, ikasteko eta lanari tamaina hartzeko. Izan ere, pazienteekin gertuko harremana izatea ona da, baina bizitza pertsonalean asko eragiteko arriskua egoten da batzuetan. Zerbitzu batzuk oso bereziak direlako; haurren arloan, adibidez, kasu oso gogorrak ikusi behar izaten dira eta horiek maila pertsonalean eragiten dute. Horregatik diot arlo batetik bestera mugitzeak, oreka bat emango lukeela, distantzia jartzen lagunduko lukeela.

Erizainak medikuen itzalean al zaudete?

Uste dut hori aldatu dela pixka bat. Erizainek ere geroz eta espezialitate gehiago egin ditzakete, lau urteko graduetan prestakuntza handia jasotzen dute, eta uste dut jendeak ere geroz eta konfiantza gehiago duela erizainengan. Ez dut uste bigarren mailakoak garenik, esango nuke diziplina anitzeko taldea osatzen dugula: guk medikurik gabe ezin dugu ezer egin, eta medikuek gu gabe ere ez; baina gauza bera erizain laguntzaile eta zeladoreen kasuan ere. Ez dago zalantzarik, medikuek prestakuntza handia dute, baina guri gaixoaren zaintza guztia egitea dagokigu. Izan ere, medikuek diagnosia egin eta tratamendua ezartzen dute, eta guk, medikuek agindutako tratamendua betetzeaz gain, geure prestakuntzak irakatsi digunetik zaintza osoa eskaintzen diegu gaixoei.

Eta zer izan behar da kontuan zaintza hori eskaintzerakoan?

Asertiboa izatea komeni da eta gaixoarekin enpatizatzea ere bai. Lehenik, prestakuntza behar da, eta gero, gaixoarentzat gertukoa izaten asmatu behar da. Gaixoak medikua urrun sentitu ohi du, baina erizaina ez, gu egoten garelako denbora gehien euren ondoan; horregatik da garrantzitsua erizaina gertukoa izatea.

Osakidetzako egora ikusita, nola begiratzen diozu etorkizunari?

Ba etorkizuna zaila ikusten dut, geroz eta lanpostu gutxiago daudelako. Beharrezkoa da oso oposizio onak egitea, bestela kanpoan geratzeko arriskuan egongo zara. Gainera, denbora osoan telefono deiaren zain egon beharra dago: "Gaur arratsaldean astebeteko kontratuarekin has zaitezke?"; "Etor zaitezke gaur gauean?". Edonola ere, aritu naiteke hezkuntzan prebentzio arloan lan egiten, zahar etxeetan edo zerbitzu pribatuetan.

Julio Caro Baroja gogoan

Hilabete honetan 100 urte beteko dira Julio Caro Baroja jaio zela. Haren omenez, San Telmo museoko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bildumetako piezak Donostiako hainbat liburutegi publikotan ikusgai daude otsailaren 1era arte, ikertzaile eta antropologo...

Perlak eta Borrokan, Oñatiko Gaztetxean

Perlak eta Borrokan taldeak arituko dira gaur gaueko hamarretatik aurrera Antixeneko gaztetxean antolatu duten kontzertuan. Perlak taldea 2013. urte hasieran sortu zen, Zarautzen, eta urte bereko azaroan kaleratu zuten zazpi abestiz osatutako aurreneko lana. Musikalki post-punkaren gordintasuna eta iluntasuna dituzte abesti batzuek, eta kutsu alaiagoa dute beste batzuek. Borrokan-ek, berriz, hirugarren diskoa du aurten auto-ekoitzi duen lana: Zuak. Borrokan (2002) eta Hitzez ulertu ezin dena omendu nahi nuke, oraintxe! (2007) dira Borrokan taldearen aurreneko bi diskoak.

Perlak eta Borrokan

Gaur, 22:00etan, Antixeneko gaztetxean (Oñati).

Sasi artean ibiltzera behartuak

Hau ez da euskararen kontrako erabaki bat. Alderantziz, euskararen mesedetan egiten dugu". Euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen dituztenek era horretan justifikatu ohi dituzte euren erasoak. Horixe esan zuen, adibidez, Angel Acebes Espainiako Barne ministro ohiak 2003ko otsailaren 20an, Guardia Zibilak Egunkaria itxi zuen egun berean.

Iragan astean, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria izan zen argumentua errepikatu zuena —ia hitzez hitz—, Gipuzkoako Foru Aldundiak euskara hutsean idatzitako bide seinale batzuk kendu ditzan exijitzeko: "Kontua ez da euskara ez erabiltzea, baina gaztelerarekin ezin da ezikusiarena egin, eta gutxiago legedia ez betez".

Urkijok auzitara jo du aldundiaren kontra, Euskal Herria marka daramaten bide seinale horiek legea urratzen ei dutelako. "Bide seinaleak zerbitzu bat dira, intereseko leku batzuk aipatzen dira, eta, beraz, gutxienez gazteleraz egon behar dute idatzita", nabarmendu du Espainiako Gobernuko ordezkariak; oharkabean, ustez ofizialak diren bi hizkuntzen arteko desoreka agerian utziz. Bata, beharrezkoa; bestea, hautazkoa soilik.

Izan ere, euskararen eta euskaldunen aurkako mespretxua kontu zaharra da, baina horrek ez du esan nahi gaindituta dagoenik. Ezta hurrik eman ere. "Erasoen katea ez da eten", dio Dabid Anaut euskal filologoak. "Ziburuko ikastolako ikasleak zein baldintzatan dauden ikusi besterik ez dago, errealitate horretaz ohartzeko. Hizkuntza eskubideen urraketak etengabeak dira, eta bilatzeko interesa duenak egunero topatuko du adibideren bat edo beste".

Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria izeneko liburua argitaratu zuen Anautek iaz, Euskal Memoria fundazioaren eskutik. Bertan, testuak, agiri ofizialak, legeak eta testigantza zuzenak bildu zituen filologoak, euskararen kontrako oldarraldiaren erretratu zehatza egiteko. "Kasu asko ikertu nituen. Eraso horietako batzuk oso agerikoak ziren: euskaraz egiten zutenen kontrako jipoiak, debekuak, isunak... Baina ezinegon handiena sortzen didatenak beste batzuk dira, hain argiak ez direnak: mespretxuak, umiliazioak, burlak... Min handia ematen dute horrelakoek, eta euskaldun askok nozitu behar izan dituzte, erdaraz ondo ez moldatzeagatik. Gutxiagotasun konplexua eragin diete euskaldun askori, eta horrek euren ama hizkuntza alboratzera eraman ditu".

Hizkuntza eskubideen urraketa horiek "estrategia uniformizatzaile" baten barruan kokatzen ditu Anautek, eta Madril zein Paris jo ditu horren erantzule nagusi. "Eraso planifikatua, kontzientea eta sistematikoa, gehienbat, Espainia eta Frantzia auzo estatuek ezarri dituzten egituretatik etorri da, borondate politiko, militar eta kultural bat dagoelako hor atzean". Hala ere, adituaren ustez, hizkuntzaren zapalkuntza ez da beti kanpotik etorri: "Botere lokalek ere parte hartu izan dute inoiz, eta, zoritxarrez, herritarrak ere ailegatu dira zapalkuntza eta gutxiespen prozesu horretan laguntzera".

Probintzia traidoreak

Euskararen kontrako jazarpenaren historian, pasarte beltzenetako bat 36ko gerraren ondorengoa izan zen, eta Gipuzkoak pairatu zituen erasorik bortitzenak. "Frankismoaren lehendabiziko urte horietan, Gipuzkoa eta Bizkaia probintzia traidoreak ziren, eta euskararen kontrako erakustaldirik zakarrena lurralde horietan egin zuen diktadurak. Adibidez, Donostian, guardiak jarri zituzten kalean, euskaraz hitz egiten zuten herritarrak identifikatzeko, isunak jartzeko, atxilotzeko... Emakume euskaldunei ilea mozten zieten, edo errizino olioa irentsarazi", gogoratu du Anautek.

2014an, jakina, egoera oso bestelakoa da, baina hizkuntzarekiko mespretxuak eta gutxiespenak bere horretan dirautela uste du euskal filologoak: "Formak dezente aldatu dira azken hamarkadetan, baina horrek ez du esan nahi erasoak eten direnik".

Hain zuzen, euskarak eta euskal hiztunek gaur egun jasaten dituzten erasoak zerrendatzeaz arduratzen da Hizkuntz Eskubideen Behatokia. Urtero-urtero txostena egiten du jasotzen dituen kexa ugariekin, eta administrazio, enpresa eta elkarteei helarazten dizkie erreklamazio horiek. 2013ko txostenean —argitaratu den azkena—, kritika gogorrak egiten zaizkie Espainiako Gobernuaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren menpe dauden hainbat erakunde publikori. Osasun zerbitzuei lotutako kexak dira ugarienetakoak —Osakidetzako medikuekin, erizainekin edo harrerako langileekin ezin euskaraz mintzatzea—; baina baita administrazioari, hedabideei edo herrizaingoari dagozkienak ere.

Donostia, Errenteria eta Zarauzko ertzain etxeen kasuak nabarmentzen dira txostenean, zerbitzua euskaraz jaso ezin izan zutenen zerrenda luzea baita. "Estoy yo solo y no sé euskara; si quieres declarar en euskara, vienes a la tarde o te vas a Azkoitia" (bakarrik nago, eta ez dakit euskaraz; deklarazioa euskaraz egin nahi baduzu, etor zaitez arratsaldez edo zoaz Azkoitira), erantzun zion ertzain batek salaketa bat jarri nahi zuen herritar bati. Txostenean azpimarratzen denez, errepidean Ertzaintzak geldiarazitako hainbat gidari euskaldunek ere isekak eta umiliazioak jasan zituzten, zerbitzua euskaraz jaso nahi izateagatik.

Baina hizkuntza eskubideen urraketak ez dira eremu horretara mugatzen: Euskal Herriko herrialde guztietan, alor publikoan nahiz pribatuan eta lan sektore guztietan jaso ditu kexak Behatokiak. Anauten aburuz, garaiak aldatu badira ere plano berean koka daitezke gaur egungo hizkuntza eskubideen urraketak eta duela lau, bost edo sei hamarkadakoak. "Urkijok aurkezten dituen salaketak, adibidez, logika berean sartuko nituzke nik: hizkuntza zapalkuntzarako mekanika bat da. Lehen isunak, debekuak eta atxiloketak zirenak dekretuak edo helegiteak dira orain. Formak eta erasoen intentsitatea da aldatu dena, baina horien atzean dagoen filosofia berbera da".

India, Asencorren kameratik

Gorka Asencor argazkilariak Indiara egindako bidaian ateratako argazkiak daude ikusgai Okendoko kultur etxean. Artistak berak azaldu du begiraden garrantzia: "Indian zehar, iparraldetik hegoaldera, bertako biztanleen begiradaren bila, begirada galdua...