Sailkatugabeak

40.000

anoeta eraberrituak izango dituen eserlekuakAnoeta eraberritzeko lehiaketarako baldintzak aurkeztu ditu aste honetan Donostiako Udalak. Estadioaren edukiera handitu egingo da, eta 40.000 eserleku baino gehiago izango ditu. Proiektuak 45 milioi euroko...

Zumetaren lana ikusgai Donostian

Euskal Herriko artista garaikide garrantzitsuenetako bat da Jose Luis Zumeta, eta haren lanak ikusgai dira Donostiako Kur galerian. 1965ean, Gaur taldearen sorreran parte hartu zuen Zumetak. Haren obra galeria nahiz museo inportanteenetan ikus daiteke...

Urteurren oparia Barandiarani

Batera eta bestera mugitzeko Saran (Lapurdi) erabiltzen zuen bizikleta esku artean, haren bizitzako garai esanguratsuetan barrena egin zuten bidaia. Umetako zalgurdia, Norteko trena, Vespa, Lambretta edo ziklomotorra... Txapel eta sotanarekin Gasteizk...

Bertsolari gazteak Errenterian

Bertsolari gazteen Xenpelar Sariaren 2. kanporaketa jokatuko da bihar, Errenterian. Maialen Akizu, Aratz Igartzabal, Arnaitz Lasarte, Maddi Sarasua, Aitor Servier eta Ane Zuazubizkar bertsolariek parte hartuko dute. Sariketa 1971n sortu zen, Errenteri...

Nazio marka Gipuzkoako errepideetan

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalbiltza partzuergoak hitzarmen bat sinatu zuten joan den uztailean, Udalbiltzak bultzatutako nazio marka diputazioak ere erabili ahal izateko. Hitzarmen hori jada hasi da lehen fruituak ematen: aldundiak bide seinaleak...

Rock eta hardcore bizia Kashbadekin

Hamabost urte diskorik kaleratu gabe egon ondoren, Kashbad taldeak bere azken lana aurkeztu zuen aurtengo maiatzean: Arrakala. Geroztik, abendura arte iraungo duen kontzertu biran dabil Errenteriko banda, eta gaur Andoaingo gaztetxean joko du. Taldear...

Eibar, primeran

Eibarreko zaleek ez dute erraz ahaztuko 2014ko maiatzaren 25a. Data hori talde armaginaren jarraitzaileen buruetan geratu da gordeta. Egun hartan Eibarrek balentria historikoa lortu zuen, Alavesi 1-0 irabazi eta Lehen Mailarako txartela lortuta. 28.00...

Gatazkaren memoria, gazteen ikusmiratik

Euskal gatazkak orban sakonak utzi ditu Errenterian, azken lau hamarkadetan, eta hamaika saio egin dira horren lekukotza jasotzeko. Iaz, adibidez, Eraikiz giza eskubideei buruzko zinema zikloa egin zuten, udalean ordezkaritza duten alderdien atxikimenduarekin.

Ideia horretatik abiatuta, Iñaki Gomez Irusoin ekoiztetxeko kideak eta Ixiar Garcia artistak —biak dira errenteriarrak— antzeko proiektu bat sortu nahi dute herriko 18 eta 23 urte arteko gazteekin zein Oiartzualdeko gainontzeko udalerrietakoekin, Nik Mash Up egitasmoaren barruan.

Gomezek adierazi duenez, antzeko esperientzia bat gauzatu zuten iaz Donostian: "Ubiqa eta Irusoinek, Donostiako Udalarekin batera, proiektu bat jarri zuten martxan, San Telmo museoan". Bertan, tailerrak egin zituzten, eta gazte talde batzuei hainbat gai proposatu zizkieten. Aditu batzuen laguntzarekin, gaiaren inguruko gogoetak egin zituzten: bakea eta elkarbizitza izan zituzten ardatz.

Orduan, gaia landu zuten hainbat tailerretan, Gomezek azaldu duenez, eta ondoren kalera irteten ziren sakelako telefonoekin. "Galderak planteatzen dizkiote edozeini, identitateari, elkarbizitzari eta abarri buruz", zehaztu du. Grabatutakoa bere horretan kargatzen dute Ubiqarama plataformara. "Agian pixka bat editatuta", onartu du Irusoingo kideak. Plataforma horretan elkarrizketak geolokalizatuak daude, eta hainbat galbahe daude sexuaren edota adinaren arabera elkarrizketak aukeratzeko.

Ixiar Garcia artista izango da proiektua aurrera eramateko baldintzak erraztu eta sortzeko arduraduna. Errenteriako kasuan, trantsiziotik gaur egunera arte egondako egoera gatazkatsuak jaso eta horren gaineko hausnarketa egingo dutela adierazi du Garciak: "Prozesu bat prestatu dugu gazte talde horrekin lantzeko, elkarbizitzaren, memoriaren, nortasunaren eta gatazkaren inguruan hausnarketa egiteko. Garciaren arabera, sorkuntzaren inguruan "lanketa handia" egingo dute. "Gazte hauentzat garrantzitsua da baldintzak zaintzea prozesu horretan euren iritziak parteka ditzaten eta beren sentimenduak landu ditzaten". Hori izango da Garciaren eginbehar nagusia.

Hiru asteburu iraungo du prozesuak —ikus taula—. Bihar izango da lehen saioa, Torrekuan. "Bi asteburutan tailerrak izango dira, Geuz taldean gatazkak konpontzen aritu diren adituekin. Horrez gain, sakelakoarekin enkoadraketak egiten, zein motatako galderak planteatu eta abar ikasiko dute, hirugarren asteburuan kalera ateratzeko", azaldu du Gomezek. Gainera, ariketa mentalak eta fisikoak egingo dituztela jakinarazi du Garciak. Prozesu hori guztia grabatuko dute, eta dokumentalerako errekurtsoak hartzeko beste hiruzpalau egun solte hartuko dituzte. Alaitz Arenzana arduratuko da gazteek egiten duten guztia filmatzeaz. Dokumental hori herriz herri erakutsi nahi dutela adierazi dute proiektuko kideek.

"Prozesu polita eta berezia izango dela uste dut. Dokumentu hori erreparatzailea izatea nahi dugu", adierazi du Garciak. Gomezek, berriz, "herrian, herritik eta herrirako" sortua izango dela iritzi dio: "Polita izan daiteke errenteriarrek beste herri batean ematea esperientziaren berri. Hainbat lekutan anima daitezke antzeko esperientziak abiatzera".

Izena emateko aukera

Garciak azaldu duenez, Don Boscoko hainbat ikaslek parte hartuko dute, "sentsibilitate askotakoek". Gazte horiek gatazkarekiko "distantzia handiagoa" dute, "nahiz eta badauden batzuk zuzenean jo dituztenak". Gazteek eurek jakinarazi diote Garciari gaur egun erraztasun handiagoak dituztela "sentsibilitate ezberdinekoekin" lan egiteko. "Beste gaitasun eta baldintza batzuk dituzte. Momentua bera berezia da; pausoak ari gara ematen". Izena eman nahi dutenek badute oraindik aukera. Mezu bat bidali beharko dute ixi@nikmashup.org helbidera, edo webgunean dagoen eskaera bete ((www.nikmashup.org).

Ikasgela, sukalde bihurtua

Tipulak begietan erre egiten du", diote ikasleek, begiak igurtziz, tipula eta piper berdeak labanarekin txikitzen ari diren bitartean. Azpeitiko Ikasberri Ikastola Kooperatibako Lehen Hezkuntzako 5. mailakoak ari dira kozinatzen, ikastetxeko laborategian prestatu duten sukaldean. Asteartetik gaur arte, Sukaldatu izeneko programan ariko dira ikastolako LHko 5. eta 6. mailetako 80 ikasle; asteazken arratsaldean, berriz, guraso talde batek jardun zuen.

Basque Culinary Centerrek, Eroskik eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean sustatutako egitasmoa da Sukaldatu, sukaldaritza osasungarria sustatzeko asmoarekin sortua. Iaz, hamahiru ikastolak, 1.065 ikaslek eta 289 gurasok parte hartu zuten. Aurten, berriz, hamasei ikastolatako kideek jantziko dute mantala. Gipuzkoan, Azpeitiko Ikasberriz gainera, Oiartzungo Haurtzaro, Errenteriako Orereta, Villabonako Zubimusu, Irura-Anoetako ikastola, Oñatiko Txantxiku, Ibarrako Uzturpe eta Andoaingo Aita Larramendi ariko dira.

Gehienez hogei ikasleko taldeekin egiten dute saioa. Aurren-aurrena, 09:00etan elkartu eta prestatu behar duten menurako osagaiak erostera joan dira ikasleak supermerkatura. "Ikasleak osagai gehiago erosteko gogoarekin gelditu dira; nonbait gutxi iruditu zaie", dio ikastolako irakasleak. Ondoren, osagaiekin ikastolara joan, bertan aurreko mantala jantzi, eta lanerako prest jarri dira; hiru-lau laguneko taldeetan banatuta, euren bazkaria prestatuko dute.

Basque Culinary Centerretik ikastolara etorritako Jokin Zabala eta Iñigo Jauregi sukaldariek gidatuta ari dira lanean. "Pixka bat ikastolako egunerokotasuna hausten dugu saio hauekin, eta jolas moduan kozinatzen ariko gara", dio Zabalak.

Tipula eta piper berdeak txikitu dituztenean olioa berotzen zeukaten ontzira bota dituzte. Sua pixka bat altxatu, eta patatak zuritzeari ekin diote ikasleek. Zabalak azaldu die nola ebaki behar diren. Bitartean, elikagaien garrantziaz eta elikagai mota bakoitzak dituen propietateez jardun dute hizketan. Izan ere, programaren helburua familiarteko sukaldaritza sustatzearekin batera elikadura osasungarria bultzatzea baita. "Osasunaren alorrean, garrantzi handikoa da osasunari lotutako jarraibideak sartzea eguneko otorduak planifikatzean, baita produktu freskoak erabili eta sukaldaritzari denbora eskaintzea ere", diote Sukaldatu programaren arduradunek.

Garaikoa eta hemengoa

Arrain salda ere gehitu dute eltzera, eta, segidan, urraburua zatitzeari ekin diote haurrek. Urraburu marmitakoa ari dira prestatzen. "Garai bateko arrantzaleek garaiko arrainarekin eta barazkiekin prestatzen zuten marmitakoa", azaldu die Zabalak. Garaian garaiko eta hemengo produktuak kozinatzea ere bada programaren asmoa, "sukaldaritzaren aberastasuna hori baita", dio sukaldariak.

Honako hauek dira Ikasberriko ikasleek prestatu beharreko platerak: barrengorri gisatuak arrautza lorearekin, urraburu marmitakoa eta fruta mazedonia jogurtarekin. Ondoren, eurek prestatutakoa bazkalduko dute ikastolan bertan. Arrainarekin badute nahiko kezka neska-mutilek: "Hezur asko ditu; arraina moztean asko antzematen da hori eskuetan".

Gustura ari dira saltsan, labanarekin bat eta bestea moztu, koilararekin eltzekoari eragin, noizik eta behin prestatzen ari direna dastatu, eta gatz gehixeago bota. "Ikusten da aurreneko aldiz ari direla su gainean kozinatzen; aurreneko kontaktua dute sukaldaritzarekin, eta jolasean bezala ari dira. Hasiera-hasieratik, garbitasunaren garrantzia azpimarratu diegu, eta horrekin batera, gainera, elkarlana eta lan banaketa lantzen ari dira eurak konturatu ere egin gabe".

Urraburu marmitakorako barazkiak egosten ari diren bitartean, barrengorriak prestatzen hasi dira. Gosea piztu zaie, eta aurrean zatitzeko duten urdaiazpikoari kolpeka ere hasi dira. Gustura dabiltza eltze artean.

Erantzun bila historiaren lubakietan

Buruntza eta Belkoain mendietako sasi eta belarrak kenduz, eta 36ko gerraren ondorio lazgarrienak pairatu zituzten lasartearren bizipenak bilduz, oroimen historikoa berreskuratzen ari da Islada Ezkutatuak elkartea. Testigantza ugari bildu dituzte Lasa...