Sailkatugabeak

Anari bakarka arituko da Orion

Bakarkako kontzertua emango du gaur Anarik Orion. Gaueko 22:30ean izango da, Orioko Kultur Etxean, eta gitarrarekin lagundurik arituko da abeslari azkoitiarra. Anarik hamazazpi urte daramatza oholtza gainean, baina lehen aldia izango du gisa horretako...

Mahaiaren bueltan, gertuago

Askotarikoa da Gipuzkoako gizartea. Jatorri askotako pertsonak bizi dira herri gehienetan, eta egoera hori kudeatzea erronka bilakatu da eragile sozial eta erakundeentzat. Izan ere, gertu bizi izanagatik ere, eguneroko bizimoduan elkarrengandik urrun egon ohi dira kanpotik hona etorritako pertsonak eta hemen jaiotakoak. Ezjakintasuna handia da, eta kulturen arteko harresia, altuegia.

Elkarbizitza aberatsa osatzeko bidean, baina, distantzia oztopo bilakatzen da, eta, horretaz jakitun, talde asko ari dira kulturen arteko harresia txikitzeko lanean: SOS Arrazakeria, kasurako.

Bide horretan aurrera egiteko asmoz, SOS Arrazakeriak Bizilagunak programa antolatu du hirugarren aldiz, etziko. Hemengo familiak eta kanpotik hona iritsitakoak elkartuko dituzte mahaiaren bueltan. Familia batek anfitrioiarena egingo du —izan daiteke hemengoa edo kanpotik etorritakoa—, eta bisitariarena besteak, eta, modu horretan, elkar ezagutzea erraztuko dute, mahaiaren bueltan, hango eta hemengo gastronomiaren laguntzaz.

Bazkari hori prestatzeko, SOS Arrazakeria elkarteko bitartekari baten laguntza izango dute familiek. Gipuzkoan eta Bizkaian, aurten berrehun familiak eman dute izena; Errenterian, 22k.

Bigarrenez

Kukai konpainiako Jon Maia eta Vanesa Castaño dantzariek bigarren urtez jarraian parte hartuko dute egitasmoan. Errenterian bizi da bikote gaztea, eta jatorriz Marokokoa den familia batekin partekatuko dute mahaia bigarren urtez jarraian. Iaz anfitrioi rola egokitu zitzaien, eta aurten bisitariak izango dira. "Iaz gure etxean izan zen familiak jatetxe bat zabaldu berri du herrian, eta hara goaz bazkaltzera", azaldu du Maiak.

Bizilagunak programa "oso aberasgarria" iruditzen zaio Maiari, "bakoitza bere mikrounibertsoan bizi delako eta ondokoaren errealitatearen berri askotan ez dugulako izaten".

Migratzaileen inguruan izan ohi diren aurreiritziak elkar ezagutzatik gainditu beste biderik ez dela esan du Maiak, eta uste du Bizilagunak bezalako programak baliagarriak direla aurreiritzi horiei buelta emateko. Horregatik parte hartu zuten iaz jardueran, eta horregatik parte hartuko dute aurten ere.

Nepaldik Euskal Herrira

24 eta 28 urte dituzte Bhagawati Hamal eta Krishna Rijal nepaldarrak. Arrazoi politikoak direla eta, orain dela bi urte utzi zuten beren herria, eta Errenterian hartu dute bizileku. Ikasten ari dira biak; joskintzan ari da trebatzen Bhagawati, eta sukaldaritzan Krishna. 2 urteko alaba dute.

Gustukoa dute hemengo kultura, eta baikor begiratzen diote etorkizunari. Bigarrenez parte hartuko dute Bizilagunak programan. "Etorkinak gara, baina guztiaren gainetik pertsonak gara, eta, alde horretatik, ez gara desberdinak: eskubide berberak ditugu", dio Krishna Rijalek, etziko bazkarira zergatik joango diren galdetuta.

Bhagawatik, berriz, bestelako motibazio bat du: "Niri jendea ezagutzea gustatzen zait. Lagunak behar ditut, familiak ezagutu kalera irteten garenerako".

Beren kultura ezagutzera eman eta, bide batez, hemengoan sakontzeko aukera paregabea iruditzen zaie biei etzikoa, eta horretarako gastronomia oso bitarteko egokia dela iritzi diote. Anfitrioi rola egokitu zaie aurten, eta menua argi dute jada: "Ogia, haragi arrautzaztatua, arroza, oilasko currya; eta, postrerako, jogurta, fruta eta mahaspasak; nola ez, guztia Nepalgo eta Indiako teak lagunduta".

Arkeologia ardatz Irunen

Amaitzear dago Irungo Oiasso Erromatar Museoak antolaturiko Bidasoko Nazioarteko XIV. Zinemaldi Arkeologikoa. Astebetean hamalau pelikula eman ostean, gaur programako azken lau filmak ikusteko aukera izango dute Irungo Ficoba erakustazokara joaten dir...

Irrien lagunak eta Afestta, bat eginik

Tourette sindromea gaixotasun arraro bat da, eta, gizartea sentsibilizatzeko helburuarekin, Irrien Lagunek eta Afestta gaixoen familien elkarteak jaialdi bat antolatu dute iganderako, Errenteriako Niessen aretoan. Dantza ikuskizuna egingo dute, hainba...

“Lasaitzeko gaitasuna eta irabazteko gosea behar dira dardotan”

Dardoen munduan modu naturalean barneratu bazen ere, Europako txapelketa batean parte hartu eta taldekako sailkapenean laugarren geratu zenean erabaki zuen Joseba Unanuek (Orio, 1978) dardo jokalari gisa zerbait egin zezakeela. Gaur egun, kirol federazio batek egin beharreko lanak hartzen ditu bere gain.

Dardo jokalari izatera nola heldu zinen?

Berez, ostalaritzan lan egin dut 17 urteez geroztik, eta 2004an taberna propioa ireki nuen. Dardo makina bat jarri nuen, eta han hasi nintzen zaletzen. Dardoen munduak esku pilotakoak bezala funtzionatzen du, enpresaka. Eta neure tabernan hamar urte egin eta gero, Connection Darts enpresak Gipuzkoan arduradun berria jarri nahi zuen, eta nitaz oroitu ziren, munduko hiru txapelketatan parte hartua nintzelako eta lurralde mailan jendeak ezagutzen ninduelako. Hasiera batean, kolaboratzaile modura soilik hasi nintzen, baina alaba jaio zen, eta enpresari esan behar izan nion ziurrenik utzi egin beharko nuela kolaboratzaile lana; tabernakoa eta dena egiteko ez nintzen moldatzen bestela. Orduan, enpresak apur bat itxaroteko esan zidan, proposamen bat egingo zidatela; eta, nire sorpresarako, halaxe izan da: lana eskaini didate.

Eta zer esan nahi du enpresa horren Gipuzkoako arduraduna izateak?

Ba, federazio batek egingo lukeen lana egitea: Gipuzkoa mailan jokalarien fitxak, taldekako inskripzioak eta abar koordinatzea. Makinen mantentzeaz ere arduratzen naiz, eta dardo jokalariek material eta ekipazio aldetik dituzten beharrak asetzea ere niri dagokit. Horrez gain, lau hilabetetik behin, lehiaketa nazional bat egoten da; eta ni arduratzen naiz jokalarien ostatuez eta inskripzioaz, besteak beste.

Noiz erabaki zenuen dardoen munduan serio sartzea?

Lehen aldiz Europako txapelketa batean parte hartzera joan ginenean, ezjakin modura joan eta laugarren postuan geratu ginen taldekako sailkapenean. Nik uste handik datorkidala afizioa, orduan pentsatu bainuen dardoen mundua gustatzen zitzaidala eta zerbait egin nezakeela.

Ingurukoek zer esaten dizute, friki bat zarela?

Batzuei arrantza gustatzen zaie, eta kapaz dira gau oso bat hotzez arrantzan pasatzeko, beste batzuei billarra gustatzen zaie... Niri dardoak, besterik gabe.

Las Vegasen (AEB) izan zara orain gutxi, munduko lehiaketan parte hartzen.

Bai, lehenik, Gipuzkoako txapelketan, Espainiako txapelketarako lekua irabazi behar izan nuen. Eta gero, Espainiako txapelketan garaile suertatuz gero, posible da munduko lehian parte hartzea. Nire laugarren munduko txapelketa izan da Las Vegaskoa; bi aldiz egon naiz Chicagon [AEB], eta beste behin Tokion [Japonia]. Munduko txapelketak gogorrak izaten dira, han gauden guztiok zerbaitegatik gaudelako, geure herrialdeko onenak garelako. Ez da egunero izaten aukera halako maila duten jokalarien aurka jokatzeko, eta esperientzia polita izaten da. Gu, gainera, ez gara profesionalak; dardotan hiru maila daude: profesionalak, masterrak —nire maila izango litzateke— eta amateurrak. Gure intentzioa etorkizun batean profesionaletara igarotzea da, baina, oraingoz, ekonomikoki ez da posible.

Las Vegasen hamaseigarren postuan geratu zinen, eta zure aurreikuspenak hobetu zenituen, ezta?

Bueno, Tokioko kasuan, finala galdu, eta bigarren geratu nintzen. Baina bai, gure aurreikuspena lehen 32en artean sartzea izaten da, top 32-edo deitzen dioten horretan. Hor sartuz gero izena erregistratuta geratzen delako eta sailkapenetan izena agertzeak ilusioa egiten duelako. Nitaz aparte, Lasarteko Jon Merino eta Urnietako Rafa Mellado zeuden. Egia da Las Vegasen hamaseigarren geratu ginela, baina han ze maila zegoen ikusita, zapore gazi-gozoarekin itzuli ginen, maila onean geundelako eta une jakin bateko okerrak gauzak asko alda ditzakeelako.

Orain gutxi, berriz, Espainiako txapelketa jokatu da Galizian, eta zuri antolakuntzan aritzea egokitu zaizu.

Bai, epaile lanetan aritu naiz, talde arteko liskarrak baretzen eta funtzionatzen ez duten makinez arduratzen, besteak beste. Gipuzkoako jokalarien zalantzak, arazoak eta abar konpontzea ere nire lana izan da.

Dardo makinak tabernetan irudikatu ohi ditugu. Lehiaketetan, nolakoa da ingurunea?

Asko aldatzen da; bereziki, asko aldatu da azken urteetan. Tabernetan bertan ere aldaketak izan dira, lehen tabernetan erre egiten zelako eta gaur egun ez; hori aldaketa handia izan da jokalari askorentzat. Orain, Espainiako, Europako zein munduko txapelketak kiroldegietan egiten dira, tabernetako ingurune horretatik irten eta kirol kutsu gehiago izan dezaten. Aldaketarik nabarmenena, hala ere, geroz eta dardo elkarte gehiago sortzen ari direla da.

Gipuzkoan ere gora egin du zaletasunak, ezta?

Aurten, adibidez, Errenterian sortu dute Gipuzkoako bigarren dardo elkartea; lehenengoak hamar bat urte izango ditu, eta Urnietan dago. Esan daiteke nahiko osasuntsu gaudela Gipuzkoan, betiere kontuan izanda hemen nolako kopuruetan mugitzen garen. 30 bat dardo jokalari egongo gara hemen, baina Madrilen eta Bartzelonan ehunka daude. Norbait dardotan aritzera animatuko balitz, gurekin harremanetan jartzea baino ez luke egin beharko; 630 95 87 39 telefonora dei dezake horretarako.

Zer izan behar da kontuan dardotan jokatzeko orduan?

Gaitasuna eduki behar da lasai egoteko, eta irabazteko gosea ere oso inportantea da. Kontzentrazioa ere bai, noski: imajinatu goizeko hamarretan jokatu duzula partida bat eta hurrengoa hamaiketan duzula; hori jakinda, kontzentrazioari eustea beharrezkoa da.

Hainbat modalitatetan joka daiteke: banaka, binaka, taldeka.... Zuk zer duzu nahiago?

Modalitate zailena taldekakoa da, emaitza ez dagoelako zure gain bakarrik, beste hiruk egiten dutenak ere asko esan nahi duelako. Baina, hor irabaziz gero, poza banaka irabazita baino handiagoa izaten da.

Punteria berezko ezaugarria izaten da, edo landu egin behar da?

Egia esan, batzuek gaitasun naturala izaten dute, baina landu ere egin behar da. Edonola ere, dardo munduan beharrezkoa da plazagizona izatea, oso ezberdina baita zeure tabernan, zeure lagunekin jokatzea edo txapelketa batean jokatzea, kontuan izanda ehun lagunetik gora begira dituzula.

Eta dardoa botatzerakoan begi bat ixtea ezinbestekoa da?

Kar, kar... Hobe ez ixtea, biak zabalik izatea. Ni horretan saiatzen naiz beti.

Amets zirkuaren azken emanaldia

Euskal Herrian zehar bira arrakastatsu bat egitea zuten amets, ehunka ikusle espero zituzten, txalo zaparradak entzuteko irrikan zeuden… Baina bakarrik geratu dira. Zirkua salgai jarri dute, eta azken emanaldia prestatuko dute. Ion Martinez (Donostia, 1980) eta Saioa Royo (Donostia 1975) aktoreek interpretatuko dute Azken eta Xorroxin pailazoen azken emanaldia, Usurbilen. Aldatzen Laguntzen konpainiako kideek zirku bihurtuko dute Aginagako eliza zaharra, Amets zirkoa salgai! obra aurkeztuko baitute han. 20:30ean hasiko da ikuskizuna.

Otorduetako postre gisa, jaia Viktoria Eugenian

Emakumeak dira gehienetan, eta gero eta gehiagotan, kanpotik etorriak. Haien kargu geratzen dira etxeko lanak eta adinekoen zein haurren zaintza. SOS Arrazakeriak etxeko langileak omenduko ditu hilaren 29an, Viktoria Eugenia antzokian, antolatu duen V...

Afinazioa

Afinazioa garrantzitsua bada, erritmoa eta doinuera ez dira gutxiago, musika kalitatez interpretatu ahal izateko. Maitasunez egiten denean, ordea, kalitateaz gain zirrara berezi bat iristen zaigu belarrietatik, gorputz osoa zeharkatzen duena: musika. Jaiotzen garenetik, asko edo gutxi, denon bizitzaren parte dena. Momentu onak eta txarrak sorrarazten dizkiguna. Festarako, dantzarako, lasaitzeko, negar egiteko… Inork imajina al dezake bere bizitza musikarik gabe? Edonora sartzen garelarik, dendara, trenera edota bankuetxera, musika dago airean, kalean.

Musika entzuteko, jotzeko, ulertzeko eta maitatzeko helburuarekin, musika eskolak sortu ziren gure herri eta hirietan. Haur, nerabe, heldu eta denontzat bilgune diren eskola hauetan norberaren mailara egokitutako hezkuntza eskaintzen da, afizionatu mailatik profesionaletara joan nahi duenari ere bideak irekiz. Musika irakasten ez den edo musika eskolarik ez duen herri gutxi izango da gurean.

Eta leihoa musikarekin ireki badut ere, zabaldu bezain pronto bere ondoan ikusi ditut dantzariak, antzerkilariak, bertsolariak eta margolariak ere. Izan ere, musika, dantza, antzerkia, bertsolaritza edota pintura bizirik dauden adierazpideak dira. Gure kultura eta nortasuna zabaltzen eta indartzen laguntzen dutenak, eta batzuek besteen beharra dutenak. Denon arteko elkarlanak, sorkuntza berriak, ikuspegi zabal bat erakusteko aukera eskaintzen digu. Doinuak, hitzak, erritmoak, eskuak, gorputza… Badugu zer ikasi eta zer ikusi, baina baita zer erakutsi ere!

Europako zenbait herrialdek arteari ematen dioten garrantziaz jabetzen bagara ere, hausnartu beharko genuke guk gure herrian zer nahi dugun: nolako eskolak nahi ditugun eta nola antolatuko diren; hezkuntza arautuak zenbateraino jorratu behar duen arte irakaskuntza; arte eskolak nola, noiz eta nork sortuko dituen… Aspaldiko kontuak direla pentsatuko dute askok. Eta egia da. Lan handia egiten da, eta proiektu asko maitasunez aurrera ateratzen dira. Herri honetan badago gaitasuna.

Horregatik, sinetsi nahi dut gauzak inoiz aldatuko direla. Diru laguntzak indartu eta kultur politikak politikarien agendetan egongo direla, azpiegitura erraldoien ordez. Eta egiten denari behar duen tokia emango zaiola. Krisiaren izenean inork ez dizkigula ametsak eta harmonia hautsiko. Sinetsi beharra dugu, melodia batean bezala, doinuak bere tokian, denak erritmo berean goazela eta azken nota batera eta afinatua emango dugula.

‘Lillonarios’: izango ez dena

Gogoan dut ezagun batek esan zidala nola, egun motela gurutzatzen zitzaion bakoitzean, aldartea suspertzeko bere ezkontzako erretratuei begiradatxoa botatzea nahikoa zuen. Egokia iruditu zitzaidan norberaren tristezia kontsolatzeko makina edukitze hor...