Sailkatugabeak

10.000

kontsultaren aldeko mosaikoa egin zuten pertsonakJoan den larunbatean, Kataluniako kontsulta subiranistaren bezperan, mosaiko erraldoia osatu zuten 10.000 lagunek Zurriolako hondartzan (Donostia), Gure Esku Dago egitasmoak deituta. Herri katalanari el...

30 urteko uhin askeak

Txapa irratiak 30 urte bete ditu. Horrek esan nahi du 262.800 orduko programazioa ondu dutela orain arte. "Erraz zenbatzen dira, baina bada marka", diote irratiko arduradunek, hedabidearen webgunean. Txapa irratia 1984ko ekainaren 23an sortu zuten. Ha...

Afinazioa

Afinazioa garrantzitsua bada, erritmoa eta doinuera ez dira gutxiago, musika kalitatez interpretatu ahal izateko. Maitasunez egiten denean, ordea, kalitateaz gain zirrara berezi bat iristen zaigu belarrietatik, gorputz osoa zeharkatzen duena: musika. Jaiotzen garenetik, asko edo gutxi, denon bizitzaren parte dena. Momentu onak eta txarrak sorrarazten dizkiguna. Festarako, dantzarako, lasaitzeko, negar egiteko… Inork imajina al dezake bere bizitza musikarik gabe? Edonora sartzen garelarik, dendara, trenera edota bankuetxera, musika dago airean, kalean.

Musika entzuteko, jotzeko, ulertzeko eta maitatzeko helburuarekin, musika eskolak sortu ziren gure herri eta hirietan. Haur, nerabe, heldu eta denontzat bilgune diren eskola hauetan norberaren mailara egokitutako hezkuntza eskaintzen da, afizionatu mailatik profesionaletara joan nahi duenari ere bideak irekiz. Musika irakasten ez den edo musika eskolarik ez duen herri gutxi izango da gurean.

Eta leihoa musikarekin ireki badut ere, zabaldu bezain pronto bere ondoan ikusi ditut dantzariak, antzerkilariak, bertsolariak eta margolariak ere. Izan ere, musika, dantza, antzerkia, bertsolaritza edota pintura bizirik dauden adierazpideak dira. Gure kultura eta nortasuna zabaltzen eta indartzen laguntzen dutenak, eta batzuek besteen beharra dutenak. Denon arteko elkarlanak, sorkuntza berriak, ikuspegi zabal bat erakusteko aukera eskaintzen digu. Doinuak, hitzak, erritmoak, eskuak, gorputza… Badugu zer ikasi eta zer ikusi, baina baita zer erakutsi ere!

Europako zenbait herrialdek arteari ematen dioten garrantziaz jabetzen bagara ere, hausnartu beharko genuke guk gure herrian zer nahi dugun: nolako eskolak nahi ditugun eta nola antolatuko diren; hezkuntza arautuak zenbateraino jorratu behar duen arte irakaskuntza; arte eskolak nola, noiz eta nork sortuko dituen… Aspaldiko kontuak direla pentsatuko dute askok. Eta egia da. Lan handia egiten da, eta proiektu asko maitasunez aurrera ateratzen dira. Herri honetan badago gaitasuna.

Horregatik, sinetsi nahi dut gauzak inoiz aldatuko direla. Diru laguntzak indartu eta kultur politikak politikarien agendetan egongo direla, azpiegitura erraldoien ordez. Eta egiten denari behar duen tokia emango zaiola. Krisiaren izenean inork ez dizkigula ametsak eta harmonia hautsiko. Sinetsi beharra dugu, melodia batean bezala, doinuak bere tokian, denak erritmo berean goazela eta azken nota batera eta afinatua emango dugula.

‘Lillonarios’: izango ez dena

Gogoan dut ezagun batek esan zidala nola, egun motela gurutzatzen zitzaion bakoitzean, aldartea suspertzeko bere ezkontzako erretratuei begiradatxoa botatzea nahikoa zuen. Egokia iruditu zitzaidan norberaren tristezia kontsolatzeko makina edukitze hor...

Berdintasunezko hitzak Arrasaten

Iragan den azaroaren 1ean ireki zuten estreinakoz Arrasateko Bibliotekan Itsaspeko bihotzak, Galtzagorri elkartearen areto literario berria. Aitziber Alonsok, Mireia Delgadok eta Miren Guillok diseinatu eta zuzendutako areto horrek, irakurtzeko zaleta...

Produktuen freskotasuna, bertatik bertara, urtaro guztietan

Hogeita hamargarren urtemuga ate-joka du Iturri kontserba lantegiak. 1985ean sortu zen, eta, egun, tradizioz beteriko familiarteko enpresa da, Arroitzen kokatua, Lizarran (Nafarroa). Askotariko kontserba produktuak saltzen dituzte bertan: barazki menestrak, lekak, porruak, txanpiñoiak, zerbak, karduak, borrajak... Baina hiru produktu dira Angel Iturri saltokiko arduradunak besteen gainetik nabarmentzen dituenak: zainzuriak, alkatxofak eta pikillo piperrak. "Gure produktu izarrak dira, jendeak gehien erosten dituenak".

Erosle horiek Euskal Herri osotik etorritakoak direla esan du Iturrik, Arroitzera "turismo gastronomikoa" egitera iristen direnak. "Jende asko etortzen da inguru honetara asteburua pasatzera, eta gure saltokira etortzen badira, beti eramaten dute zerbait. Erabiltzen dugun materiala freskoa da, hemen gertukoa, Lizarrakoa. Ia den-dena Nafarroan ekoitzia da. Badira barazki menestrak erostera etortzen direnak, baina %80k zainzuriak, alkatxofak eta pikillo piperrak erosten dituzte. Neurri ezberdineko poteak aurki ditzake hona etortzen denak".

Izan ere, Iturrik azaldu duenez, zainzuriek harreman estua dute Arroizko herriarekin. Gaur egun bezala, 1980ko hamarkadako erdialdean ere bolo-bolo zebilen krisi hitza, eta Arroizko Udalak herriko hainbat lursail langabezian zeuden herritarrei utzi zizkien, batik bat zainzuriak landatzeko. Kantitate handiak ekoitzi ziren urte haietan, eta Iturrik kontserba lantegi bat sortzeko aukera ikusi zuen. "Zainzuria betidanik izan da etxe-etxekoa, baina urteekin bestelako produktuak ere ekoitzi ditugu".

Egun, produktu ekologikoekin ere aritzen dira lanean. Besteak beste, artoa, ilarrak, zainzuriak eta perretxikoak. "Hasieran, zalantza egiten nuen, baina, lagun batzuek aholkatuta, aurrerapausoa ematea erabaki nuen. Askotariko produktu ekologikoak probatu ditugu, eta ikusi dugu gutxika-gutxika gero eta arrakasta handiagoa izaten ari direla. Uste dut garai ona dela produktu ekologikoen aldeko apustua egiteko. Oraindik bide luzea geratzen da aurretik, ohiko produktuen salmenta kopuruetatik oso urruti direlako ekologikoak, baina uste dut diferentzia horiek murriztuz joan daitezkeela".

Kontserba produktuei esker, gainera, sasoiz kanpoko jakiak fresko kontsumi daitezke, modu eroso eta errazean. Idealena produktu freskoak kontsumitzea dela dio Iturrik, baina nabarmendu du produktu horiek hamabost-hogei bat egun irauten dutela. "Produktu freskoak dira onenak, zalantzarik gabe. Baina urteko gainontzeko egunetan modu eroso eta osasungarrian jateko, kontserba produktuak oso lagungarriak dira. Jendeak gero eta gehiago erosten ditu, batik bat ekologikoak".

Egosketa puntua

Teknologiarik aurreratuenaz baliatzen da Iturri kontserba lantegia esterilizazio prozesuak "modurik fidagarrienean" gauzatzeko. Horretarako, San Adriango (Nafarroa) Ebro laborategian erabiltzen dituzten jarraibideak hartzen ditu aintzat Iturrik. "Laborategian eredu batzuk erakusten dizkidate, fidagarritasun berme bat izateko. Hortik aurrera, produktu bakoitzarekin saioak egin izan ditut, bakoitzari bere puntua aurkitzeko. Izan ere, produktu bakoitzak bere egosketa puntua dauka. Azkenean, probak eginda, neure fitxa teknikoa osatuz joan naiz, hasierako jarraibideari ukitu txiki batzuk emanda. Betiere, berme horrekin".

Iturriren esanetan, esterilizazio prozesu horretan produktuak beti galduko ditu propietateak, nahiz eta egindako saioen eraginez galera hori txikia den: "Esterilizazio prozesuek, oro har, produktua zigortu egiten dute. Horregatik, probak eginez ahalik eta kalitaterik handiena duen produktua ekoizten saiatzen gara".

Eskura dauden harribitxiak

Gipuzkoako ondarea ezagutzeko aukera zabala dago asteburu honetan, Ondarearen Nazioarteko Eguna dela eta. Museoei dagokienez, hauek egongo dira zabalik: Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri museoa eta XVI. mendeko eliza, Ormaiztegiko trenzubia eta eliza, Zumarragako Antio ermita, Beasaingo Igartza monumentu multzoa, Azkoitiko Iraurgiko San Martin ermita, Zestoako tren geltoki zaharra, Bergarako San Pedro elizaren bobeda, Laboratorium museo proiektua, Irungo Oiasso museoa eta Miazuri meategia, Hondarribiko Rameri jauregia, eta Oñatiko Arrikutz koba eta Sanctis Spiritus unibertsitateko kapera.

Gipuzkoako beste hainbat harribitxitako ateak ere zabalduko dituzte asteburuan. Batetik, Oñatiko Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikorako bisita gidatua antolatu dute biharko, 11:00etan euskaraz eta 12:30ean gazteleraz. Bestetik, Tolosako Gipuzkoako Artxibo Orokorrerako bisita gidatua antolatu dute biharko, 11:00etan euskaraz eta 12:30ean gazteleraz.

Irungo Dendrokonologia laborategiak ere ateak irekiko ditu bihar. Josue Susperregik emango ditu azalpenak. Eta, azkenik, Zestoako Irikaitz aire zabaleko aztarnategira bisita egiteko aukera ere izango da bihar 11:00etan, Alvaro Arrizabalagaren laguntzaz.