Sailkatugabeak

Nortasunari buruzko hausnarketa

Asier Zabaletak bere herriarekin aurrez aurre jarri eta hainbat aitorpen egiteko beharretik sortutako lana da NAN; dantza garaikidea, testua, bideoa eta zuzeneko musika uztartuz nortasunaren eta nazionalitatearen mugetatik at eginiko bidaia eszenikoa. Iñar Sastre piano jotzailearen laguntzarekin, besteak beste herria, nazioa eta aberria kontzeptuen inguruan hausnartzeko gonbidapena egiten dute Ertza dantza taldeak eta Asier Zabaletak, koreografien bitartez.

'NAN'

Gaur, 20:30ean, Tolosako Leidor antzokian.

Oparitutako bizi tantak

Hamabi urte zituela, auto istripu larria izan zuen Iñaki Mikeok. Odol asko galdu zuen ezbeharrean, baina bizirik atera zen, besteak beste, ebakuntza egin ziotenean beste batek emandako odol poltsak zituztelako ospitalean. 2009tik hona, "zor hura bueltatzeko", urtean hiruzpalau aldiz ematen du odola Mikeok.

Hura bezalako jende altruista ugari joaten da, egunero-egunero, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartera, Donostiako Artzain Onaren plaza ondoan dagoen egoitzara. Kanpotik antzeman daiteke zein den egoitza, kristalaren kanpoan itsatsirik dagoen tanta gorriari esker. Mahai gainean, gutun azal batean gordeta, diploma sorta handi bat du gordea Koro Zinkunegi erizainak. Elkarteak mende erdia bete du aurten, eta urte hauetan odola gutxienez ehun aldiz eman dutenak omenduko dituzte. Larunbatean izango da omenaldia, Kursaalean, 17:30etik aurrera; luntx batean elkartuko dira esperientziak trukatzeko, eta Donostiako Orfeoiak kontzertua eskainiko du.

"Hainbeste diploma ikusita, pentsatu zenbat jendek ematen duen odola. Behin hona etortzen dena normalean berriz bueltatzen da", dio Zinkunegik. Goizetan, ordurik hartu gabe, nahi duen oro joan daiteke egoitzara. Hiru baldintza bete behar dira: 18 eta 65 urte bitarte izatea, 50 kilotik gora pisatzea eta osasuntsu egotea. Behin barrura sartuta, medikuek elkarrizketa bat egiten diote emaileari, tentsio arteriala hartu eta osasun egoera aztertu. Bost minuturen ostean prest da emailea odola ateratzeko.

Mikeoren esanetan, ez du lan handirik ematen odola ateratzeak. Ezta minik ere. "Hamar hamabi minutuko kontua da; ez da batere kostatzen urtean hiru-lau aldiz hona etorri eta odola ematea. Ni bizirik nago, hain justu ere, jendeak odola ematen duelako. Denok egin beharko genukeen zerbait da, oso baliotsua izan daitekeelako beste batentzat".

Arratsaldetan, aldiz, ordua hartuta daukaten emaileak joaten dira egoitzara, batik bat plasmaferesi, plaketoferesi eta osagai anitzeko aferesi emaileak direnak. Emaile horiei makina bati konektatuta ateratzen diete odola, eta prozedurak ordubete inguru irauten du. Metodo horren bidez, odolaren osagai bat edo batzuk bereizten dira: plaketak, plasma eta globulu gorriak. Plaketek minbizia, transplanteak eta odol gaixotasunak tratatzeko balio dute; plasmak, berriz, erredurak, koagulazio aldaketak, gibeleko gaitzak eta odol jario handiak tratatzeko; eta globulu gorriek, kirurgia, traumatologia eta anemiak tratatzeko. Hala, soilik plasma ateratzen zaion emailea plasmaferesi emailea izango da.

Kontzientzia altruista

Iñigo Campo, adibidez, plaketoferesi emailea da. Plaketen funtzio nagusia odolaren koagulazioa indartzea da. Duela hamar urte hasi zen odola ematen, eta urtero hiru-lau aldiz egiten du. Camporen kasuan, ez du sekula inoren odolik behar izan, ezta senide edo lagunek ere. "Duela hamar urte, kanpaina bat hasi zuten Donostiako auzoetan, eta ama eta anaiekin batera animatu nintzen. Bizpahiru urtez aritu nintzen odola ematen. Denbora bat egin gabe egon ostean, duela hiru urte berriz hasi nintzen. Eta azkenean, aferesi bidezko odol osagaien emateaz hitz egin zidatenean, prest agertu nintzen. Modu horretan odol ematea osoagoa da, eta jende gehiagori lagundu diezaiokezu,,denborari ordu eskas bat lapurtuta". Aferesi bidezko emanaldi bakarrean plaketen dosi oso bat lortzen da, eta ohiko odol emateen bidez dosi bera lortzeko bost zati batu behar dira. Makinara konektatuta ordubete egon arren, gustura egoten dela dio: "Profesional asko dituzu inguruan; ondo zaintzen zaituzte. Beraz, gustura egoten naiz. Hasierako ziztada txikia baino ez da. Laguntza eta esfortzu txikiarekin jende asko lagundu dezakezu".

Campok altruismoarekin kontzientziatuta dagoela dio. Orain dela bi urte, hezur muinaren emaile ere egin zen: "Hori ere laguntzeko beste modu bat da. Donazio banku batean sartzen zara, eta norbaitek Winsconsinen edo Errenterian hezur muin bat behar badu, minbizia arazoengatik, prest egongo nintzateke laguntzeko". Campo sarri saiatu izan da lagunak konbentzitzen. Emaztea ere odol emailea da. "Batek daki biharko egunean auto istripu bat izan eta inoren odola beharko duzun. Azkenean, helburua beharra duten pertsonei laguntzea da".

Mikeo ere ahalegintzen da odol emaile egiteko zalantzan dauden ingurukoei azken bultzada ematen: "Baten bat animatu izan da, baina beste batzuei, beldurragatik edo, azken pausoa ematea kostatzen zaie. Informazio falta ere izan daiteke, azkenean konturatzen zarelako oso esfortzu txikia egin behar duzula. Baina uste dut jende askok ematen duela odola. Agian ez dira hona etortzen, baina uste dut beren lantegitik-eta pasatzen direnean asko animatzen direla odola ateratzen". Izan ere, egoitza nagusia Donostian izan arren, unitate ibiltariek Donostia osoa zeharkatzen dute. Eta arratsaldero bi furgoneta ateratzen dira Gipuzkoako herrietatik, egunero tokiz aldatuz. Goiz batzuetan, astean hiru aldiz, enpresa, eskola eta unibertsitateetara ere iristen da Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko furgoneta.

Odol ematea bukatu ostean, Mikeo eta Campo mahaiaren alde banatan eseri dira. Indarberritzeko, ura, tea eta mokadutxo txikiak dituzte. Ateratzerako, emakume bat sartu da barrura, emango duen odolarekin norbaiti lagunduko dion itxaropenarekin.

Irrien Lagunen azken abentura, Anoetan

Musika eta dantza bidelagun hartuta, mundu osoko kulturak, hizkuntzak eta ohiturak ezagutzeko aukera eskainiko dute bihar Irrien Lagunak klubeko pertsonaiek: Largabista, Marikalanbre, Tiritatxo eta beste asko joango dira Anoetako frontoira, Irri herri...

40

EKINTZA EGITASMOAN

Ezkio-Itsaso, Legazpi, Beasain, Ormaiztegi, Tolosa, Zumarraga, Azkoitia, Getaria, Zestoa, Bergara, Oñati, Hondarribia eta Irun: herri horiek parte hartu dute Ondarea Bertatik Bertara egitasmoan.

Bihar eta etzi. Bihar goiz eta arratsaldean eta igande goizean dira ekintzak. Zenbait ekintzatan, izena ematea komeni da.

“Euskaldun berri zaharrak”, entxuferik gabe

Rockeroek egin ohi duten modura, lan arrakastatsuenekin bilduma bat osatu dute Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek: Desentxufatuak. Duela ia 11 urte estreinatu zituzten Euskara sencilloaren manifiestoa eta Larru haizetara lanen zati onenen bild...

Ondarea bertatik bertara ezagutuz

Etzi, azaroaren 16a, Munduko Ondarearen Nazioarteko Eguna da. Egun horren aitzakian, aurten lehenengo aldiz, Ondarea Bertatik Bertara egitasmoa prestatu du astebururako Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak. Gipuzkoako udalekin, museoekin, Arkeolan...

Neguaren atarian, etxerik hotzena

Kale gorrian edo leku ez-duinetan lo egiten duten pertsonak zenbatu zituzten urriaren 29ko gauean Araba, Bizkai, Gipuzkoako hamar biztanleria nukleo handienetan. Gipuzkoan, bi udalerritan egin zuten kontaketa, Donostian eta Irunen eta, denera, 126 pertsona aurkitu zituzten gaua igarotzeko etxerik gabe; 87 Donostian eta 39 Irunen.

Bizitegi bazterketa larrian dauden pertsonen inguruko bigarren azterlana izenpeko ikerketa argitara emango du Eusko Jaurlaritzak 2015ean, eta horren harira egin dituzte zenbaketak udalerrietan. Udalen gizarte ongizate arloen, Eudelen eta tokian tokiko elkarteetako boluntarioen laguntza jaso du Jaurlaritzak. Kalean lo egiten duten pertsonen baldintza soziodemografikoak eta beste hainbat datu ezagutzea da azterlanaren helburua.

Zenbaketaren garapena

150 boluntariok parte hartu zuten Donostiako zenbaketan, eta 65ek Irungoan. Taldeka banatu, eta talde bakoitzari auzo baten planoa eman zioten. Horrez gainera, kalean lo egin behar zuten pertsonak elkarrizketatzeko galdetegi bat eraman zuten boluntarioek.

Josune Zubillaga Rais Fundazioko boluntarioak Donostiako Amara Berri-Morlans eremuko kontaketan parte hartu zuen. "Sei boluntario ibili ginen. Denak elkartu, eta bagenekien zein kaletan begiratu behar genuen", azaldu du boluntarioak. Kalean lo egin behar zuen jendea identifikatzen saiatu ziren lehenengo, "non zeuden, nola zeuden, poltsarik zeramaten", eta, ondoren, gerturatu eta "galdetegia erantzun nahi zuten galdetzen genien, zertarako zen azaldu...". Hala, gehienak erantzuteko prest agertu ziren: "Hurbildu, aurkezten ginen, esaten genien anonimoa zela, eta ea prest zeuden erantzuteko, eta ez genuen inolako arazorik eduki, betiere errespetu handiz, eta haiek ere errespetu handiz erantzun ziguten".

Irungo San Migel Auzo Elkarteko presidentea da Maria Jose Barral, eta hark ere boluntario gisa parte hartu zuen kontaketan. Irunen metodologia bera erabili zuten, eta, haren kasuan, San Migel auzoan kalean lo egiten duten pertsonak identifikatzea egokitu zitzaion. "Bi gizon aurkitu genituen Antzarango arkupeetan. Beste leku batzuk identifikatuta genituen arren, horietan ez genuen inor aurkitu". Galdetegia erantzuteko prest agertu ziren hasieran bi gizonak, baina, hala ere, galderen erdia egin ondoren, gehiago ez zutela erantzun nahi adierazi zuten.

Era berean, lo zeuden etxe gabekoak ez esnatzeko agindu zieten boluntarioei, baina behaketa fitxa bat bete behar zuten kasu horretan, eta sexua, adina, osasun egoera, garbitasuna... zehazten saiatu behar zuten.

Lehen emaitzak

Bildutako datuen arabera, Amara Berri, Loiola eta Martutene inguruan aurkitu zuten jende gehien Donostian, 33 pertsona denera. Intxaurrondon, Altzan eta Bidebietan 22 zenbatu zituzten; Parte Zaharrean eta Erdialdean 20; Grosen eta Ulian 10; eta Antiguan eta Añorgan, 2 pertsona. Horien artean, 65 gizonezkoak ziren eta 8 emakumezkoak. Lo zeuden beste 14 pertsonen sexua zehaztea ezinezkoa izan zen.

Irungo Udalaren Gizarte Ongizate arloak ez du eman auzoz auzoko daturik. Hala ere, jakinarazi du kale gorrian aurkitu zituzten 39 pertsonetatik 32 gizonak zirela eta 7 emakumeak. Horrez gain, 15 pertsona bide publikoan lotan ari zirela, eta beste 24 "etxebizitza gisa egokitu gabeko lekuetan" zeudela zehaztu du tokiko gobernuak.

Hala, zenbait lekutan kontzentrazio handiagoa edo taldeka lo egiten duten galdetuta, Donostian Morlansen batez ere herritar gehiago topatu zituztela adierazi du Zubillagak, "Amaran sakabanatuta zeuden aterpeetan, etxeetako atarietan, kaleko eserlekuetan... Eguraldi ona egiten zuen, tenperatura ere ona zen, eta horrek eragina dauka".

Barralek, bestalde, Irungo Belaskoenea auzoko enpresa baten barruan, ustez 30 bat pertsonak aterpe hartzen dutela adierazi du, "baina aginduetako bat zen leku pribatuetan ez sartzea".

Horiek horrela, zaila da profil jakin bat zehaztea bi boluntarioen aburuz. Zubillagak 2012ko zenbaketan ere parte zuen, eta, haren arabera, "denetarik dago, arrazoi askotarikoengatik daude kalean". Droga menpekotasuna, langabezia, egoera ekonomikoa edo familiartekoa... izan daitezke arrazoi horietako batzuk.

Barralek, bestalde, ez du profil jakinik zehaztu ahal izan, eta, gainera, egia ez zietela esan uste du. Izan ere, "hiru egunerako zeudela esan ziguten, baina gurekin boluntario gisa zegoen emakumeetako batek inguruan lan egiten du, eta esan zigun dagoeneko 15 egun zeramatela han".

Segurtasunik eza

Kale gorrian bizi diren herritarrak udalerri edo auzo batetik bestera migratzen dute batzuetan, Zubillagak dioenez. Haren ustetan, "segurtasun faltak" eragiten du mugimendu hori. Segurtasunik ezaren aurka aterpetxeak erabiltzea aukera bat izan daitekeen arren, batzuek hara ez jotzea erabakitzen dutela iritzi dio Zubillagak. "Beste batzuk ez dira sartzen, aterpetxe bakoitzak bere baremoak dituelako eta larrialdi egoeraren arabera baldintzak daudelako". Horregatik, pertsona batzuen egoera lehenesten da, eta, gainera, "segun eta zein egoeran dauden ere ezin dira sartu".

Irunen ez dago halakorik, eta tenperaturak 5ºC-tik behera egiten duenean, larrialdi zerbitzua eskaintzen zaie. Alde horretatik, EH Bilduren Udal Taldeak Martindozenea Aterpetxea proposatu du aste honetan gaiari irtenbidea emateko lehen urrats gisa. Izan ere, egoera zailean bizi dira herritar ugari gaur egun. Eusko Jaurlaritzaren pobreziaren eta ongizate faltaren azken ikerketaren arabera, 2008an krisia hasi zenetik, %42 igo dira pobrezian dauden biztanleak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %16,4k ongizate falta pairatzen dute.