Sailkatugabeak

Barrutiak vs parte-hartzea

Donostiako Udaleko oposizioko hiru taldek (PSE-EE, PP eta EAJk) hirian lau barruti sortzeari buruz eztabaidatzeko eta onartzeko egin duten proposamena urriaren 30eko osoko bilkurako gaia izan zen.Hiriak antolatzeko modua auzo bidezkoa dela nabarmendu...

Osatu, osotu, trinkotu

Zer ote dute udazken eta udaberriko asteburuek plan, ekintza eta erreibindikazioz beteta daudela? Biharko, Gure Esku Dago-koek mosaiko erraldoia antolatu dute Zurriola hondartzan Katalunian etzi egingo den kontsultari babesa adierazteko asmotan, goizean. Arratsaldean, berriz, Ziburun Kaskarotenea ikastolaren aldeko manifestazioa izango da. Gauza gehiegitxo larunbat bakar batentzat, nire iritzirako.

Hau da, koordinazio pixka bat beharrezkoa litzateke, bakoitzak bere astoari arre esan beharrean eta besteei hor konpon. Arrain txikien kasuan bai, handiari begiratzen zaio, handiak (edo handiaren ekitaldiak) txikiarena jan ez dezan. Hori ez da ez trinkotzea, ez herria egitea, kohesioa lortzea. Ez genuke jardun beharko elkarri begira, elkarri entzunez, denok garrantzitsu?

Larregitan ibiltzen gara epe laburreko kontuetan, beharbada gure egoera prekarioagatik, eta maiz erantzuna brastakoa izan behar delako, azken orduko larrialdi eta injustiziei erantzuna emateko. Baina horrek hustu eta higatu egiten gaitu, eta behin baino gehiagotan lepoa moztutako txitak bezala gabiltza, nora ezean gauzak eta ekimenak egiten, pentsatu gaberik, egin egin behar delako...

Herri santu/madarikatu honetan (aukeratu zuk, irakurle, gehien gustatzen zaizun adjektiboa), uste dut, gainera, sarri askotan kanpora gehiegi begiratzen dugula, barrura begiratu beharrean. Kanpolarrosa samarrak garela, alegia; horrek dakarren guztiarekin: etxekardo izatea, edo nahiago baduzue, etxekalte. Baina gure kanpoeder izaera hori ere ez dugu ondo erabiltzen, kopiatzen ere ez dakigu eta! Kataluniari begiratzen diogu, baina ez gara gai han sortu dutena hemen berregiteko, handik ikas genezakeena ondo inportatzeko.

Katalunian jendeak egin du bultza, behetik gora, trinkotuta eta elkartuta. Baina gurean ez ote gaude zatikatuegi? Ez ote ditugu besteak susmagarritzat hartzen? Gure lakoak ez direnei —ez soilik politikoki— ez ote diegu autentikotasunaren labela ukatzen? Oso sakabanatuta gaudelakoan nago. Alde batetik estatuen arteko zorigaitzeko muga hori, elkarri begiratu beharrean elkarri bizkarra emanda bizitzera kondenatu gaituena, oraindik ere Euskal Herri kontinentaleko euskaldunak exotiko eta berezitzat hartzera garamatzana penintsularrok. Ahaztu barik probintzianismo merkea, hondartza-txizati eta onddo-lapur etiketapean sailkatzen gaituena, guipuchi eta vizcaino, faltsuak eta kortesak, elkar ezagutu barik batak bestearenganako mesfidantzaz. Eta futbola aipatu gabe, askorentzat hori baita herri bakarra… Horrela nola egin (ab)herria, nola osotu komunitatea?

Hala eta guztiz ere, dena ez da izango kritika, hausnarketarik eza eta irreflexioa. Badugu ekimen zoragarri bat —ez da bakarra, baina bai agian berriena—, herria egiten ari dena, osatzen, elkarri begira jartzen gaituena, aurrez aurre, mapa erditik tolestu eta elkarri muin emateko moduan, Errigora, alegia: gure hegoalde fisikoko ekoizleei erosi, bitartekaririk gabe, eta etekinak atzera ere inbertitu hantxe, euskararen alde. Bertako produktuak bultzatu, ingurunea zaindu, bertan lanpostuak mantentzen lagundu eta euskara indartu, era xumean eta gozoan, tripa bete eta animoa goratu. Hala bai osatu, osotu eta trinkotu.

Inprobisazioa, sarerik gabeko jauzia

Euskal kanten inguruko inprobisazio saio bat da Piano bat bertsotan, musikarekin ere inprobisa baitaiteke, bertsolaritzan bezala. Hala, ikusleek era aktiboan parte hartu behar dute ikuskizunean: haiek dira gai-jartzaile bakarrak. Aretora sartu ahala, ...

“Pena da andre gehiago ez ikustea”

Mende laurden bat darama Rosa Luenak (Andoain, 1965), hutsik egin gabe, Behobia-Donostia lasterketan parte hartzen. Urtero lortu du hogei kilometroko ibilbidea osatzea, eta hala jarraitzea espero du urte luzez, lesioek arazorik ematen ez dioten bitart...

Hiria eskuairaz antolatzen

Parte Zaharra, Loiolari eta Martuteneri lotuta; Antigua, Añorgaren eta Zubietaren multzo berean; Gros, Ulia eta Ategorrietarekin batera... Donostia lau zatitan banatzea proposatu dute PSE-EE eta PP alderdiek. Zehazki, puzzlea osatzen duten hemezortzi auzo eta herriak 40.000 eta 60.000 biztanle arteko lau multzotan sailkatu nahi dituzte: ekialdeko barrutia —Altza, Intxaurrondo, Bidebieta eta Mirakruz auzoek osatutakoa—; erdialdeko eta hegoaldeko barrutia —Parte Zaharra, Erdialdea, Amara, Loiola eta Martutene—; mendebaldeko barrutia —Añorga, Antigua, Aiete, Ibaeta, Igeldo, Miramon, Zorroaga eta Zubieta—; eta ipar-ekialdeko barrutia —Ategorrieta, Ulia, Egia eta Gros—.

Egitasmoak lehen oztopoa gainditua du indarrean sartzeko: iragan urriaren 30ean, proposamena osoko bilkuran aurkeztu zuten oposizioko alderdiek, eta aurrera atera zen PSEren, PPren eta EAJren botoekin — jeltzaleen zuzenketa batzuk araudiaren azken zirriborroan sartu ostean egin .

Helegiteak aurkezteko epea zabalik da orain, baina, ezusterik ezean, agintaldia amaitu baino lehen aplikatuko da Donostiako Barrutien Araudi Organiko berria.

Eta zertarako behar ditu barrutiak 180.000 biztanle inguruko hiri ertain batek? Ernesto Gasco PSEren Donostiako Udaleko bozeramailearen ustez, "udal administrazioa deszentralizatzeko" eta "hiritarren partaidetza errazteko". Sozialisten irudiko, administrazioaren eta biztanleen arteko harremana gertukoagoa eta zuzenagoa izango da egitura berriari esker: "Orain arte, udalera hainbat tramite egiteko jotzen zuten auzo elkarteek lauzpabost zinegotzirekin hitz egin behar izaten zuten. Hemendik aurrera, barruti bakoitzak hizketakide bakarra izango du udalarekin afera guztietarako".

PSE, PP eta EAJren proposamenaren arabera, hamabost kidez osatutako udal batzorde bat arduratuko da barruti bakoitza administratzeaz. Alkateak izendatutako zinegotzi bat izango da batzordeko presidente, eta, horrez gainera, presidenteorde bat eta hamahiru batzordekide hautatu beharko dira —bost zinegotzi, barrutiko auzo elkarteko lau ordezkari, eta beste lau, auzoetako erakundeek izendatuak—. Hiriko aurrekontuen zati bat kontrolatuko du barruti bakoitzak (%5 inguru), auzoen beharrei erantzuteko.

Gascoren esanetan, erabaki garrantzitsuak "auzokideen esku" uztea ekarriko du horrek: "Autonomia handiagoa izango dute auzoek. Kultur etxeak, kiroldegiak, lorategi eta parkeak, mantentze lanak, garbiketa, zirkulazioa... Haientzako lehentasuna duten proiektuei dirua emateko aukera zabalduko zaie".

Udal gobernu taldearentzat, berriz, oposizioko hiru alderdiek adostutako proposamenak ez dio erantzuten administrazioa herritarrei gerturatzeko borondateari. "Horren adierazle argigarriena zera da, lege egitasmo hau herritarren eta auzo elkarteen bizkar garatu dela", salatu du EH Bildu koalizioak, ohar batean.

Egitasmoa udalbatzan bozkatu zen egunean bertan, araudia erretiratzeko eskatu zuen Parte hartze zinegotzi Axier Jakak, eztabaida prozesu bat abiatu ahal izateko: "Azkar batean egin da proposamen hau, bizilagunei bizkarra emanda, eta ez ditu auzoen berezitasunak errespetatzen". Jakaren arabera, udala eta herritarrak hurbildu beharrean, urrundu egingo ditu hiria barrutitan banatzeak: "Administrazio egitura berri bat sortuko dute, udalaren eta hiritarren artean".

PSEren bozeramailearentzat, ordea, ez du zentzurik auzoen izaera propioa aldarrikatzeak: "Gaur egun, auzo guztiak daude egitura administratibo berean elkartuta. Finean, denok gara donostiarrak".

Egitasmoaren atzean egon daitezkeen xede eta arrazoiei buruz ere luze eta zabal eztabaidatu dute alderdiek orain arte. EH Bilduko ordezkarien ustez, PSEk, PPk eta EAJk herritarren partaidetza "oztopatu" nahi izan dute. "Administrazioa herritarrei zabaldu eta partaidetza sustatzeko eraldaketa sakona gauzatzen ari da Donostian azken urteotan. Erreferente bilakatu da euskal hiriburuen artean. Bidea zangotrabatzea bilatzen dute oposizioko alderdiek, herri partaidetzaren eremuan atzerapausoak egin ditzagun", azaldu da koalizioak zabaldutako oharrean. Araudi berria "hauteskundeei begira" aurkeztea ere leporatzen die PSE, PP eta EAJri.

Salaketa horrekin bat egin dute Donostiako hogei auzo elkartek, egitasmoari eginiko kritikan. "Harrigarria iruditzen zaigu, proposamenak oinarri duen araudia 2003koa izanik, hauteskundeetarako hilabete gutxi falta direnean premiaz aurkeztea halako ekinbide bat", esan dute elkarteek, guztiek sinatu duten idazki batean.

Gascok ukatu egin du bere proposamenak kutsu elektoralista duela: "Hemezortzi hilabete daramatzagu gai honekin bueltaka, eta denbora horretan ezer gutxi aurreratu dugu. Horregatik erabaki genuen proposamena behingoz aurkeztea. Juan Karlos Izagirre jaunak asko kritikatu du egitasmoa, baina udal gobernu taldeak ez du zuzenketa bakar bat ere aurkeztu". Hemendik aurrera araudia irakurtzeko eta hari ekarpenak egiteko eskatu die auzo elkarteei. Auzoek, ordea, proiektua erretiratzeko eskatu dute, negoziatzen hasteko baldintza gisa.

Hamar urtez absentzia

Imanol Larzabal kantaria hil zeneko hamargarren urteurrena bete da aurten, eta, hura gogoratzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Imanol Oroituz elkarteak eta Donostia Kulturak. Gainera, aurtengo aldia izango da jardunaldi hauen azkena, eta horrek are bereziago bihurtzen ditu datozen egunetako ekitaldiak.

Berez, atzo hasi ziren jardunaldiak, Imanol Larzabali buruzko erakusketaren inaugurazioarekin. Bertan jaso dira Imanolen argazkiak, objektu pertsonalak eta haren bizitzarekin eta lanarekin zerikusia duten beste hainbat elementu. Hilaren 16ra arte egongo da zabalik, Lugaritz kultur etxean. Imanol, 10 urteko ausentzia dokumentala ere aurkeztu zuten atzo Lugaritz kultur etxean.

Biharko, berriz, 19:00etan, Imanol In Memoriam kontzertu berezia antolatu dute. Honako hauek dira parte hartuko duten kantari, musikari zein bertsolariak: Ainhara Ortega, Amaia Zubiria, Andoni Egaña, Arantza Irazusta, Karlos Jimenez, Mikel Andueza, Niko Etxart, Pascal Gaigne, Txema Garces eta Xabier Euzkitze. Aurkezle lanetan Arantxa Urretabizkaia arituko da. Amaitzeko, eta kontzertuaren ondoren, ohiko lagun arteko afaria egingo da Txirain elkartean. Imanol Oroituz elkartea arduratu da afariaren antolaketaz, eta bertaratu nahi duenak haiekin jarri beharko du harremanetan. Afarirako txartela eskuratzen duen orok kontzertuaz gozatzeko doako gonbidapena jasoko du.

'Imanol Oroituz'

Bihar, 19:00etan, Lugaritzen.

Kresal usaineko dantza ikuskizuna

Oinkari dantza taldeak eta Hika antzerki taldeak elkarlanean ondutako ikuskizuna da Itsasoaren emazteak. Euskal dantza tradizionala oinarri hartuta, Euskal Herriko kostaldeko arrantzaleen emazteen bizipenak kontatzen ditu. Hirurogei dantzari, lau musi...

Kolonbiako gatazka armatua ikusgai

Kolonbiarrek pairatzen duten gatazka armatua azaleratzea eta herrialdearen egoera salatzea da Kabigorri elkarteak antolatutako erakusketaren helburu nagusia. Horretarako, pertsona eta komunitate desplazatuen auzia oinarri gisa hartuta, bederatzi atale...