Jaurlaritzaren erabakiaren ondorioz BERRIA Taldeak "nahikoa babes ez" duela-eta kezkatuta dago Iban Arregi kontseilari ordezkaria (Azpeitia, 1975), itolarriak nekez emango baitio arnasa euskarazko hedabideen sektoreari. Diru laguntzen irizpideak ezarri aurretik, gainera, sektorearen eragileek estrategiari buruz gogoeta egin eta erabakietan ados jarri beharra dagoela uste du, eta BERRIAk horretan eragin nahi du hizkuntz normalizazioa lortze aldera.
210.000 euro gutxiago eman dio aurten Jaurlaritzak BERRIAri. "Kolpe handia" dela diozu.
BERRIArentzat handia, bai. Kontuan hartuta lehendik zein ahalegin egiten ari garen lantalde bezala, soldatak jaitsita, lantaldea gutxituta; baina, hori dena kontuan hartuta, berrikuntza prozesu batean sartuta gaude, ilusioz proiektuak aurrera ateratzen. Egunotan berrikuntzez hitz egiten aritu beharko genuke, eta, horren ordez, aurten egoerari nola aurre egin eztabaidatzen ari gara. Aurrera begira babesgabetasun handia eragiten du, orain artekoa baino are handiagoa. Gainera, kontuan hartu behar da bide bat marka dezakeela jaitsierak. Hori da larriena. Aurten, 210.000 euro izan dira. Nork esaten du hurrengo urtean ez dela beste horrenbeste izango?
Multzoen aldaketa, irismena eta BERRIAren aurrekontuen jaitsiera aipatu ditu Jaurlaritzak argudio gisa.
Zaku berean sartu ditu tokikoak, ordainpekoak, doakoak eta BERRIA, dioenez, ponderatuta, baina guk ez dugu ezagutzen ponderazio horiek zein izan diren. Su handiena, berriz, eman zaio une honetan norberak duen irismenari, eta guretzat irismena kontuan hartzeko gaia da, baina helburu bezala jarrita. Eta ez gaur egun dagoena aintzat hartuta. Irismena oinarri sendorik gabeko eduki eta termino teknikoetan bakarrik neurtzen bada, BERRIA babesik gabe dago. Eta aurrekontuaren gaiari erantzunez, iaz 2012an baino aurrekontu txikiagoa izan genuen, eta gehiago jaso genuen.
Zeri erantzuten dio gertatutakoak zure ustez?
Ez da erraza esatea zeri erantzuten dion. Garrantzitsuena da sektorearekin ados jarri gabe atera dituztela aurrera irizpide batzuk. Behin eta berriz esan izan diegu sektoreko kideok —Hekimenek eta baita BERRIAk ere— edozein irizpidetan sartu baino lehen analisi estrategiko bat egin behar dela. Lehenik eta behin, galdera honi erantzun behar zaio: ados gaude gaur egun sektoreak duen mapa edo sare hori gutxienekoa dela? Horri erantzun ondoren, nola finantzatu ikusi beharko da.
Zer dio Hekimen euskal hedabideen elkarteak?
Guk argi daukagu gutxienekoetatik harago joan behar dugula, baina denon artean adostuta. Ikusi behar dugu proiektu horiek zein bidetatik garatzea nahi dugun: nahi dugu irismena handitzea? Kalitatea handitzea? Berrikuntzetan urratsak egitea? Eraginkorrago izan nahi dugu? Non jarri nahi ditugu lehentasunak? Jaurlaritzak irizpide batzuk jarri beharko ditu horretan laguntzeko, baina sakonekoari helduz, eta horri ez zaio heldu. Hekimen ari da esaten sektorea inportantea dela, eta, sektoreak garatu beharreko irizpideez hitz egiten dugunean, estrategikotasuna eta irismena ez ezik eraginkortasun soziala eta kalitatea direla adostu beharrekoak. Azken hilabeteotan Hezkuntza Saila eta Hekimen hitz egiten ari gara, eta ja adostuta dago metodologia bat justu gai hauez hitz egiten hasteko. Hekimenek bere proposamena landuta dauka, eta proposamen hori eramango du, azken batean garbi hitz egiteko nora iritsi nahi dugun, eta nola ikusten dugun.
Sektoreak oro har zein iritzi dauka Jaurlaritzaren erabakiaz?
Berria jakin orduko aztertu genuen gaia Hekimenen, eta kolpe gogorra izan da sektore guztiarentzat, irakurketa baita sektoreko parte bat ahultzen denean sektore guztia ahultzen dela. Erraza da esatea sinergia landu, proiektu berriak sustatu... Araban ari gara, adibidez, proiektu bat sortzen elkarlanean, baina horrelakoetan oso zaila da aurrera egitea. Adibide argia da ikusteko horrelako erabakiek duten eragina.
BERRIA vs tokikoak. Mezu hori ez da zuzena, beraz.
Guk oso argi daukagu hedabideen sektore honek arlo guztietan egon behar duela sendo, bestela nekez egingo dugula sare eraginkor bat. Tokikoak inportanteak dira, nazionalak garrantzitsuak dira, telebistak, irratiak, aldizkariak... Denok egon behar dugu sendo sektorea garatu nahi badugu. Jaurlaritzak dirua banatu die, batzuei gehiago eta besteei gutxiago, baina arazoa ez da tokikoek gehiago jaso dutela. Gainera, gu ere bagara tokiko. Hitzen bidez 157.000 herritarrengana iristen gara astero (2013ko datua da).
Poltsa handitu behar da, beraz.
Hizkuntz normalizaziorako bide gisa hezkuntza planteatu zen bezala, garaia da serio aztertzeko finantzaketa sistema bat hedabideentzat, zeinak kontuan hartuko duen hizkuntz normalizaziorako duen garrantzia. Hitz egiten ari garen terminoetan diruak ez luke arazoa izan behar. Inork ez du sinesten 200.000 euro gehiago ez zeudenik hedabideei emateko. Jaurlaritza baten tamainan ez luke eraginik izan beharko.
BERRIAk herritarren babesa duela agerian geratu da beste behin, jasotako 15.000 sinaduraren bidez. Berriz ere jendearen laguntza beharrezkoa izango da, ezta?
Herritarren babesa espero baino handiagoa izan da berriz ere. Egia da erabaki honek behartzen gaituela beste diru iturri batzuk bilatzera eta lantzera. BERRIAlagunaren txapel horren barruan diru bilketa, babesa, beste esfortzu bat eskatzen hasiko gara, uste dugulako proiektu hau beharrezkoa dela. Gure asmoa ez da lehendik BERRIAlagun direnei gehiago eskatzea, baizik eta egin dezatela ahalegin bat beren inguruan zabaltzeko eta beste jende bat erakartzeko, BERRIAren proiektua laguntzera, babestera eta finantzatzera. Komunitatea handitzea da helburua. Egun, urtean ekarpen ekonomikoa egiten dutenak, harpidedunak eta BERRIAlagun iragarleak batuta, BERRIAlagunen komunitatea 13.000 pertsonak osatzen dute; 2015erako 15.000ra heldu nahi luke taldeak.
Ekinbideen artean helegite bat jartzeaz ere hitz egin duzu.
Aztertzen ari gara; oraindik xehetasunak ez ditugu ezagutzen, baina iruditzen zaigu datuak ez dituztela oso era txukunean erabili. Guk, adibidez, irakurleen datuak ditugu, salmentenak... Baina beste batzuek inprimaketa datuak bakarrik dituzte, ez ditu CIESek neurtzen... Konparagarriak ez diren elementuak daude. Hori dena aztertu nahi dugu, betiere jakinda helegiteak bide zaila izan dezakeela. Beste bidetik egin nahi dugu indar batez ere, Hekimenen bidez, Hizkuntz Politika Sailarekin martxan jartzea erabaki den mahai horretan indarra egin, aurrera begiratu eta sektore egonkor eta indartsu bat edukitzeko lan egin. Horrek seguruenik Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila gainditzen du. Gobernu osoari dagokiola iruditzen zaigu, eta gu hori lantzeko prest gaude.