Sailkatugabeak

Familiari buruzko gogoeta umoretsua

Adelak, Nekanek eta Maitek (Loli Astoreka, Miren Gojenola eta Ana Elordi) ez dute elkarren berri izan azken hiru hamarkadetan. Separaezinak ziren, bizitzaren joan-etorrian, bakoitzak bere bideari ekin zion arte. Tenore honetan, berrogeita hamarrak bet...

“Harrera beroa izan dute gure zonbi ideiek”

Hasiera batean, zonbi eta banpiro kuadrillen arteko poteoa izan zen Donostiako Alde Zaharrean; iaz, hildako ibiltariz osatutako Danborrada Z, Bulebarrean; aurten, berriz, Behobia-Donostia lasterketa klasikoa zonbifikatuko du Nekrogunek, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteari hasiera emateko. Elkarte horri esker, ohitura bihurtu da jada Gipuzkoako hiriburuan zonbiak ikustea.

Noiz hasi zineten zonbiak Donostiako kaleetara ateratzeko ideiarekin jolasean?

Nekrogune programa, ofizialki, duela lau urte sortu zen. Dena den, urtebete lehenago —Jose Luis Rebordinos Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko zuzendaria izan zen azken urtean, alegia—, lehen zombie-walk donostiarra antolatu genuen Beldurrezko Astetik kanpo. Baina, berez, Nekrogune izenez ezagutzen den ekitaldi multzoa Josemi Beltranen gidaritzapean sortu zen. Josemik deitu zigun, proposamena bota genion, haren baietza jaso genuen... eta gaur arte.

Zer du zonbiei buruzko fikzioak, horrenbeste jende erakartzeko?

Zonbi modernoak, George Romero zinemagileak sortutako horiek, munduaren kritika eta ispilu gisa sortu ziren. Romeroren lehenengo filmaren [The Night of The Living Dead, 1968] gai ezkutua 60ko hamarkadako eskubide zibilen inguruko gatazka zen. Bigarren pelikulak, ordea, [Dawn of The Dead, 1978], kontsumismoa zuen hizpide. Hirugarrenean [Day of The Dead, 1985], gai nagusia botere politiko eta ekonomikoa zen; eta, laugarrenean [Land of the Dead, 2005], hedabideak. Nire ustez, hori da erakartzen gaituena. Zonbien filmak gure espeziearen ispilua dira; Oscar Wilde idazlearen Dorian Greyren erretratu hori, hain zuzen. Gizakia, gizaki jale gisa, sistemaren alienazioa, pentsamenduaren homogeneizazioa... Gai horiek guztiak daude zonbi mitologian ezkutaturik.

Poteo of The Dead, Danborrada Z, Behobia-Donostia Z... Ongi uztartzen al dira Gipuzkoako ohiturak zonbien munduarekin?

Bai, oso ongi. Eta Euskal Herrian umore ona dagoela eta ironia handia dugula frogatzen du horrek, sekulako harrera izan baitute geure zonbi ideia guztiek.

Bestelako tradiziorik gelditzen al zaizue zonbifikatzeko?

Hori sekretua da! Ez, ez... egia esan, ez dakigu. Behin aurtengoa amaitutakoan, orduantxe hasiko gara etorkizunean pentsatzen. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen espiritu beltzak inspiratuta, betiere!

Zein da jendearen erreakzioa zonbiak kalean ikusten dituenean? Harrera ona egin al zaio zombie walk delakoen ohitura berri honi?

Jendeak ustekabe handia hartzen du. Eta, ondoren, parte hartzeko gogoa pizten zaio. Lau urte pasatu eta gero, donostiarrek badakite Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko hasierak zonbi kutsua izango duela, baina ezustea jasotzeko itzultzen dira beti.

Baina zonbi desfileez gainera, beste hainbat ekitaldi antolatzen dituzue, ezta?

Bai, aurten, Hellbytes izeneko ekitaldia antolatu dugu Donostia 2016 proiektuaren babespean. Beldurrezko film eta bideojokoen arteko harremana aztertu nahi izan dugu, eta, horretarako, bi solasaldi egin ditugu aste honetan. Bata urriaren 22an izan zen, Axel Casas eta Ronqueteren eskutik, harreman horren iragana hizpide hartuta; bigarrena hurrengo egunean izan zen, Arturo Monedero eta Borja Cresporen eskutik, harreman horren oraina aztertzeko; eta gaur, berriz, hirugarrena egingo da Jaime de Los Rios artistaren eskutik. Tailer ireki bat antolatu da, bideojoko-zinema binomioak etorkizunean izan ditzakeen harremanak aztertzeko.

Bukatzeko, zonbi izurrite bat Donostian hedatuko balitz, nora joango zinateke babes bila?

Santa Klara uhartera. Zonbiek igeri egiten ez badakite, leku seguruena izango da, zalantzarik gabe. Eta igerian badakite... carpe diem, bizitza laburra izango baitugu!

Zestoako herritarrak informazio eske

Ezustean harrapatu ditu Zestoako bizilagunak Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabakiak. Diputazioak publiko egin zuenetik Osinbeltz harrobian bizigabetutako materiaren biltegia eraiki nahi duela, herritar guztien ahotan gai bera ibili da. Oihartzun handia izaten ari da. Herenegun, herri plataforma "apolitiko bat" sortzeko asmoz, kultur etxean bilera bat egiteko deia egin zuten hainbat herritarrek. Bildutako jendetzaren eraginez, elizan egin behar izan zuten azkenean bilera.

Herritar taldearen esanetan, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak iragan astean emandako azalpenek "proiektuaren xehetasunik eza eta ziurtasun gabezia" erakutsi zuten. "Ez gaude gordailuaren alde, ez kontra. Herritar bezala, frogak, bermeak eta datuak nahi ditugu", zioen herritarrak biltzeko zabaldutako mezuak. Hori dela eta, plataforma bat osatzea proposatu dute, informazio "gardena, objektiboa eta fidagarria" lortzeko helburuarekin.

Plataforma hori ez dute oraingoz era ofizialean eratu. Izenik ere ez dute, eta asteazkeneko bileran argi gelditu zenez, informazio eskaeraz harago, irizpide aniztasuna nagusi da oraindik. Izan ere, batzuk inerteen biltegiaren kontra azaldu diren arren, beste batzuek datu guztiak ezagutu nahi dituzte erabaki bat hartu baino lehen, eta gero, galdeketa bat egin. Bertaratutako gehienek Zestoako Udala egiten dute informazio faltaren erantzule. "Datu objektiboak behar ditugu, antzeko kasuen berri izan, Europan auzia nola planteatzen den ezagutu... lan hori udalak egin beharko luke, baina orain arte, ez du halakorik egin", azaldu du izenik eman nahi ez duen zestoar batek.

Plataforma sortu aurretik ere informazio falta zen herritarren kezka nagusietako bat. Nagore Telleria bizilagunak dio "haserre" atera zela joan den astean aldundiaren erabakia azaltzeko Zestoako Udalak herritarrekin egindako bileran. "Espero nuen bileran aurkeztuko zigutela frogaren bat, baina ezer ez genuen jaso". Telleriaren ustez, kalkulu elektorala dago erabakiaren atzean: "Hiru mila biztanle gara Zestoan. Gipuzkoa osoak, berriz, lasai har dezake arnasa. Ondo ateratzen zaio Bilduri elektoralki. Erantzukizun gutxirekin ari dira , berriz, alderdi politiko guztiak. Aurreko bileran ere ez zen udaleko EAJko ordezkaririk agertu. Salduta gaude". Telleriaren iritziz, galdeketa bat egin beharko litzateke herritarren iritzia entzun ahal izateko, 2004an egin zen bezala. Urte hartan, aldundia EAJren esku zegoen, eta erraustegia eraikitzeko hautagaietako bat Zestoako herria zen. Udalak antolatutako galdeketan parte hartu zutenen %91 agertu ziren erraustegia egitearen kontra. Plataforma osatzen dutenetako batzuen aburuz, berriz galdetu behar zaio herriari. Beste herritar askok ez dute horren garbi: "Herriak hartu zuen erabakia 2004an, eta erabaki genuen erraustegirik ez genuela nahi. Beraz, bistan da geratzen zaigun aukera biltegiarena dela. Orain dela gutxira arte gure hondakinak ibili gara eramaten beste zabortegietara, eta orain ezetz eta ezetz ari dira batzuk, arrazoirik eman gabe", azaldu du Aitor Alberdi zestoarrak.

‘Hipster’ baserritarrak

Garai batean, Beasain eta inguruetako gazteak baserritik herriko plazara jaisten ziren, lehenbiziko doinuak euren belarrietara heldu bezain pronto. Plazatik hedatzen zen musika dantzagarriak modu kontrolaezinean erakartzen zituen agertoki txiki haren ...

Nokodek, topaleku esperimentala

Nokodek bideosormen erakustaldi bat da; bideoaren bidez adierazpen forma ezberdinak ezagutzeko modu bat: bideogintza, arte eszeniko, musika eta performancearen arteko topaleku esperimentala. Bandabat elkarteak antolatu du, eta Urgull mendiko Guardetxean egingo dute gaur eta bihar.

Bi egun hauetan, Rekord Your Fucking Name, Inesfera, Logical Disorder, Niebla fascista, DJ Yuju, Skygaze, Vacuum Exploration eta Led Screen taldeek joko dute, baina, horrez gain, Jordi Arque & Iglu, WC, Universo Zero edota Iñigo Benito Molineroren gisako artisten instalazioak, performanceak eta tailerrak eskainiko dituzte.

Nokodek

Bideoaren topaleku esperimentala. Gaur eta bihar, 19:00etatik 03:00etara, Guardetxean.

“Kanpotik etorritako zerbait izan zen gerra, tsunami bat”

1936ko gerraren ubera Orion. Gerra bat barruan degula liburua joan den astean aurkeztu zuen Iñaki Iturain Azpirozek (Orio, 1956) Orioko Kultur Etxean, liburua egiteko bidean "laguntzaile finena" izan duen Imanol Manterolaren galderei erantzunez. Liburua egiteko lekuko izan dituen gehienak han ziren, eta "ondo, dotore" joan zela dio.

Non eta nola hasi zenuen liburu hau egiteko bidea?

Oso aspaldi zen, ni txikia nintzela etxeko sukaldean. Gure aita zenak gerra egin zuen, eta gerra egin duenak bere bizitza osoan dauka gogoan, eta kontatu ere askotan egiten du. Kontatu dizkidaten istorioetan hori nabarmena da: gerra egin zuenak nola bere etxean kontatzen zuen, atera egiten zaie, ateratzeko premia dute. Aitari entzunda nizkion istorio asko: errio gaineko zubia lehertu zutela; gizon bat etxetik eraman eta akabatu zutela; hiru neska gazte ilea dena moztuta eta errizino olioa edanarazita ibili zituztela kalean. Gerraren gauza nabarmenenak txikitatik neuzkan iltzatuta. Gaiak beti interesa sortu zidan, eta pixkanaka osatuz joan nintzen. Hogei urte badira Karkara aldizkaria sortu berritan, Jakes Goikoetxearekin batera, erreportaje bat idatzi nuela. Hura idatzi izanak ondorioz beste askoren testigantza ekarri zuen. Baina duela hiru urte bi kontutxo gertatu zitzaizkidan erabat lan horretan jarri nindutenak.

Zeintzuk dira kontu horiek?

Duela hiru urteko udan, Eleuteria Salsamendi etorri zitzaidan, txikitatik gerragatik Frantzian bizi dena. Haien aita Manuel Salsamendi Ferru zena ihesean joan zen gerra hasi berritan. EAJkoa zen; alderdiarentzat boto eske ibiltzen zen baserriz baserri, eta euskara erakusten zuen batzokian. Joan eta gerra bukatu zenean, badaezpada ez etortzea erabaki zuen, arriskuan zegoelako. Hark andrearen eta lau seme-alaben ihesaldia antolatu zuen Capbretonetik. Geroztik han gelditu zen familia osoa. Eleuteriak hori azaltzeko gogoa adierazi zidan duela hiru urte, eta idatzi egin nuen. Orduan, bera bezalaxe beren historia kontatzeko gogo handia zuten batzuk egongo zirela konturatu nintzen. Horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak diru poltsa bat sortu zuen gerraren gaia herriz herri aztertzeko eta zabaltzeko. Udalak eskatu behar zuen diru laguntza, eta Orioko Udalari proposatu eta diru laguntza horren baiezkoa etorri zen.

Liburua idazteko zein dokumentazio bide erabili dituzu?

Hiru informazio bide nagusi izan ditut. Bata, hemeroteka, liburuak, prentsa... Asko dago. Bigarrenik, artxiboetako dokumentuak. Renoko Unibertsitatean dokumentu bilduma izugarria dago, eta haien berri Imanol Muruaren bidez izan genuen. Gero, gerra bukatuta, Iruñean Causa General izeneko legearen barruan izandako kasuen Orioko dokumentazioa Amagoia Ibanek helarazi zidan. Hogei eta gehiago oriotar epaitu zituzten han. Orioko udaletxean, berriz, nik uste baino gehiago topatu nuen, eta batzuk interesgarriak. Hirugarren dokumentazio bidea eta aipagarriena herritarrak izan dira, jende dezenterekin egon naizelako: batzuk etorrita eta beste batzuk ni bila joanda. Maiatzean herritarrentzat bilera deialdi bat egin genuen, bere historia kontatzeko inor gelditu ez zedin, eta jende pixka bat bildu zen. Dena batu eta forma egokia ematea niretzat oso abentura aberasgarria izan da.

Orion 1936ko gerratik datu bat ezaguna bada, errio gaineko zubiaren leherketa da, ezta?

Beharbada, gerraren Orioko topikoena da, orduan bizi zenak eta ondorengoek ere badakite eta. Baina ustekabea izan dute askok, nik izan nuen bezala, jakitean Altxerriko zubia ere bota zutela. Bistan da errioko zubia lehertuko zutela aurretik abisua emanda zutela: batzuk herritik kanpora joan ziren, eta beste batzuk inguruko baserrietara. Izan zen Arozena adreilu fabrikako labe barruan sartu zenik ere. Denak ezkutura joan ziren. Gorriek bota zuten zubia Donostia aldetik zetozen erreketeen eta falangisten aurrerabidea eragozteko, eta 1936ko irailaren 20ko hartan izan zen benetan gerra itxura. Baserritarrek kontatzen dute nola iristen ziren, eta nola ezkutatuta egon ziren baserri barruan fusilen eta kanoien tiroak iristen zirelako. Hura lehertu aurretik jende asko joan zen Oriotik, gehienak baporez Donibane Lohizunera. Orduan askorentzat bizitza osoko abentura hasi zen, batzuk ez baitziren sekula itzuli. Denetara 22 izan ziren hildako oriotarrak, eta gehienak frontean izan ziren.

Lan hau eginda zein ondorio atera dituzu?

1936ko uztailaren 17an Orion inork ez zekien gerra piztuko zenik eta hurrengo egunean gerran egongo zirenik. Kanpotik etorritako zerbait izan zen gerra, tsunami bat; tsunamia, sekulako eragina izan zuelako, denei eraginez oso modu bortitzean, eta batzuk alde batean eta besteak bestaldean jarri zituen, elkarren kontra. Denek sufritu zuten, eta denek galdu zuten. Gerra batean denek galtzen dute, baina batzuek gehiago galdu zuten, isiltasunarena behartuta egon zirelako. Haienak ez ziren inon aipatu, ez zuten aukerarik izan beren hildakoak gogora ekartzeko ere. Gerra irabazi zutenen aldekoek banan- banan izan zuten hileta elizkizuna elizan, baina galtzaileetako hildako bakar batek ere ez zuen izan hiletarik, eta ez dago Orioko hilerrian haietako inor. Nabarmena da batzuek irabazi eta besteek galdu egin zutela. Dena den, nik inpresioa hartu dut herri txiki honek —gerra hasi zenean 2.000 biztanle ziren— jakin zuela gerra den izugarrikeria hori gainditzen, atzean uzten, eta berriro elkarbizitza batean abiatzen, errespetuz. Nahiz eta erakundeetatik guztiz giro errepresiboa zegoen: elizaren, eskolaren, udalaren... aldetik. Hori gauza askotan antzematen zen: hizkuntzaren trataeran, eskolan, ikurretan eta denean.

Txotxongiloen Mostra, Bergaran

Abian da Bergarako Helduentzako Nazionarteko Txotxongiloen XII. Mostra. Igandera bitartean, txotxongilo-ikuskizun onenekin gozatzeko aukera izango dute hara joaten direnek. Gaur, Italiako Dromosofista konpainiak El cubo libre antzezlana taularatuko du...

Iritzia ematea

Azkenaldian ezagunekin elkartu eta zer berri dudan galdetzen didatenean, hemen, Gipuzkoako Hitza-n, hamabostean behin idazten hasi naizela aipatzen diet, hori baita nire bizitza errutinazkoan dagoen nobedade bakarra. Askotan, komentario horrek garamatza blogaz hitz egitera, eta bertan futbolaz idatzi nuenean izan nuen erantzun iraingarriez ere egin izan dugu berba: ia bederatzi urtean erantzun onak eta politak izanda, eta kirol sakratuari kritika eginda, deskalifikazioa!

Horren guztiorren gainean hitz egin ostean, ia beti galdera bat egiten didate: "Ez zaitu beldurtzen iritzia emateak?". Lehenengoz hori galdetu zidatenean ahoa bete hortz laga ninduten. Izan ere, beldurra ez da eragiten didana; beste pertsona batzuk mintzeak ematen dit erreparoa, nahi gabe mina sortzeak, ez besterik.

Agian, oso normala da niretzat gaiei buruz iritzia izatea. Alde batetik, euskaltegian irakasle izanda, ikasleei idazlanetan hori eskatzen zaielako/diegulako idazlan eta azterketetan: eman zure iritzia tabako legeaz/zezenketak debekatzeaz/tabernen ordutegi berriez... ia eguneroko kontua da gurean. Beste aldetik, bloga sortu aurretik ere eibartarren posta zerrendan makinatxo bat eztabaida edukitakoak gara, mila gairi buruz, inongo ikara barik.

Hori dela eta, aho zabalik segitzen dut, hainbat jenderi —pentsamendu, bizimodu eta adin desberdinekoei— entzun diedalako, aurrerago aitatutako egoera berean, beldurraren kontu hori. Horrek zeharo nahasita utzi nau, eta buruari eragin diot galderaren zergatiaren bila. Azkenean, itaunak adierazten du lagun horiek beldurra diotela posizionatzeari, besteek jakiteari zer duten gogoan. Masaren anonimotasunean ezkutatu beharra sentitzen dutela, alegia. Inork ez dezala jakin beren buruetan dabilena, badaezpada ere!

Egia esatera, gure herrian diskretu izatea bertutea da. Diskretu, ez nabarmentzearen zentzuan, jakina. Politikari zenbaitzuek ere diskrezioz jokatzen dutela diote, ona balitz bezala. Eta hala izango da batzuetan, ezer ez baita ona edo txarra beti; baina, nire iritziz, sarritan diskrezioak imajinazio falta, zenbaki bihurtzea eta aspergarri izatea esan nahi du. Sentitzen dut!

Baina nondik ote datorkigu pentsamendua kamuflatu edo ezkutatu nahi hori? Zerk eragin ote du beldur madarikatua? Ez dakit, baina esango nuke frankismoaren arrastoa dela. Bai, oraindik ere, gerraren ondorioak, berrogei urteko diktadurak eta errepresioak markatzen gaitu, ez gaude salbu, zoritxarrez. Hainbeste eta hain luzaroan sufritu duen gizartean aztarna sakonak laga ditu errepresioak. Gizartean ez ezik, geure barruan ere bai, ezinbestean. Nahiz eta sasoi hori bizi transmititu egin da familietan eta sozietate osoan.

Frankismoaren hipotesia darabilt beste leku batzuetan ikusi dudanagatik. Ez naiz oso kosmopolita, munduan ez naiz gehiegi ibili. Baina uste dut beste herrialde batzuetan, Frantzian, adibidez, askoz errazago eztabaidatzen dutela, ideien trukea naturalagoa dela. Seguruenik ohitura badutelako, eztabaidak badirelako, haserretu gabe, ahots bolumen normalean, oihu barik, beldur gabe iritzia emateko orduan.

Beldurra. Ba ote da gehiago mugatzen eta paralizatzen duen sentimendurik? Uxatu behar dugu, beraz, adierazi, bota dezagun pentsatzen duguna!