Sailkatugabeak

Errenteriako gaztetxearen festa

Zabala-Enea II gaztetxeak 14 urte bete ditu, eta, ospatzeko, egitarau zabala prestatu dute biharko. Jaialdia 12:15ean hasiko da: gaztetxean, slack-line eta eskalada praktikatzeko aukera izango da, eta arenalean, berriz, street-art eta autodefentsa sai...

Berrogei gaztagile gaztaren herrian

Gaztak egin du ezagun Idiazabal. Euskal Herri osoan du sona Goierriko herri txikiak, baita Euskal Herritik kanpo ere. Hori dela eta, azken urteetan Idiazabalen egiten dute Euskal Herriko Artzain Gazta Txapelketa. Gaztari esker herriak lortutako izen ona baliatuko dute, hain zuzen, gaztagintza bera sustatzeko. Artzai Gazta Elkarteak antolatuta, 31. urtez egingo dute txapelketa bihar. Urte hauetan guztietan hainbat herritan egin izan dute, baina azkenekoetan, Idiazabalen finkatu da.

Euskal Herriko 40 gaztagilek parte hartuko dute biharko txapelketan, denak ere Artzai Gazta elkarteko kideak. Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Nafarroatik joango dira gaztagileak: lurralde bakoitzeko hamar onenak. Urte osoan hainbat lehiaketa antolatzen ditu Artzai Gazta elkarteak lurralde bakoitzean, Euskal Herriko Txapelketarako sailkatuak aukeratzeko.

Gipuzkoako gaztagileak, esaterako, Lepazpiko Artzain Egunean sailkatutako lehen hamarrak izango dira. Han izango dira, hortaz, Jabier Muñoa zeraindarra, Karmele Murua segurarra, Olaberriko Aizpea gaztandegia, Patxi Otaegi beizamarra, Azpeitiko Berastegi elkartea eta Elgoibarko Mausitxa, besteak beste. Iazko irabazleak ere parte hartuko du biharko txapelketan: Rikardo Remiro nafarrak.

Txapela eta kaikua jasoko ditu irabazleak. Baita 1.000 kilo pentsurako txartel bat ere. Bigarrenak, berriz, garaikurra eta 800 kilo pentsurako txartela. Eta, hirugarrenak, garaikurra eta 500 kilo pentsurako txartela. Bestalde, postuetan gazta emango dute probatzeko, eta jendeak botoa emateko aukera izango du. Garaikurra eta 400 kilo pentsurako txartela jasoko ditu herritarrek aukeratutako gaztagileak.

Epaimahaikideen artean, berriz, hainbat aurpegi ezagun egongo dira. Esaterako, Urko Aristi EITBko eguraldi aurkezlea, baita No es país para sosos saioko Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariak ere. Horiez gain, gazta adituak eta txapelketarako sailkatu ez diren gaztagileak izango dira epaileak.

Giza proba eta aizkolariak

Epaimahaiak 14:30 aldera emango du erabakiaren berri. Goizean, ordea, izango da zertaz gozatua Idiazabalen. Artzai Gazta elkarteko produktuak salduko dituzte: gazta, arrain kontserbak, eztia... Horrez gain, haurrentzako tailerrak ere antolatu dituzte. Gazta nola egiten den ikasiko dute, baita artilea erabiltzen ere.

12:00etan, berriz, herri kirolen erakustaldia izango da. Lehenik, emakume talde batek giza proba erakustaldia egingo du. Ondoren, aizkolariak lanean ikusteko aukera izango da. Hori dena, sari banaketaren aurretik. Sari banaketaren ostean, berriz, bazkaria egingo dute Artzai Gazta eta Eusko Label produktuekin.

Bazkariarekin emango diote amaiera txapelketa egunari. Dena den, sariak sari, Euskal Herriko Artzain Gazta Txapelketaren helburua Artzai Gazta elkartea indartzea eta zabaltzea da. Hala azaldu du Pablo Basterra Artzai Gazta elkarteko presidenteak. "Artzainen lanaren bidez, gure ingurumena zaintzen dugu, eta txapelketaren bitartez, jendeari gogorarazi nahi diogu artzainen, ardien eta baserriaren garrantzia".

Gazta salmenta, gutxitzen

Basterraren esanetan, garrantzitsua da jendea sentsibilizatzea eta Artzai Gazta ezagutzera ematea. Izan ere, gero eta gazta gutxiago saltzen da, eta etorkizuna "larri" ikusten du elkarteko presidenteak. "Gero eta gaztagile gutxiago gaude, eta gaztangintza behera egiten ari da", adierazi du.

Gaur egun 111 gaztagile daude Artzai Gazta elkartean, gehienak gipuzkoarrak eta nafarrak. Basterraren hitzetan, elkarteak produkzio handia du: "Idiazabal gaztaren %50 inguru produzitzen dugu". Salmentak igo ezean, ordea, Basterrak beltz ikusten du etorkizuna. "Diru laguntzak beharrezkoak dira egitura mantentzeko, noski, baina gaztarik saldu ezean, alfer-alferrik da dena".

Basterraren ustez, bada datu kurioso bat: dendetan gazta gehiago saltzen da azoketan eta baserrietan baino. "Kuriosoa da, dendetan erostea garestiagoa baita, bitartekariengatik; lehen eskutik erostean, berriz, merkeagoa izateaz gain, jasotzen den tratua ere askoz gertuagokoa da".

Salmentak igotzeko helburuarekin, artzain gazta sustatzea da elkartearen zeregina. Artzainen lana zabaltzen ahalegintzen dira, eta sustapenaren bidean, esaterako, txapelketak antolatzen dituzte. Horren adibide da bihar egingo duten Euskal Herriko Artzain Gazta Txapelketa.

Dena den, elkarteak ez du hori bakarrik egiten. Aurten, esaterako, akordio bat lortu dute Eroskirekin, Artzai Gazta elkarteko gazta haien saltokietan saltzeko. "Horrelako akordioak egiteko, ezinbestekoa da elkarte baten babesean joatea".

Basterraren hitzetan, horixe da elkarte baten kide izatearen abantaila: denek batera errazago egiten dute aurrera. Are gehiago, gaztagintza behera doan garai honetan. Hala, bihar Idiazabalen egingo duten txapelketan, irabazlea bakarra izango da, baina onuradunak elkarteko artzain guztiak izan daitezke, baldin eta helburuak bete eta jendea gutxika ekoizle euskaldunen gazta gehiago erosten hasten bada.

Rafa Rueda eta Oier Guillan, Arrasaten

Munduaren neurria Rafa Ruedak eta Oier Guillanek sortu duten formatu txiki-ertaineko kontzertu errezitaldian, munduaz mintzo diren poemak eta hitzak bildu dituzte. Vladimir Maiakovski, Jose Luis Otamendi, Alejandra Pizarnik, Angelica Liddell, Unai Itu...

Hildako lasterkarien bulebarra

Oinak arrastaka daramatzatela mugitzen dira Alde Zaharreko kaleetan gora eta behera, uluka. Ahoa zabalik dute, eta lerdea matrailetik behera isurtzen zaie. Hilda daude, baina mugitzen dira. Garai batean Kontxako eguzkiaren pean belzten ziren gorputz lerdenen paisaia desagertua da honezkero, eta, horren ordez, zabuka eta arrastaka dabiltzan gorpu ustelen multzoa besterik ez da ikusten hondartzan. Txiki-txiki eginda dauden koadro berde nahiz urdinezko alkandorek agerian uzten dituzte beso eta sabel zurbil hanpatuak. Hildakoen usain sarkorra hedatzen da hiriburu osoan zehar. Zonbiek Donostia hartu dute.

Halako paisaia apokaliptikoak amesgaiztoa edo B serieko film batetik ateratakoa dirudien arren, urtero-urtero errepikatzen da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen kariaz. Duela lau urte hasi ziren zombie-walk deritzon antzezpena egiten, eta, ordutik, hainbat tradizio donostiarren parodia egin dute "zonbi erara". Aurten, Behobia-Donostia lasterketa zonbifikatuko dute, eta, horri esker, hildako ibiltari (edo lasterkari) saldo batek piztutako kaosaren lekuko izango dira bihar Bulebarrera biltzen direnak.

Apokalipsi baten bila

"Badago nolabaiteko nahi ezkutu eta beltz bat guztiongan, apokalipsi bat bizitzeko, muturreko zerbaiten parte izateko, zerbait benetakoa, gure gizatasunarekin eta naturarekin kontaktuan jarriko gintuzkeena". Modu horretan azaltzen du Beñat Iturrioz zinemagile gipuzkoarrak zonbi edo hildako ibiltariekiko grina. Xabier Padinekin batera zuzendu du Joxean's Hileben filma, eta bihar hastekoa den Beldurrezko Zinemaren Astean eskainiko dute; euskarazko film bakarra izango da.

1980ko hamarkadako zonbi film baten elementu guztiak biltzen ditu Joxean's Hileben-ek, baina umorearen galbahetik iragazten ditu, eta, horrez gainera, Euskal Herriko pertsonaia historikoak erabili, generoa apur bat iraultzeko. "Gure nahia beti izan da Euskal Herriko pertsonaiak eta politika erabiltzea, eta fikziozko pertsonaiak balira bezala azaltzea. Joko ikaragarria ematen digu horrek", nabarmendu du Padinek. Tomas Zumalakarregi bera berpiztu zuten Iturriozek eta Padinek Ataun of The Dead film laburrean. Horren bigarren zatia da Joxean's Hileben, eta PNV Partido Nacionalista Vampiro alderdiko hildakoak gehitu dizkio formulari. Trilogia egiteko asmoa dute, eta hirugarren zatian Nafarroara begira jarriko direla iragarri du Iturriozek: "Hirugarren filmean ezker abertzaleko momiak berpiztuko ditugu, Antso Nagusia buru dutela, baina baita Nafarroako navarristak ere. Geure herriko satira politiko gisa ulertzen dugu trilogia hau".

Euskal Herria eta, zehatzago, Gipuzkoa toki "bukolikotzat" hartzen dute askok, eta hori zonbiei buruzko pelikula bat egiteko "oso lagungarria" dela azpimarratu dute bi zuzendariek. "Halako lekuak dira erakargarrienak kaosa eta apokalipsia islatzeko", bota du Padinek. Eta Iturriozek gaineratu: "Irudi apokaliptiko baten ordez irudi bukoliptiko bat edukiko genuke Euskal Herrian. Interesgarriagoa, noski. Munduko leku bakoitzak bere zonbi estiloak ditu; bada, gurean munduko zonbi hondartzarik edota mendiko landetxerik bukoliptikoenak izan ditzakegu. Turismoa hazi egingo litzateke, seguru".

Bihar Bulebarraren ingurumarietan irudikatuko den zonbi lasterketak ere turista ugari erakarriko ditu seguru asko, baina, zonbi gaietan aditu diren Iturrioz eta Padinen aburuz, Donostia ez da hildako ibiltarien eraso bati aurre egiteko tokirik aproposena. "Zonbi izurrite baten aurrean, Gipuzkoa osoko herririk prestatuena Hernani da. Sagardotegi garaian bizitza normala egitera ohitu baitira hernaniarrak. Ohituta daude zonbiekin bizitzera".

Kolonbiako emakumeen egoera

Mikelazulo eta Txintxarri elkarteek, Amalatz talde feministarekin batera, Elkartasun kilimak izeneko zikloa antolatu dute Errenterian. Zikloaren barruan, hitzaldi bat prestatu dute gaurko, 19:00etan, Mikelazulon. Han parte hartuko dute Leonor Castaño Kolonbiako emakume nekazari beltz eta indigenen elkartekoak eta Consuelo Vidal Valentziako Atelier elkarteko kideak. Kolonbiako emakumeen egoeraren inguruan hitz egingo dute.

Hitzaldiaz gain, elkartasun azoka ere antolatu dute Txintxarri elkartean. Bihar 11:00etatik 20:00etara egongo dira, eta igandean, 11:00etatik 15:00etara. Azokan jartzeko materiala herritarrek eraman dute.

'Elkartasun kilimak'

Gaur, 19:00etan, Errenteriako Mikelazulon.

Pilota, denentzat

Mindara elkarteak beren kasa mugitzeko zailtasuna duten herritarrak integratzeko lan egiten du. Urte osoan hainbat jarduera antolatzen ditu aniztasun funtzionala duten pertsonei laguntzeko helburuarekin. Besteak beste, kirol jarduerak sustatzen ditu. Errenteria, Pasaia, Lezo eta Oiartzunen lan egiten du elkarteak.

Bihar, adibidez, pilota egokituko txapelketa jokatuko dute, elkartearen izen berekoa. Mindara elkarteak egoitza duen udalerrian egingo dute txapelketa. Errenterian, alegia, Fanderiako pilotalekuan. Txapelketa antolatzen duten hirugarren aldia da.

Jardunaldia 11:00etan hasiko da, eta 13:30ean lehen atsedenaldia egingo dute. Palan jokatuko dute, binaka. Arratsaldean, raspall-ean eta palan arituko dira, 16:30etik 19:30era. 34 pilotarik parte hartuko dute. Hamabostek urritasun intelektualen bat dute, eta zutik jokatuko dute pilotan. Gainontzeko hemeretziek gurpil aulkian jokatuko dute; hamahiru gipuzkoarrak izango dira, eta sei, valentziarrak.

Mikel Izagirre Anabitarte da Mindarako presidentea. Pilota txapelketa antolatzeari zer dela-eta ekin zioten azaldu du: "Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak ikusi zuen aniztasun funtzionala zein ezintasun fisiko edo psikikoa duten pertsonentzako pilota oso erakargarria zela kirol bezala, sozializaziorako zein lehiakortasunerako. Orduan, Usurbil inguruan talde bat sustatu zuten, orain dela sei urte. Zubietan hasi ziren entrenatzen". Geroztik, modalitatea zabaldu nahian dabiltza buru-belarri.

Orain dela bi urte sortu zuten Mindara elkartea, eta eurak ere pilota lantzea erabaki zuten, iaz. "Iazko udazkenean, pilota egokituko Gipuzkoako bigarren eskola sortu zen Errenterian", gogorarazi du Izagirrek. Hori bai, urtebete lehenago herri horretan bertan pilota txapelketa egin zuten, eta, Usurbilgo eskolakoez gain, ezintasun psikikoa duten hainbat lagun elkartu ziren: zarauztarrak, irundarrak, oriotarrak eta donostiarrak. Gurpildun aulkian jokatzen zuten batzuk ere izan ziren: raspall-a jokatzen duten valentziarrak (Herrialde Katalanak) eta trinketean aritzen direnak, Tarbesetik (Okzitania) —aurten ez dira Fanderiako pilotalekuan izango—.

Partida nagusia lehen aldiz

Biharko ekitaldiaren helburua da elkar ezagutzea, harremanak sortzea eta kirol egokitua bultzatzea. "Pilota egokitua publiko egin nahi genuen, baita gainontzekoekin elkartu ere, etorkizunerako proiektu komunik bageneukan ikusteko. Hirugarren urtea izango da, eta aurreko ekitaldietako izpiritu bera mantendu nahi dugu, bi osagai berri gehiagorekin".

Alde batetik, partida estelarra jokatuko dute, eta, bestetik, Errenteriako alkatea eta Eusko Jaurlaritzako kiroletako zuzendaria gonbidatu dituzte biharko saiora, baita Euskal Herriko eta Errioxako pilota zein kirol egokituko federazioetako presidenteak ere, besteak beste.

Partida nagusia 12:00etatik aurrera jokatuko dute. Bi bikoteak gurpil aulkian arituko dira; bikote bateko kideek ezintasun fisikoren bat dute, eta beste bikoteko kideek ez. "Oso ikusgarria izango da", ziurtatu du Izagirrek. "Horrekin erakutsi nahi dugu ezintasunak edukitzea ez dela abantaila, ezta desabantaila ere, ezberdina izatea esan nahi duela baizik". Ezintasun fisikorik ez duten pilotarietatik bat zesta puntan aritzen da, eta bestea, palan eta esku hutsez: "Biak aritzen dira gurekin, bata entrenatzaile moduan eta bestea jokatzen. Esaten dute nahiago dutela zutik baino gurpil aulkian jokatzea. Egia da ez dela hain ikusgarria, baina bi boterekin jokatzen da, eta pilota bigunagoarekin. Estetikoki oso polita da".

Biharko txapelketarekin pilota egokituko eskolak sustatu nahi dituztela berretsi du Izagirrek: "Horren hazia erein nahi dugu. Errenteriako eta Usurbilgo jendeak elkar ezagutzen dugu, eta biak bakarrik baldin bagaude, modalitate honek ez du etorkizunik izango. Euskal Herriko herri guztietan dago frontoi bat, eta ezintasunen bat duten pertsona asko dira kirol hau praktika dezaketenak. Kirola gurea da, ez dago beste inon, eta modu batean hedatu nahi dugu. Espero dugu jendeak ikuskizunarekin gozatzea, maila oso ona baitago jada bi eskolen artean".

Hainbat opari, zozketan

Txapelketa, elkar ezagutzeko topagunea ez ezik, jai bat izatea nahi dute antolatzaileek. Pilota partidez gain, ikusleei zozketetan parte hartzeko aukera emango diete. Erloju bat, ardoa eta beste hainbat opari zozkatuko dituzte.

Horrez gain, laguntzaileei eskerrak eman dizkie Izagirrek. Izan ere, goizeko partiden ondoren, Niessen elkartekoek bazkaria prestatuko diete. Urkabek, Uriñak eta Super Amarak jarriko dute jana, eta Errenteriako beste hainbat denda eta enpresak ere diruz lagunduko dute ekitaldia. Diru hori garaikurretarako erabiliko dutela jakinarazi dute. Udal Kirol Patronatuak eta Errenteriako Udalak ere lagundu dute.

Azkenik, nahi bat azaleratu du Izagirrek: "Lau herrialde hasiko bagina, gainontzekoak ere hasiko lirateke. Kirol hau erakuts dezatela; ikusten duena pozik geratzen da, bai ikusgarritasunarengatik, bai lehiakortasunarengatik eta bai pasioarengatik. Ikus dezatela badagoela jendea arazoak gainditu eta kirola egiten duena".

“Komikilariek gune propioa izango dute”

Sektorea indarberritzeko helburuarekin zabaldu dute Donostian Komikigunea. Gipuzkoako Foru Aldundiak irekitako espazio berrian istorio marraztuei lotutako milaka agiri aurki daitezke. Asko aldundiak Luis Gasca komikizaleari erositako funtsaren parte dira. Biltegi baten gisa funtzionatzeaz gain, Komikigunea leku dinamikoa izatea nahi du Garazi Lopez de Etxezarreta aldundiko kultura zuzendariak (Pasaia, 1977).

Luis Gascaren funtsean Euskal Herrian egindako lan gutxi aurki daitezke.

Aldundiak aukera bat izan zuelako erosi zion 2004an Gascari funtsa. Euskal komikigintzaren ikuspegitik agian ez da interesgarria, baina bai zinemarekin eta komikigintzarekin duen lotura aintzat hartuta. Oso funts pertsonala da, Gascaren zaletasunetatik abiatzen baita. Horri esker unibertsalak diren aleak eta erreferentziak daude. Baina uste dut lortu dugula horri buelta ematea, eta zentzu onenean diot. Izan ere, beste funts batzuk iritsi dira, dohaintza edo depositu gisa. Adibidez, Felipe Maia komikizale zumaiarraren funtsa edo Rotu Astrain marrazkilari euskaldunaren dohaintza. Azkenean, inertzia batzuen ondorioz aldundia lortzen joan den funtsek eman digute aukera euskal komikigintzarentzako gune estrategiko bat sortzeko. Gure lehentasuna izango dira euskarazko eta Euskal Herriko komiki eta komikigileak. Horrek gure erosketa politika aldatuko du.

Ateak zabalik daude dohaintza gehiagorentzat?

Bai, erabat zabalik. Pozik gelditu ginen aurkezpenean; komikilari asko etorri zen, Juan Manuel Diaz de Gereñu ikerlariak idatzi duen liburuaren aurkezpenera ere jende asko joan zen, eta, esan didatenez, aste honetan ere mugimendu handia izan da. Funtsak eskuratzen ari gara. Jende asko ari da ekartzen materiala, eta Komikigunea oraindik zabalik dago funtsak areagotzeko. Jendeak gauzak baditu etxean gordeak eta ekarri nahi baditu, gustura jasoko ditugu, digitalizatu eta berriz guztien eskura uzteko. Gauza bat da erosketa politika argia izatea, baina garrantzitsua da argitaratua dagoen hori eskuratzeko formulak bilatzea ere.

Eta aurrerantzean zein da asmoa?

Koldo Mitxelena liburutegian komikien kontsultarako eta mailegurako espazio bat izateak aurrera begira zerbitzu iraunkor bat emateko aukera ematen digu. Leku dinamiko bat sortu nahi dugu, programazio propio bat izango duena. Komikilariek espazio bat izango dute eztabaidatzeko, bilerak egiteko, liburuak aurkezteko...

Sorkuntza gune ere izango al da komikigunea?

Gaur-gaurkoz, Komikigunea ez dut ikusten sorkuntza prozesuak garatzeko leku bezala, baina bai esperientziak eta ezagutzak trukatzeko gune moduan.

Komikia, adierazpen gisa, behar bezala baloratuta al dago?

Diaz de Gereñuk aurkezpenean esan zuen Europako leku askotan komikilaria komikilaria dela. Hau da, komiki gidoilari batek komikientzako bakarrik egiten dituela gidoiak. Kanpoko leku askotan adierazpen propio bezala hartzen dute komikigintza. Zoritxarrez, hemen asko dago egiteko. Esan zen baita ere askoz merkeagoa dela beste hizkuntza batzuetako komikiak itzultzea, berriak sortzea baino. Horrek asko zailtzen du bertako sorkuntza propioa. Babestu beharko dugu hori, dudarik gabe, baina lortu behar duguna da jendea sentsibilizatzea eta irakurlegoa sustatzea.

Nola sustatu irakurketa helduen artean? Askok uste du komikiak haurrentzat direla.

Garrantzitsua da Koldo Mitxelenako liburutegian komikiari eskainitako gune bat izatea. Zeren liburutegi hori helduentzat da, eta poliki-poliki joango da jendea gerturatzen. Komikigunearen bitartez, erakusketak eginez, ezagutza sustatuko dugu. Adibidez, Paco Roca eta komikia lotzen baditugu, ari gara beste jende batengana hurbiltzen.

Komikiaren geroa marrazten

Marrazteko obsesioak eskola garaiko apunteak ere irudien bidez hartzera eraman zuen Dani Fano. Egun, komikigilea da; haren hitzetan, 12 urte zituela amak oparitu zizkion helduentzako bi komikiri esker. "Epic eta Vertigo aldizkarien lehen zenbakiak!". ...

‘Hondakindegia’, Bergarara

Iñigo Astiz idazle eta BERRIAko kazetariak idatzitako Baita hondakinak ere poema liburua oinarri duen ikuskizun ez-musikatua Bergaran eskainiko dute gaur iluntzean. Hondakindegia izenburupean, "ikus-entzunezko hibridoa" apailatu dute Mikel Aierbe azpeitiarrak eta Astizek berak, "loratze poetikorik gabe, eta lurra oinarri harturik". Biak izango dira oholtza gainean —mahai batek, lau aulkik eta lur meta batek osatutako eszenografia guztiz soila dutela inguruan—, beren ahotsekin eta gorputzekin ikuskizuna aurrera eramaten. Errezital hutsaz harago doan ikuskizuna da.

'Hondakindegia'

Baita hondakinak ere liburuan oinarritutako ikuskizuna. Gaur, 19:00etan, Bergarako Zabalotegin.