Sailkatugabeak

Komun politikaz iruzkina, zeharka

Pare bat irakurle despistatu irabazte aldera, modako putzuan plisti-plasta zipriztintzera noa, inork gonbidatu gabe. Joseba Alvarezi, Julio Sotori, baina batez ere Beñat Sarasolari adi jarraitu dizkiet euskal gaztedia iraultzailearen eta legez kanpoko substantzien inguruan asteotan plazaratutakoak. Eztabaidan ezin dut nik zuzenean esku hartu. Batetik, ezagutu ez eta kasu egingo ez didatelako. Bestetik, drogazalez betetako habitata irudikatu behar dudan bakoitzean Quebrantahuesos eta Zegamako mendi maratoia etortzen zaizkidalako burura, eta ez dantzaleku bat. Terminologian ere beraiekin ados jarriko ez naizenez, anabasa bakarrik erants dezaket.

Izan ere, nire buruhausteak ez dira, haienak bezala, moralak edo ideologikoak. Herrikoko edo gaztetxeko hautsez betetako komun ontziak kendu eta tente txiza egiteko zuloak berreskuratuko lituzketenei ez daukat ezer esatekorik. Nire ardura teknikoa da esklusiboki.

Euskal parrandetan hedatu den kontsumo ereduari katastrofikoa deritzot. Kokaina, MDMA eta speeda ahal den alkohol guztia edan eta festa luzatzeko erabiltzen dira. Konbinatu-arrasto-txupito-poltsatxotik zurrupada-konbinatu sekuentzia amaiezin horiek logika oinarrizkoena zapuzten dute. Hartutako bakoitzak bestearen efektua estaltzen duela esan beharrik ez dago. Horrelako hegaldi kontrolik gabeko batean doan inork ezin esango du bere sentsazioa atsegina edo baketsua denik. Eta lur hartutakoan, biharamuna basatia da, fisikoki eta batez ere psikologikoki. Pilula bat hartutakoan alkoholari uko egiten dion jendea ezagutu izan dut. Aipatutako zonbi orojaleek baino askoz gehiago gozatzen duten susmoa dut.

Are gehiago harritu eta kezkatzen nau Euskal Herria speedaren gotorleku bezala ezagun izateak. Beste inon baino jarraitzaile gehiago dituzte anfetek gurean, eta halakorik esaterik badago, legez kanpoko substantzia abertzaleena dira (marihuana eta haxixa salbu). Zakarra da, ordea, speeda erabiltzailearentzat, eta ezatsegina erabiltzailea jasan behar dutenentzat. 50 kafe kikararen pareko bultzada eman eta morroi nekaezin eta oldarkorrak eragiten ditu. Kontsumo alternatiba baketsu eta atseginagoak egonda gaztetxeetako erabiltzaile askok speeda aukeratzeak euskaldunon izaeraren inguruan zer pentsatu eman dit. Barruko bortizkeria batek substantzia bortitzenak eskatzen ote dituen, alegia.

Ezker abertzaleak komun politika modu ofiziosoan noiz leundu zuen ez dakit. Hala gertatu zela, nahiko agerikoa dirudi. Speeda modu espontaneo eta ez-antolatu batean zabaldu da, lehenago eta ondoren. Laurogeiko hamarkadan gazteak suntsitzen zituen heroina Intxaurrondotik modu ez-espontaneo eta antolatu batean barreiatu zela ere ziurtzat ematen da. Guardia Zibila beste behin oso azeri izan zelakoan nago. Erdi broman eta erdi serio diot: substantziaz nahastu eta burdinazko urte haietan speeda barra-barra oparitu balu, karriketako milizia parrandazale hiperaktiboek euskal gatazka zer bihurtuko luketen ez dut pentsatu ere egin nahi.

Gazte Eguna, Irunberriren alde

Irunberri ez itxi lelopean, Gazte Eguna ospatuko dute bihar Andoainen. 10:00etan hasita, egun osorako egitaraua prestatu dute herriko gazteek; Irunberri elkartean gosalduko dute guztiek, jolasetan parte hartu aurretik; 12:30ean, manifestazioa egingo ...

“Jendearentzat medikuak dira adituak, eta gu, bitartekariak”

Haurra zela, familia giroan murgildu zen botiken bueltako saltsan Ibon Mokoroa (Donostia, 1976). Orain, aitonarena eta aitarena izan zen botika gidatzen du, eta harro dago sendagaien inguruko ezagutza jendearen esku jartzeko egiten duen lanaz.

Mendearen hiru laurden beteak dituen botika batean lan egiten duzu.

Aitona botikaria zen, eta aita ere bai; herentziaz datorkit. Azaroan beteko ditu 76 urte aitonak zabaldutako Mokoroa botikak. Botikari ikasketak egindakoa naiz, baina beti gustatu izan zait farmaziaren mundua; gurasoek farmazia izatea ondo etorri zitzaidan ikasle garairako. Botikan lanean hamahiru urte daramatzat ofizialki, baina laguntzen-eta hasi nintzela 22 urte inguru izango dira.

Bi hamarkadatan hamaika xelebrekeria entzungo zenituen.

Gehienak botiken izenen bueltakoak dira, izena gaizki edo alderantziz esatea: kolutorio esan nahi eta lokutorio esatea, adibidez. Hasi nintzenean gehiago harritzen nintzen, baina gero ohitu egiten zara horrelakoetara.

Etxekoa zu zarela esan daiteke, baina ez zara bakarrik aritzen.

Talde lanean aritzen gara beste langilea [Alaitz Goenaga] eta biok; gure botikan egin zituen praktikak, eta ondo egokitzen da gure lana egiteko modura. Lana bion artean banatzen dugu: bezperako eskaerak euren lekuan jarri, botikak sailkatu —errezeta bidez ematen ditugunak edo salmahaian geuk aholkatuta saltzen ditugunak— eta bezeroak informatzen aritzen gara. Horrez gain, gure farmazian formulazio magistrala egiten dugu: hainbat sendagilek formatu komertziala ez duten botikak errezetatzen dituztenean, geure laborategian egiten ditugu. Odol analisiak zein GIB [giza immunoeskasiaren birus] testa ere egiten ditugu.

Gustuko duzu botikara datozenen zerbitzura egotea.

Nire ezagutza jendearen esku jartzeak asko betetzen nau, eta jendeari bere osasuna ahalik eta sendoen mantentzen laguntzea ere garrantzitsua iruditzen zait.

Osasun aditu gisa bigarren mailan ere sentitzen zara, ordea.

Osasun sistema publikoan egin dituzten aldaketengatik, botikarioi botika banatzaile soilak izatea dagokigu; jendeak ez gaitu ikusten botiken inguruko aditu bezala, baina guk ezagutzen dugu botikek jendearen metabolismoan izan dezaketen onerako edo txarrerako eragina. Gustatuko litzaidake gure lana beste era batekoa izatea: bezeroen jarraipen terapeutikoa egitea, jendeak hartzen dituen botikak ondo hartzen dituen edo ez ikustea, zein eragin egiten dioten, botika kronikoek zein arazo sor ditzaketen... Zerbitzu integralagoa eskaini nahiko nuke. Eta Gipuzkoako sendagaigileen elkargoa ari da hori sustatzen: jarraipen terapeutikoa eta farmakologikoa egin ahal izatea, alegia. Sentitu izan dut jendeak medikuak soilik dituela osasun aditutzat, eta gu bitartekari bezala soilik ikusten gaituztela. Medikuak adituak dira gaitzetan eta gaixotasunetan, eta badakite gaitzaren edo gaixotasunaren arabera zein botika aholkatu; baina horiek jendearen gorputzean zein eragin duten botikariok dakigu.

Zenbaitetan denarentzako konponbidea duzula pentsatuta ere joango zaizu jendea.

Bai, bezeroak beti erremedioaren bila etortzen dira, eta ez badie momentuan eragina egiten, berehala kexatzen dira: "Ez dit ezer egin; ez du ezertarako balio". Baina mesede egiten dienean ere, jende asko gerturatzen zaigu eskerrak ematera, landare botikekin, esaterako. Oraindik ez dugu pentsatzen landare botikek balio dutenik, eta jendeak ez du fede handirik izaten. Baina beste botiken eragin antzekoa dute; botiken ehuneko handi bat landareetatik dator, gainera. Baina jendeak oraindik ez du halako kontzientziarik, jendeak ez daki landareak ere botikak bezala tratatu behar direla; naturalak izan arren kalte egin dezaketela ere jakin behar da. Kalamua, adibidez, terapeutikoa izan daiteke gauza batzuetarako, baina, kopuru handian kontsumituz gero, denok dakigu zer gertatzen den.

Badakizu atetik sartzen den bezeroa zeren bila doan?

Kasu batzuetan, bai. Errezeta bidezko botiken bila ez datozenean, zer eskatzera datozen ikusten da sarri. Lehen, adibidez, jendea antisorgailuen bila etortzera lotsatu egiten zen, eta berehala antzematen genuen zer nahi zuten.

Jendea aztoratu al da ebolaren epidemiarekin?

Bai, baina oraindik kontua mediatiko samarra da; jendeak ez du gaitzaren larritasunaz arduratu nahi. Egia esan, azken hamar urteetan gizateria amaitu behar zuten hainbat gaitz bota dizkigute: behi eroak, hegazti gripea, A gripea... eta azkenean ez da ezer gertatu.

Berrordainketak ere zalaparta eragingo zizuen.

Aldaketa onartu behar delako, jendeak etsipenez onartu egin du. Koordainketa denok uste dugu ez dela neurri justua; nire ustez, ezta aurrezteko neurria ere. Aurkako eragina izan dezake: jendeak diruaren arabera erabakitzen duelako zein botika har dezakeen, eta gaixotasunari garrantzia kentzen diolako.

Eta errezeta elektronikoak sortu al du buruhausterik?

Hori guztientzako abantaila da, oraindik hobetzeko gauza asko dituen arren. Botikak etxean pilatzea saihesten du, eta banaketa akatsak ere saihesten ditu.

Horien aurretik eskuz idatzitako errezetak baliatzen genituen. Egia da medikuen idazkera txarra dela?

Ez nuke esango txarra denik, azkar idaztearren ulertzeko zaila den letra egiten dutela baizik. Urteetako esperientziak nahasteak saihesteko balio digu, hala ere; zalantza izanez gero, berriz, bezeroari galdetu behar zaio ea ba ote dakien zer errezetatu dioten, eta hark ez badaki, medikuarengana jotzen dugu.

Gogorra izango da guardiako lana botikan, ezta?

Donostian eguneko eta gaueko guardiak egiten dira; gaueko guardiez hiru farmazia arduratzen dira, eta txanda farmaziaz farmazia aldatzen da. 2011. urtean egokitu zitzaigun guri gaueko zaintzak egitea. Asteburuetakoak izaten dira mugituenak; astean zehar, berriz, mugimendu gutxiago egoten da.

Esklerosi anizkoitzari aurre egiteko musika jaialdia

Intxaurrondoko kultur etxean Makulu Fest jaialdia antolatu dute biharko. 21:00etatik aurrera oholtza gainera igoko dira zazpi musika talde: Despervicio, Hilkar, Safety Pins, Bullet Proof Lovers, NCC, Deskode eta Esne Beltza —argazkian, Donostiako Aste Nagusian emandako kontzertuan—. Biharkoa elkartasun kontzertua izango da. Izan ere, bertan lortutako dirua esklerosi anizkoitza duen lagun bati aulki motordun bat erosteko erabiliko dute antolatzaileek. Talde guztiek musu truk joko dute. Jaialdirako sarrerak hamabi eurotan daude salgai.

Segura, dantzaren erakusle

E rromeriak aski ezagunak dira Euskal Herri osoan. Herrietako plazetan egiten ziren erromeriak, jendeak dantza eginez ondo pasatzeko eta, bide batez, euren trebetasuna eta abilezia erakusteko. Aske dantzatzen ziren, eta dantza eginez aske sentitzen ziren. Garai horietan sortu zen soltean aritzeko dantza.

Dantza txapelketek, ordea, bestelako prestakuntza bat eskatzen dute: teknika eta zehaztasun handiz dantzatzen da, eta garrantzi berezia hartu dute azken urteetan hankek eta besoek. Aurten ere, Seguran egingo da Euskal Herriko 38. Dantza Txapelketa, bihar, eta txapela eskuratzeko lehian hamar bikote lehiatuko dira: Gipuzkoako bederatzi eta Bizkaiko bat.

1977. urtean Seguran egin zen lehen aldiz Euskal Herriko Dantza Askatuko edo Solteko Txapelketa. Orduan Guillermo Areizaga Intxausti zen alkatea, eta hura izan zen dantza txapelketaren sortzaile eta sustatzailea. Horrela, Segurako Udalak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari eskatu zion betiko Seguran egin zedila dantza txapelketa, bost urtez lehiak izandako ospea eta maila kontuan hartuta.

Izan ere, Bergarako Udalak ere nahi zuen bertan izan zedin Euskal Herriko Dantza Txapelketa. Jaurlaritzak, ordea, erabaki zuen Seguran izango zela beti dantza txapelketa. Horrelako ekitaldi bati jarraipena ematea zaila izan bada ere, urtero maila bikaina erakutsi dute taula gainera igotako dantzariek.

Izan ere, Gipuzkoan dago errotuta batez ere dantza mota hau: urte osoan berrogei bat lehiaketa izaten dira Gipuzkoako herrietan, bospasei Bizkaian, hiruzpalau Araban, bizpahiru Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ia batere ez.

Hala eta guztiz eze, Euskal Herriko Dantza Txapelketan Euskal Herri osoko dantzarien ordezkaritza egotea lortu nahi du Segurako Udalak; horretarako, "kaptazio kanpaina bat" egin du udalak, Euskal Herriko dantza eskolekin harremanetan jarriz.

Aldaketak urtez urte

Orain arte egindako bidean, gainera, urteen joan-etorrian, aldaketa ugari izan ditu Euskal Herriko Dantza Txapelketak. Esaterako, hasierako urteetan, txistu doinuz joak izaten ziren fandangoa eta arin-arina; ondoren, ordea, trikiti eta pandero soinuak sartzea erabaki zuten, trikitiari esker dantzak bizitasun handiagoa eskatzen baitu.

1981. urteaz geroztik, fandangoa txistuz eta arin-arina trikiti doinuz dantzatzen dute Segurako lehiaketan. Azken urteetan bezala, fandangoa Isilkara txistulari taldeak joko du aurten; arin-arina, berriz, Estanga anai-arrebek.

Txapelketa egiten den lekua ere aldatu da hasieratik gaur egunera. 1982. urtera arte, Segurako eliza ondoko frontoi irekian egiten zuten dantza txapelketa. 1983. urtetik aurrera, baina, Segurako Baratze pilotaleku estalian egin ohi da. Dantza txapelketan parte hartu ahal izateko arauak ere moldatzen joan dira azken urteetan. Hasierako hiru urteetan, bikoteko bi partaideek 16 urtetik gora eduki behar zituzten. 1980. urtetik aurrera, araudia aldatu egin zuten, eta dantzarien gutxieneko adina 15 urtera jaitsi zuten.

Azken urteotan, ordea, onartu egin dute bikoteko kide batek 13 urte baino gehiago baditu lehiaketan parte hartzea, betiere, besteak 15 urte beteta baldin badauzka.

Omenaldia Basterretxeari

Euskal Herriko Dantza Txapelketa egiten denetik, urtero-urtero Nestor Basterretxea eskultoreak egindako eskultura jaso du bikote irabazleak. Hain zuzen ere, Segurako Udalak jartzen du garaikur hori. Aurten zendu da Basterretxea, eta Euskal Herriko Dantza Txapelketarekin izan duen lotura eskertu nahian, udaleko ordezkariek omenaldia egitea erabaki dute, artistaren senide eta lagunak bertan direla.

Basterretxeak egindako saria lehenengo sailkatutako bikoteak ordezkatzen duen udaletxean gordetzen da hurrengo txapelketa egin arte —bikote bakoitzak Euskal Herriko herri bat ordezkatzen du txapelketan; normalean bikoteko kide baten jaioterria izaten da—. Hala ere, bikoteak ordezkatzen duen udaletxeak lor dezake betirako garaikurra, baldin eta bikote berak hiru urtez jarraian irabazten badu txapelketa, edo bost urtez txandaka hiru aldiz irabazten badu. Orain arte, sei bikotekidek bakarrik izan dute ohore hori txapelketan. Aurten egindako eskultura izango da Basterretxeak Euskal Herriko Dantza Txapelketarako egin duen azkena.

Bestalde, 2009an, Segurako Udalak Basterretxearen zazpi eskultura originalak hartu eta kopiak egin zituen. Eskultura horiek eta txapelketarekin lotutako informazio gehiago Segurako Ardixarra etxean jarriko duten erakusketa iraunkorrean ikusi ahal izango dira.

Birziklatu ezin diren hondakinen biltegia, Zestoan

ZESTOA. Zestoako Osinbeltz harrobian jarriko dute birziklatu ezin diren hondakinen biltegia. Aste honetan iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta esan du ingurumenarentzat ez duela kalterik ekarriko. EAJk salatu du ez dutela argibiderik eman.

Iturrieta, sagardotegi hutsetik haragoko familia proiektua

Hiriburutik baserrira bokazioz joandako familia oso baten proiektua da Iturrieta sagardotegia. Juanjo Peciña eta haren sendiak Gasteiz utzi eta Aramaion (Araba) hartu zuten bizilekua, "haran eder batean", duela hamazazpi urte. Gipuzkoako mugan, "Debagoieneko Arabako herri bakarrean, baina Araban", aurkituko dute bisitariek txikia den baina bezeroei arreta bereizia eskaintzen dien sagardotegia.

Baserritartzat dituzte euren buruak. Beraz, txotx garaia hasten denetik udara arte dute zabalik jatetxea; abuztura arte. "Gero, nahikoa lan dugu-eta gainerakoan". Eta denetariko eskaintzak dituzte bertaratzen direnentzat. Bezeroak ahalik eta hoberen zaintzea dute xede.

Animaliak, arbolak eta sagardoa egiteko prozesua ikustera doazen ikastoletako ikasleen bisitak izaten dituzte, batetik. Sagardotegi garaian zuzeneko musika emanaldiak eskaintzen dituzte, herriko trikitixa eskolako gazteekin, bestetik.

Horrez gain, jabetu ziren gasteiztarrentzat ezezaguna dela sagardoaren kultura edo giroa. Araba osoan bi sagardotegi besterik ez dagoela nabarmendu du Peciñak. Beraz, Gasteizko jendea animatzeko, autobus zerbitzuak jartzen dituzte. Kuadrilla, talde eta norbanakoen artean betetzeko moduko zerbitzua da. Izan ere, 140 lagunentzako lekua dute jantokian.

Euren sagardoa baserrian bertan eros daiteke; baita sagar zukua ere. Proiektu bat baino gehiado darabilte esku artean Iturrieta baserrikoek. Sagarren zukuaren parte bat sagardoa egitera bideratzen dute; beste bat, pasteurizatutako zukua egiteko erabiltzen dute. "Umeen menuetarako eskaintzen dugu, bereziki. Gurasoek eskertzen dute zuku naturala, kontserbante bakoa eta azukrerik gehitu gabea, freskagarri karboniko artifizialen ordez". Zukugintzarena herrian bertan sortutako proiektu bat da eta 30 baserritar ari dira bertan lanean.

Sagar "uzta ona" jaso dute aurten. Buru-belarri aritu ziren joan den astean biltze eta prentsatze lanetan. Hala ere, txotx garaia iritsi eta probatu arte itxaron beharko da benetan zelakoa atera den ikusteko.

Erraz edateko sagardoa

"Sagardo suabe bat" egiten saiatu dira, "denek gogotsu edateko modukoa". Betiko sagardo kontsumitzaileez haratago, "erraz edateko" sagardoaren bila ari dira azken urteetan.

Helburu hori lortzeko, arbola mota jakin batzuk aukeratu dituzte. Euren sagarrondoetako uztak erabiltzen dituzte, beraz. Gehiago behar dutenetan, Aramaioko haranera jotzen dute; ostean, Arabako gainontzeko eskualdeetara, herrialdeko sagardoa aurkitu ahal izateko. Hangoekin nahikoa ez badute, Gipuzkoatik edo Bizkaitik hartzen dituzte.

Iturrieta sagardoa dastatzeko garai egoki bat baino gehiago badira urte osoan. Txotx garaia da horietako bat. "Nahiz eta negua izan eta sagardoa fresko egon, unea eta giroa dira aproposak. Garai berezia da. Jendea urte osoa izaten da zain sagardo berria dastatzeko. Osotasunean da aproposa, sagardotegi batean sortzen den giro politagatik. "Udan ere botila sagardo fresko bat izugarri ondo sartzen da, beroarekin".

Produktu zaindua

Produktuari garrantzi handia ematen diote era horretako ustiategi txikiek, eta asko zaintzen dute. Label ziurtagiriaren barruan daudenez, gainera, arboletatik prentsarako bidea bizpahiru egunetan egiten dute. Ekoizpen ezaugarriek berme horiek edukitzea ahalbidetzen diote Iturrieta sagardotegiari.

Sagardo ekologikoa egiten dute Aramaion, besterik ez. "Nekazaritza ekologikoak onartzen ez duen produkturik ez dugu erabiltzen gure landaketetan eta ustiategietan". Euren sagarrekin egindako sagardoa, beraz, naturalagoa ateratzen da.

Arabako sagarrak

Proiektu oso bat eratu du familia horrek. Arabako sagarra berreskuratzeko lanetan buru-belarri ere badabiltza. "Ikerketa bat egin da Araban zein sagar mota erabili izan den ezagutzeko. Hala, hasteko, sagar mota horiek mantentzea da helburua. Eta, denborarekin jakingo dugu sagarrok onak diren sagardoa egiteko".

Bi hartzitze prozesu egin ostean, urtarril erdi aldean, txotx egunean, probatu ahal izango dira joan den astean abiatu zituzten lanen emaitzak. Baserrian edo sagardotegian bertan sagarren zukua edo sagardoa erosteko aukera eskaintzeaz gain, Arabako kontsumo taldeetan ere sartuta daude Iturrietakoak. Beraz, herri proiektu bat den Aramaioko ekonomatuan ere eskura daitezke produktu hauek. Baita hainbat tabernatan ere.

Murua garaile Donostian

Lehengo igandean Hiru Hondartzak proba jokatu zuten Donostian, eta emakumezkoetan Ainhoa Murua zarauztarrak irabazi zuen, bigarren sailkatuari bi minuturen aldea aterata. Gizonezkoetan, El Hassan Oudabi Marokoko korrikalaria sailkatu zen lehenengo, Un...

Tortura

Tortura, Sortura, sortu da, soltura, lotura, basamortura, basa modura, ohitura, kontura. Bertsolaria, tortura hitza emanda, bukaera antzekoa duten hitzen bila abiatuko da. Baina preso egon denarentzat bukaerarik ez duen hitz eta sentimentu mingarrien ...